Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2013ko urriaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4318

404/2013 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma eta irakaskuntza horietarako sarbidea ezartzen dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legearen 6.2 artikuluan ezartzen da ezen, Gobernuak ezarriko dituela gutxieneko irakaskuntzen curriculumaren oinarrizko alderdiak, helburuei, oinarrizko gaitasunei, edukiei eta ebaluazio-irizpideei dagokienez. Halaber, lege horren 45.1 artikuluan ezartzen da ezen, irakaskuntza artistikoen helburua dela ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa ematea, eta musika, dantza, arte dramatiko, arte plastiko eta diseinuan izango diren profesionalen trebakuntza bermatzea. Irakaskuntza artistikoak araubide bereziko irakaskuntzatzat jotzen ditu aipatu legearen 3.6 artikuluak, eta horien artean daude dantzako oinarrizko irakaskuntzak.

Dekretu honetan hainbat helburu zehazten dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 48.1 artikuluaren babesean (artikulu horretan, dantzako oinarrizko irakaskuntzen ezaugarriak eta antolamendua zehazteko eskumena ematen zaie hezkuntza-administrazioei). Bada, helburu horien bidez lortu nahi da ikasleen autonomia sustatzea, dantzaren bitartez lor dezaketen adierazkortasunak kalitate artistikoa izan dezan, irakaskuntza profesionaletarako sarbidea emango dien kalitatea, hain zuzen ere.

Dekretu honek EAEko dantzako oinarrizko irakaskuntzen helburu orokorrak, curriculuma, irakaskuntza horietara sartzeko irizpideak eta ebaluatzeko, maila gainditzeko eta bertan jarraitzeko irizpideak jasotzen ditu. Gainera, dantza tradizionalak –gizarte baten bizitzeko moduaren, ohituren eta sinesmenen isla den aldetik– duen garrantzia dela medio, beste irakasgai bat sartu da: Euskal dantza tradizionala.

Dekretu hau egiterakoan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 19. artikulutik 22. artikulura bitartean ezartzen diren tramiteak egin dira.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko Eskola Kontseilua eta gainerako nahitaezko txostenak kontuan hartuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko abuztuaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Dekretuaren helburua.

Dekretu honen helburua da dantzako oinarrizko irakaskuntzen antolamendu orokorra eta curriculuma ezartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 48.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eta hauxe arautzen du:

a) Dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma.

b) Ikasketa horietara sartzeko irizpideak.

c) Ebaluatzeko, maila gainditzeko eta bertan jarraitzeko irizpideak.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Dekretu hau aplikatuko da aurreko artikuluetan adierazitako irakaskuntzak emateko baimena duten EAEko ikastegietan eta kontserbatorioetan.

3. artikulua.– Irakaskuntza horien xedea eta antolamendua.

1.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzen xedea da ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa ematea eta irakaskuntza horiei dagokien gaitasun-mailako trebakuntza bermatzea.

2.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzak lau mailatan egituratuko dira, eta dantzako irakaskuntza profesionaletara igarotzeko prestaketa, orientazio, heziketa eta prestakuntza oinarrizkoa eskainiko dute.

4. artikulua.– Irakaskuntza horien helburu nagusiak.

Dantzako oinarrizko irakaskuntzen helburua da ikasleei laguntzea honako gaitasun hauek gara ditzaten:

a) Dantzak –hizkuntza artistiko eta herrien eta pertsonen kultura-adierazpide den aldetik– duen garrantzia balioestea.

b) Sentsibilitatez adierazten jakitea, dantza ulertu, interpretatu eta gozatzeko, eta dantza lanbide bihurtzeko dituzten aukerez jabetzeko.

c) Garaiko joera artistiko eta kulturalak ezagutzea eta ulertzea.

d) Musika-ezagupenak mugimendu-kode ikasiekin lotzea, dantzaren interpretazio artistikoa garatzeko oinarriak bereganatzeko.

e) Lehenik eboluzio erritmikoak egitea, gero beste pertsona batzuekin taldean dantzatzeko.

f) Oroimena erabiltzea, dantzatzeko gaitasunaren alderdi bat den aldetik; eta inprobisazioa erabiltzea, sormenezko eta adierazpen-askatasun handiko bitartekoa den aldetik.

g) Ikasleen nortasuna eta sentsibilitatea garatzea, dantzaren irakaskuntzaren bidez.

h) Ikasleek dantzarekin lotutako jarduera artistikoarekiko interesa eta jarrera positiboa izan dezaten laguntzea.

i) Etengabe hobetzen joateko jarrera erakustea.

j) Norberak bere gorputza ezagutzea, hura behatzeko gaitasuna lortu arte, nor bere buruarekin kritiko izatea, eta ariketak egiterakoan edo material koreografikoaren zatiak interpretatzerakoan sortzen diren arazoei irtenbide praktikoak bilatzea.

k) Arte-interpretazioa egin aurretik kontzentratzeak duen garrantzia aitortzea, kontzentrazioa baita abiapuntua interpretazioa zuzen burutzeko.

l) Emanaldi edo adierazpen artistikoetara joateko ohitura sustatzea.

m) Euskal Herriko dantza-ondarea ezagutzea eta balioestea, ondare horren erabilera soziala eta adierazpen-asmoak ulertzea, eta berori zaintzen eta zabaltzen laguntzea.

5. artikulua.– Curriculuma.

1.– Ikastegiko irakasle-taldeak zehaztu eta osatuko du dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma. Horretarako, euren ikastegiaren hezkuntza-proiektua landuko dute, eta dekretu honetan ezarritako curriculumaren eta ikastegiaren hezkuntza-proiektuaren araberako hezkuntza-programazioak egingo dituzte. Ikastegiak curriculuma garatu eta osatu behar du, eta bere ikasleen beharretara eta bere ingurune sozioekonomiko eta kulturalaren ezaugarrietara egokitu behar du. Halaber, curriculumean sartu behar ditu gutxieneko irakaskuntza bakoitzaren helburuei, oinarrizko gaitasunei, edukiei, metodo pedagogikoei eta ebaluazio-irizpideei buruzko oinarrizko alderdiak, baita aniztasunari erantzuteko neurriak eta tutoretza-orientabide eta -jarduerako plana ere.

2.– Ikastegiek, euren autonomiaz baliatzerakoan, lanerako planak, hezkuntza-berriztapen eta -ikerketarako proiektuak, eskola-ordutegia antolatzeko edo zabaltzeko moduak zehaztu ahal izango dituzte, baina horiek guztiak eskumena duen sailak baimendu beharko ditu.

3.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, irakaskuntza horiek arautzeko helburu, eduki, metodo pedagogiko eta ebaluazio-irizpideen multzoak osatzen du (dekretu honen I. eranskinean jaso dira horiek guztiak).

4.– Irakasgai bakoitzaren mailaren araberako ordu-banaketa eta guztizko ordu kopurua dekretu honen II. eranskinean daude ezarrita.

5.– Dekretu honetan araututako irakaskuntzei aplikatu beharreko irakasle-ikasle erlazio numerikoa ez da izango 1/20 baino handiagoa, dekretu honetan adierazitako irakasgai guztietan.

6.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak curriculumaren garapena erraztuko duten materialak prestatzea sustatuko du, eta irakasleen lana ildo horretatik bideratzeko xedapenak emango ditu; era berean, ekintza iraunkorreko planen bidez, irakasleak birziklatzea bultzatuko du.

6. artikulua.– Irakasgaiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko dantzako oinarrizko irakaskuntzen lau mailen curriculuma osatzen duten irakasgaiak honako hauek dira:

● Dantza akademikoa.

● Musika.

● Euskal dantza tradizionala.

7. artikulua.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzetara sartzea.

1.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzak, normalean, zortzitik hamahiru urtera bitartekoentzat izango dira. Salbuespenez, ikastegiko Eskola Kontseiluak baimendu ahal izango du oinarrizko irakaskuntza horiek zortzi urte baino gutxiagorekin edo hamahiru baino gehiagorekin hastea.

2.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak urtero ebazpen bat emango du, dantzako oinarrizko irakaskuntzetan dauden mailetara sartzeko probaren deialdia egiteko. Deialdia apirileko bigarren hamabostaldian egingo da, eta jendaurrean jarri beharko da hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak baimendutako dantza-ikastegietako iragarki-tauletan, dagozkien Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan, eta hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren web orrian.

3.– Mailaren batean plaza libreren bat baldin badago, sartzeko proba espezifikoak egingo dira bigarren deialdi baten bidez.

4.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzen lehen mailara sartzeko proba espezifikoan bakar-bakarrik baloratuko dira hautagaiek dantzarekiko eta musika-zentzuarekiko dituzten gaitasun fisikoak eta adierazkorrak eta ikasketa horietara sartzeko adin egokia izatea. Hauek dira proba horrek gutxienez jasoko dituen alderdiak:

a) Gorputz-adarren eta enborraren zabaltasun eta malgutasun muskularra neurtzeko ariketak.

b) Gorputz-koordinazioko ariketak, ikaslearen gaitasun psikomotorra neurtzekoak.

c) Jauzi-ariketak, beheko gorputz-adarren indarra neurtzekoak.

d) Proba musikal bat, hautagai bakoitzaren gaitasun musikalak baloratzeko (gaitasun erritmikoa eta entzumen aktiboa).

5.– Ikastegiek, urria amaitu baino lehen, sarbide-probaren edukia, ebaluazio-irizpideak eta proba egiteko prozedura zeintzuk diren adieraziko dute euren iragarki-tauletan, dagozkien Lurralde Ordezkaritzetan eta hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren web orrian.

6.– Epaimahaia (gizonezkoak eta emakumezkoak) hiru irakaslek osatuko dute; lehendakaria, bokala eta idazkaria izango dira, eta azken hori izango da aktak egingo dituena. Nolanahi ere, irakasle horietako batek musikako irakaslea izan behar du.

7.– Epaimahaiak hautagaiaren maila lehenengo mailara sartzeko modukoa baino altuagoa dela irizten baldin badu, ikaslea zuzenean bigarren mailara sartzeko erabakia hartu ahalko du, maila horretan plazaren bat geratzen baldin bada.

8. artikulua.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzetarako onartzea eta matrikula.

1.– Oinarrizko irakaskuntzetako maila guztietara aurreko mailak egin gabe sartzeko aukera egongo da, baina horretarako, proba bat gainditu beharko da, eta bertan, hautagaiak erakutsi beharko du badauzkala dagozkion ikasketak aprobetxamenduz gauzatzeko beharrezkoak diren ezagutzak. Proba horiek antolatzeko, lehenengo maila ez den beste batean sartu nahi duten hautagaiek jaso egin behar dute izena emateko eskabidean zein mailatan sartu nahi duten.

2.– Sarbide-proba gainditzeak dagokion maila akademikoan matrikulatzeko bakarrik balioko du, betiere ikastegian plaza hutsak baldin badaude.

3.– Deialdiko plazak ikastegi bakoitzean esleituko dira dagokion proba gainditu dutenek jasotako puntuazio orokorraren arabera, puntuaziorik altuenetik baxuenera.

4.– Irakaskuntza hauetan sartzeko, lehentasuna izango dute adin-tarte hauetan daudenek (deialdiaren urtean beteta):

Lehenengo maila: 8-10 urte bitartekoak.

Bigarren maila: 9-11 urte bitartekoak.

Hirugarren maila: 10-12 urte bitartekoak.

Laugarren maila: 11-13 urte bitartekoak.

Berdinketarik egonez gero, aplikatuko den irizpidea izango da adin txikienarena (taulari jarraikiz).

9. artikulua.– Sarbide-proben kalifikazioen erreklamazioak.

1.– Probaren behin-behineko emaitzak jendaurrean jarriko dira hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak baimendutako dantza-ikastegien iragarki-tauletan, Lurralde Ordezkaritzen iragarki-tauletan, eta hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren web orrian. Bada, emaitzak jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera, hiru egun balioduneko epea izango dute hautagaiek dantzako oinarrizko irakaskuntzen sarbide-proban lortutako puntuazioaren aurka erreklamazioa aurkezteko.

2.– Erreklamazioa egiteko, idazkia zuzendu behar zaio Epaimahaiko lehendakariari, eta erreklamazioa egiteko dauden arrazoiak alegatuko dira bertan.

3.– Ikastegiko zuzendariak, aurrez epaimahaiak txostena egin ondoren, hiru egun balioduneko epean ebatziko du.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Tutoretza eta orientazioa.

1.– Tutoretza eta orientazioa irakaskuntza-lanaren zati dira, eta oinarrizko irakaskuntza osoan zehar garatuko dira.

2.– Ikasle talde bateko tutorea den irakasleak bere gain izango du ebaluazioa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak koordinatzeko erantzukizuna, eta horrez gain, ikasleen orientazio pertsonalaz ere arduratuko da.

3.– Ikasle-talde bakoitza irakasle tutore baten pean egongo da, zeina ikastegiko zuzendariak aukeratuko baitu, taldeari ordurik gehien ematen dieten irakasleen artetik.

10. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazioa.

1.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzen ebaluazioa egiteko, kontuan izango dira dekretu honetan onartzen den curriculumean ezarritako hezkuntza-helburuak eta ebaluazio-irizpideak, eta ebaluazioa egingo da ikastegiak –Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 121.1 artikuluan ezarritakoaren arabera– landu duen hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz.

2.– Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa jarraitua eta integratzailea izango da, baina curriculumeko irakasgai bakoitzaren arabera bereiziko da.

3.– Ikaslearen irakasle-taldeak egingo du ebaluazioa, irakasle tutorearen koordinaziopean. Irakasle horiek, beraz, era integratuan jokatuko dute ebaluazio-prozesuan eta prozesu horren ondoriozko erabakiak hartzerakoan.

4.– Irakasleek ikasleek ikasitakoa, irakaskuntza-prozesuak eta beren irakaskuntza-jarduna ebaluatuko dituzte.

5.– Ikasturtean zehar, hiru ebaluazio egingo dira, eta, horretaz gain, amaierako ebaluazio bat ere egingo da. Azken ebaluazio hori eta ikasleen kalifikazioa ekainean egingo da.

6.– Ebaluazioa ekainean gainditu ez duten ikasleei bigarren deialdi bat egingo zaie hilabete horretan bertan.

7.– Irakasgai bakoitzeko kalifikazioak dagozkion ebaluazio-dokumentuetan jasoko dira.

8.– Mailako amaierako ebaluazioaren kalifikazioa emateko, Gai eta Ez-gai terminoak erabiliko dira, hots, maila gainditu bada gai terminoa erabiliko da, eta gainditu ez bada, berriz, Ez-gai.

11. artikulua.– Bertan geratzea eta maila gainditzea.

1.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzetan, gehienez ere, bost urtez aritu daiteke. Ezin izango da maila berean bi urte baino gehiago aritu.

2.– Salbuespen gisa, eta hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak horretarako jarritako baldintzak betez, urtebetez luza daiteke iraupena, betiere, ikasleak ikasketen garapenari enbarazu handia egin dion gaixotasunen bat edo antzeko arrazoiren bat jasan baldin badu.

3.– Dantza akademikoan maila gainditzen ez bada, ikasleak ezingo du hurrengo mailara igaro.

4.– Laugarren mailaren amaieran dantza akademikoa irakasgaia gainditu gabe duen ikasleak, maila hori osorik errepikatu beharko du. Aldiz, musika eta/edo euskal dantza tradizionala irakasgaiak badira gainditu ez direnak, gainditu gabe dituen horiek bakarrik errekuperatzea nahikoa izango da.

5.– Irakasgai(ar)en errekuperazioa hurrengo mailako eskolan egin behar da. Nolanahi ere, salbuespena izango da laugarren maila.

6.– Musika eta/edo euskal dantza tradizionala irakasgaiak hurrengo mailan gainditzen ez dituen ikasleak maila osorik errekuperatu behar du.

12. artikulua.– Ebaluazio-dokumentuak.

1.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzen ebaluazio-dokumentuak dira norberaren espediente akademikoa, ebaluazio-aktak eta ebaluazio-txosten indibidualizatuak.

2.– Ebaluazio-dokumentuek, kasu bakoitzean dagokion pertsonaren sinadurak eramango dituzte, betiere duten lanpostua zein den adierazita. Halaber, sinatzaileen izena, abizenak eta NANa jaso behar da.

3.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak zehaztuko ditu aurreko puntuan adierazitako dokumentuen ezaugarriak, baita dokumentu horiek betetzeko prozedura zein den ere.

4.– Ikastegiek bete eta zainduko dituzte ebaluazio-dokumentuak.

13. artikulua.– Egiaztagiriak.

Dantzako oinarrizko irakaskuntzen amaieran curriculuma osatzen duten irakasgai guztiak gainditu dituen ikasleari dagokion egiaztagiria emango zaio, eta bertan zein espezialitate egin duen jasoko da («gai» edo «ez gai» terminoak erabiliko dira). Ikasketak zein ikastegitan burutu diren, ikastegi horrek emango du egiaztagiria, betiere, ikastegi publikoa bada; ikasketak ikastegi pribatu batean burutu baldin badira, berriz, zein ikastegi publikori atxikia dagoen, ikastegi horrek emango du egiaztagiria.

14. artikulua.– Maila bat baino gehiagotan matrikulatzea.

1.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak ezarriko ditu maila batean baino gehiagotan matrikulatzeko baldintzak.

2.– Irakaskuntza horietan errendimendu handia daukaten ikasleak matrikulatu ahal izango dira maila batean baino gehiagotan. Horretarako, irakasle-taldeak txosten bat egingo du, eta bertan zehaztuko du irakasgai bakoitzean lortu den gaitasun-maila.

3.– Koordinazio pedagogikoko batzordeak txostenak aztertuko ditu, eta, hala irizten badio, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailari eskatuko dio dagokion matrikula egiteko beharrezkoa den baimena eman dezan. Ebaluazio-dokumentuetan jaso egin behar da baimen hori.

4.– Behin matrikula eginda, goiko mailako eskoletara joan behar da, irakasgai guztiek izaera progresiboa baitute.

15. artikulua.– Espedienteak lekuz aldatzea.

Ikasle bat beste ikastegi batera igarotzen bada maila gainditu gabe, jatorrizko ikastegiak ebaluazio-txosten indibidualizatua egingo du, eta bertan jasoko da ikasketa horietan jarraitzeko beharrezkoa den informazioa. Txosten hori ikaslearen tutoreak egingo du, irakasgai bakoitzeko irakasleek emandako datuetan oinarrituta, eta jatorrizko ikastegiak ikaslearen ikastegi berriari bidaliko dio, egiaztagiri akademikoarekin batera.

16. artikulua.– Lehentasunez onartzea.

Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak zehaztuko ditu zeintzuk diren lehentasunezko onarpena aplikatu behar duten lehen eta bigarren hezkuntzako ikastegiak. Izan ere, lehentasunez onartuko baitira dantzako oinarrizko irakaskuntzak eta lehen eta bigarren hezkuntzako irakaskuntzak batera egiten dituzten ikasleak.

17. artikulua.– Hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleak.

1.– Minusbaliotasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminazio-ezari eta irisgarritasun orokorrari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legean ezarritakoaren arabera, irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dauden xedapenak bete beharko dira.

2.– Ikasketa-plana ikasle minusbaliatuen beharretara egokitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak.

18. artikulua.– Irakasleen betebeharrak eta prestakuntza.

1.– Irakasleek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 96. artikuluan ezarritako betebeharrak izango dituzte.

2.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak irakasleen lana errazteko curriculum-materiala lantzea sustatuko eta bideratuko du. Aurreko planetatik datozen eta irakasgaiak gainditu gabe dituzten ikasleak sartzea.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurreko planetatik datozen eta irakasgaiak gainditu gabe dituzten ikasleak sartzea.

1.– Ikasle batek ez baditu gainditu bi irakasgai Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzetan burutzen ari den mailan, maila horretan bertan sartuko da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzetan, eta ikasturtea osorik egin beharko du, betiere, hargatik eragotzi gabe Hezkuntza-sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 30eko 806/2066 Errege Dekretuan ezarritako baliokidetasunak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen du antolamendu berri hori).

2.– Ikasle batek, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzetan burutzen ari den mailan, musikako irakasgaia bakarrik uzten badu gainditu gabe, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako irakaskuntzen hurrengo mailan sartu ahal izango du. Horretarako, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak zehaztuko ditu gainditu gabe utzi duen irakasgaia gainditzeko baldintzak.

3.– Ikasle batek, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzetan burutzen ari den mailan, dantzako irakasgaia bakarrik uzten badu gainditu gabe, ezin izango du sartu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako irakaskuntzen hurrengo mailan, eta, beraz, maila errepikatu beharko du.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Baliokidetasunak, ondorio akademikoetarako.

Ondorio akademikoetarako, honako hauek izango dira Hezkuntza Sistema Orokorraren Antolamenduari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan (LOGSE) araututako ikasketa-planean jasotzen diren dantzako oinarrizko mailako irakaskuntzen baliokidetasunak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari (ELO) dagozkion dantzako oinarrizko irakaskuntzekiko:

(Ikus .PDF)
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dantzako oinarrizko irakaskuntzen ikasketa-plana ezartzea.

1.– Dekretu honetan arautzen diren dantzako oinarrizko irakaskuntzen ezarpena progresiboki egingo da, 2013-2014 ikasturtetik aurrera.

2.– Hezkuntza-sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 30eko 806/2066 Errege Dekretuaren 20.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen du antolamendu berri hori), iraungitzen diren oinarrizko mailako irakaskuntzen egiaztagiriek dekretu honetan oinarrizko irakaskuntza berrietarako ezartzen diren egiaztagirien ondorio berberak izango dituzte.

3.– Iraungitzen den sistematik datozen ikasleak dantzako oinarrizko irakaskuntzetara igaroko dira, dekretu honen bigarren xedapen iragankorrean jaso den baliokidetasun-taularen arabera.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Donostian, 2013ko abuztuaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ABUZTUAREN 30EKO 404/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZEN METODO PEDAGOGIKOAK
DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZETARAKO IRAKASGAIEN HELBURUAK, EDUKIAK ETA EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

Dantzako oinarrizko irakaskuntzen metodo pedagogikoak

Dantzako oinarrizko irakaskuntzak dantzako prestakuntza oinarrizkoa eta kulturala ematen du, ikaslea irakaskuntza profesionaleko ikasketetarako prestatzen du, eta dantzarekin lotutako beste espezialitate eta bide profesional batzuetara sartzeko aukera ematen dio.

Etapa horretan lortu nahi da ikaslearen eta adierazteko erabiltzen duen gorputzaren artean harreman on bat ezartzea, eta, era berean, dantza ezagutzeko eta horretaz gozatzeko gaitasuna sustatzen da. Dantzarako beharrezkoak diren gaitasunak garatzen dira, fisikoak, pertsonalak zein artistikoak, eta ikasleak dantza klasikoko hiztegia eta dantzako gelan lanerako dauden ohitura espezifikoak bereganatzen ditu. Ikasleak, bere energia eta mugimenduen kontrola dela medio, helburu zehatzetara bideratutako ahaleginak zuzentzen ikasten du, eta memoria eta kontzeptu abstraktuak erabiltzeko gaitasuna indartzen du.

Taldeko kide bakoitzaren aurrerapenak ikusi egiten direnez, dantzaren ikaskuntzak aukera itzela ematen du prozesu hori elkarbanatzeko eta gizabanakoen arteko desberdintasunekiko errespetuan hezteko. Ikasleek lehen mailatik bertatik elkarbanatzen dute gizarteratze- eta hezitze-balio argia duten taldeko proiektu koreografikoetan parte hartzeko erantzukizuna eta horrek ematen dien gogobetezea.

Dantzako ikasketek dituzten premien ondoriozko hezkuntza-ibilbide luzeak ezinbestean dakar ikasketa horiek derrigorrezko hezkuntzakoekin batera egitea. Hortaz, bi irakaskuntza-moten hezkuntza-prozesuek eraikuntza-jarduerako oinarri berberei jarrai diezaien komeni da, horixe baita faktorerik garrantzitsuena ikaskuntzaren jardueran; azken finean, ikasleak berak eraikiko du-eta, bere ezagutza-eskemak aldatuz eta landuz.

Curriculum ireki batean, irakaslea da –hein handi batean– irakaskuntza-metodoen erantzule, eta horiek ez ditu erabat garatu behar hezkuntza-agintaritzak. Gainera adierazita daude metodo pedagogiko orokorrak, dekretu honetan arautzen diren irakasgai guztietarako balio dutenak.

Ikaskuntza-prozesuan zehar, irakasleak gidari izan behar du, aukerak zein diren erakutsi behar du –irizpideak ezarri gabe–. ikasleak gertaera artistikoaren aurrean duen harrera eta erantzuteko ahalmena bideratu eta estimulatu behar du.

Irakasleek programazio malguak ezarri behar dituzte, ikasle bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak kontuak hartuz, eta dituzten aukerak garatzen eta dituzten hutsuneak betetzen lagundu behar diote.

Beharrezkoa da teknika obra artistikoaren gauzatzearen zatia dela ulertzea, obra artistikoan bertan sartzen dena.

Ikaskuntza funtzionala da beste eduki batzuk bereganatzeko lortutako ezagutzaren aplikazio praktikoa. Eduki horiek egitura argi batekin aurkeztu behar dira, eta dantza akademikoaren eta musikaren eta euskal dantza tradizionalaren eta musikaren arteko lotura adierazi behar da.

Irakasgaia: Dantza akademikoa.

Sarrera:

Europar mendebaldeko kulturan berpizkunde garaiaren hasieran abiatu zen prozesu baten ondoren, baleta XVII. eta XIX. mendeen artean mamitu zen arte-adierazpide gisa. Ondorioz, egun dantza klasikoa deitzen duguna finkatu eta unibertsalizatu zen, eta gaurko gizartean diren dantza-adierazpide kultu guztien oinarri bihurtu.

Dantza akademikoa oinarriko diziplina unibertsal gisa ulertzen da gaur, dantzari orok lehen-lehenik izan behar duena, ondoren, edozein motako dantza eszeniko egin, sortu eta transmititu ahal izateko. Bere teknika giza mugimendu erritmikoaren egiazko mintzaira da, eta adierazteko edo komunikatzeko beste edozein modu edo hizkuntza bezala, mailaz maila aurreratuz ikasten da; ikasleak bere gorputza ezagutzen eta menperatzen du ikaskuntza horren bidez, gorputza bilakatzen delarik bere arte-adierazpidearen tresna.

Dantza akademikoaren gauzatzeak eta interpretazioak gorputza guztiz menperatzea eta prestatzea eskatzen du, dauden estiloen praktikak bere balio estetikoa isla dezan, eta kalistenia hutsaz haruntza, bidaltzen den mezuari arte-esanahia eman diezaion.

Gaitasun horiek eratzeak eta garatzeak prozesu luzea eskatzen dute, behar-beharrezkoa da ikasketen sistematizazioa, eta ikaslearen eguneroko lana irakasleak zaindu behar du.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesu hori, lekuari dagokionez dituen ezaugarriengatik, eskolaren eremuan kokatzen da beti.

Oinarrizko irakaskuntzaren edukiak dantza akademikoan gorputza ongi jartzeko dauden funtsezko elementuen ikaskuntzan biltzen dira, ikaskuntza horrek ahalbidetuko baitu gaitasun fisiko eta adierazpenezkoen oinarri sendo bat garatzea.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren oinarrizko gunea baleteko eskola da. Egun, baleteko eskola dituen zailtasun-modalitateen arabera ulertzen da, eta Carlo Blasisen gidaliburuan zehaztutako eta historikoki onartutako «Barra eta erdia» eskemaren arabera.

A) Helburuak.

Oinarrizko irakaskuntzen barruan, dantza akademikoaren irakaskuntzaren helburuak hauek izango dira:

1.– Honako gaitasun hauek garatzen laguntzea:

a) Gorputz guztiaren luzapena eta euste kontrolatua.

b) Aldaketako eta gorputzeko beste puntu batzuetako artikulazioen elastikotasun kontrolatua.

c) Bizkarraren kontrola –lehenik– eta malgutasuna –ondoren–, oinarrizko elementu ardatza den aldetik.

d) Erresistentzien, gorputzaren muskulazioaren eta beheko gorputzadarren garapen kontrolatua.

e) Pelbisaren kontrola.

f) «En dehors» (kanporantz) izen teknikoa duen jarreraren garapena, baletaren gorputz-hiztegiaren abiapuntu den aldetik.

g) Oinaren indarra, luzapena eta euskarri dinamikoko puntu izateko gaitasuna garatzea; igarotzeko, pausatzeko eta atseden hartzeko elementu gisa erabiltzea.

h) Elastikotasun eta luzapenari dagokionez, «plié» delakoa gehiago menperatzea, orekaren eta malgutasunaren errendimendu egokia lortzeko ona baita.

i) Mugimendu guztien barruko eta erritmozko koordinazioa menperatzea (burua, besoak eta hankak).

j) Norberaren gorputz-oreka aurkitzea.

k) Ariketetan espazioaren erabilera dinamikoa garatzea, desplazamenduen erabilpen progresiboaren bidez, eta gorputz-atalen koordinazioa bultzatuz.

l) Arnasketa egokia ikastea, bai denboran, bai ariketaren berariazko dinamikan, errendimendurik handiena lortzeko.

2.– Mugimenduaren kalitatea eta interpretazio adierazkorrak lortzea, gorputz-sentsibilitatea aplikatuz.

3.– Oinarri tekniko sendoak lortzea gorputza behar bezala ezarrita.

4.– Hanken, gorputz-enborraren eta besoen mugimenduak koordinatzea, eta zurruntasuna ekiditea.

5.– Barrako eta erdiko ariketak modu egokian egitea.

6.– Jauzi egiteko aldietan (aireratzean, finkatzean eta lurreratzean) eta bateriaren hastapenean beharrezkoa den indarra eta elastikotasuna lortzea.

7.– Orekaren zentzua lantzea, biraren teknikaren prestakuntza gisa.

8.– Espazioa modu egokian erabiltzea balioestea.

9.– Dantzan arnasketak duen garrantziaz ohartzea.

10.– Dantza osatzen duten mugimendu guztiak zentzu erritmikoz eta musikaltasunez gauzatzea.

11.– Dantza akademikoaren mintzairari dagokion terminologia ezagutzea, eta pausuak, pausuen konbinaketak edo dantzak deskribatzen jakitea.

12.– Pausuak, ariketak edo horien multzoa lehen begiratuan eta buruz ezagutzea.

B) Edukiak:

1.– Gorputza ezagutzea eta egoki jartzen jakitea.

2.– «En dehors», oreka, elastikotasuna, indarra, jauzia eta bira garatzeko mugimenduak egitea.

3.– Lurreko, barrako eta erdiko ariketak.

4.– Pausuen erritmozko egiturez ohartzea, eta haiek identifikatzea eta barneratzea.

5.– Dantza egiterakoan (bakarrik zein taldean) doitasunak duen garrantziaz ohartzea.

6.– Sormena garatzeko, inprobisazioa erabiltzea.

7.– Kalitatearen oinarrizko elementuak mugimenduan: dinamika, «tenpoa», eginahala,... Horien aplikazioa.

8.– Adierazkortasuna, interpretazioaren nahitaezko elementu gisa.

9.– Memoriaren garapen progresiboa.

10.– Koordinazioa eta berorrek mugimenduan duen funtzioa, adierazpen-asmoarekiko.

11.– Ikasleak puntetako oinarrizko ariketak egiten hastea.

12.– Maila honetako hiztegi espezifikoa ezagutzea.

C) Ebaluazio-irizpideak:

1.– Ikasi diren oinarrizko pausuak ezagutzea eta bereiztea, eta haien hiztegi teknikoa ulertzea. Ebaluazio-irizpide horren bidez egiaztatzen da ikasleak pausuen izenak eta dantzan duten esanahi teknikoa ikasi dituela.

2.– Baleteko eskola batean barra osatzen duten ariketak egitea, irakasleak adierazi ahala («pliés», «battement tendus», «degagés», «rond de jambe»,...), maila horretan eskatzen den musika-denbora erabiliz, eta besoak, hankak eta burua koordinatuz. Irizpide horrekin egiaztatu nahi da gorputza ondo ezarrita dagoela, oinarri sendo eta segurua lortzeko, eta ikasleek aurrerago ariketa zailagoak egin ahal izan ditzaten.

3.– Barran ikasitako ariketak erdian errepikatzea eta egitea, irakasleak adierazi ahala, eta denbora musikala, koordinazioa, espazioa eta norabideak egoki erabiliz. Irizpide horrekin egiaztatu nahi da ea ikaslea jabetu den bere orekaz eta espazioko norabideez, norabide horien arteko mugimenduak koordinatuz.

4.– Aldaera txikiak egitea, espazioan zehar desplazamenduak eginez, irakasleak adierazi ahala. Irizpide horrekin aztertu nahi da nolakoa den ikasleak espazioarekiko, dimentsioekiko eta norabideekiko duen zentzua.

5.– Pausuen aldaera txikiak egitea lehen begiratuan; zehazki, biraren teknikaren oinarrizko ariketak («en dehors» eta «en dedans») barne hartuko dituztenak. Irizpide horrekin aztertu nahi da bira egitean besoak, hankak eta burua nola koordinatzen diren eta bulkada lotu eta jarraituko mugimendu bat egitean gorputz osoaren oreka nola kontrolatzen den.

6.– Irakaslearen oharrei jarraikiz, biraren teknika garatzeko ariketak egitea (jauzi txikiak bi hanken gainean eta hanka bakarraren gainean, eta bateriako lehen jauziak). Irizpide horrekin egiaztatu ahal izango da nolako bulkada dagoen hankak ziztu bizian tolestu eta luzatzerakoan, nola kontrolatzen den eta nola eusten zaion «demi plié» delakoari hanka biko eta bateko jauziaren aireratzean eta lurreratzean, nola eusten zaion gorputz-enborrari, eta nola goratzen diren aldakak jauzi egiterakoan.

7.– Aldaera txikiak egitea, zeintzuk irakasleak ahoz esango baititu, dagokion erritmoaren barruan pausuak markatuz, eta ikasleak gogoan hartuko baititu. Irizpide horrekin egiaztatu eta aztertu ahal izango dira ikasleen erreflexuak, oroimena eta musikaltasuna.

8.– Puntetako pausuak oinarrizko ariketekin elkartuz, konbinazio txikiak egitea. Irizpide horrekin aztertu nahi da nolakoa den oinen indarraren garapena eta zenbateraino ezagutzen den puntetako zapatilekin egiten diren igoera eta jaitsieretan oinak egiten duen lana.

9.– Ikasle bakoitza ibiltzea eta bakoitzak agur bat inprobisatzea, musika-zati baten gainean. Irizpide horren bitartez, dantzaren estetikarako beharrezkoak diren ezaugarriak behatu nahi dira; besteak beste, garapen fisikoa, pertsonalitatea, musikaltasuna, sentsibilitatea, harmonia eta mugimendu-dotorezia, eta ikuslegoarekiko komunikazioa.

10.– Ariketa bat egitea eta interpretatzea adagio-denboran, «ports de bras» delakoarekin eta «a tèrre» posizioekin. Irizpide horren bitartez, mugimenduko sentsibilitate musikala, adierazpen artistikoa eta interpretazioa egiaztatu ahal izango dira.

Irakasgaia: Musika.

Sarrera:

Musikak, soinu-denborazko erlazioen adierazpen artistikoa den aldetik, erabateko harremana du dantzaren, mugimenduaren eta gorputz-mintzairaren munduarekin. Horregatik, musikak oso leku garrantzitsua betetzen du dantzaria izango denaren prestakuntza osoan zehar, bai dantzako oinarrizko irakaskuntzetan, bai irakaskuntza profesional eta goi-mailakoetan.

Musika-heziketak modu erabakigarrian laguntzen du dantzaren oinarrizko irakaskuntzen eta irakaskuntza profesionalen helburu orokorretan jasotzen diren gaitasunak lortzen eta garatzen. Besteak beste, honako gaitasun hauek: Dantza-mugimenduak egitea, zentzu erritmikoa eta musikala erabiliz; espazio-denborazko erlazioak hobeki ulertzea eta erlazio horiek soinuzko mintzairaren antolakuntza formalarekin lotzea; mugimendu-koordinazio egokia, zentzu-erritmikoaren bitartez; eta, gorputz-sentsibilitatea, behar besteko doitasunez adierazi ahal izateko dinamika eta fraseatzea, estiloaren exijentziei dagokienez.

Soinuzko mezua barneratzeko gaitasunak behar-beharrezkoa du soinuaren mintzaira osatzen duten elementuak (erritmoa, melodia, harmonia eta forma) teorian zein praktikan ezagutzea, musikaren esanahi sakon eta antzemanezina gorputzarekin adierazteko beharra kontzienteki eta erantzukizunez bideratu ahal izateko. Helburu horrek ezartzen du musika-kontserbatorio batean ematen diren musika-irakaskuntzen eta dantza-kontserbatorio batean ematen direnen arteko desberdintasuna, baita ordu-kopuruan dagoen desberdintasuna ere.

Oinarrizko irakaskuntzetan, garrantziarik handiena emango zaio soinu-elementuen entzute aktiboari, baita soinuaren lau ezaugarriak (altuera, iraupena, intentsitatea eta tinbrea) sakonki ezagutzeari ere, musika-gertaera osoaren oinarri gisa. Eta, jakina, erritmoak protagonismoa izango du geroko dantzariaren prestakuntzan.

Dantzako ikasleen kasuan, diziplina horretan ezinbestekoa denez taldean aritzea, eduki horiek garatuko dira kantuaren, mugimenduaren eta instrumentu-jardunaren bidez, hots, teknika ez konplexudun instrumentu-jardunaren bidez (esate baterako, taldeko musika-jardunaren adierazpideak).

Azkenik, ezagutza horiek lortzearekin batera, musikak arte-mintzaira eta kulturen adierazpide moduan duen esanahiarekiko jakinmina eta interesa erakusten duten jarrerak bultzatu behar dira.

A) Helburuak.

Dantzako oinarrizko irakaskuntzetan musika irakastearen helburua da ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen laguntzea:

1.– Taldekideekin musika-esperientziak bizitzea, musikarekin duten harreman afektiboa aberasteko, kantuaren, mugimenduaren, entzute aktiboaren eta perkusio txikiko instrumentuen bidez.

2.– Erritmoa ongi ulertzeko eta interpretatzeko behar den mugimendu-koordinazioa erakustea, dagozkion elkarketa- eta bereizketa-trebetasunak erabiliz.

3.– «Barne belarria» erabiltzea, entzutea bere adierazpen grafikoarekin erlazionatzeko, eta tinbreak, egitura formalak, oharpen dinamikoak, adierazkorrak, denborazkoak,... ezagutzeko.

4.– Musikaren parametroak hobeto ulertzen lagunduko duten erritmoak, melodiak eta kantak buruz interpretatzea.

5.– Soinuaren ezaugarriak (iraupena, altuera, intentsitatea eta tinbrea) mugimendu bidez adierazteko dituzten aukerekin erlazionatzea.

6.– Formula erritmikoak, melodikoak eta iraupen txikiko zatiak edo melodiak irakurtzea eta idaztea.

B) Edukiak:

1.– Pultsuaren pertzepzioa, identifikazioa eta barneratzea.

2.– Azentuaren pertzepzioa eta identifikazioa.

3.– Oinarrizko formula erritmikoak: irakurketa eta idazketa.

4.– Erritmo-aldiberekotasuna.

5.– Elementu erritmikoak gorputz-mugimenduarekin erlazionatzea.

6.– Gorputza perkusio-tresna gisa erabiltzea: soinu-keinuak eta ahots-baliabideak.

7.– Ahots-sentsibilizazioa: arnasketa, artikulazioa, erresonantzia eta intonazioa.

8.– Tarte melodikoen intonazioa eta horien bereiztea (konjuntuak eta disjuntuak, goranzkoak eta beheranzkoak).

9.– Eskala bateko soinuen bereizketa eta intonazioa.

10.– Melodia-zatien edo kanta sinpleen irakurketa eta intonazioa.

11.– Ahots edo musika-tresnen bidezko inprobisazioa, mugimendu-mota desberdinak laguntzeko.

12.– Elementu formalen pertzepzioa eta bereizketa (errepikapena; galdera-erantzuna,...).

C) Ebaluazio-irizpideak:

1.– Obra edo zati bat entzumenez bereiztea eta bere pultsoa eta azentua eramateko gai izatea. Ebaluazio-irizpide horren bidez, pultsuaren pertzepzioa jaso nahi da, joaldi erritmikorako oinarrizko erreferentzia den aldetik, eta egiaztatu nahi da azentu periodikoaren pertzepzio zuzena, konpasaren oinarria baita. Konpasa bitarra, hirutarra ala lautarra den bereizi behar da, baita pultsu bakoitza bitarra ala hirutarra den ere.

2.– Egitura melodiko eta erritmiko laburrak imitatzea ahotsarekin eta perkusioarekin. Ebaluazio-irizpide horren bidez, zera egiaztatu nahi da: oroimen-maila eta jasotako mezua fideltasunez erreproduzitzeko gaitasuna, bai soinuari dagokionez, bai mugimenduari dagokionez.

3.– Isilaldi laburretan pultsuari eustea.

Horren helburua da pultsua egoki barneratzea, bakarka zein taldean aritzeko moduan.

4.– Entzundako obra edo zati baten alderdi erritmikoen araberako mugimendu zehatzak egitea. Irizpide horrekin lortu nahi da ikaslearen gorputz-koordinazioa egiaztatzea, haren mugimendua pultsu erritmiko zehatzetara egokituz.

5.– Obra edo zati baten egitura erritmikoak jotzea, perkusioz, musika-tresnez edo ahotsez. Ebaluazio-irizpide horrekin hauxe egiaztatu nahi da: maila horri dagokion zenbait formula erritmiko doitasun osoz eta ezarritako tenpoan kateatzeko gaitasuna.

6.– Tonu-melodia laburrak inprobisatzea. Irizpide horren bidez, hau egiaztatu nahi da: ikasleak nola bereganatu dituen oinarrizko tonu-kontzeptuak, elementuak modu askean erabiliz.

7.– Tarte batean eta intonazioa egiaztatu gabe, musika testu bat bere baitan irakurtzea eta buruz erreproduzitzea. Irizpide horrekin, ikasleak partiturari begiratzetik abiatuz, melodiazko eta erritmozko soinu-irudiak imajinatu, erreproduzitu eta buruz ikasteko daukan gaitasuna ebaluatu nahi da.

8.– Melodia-eredu sinpleak edo eskalak erreproduzitzea, altuera desberdinetatik abiatuta. Ikasleak, edozein soinutatik abiatuta eta ereduaren bitarteei egoki eutsita, melodia bat erreproduzitzeko duen trebetasuna egiaztatu nahi da.

9.– Melodia edo tonu-kanta bat intonatzea akonpainamenduarekin.

Irizpide horren bidez, hau egiaztatu nahi da: ikasleak bere intonazio-teknikak eta afinazio zehatza tonu-zati batera aplikatzeko duen gaitasuna, partituran dauden adierazpen-oharpenez baliatuz. Instrumentu bidezko akonpainamenduak ez du melodia erreproduzituko.

10.– Ohiko musika-prozeduren bidez (testurak, atmosferak, efektuak,...), inprobisazio txikiak egitea, betiere proiektu batetik abiatuta (zeinari joaldia egokitu egin beharko baitzaio, ahal den neurrian). Ikasleak aurretik egindako musika-ideia bat gauzatzeko duen kontrol kontzientearen maila egiaztatzea da ebaluazio-irizpide horren helburua.

11.– Entzute baten ostean, entzundako edo interpretatutako obraren ezaugarriak deskribatzea. Ebaluazio-irizpide horren bidez egiaztatu nahi da ikasleak duen gaitasuna honako alderdi hauetaz ohartzeko: alderdi erritmikoak, melodikoak, kadentziazkoak, formalak, tinbreari dagozkionak,...; aurretik hauta daitezke ikasleak bereizi beharreko alderdiak, edo, bestela, utz dakioke modu askean nabarmenenak iruditzen zaizkionak bereizten.

12.– Egitura erritmikoak inprobisatzea, ikasitako zati baten gainean. Ebaluazio-irizpide horren bidez, ikaslearen sormen-gaitasuna piztu nahi da; horretarako, formula erritmiko ezagunak edo ezezagunak modu askean erabiltzen dira, entzundako zatiaren pultsu eta konpasarekin egokituz.

13.– Entzundako zati erritmiko eta melodiko laburrak idatziz erreproduzitzea. Irizpide horren bidez, ikasleak alderdi erritmiko eta melodiko ezagunak bereizteko eta erreproduzitzeko duen gaitasuna ebaluatzen da.

Irakasgaia: Euskal Dantza Tradizionala.

Sarrera:

Dantzaren garapena kulturaren garapenarekin hertsiki lotua dago, dantzaren bidez islatzen baita gizarte baten bizitzeko modua, ohiturak eta sinesmenak.

Ildo horretatik, gizaki primitiboaren ikuspuntu magiko-erlijiosoak dantza bihurtzen zuen mito baten erritu-adierazpen, hots, keinu-ikurren bidez irudikatzen zen erritu-adierazpen. Herri horientzat, dantza, euren dantza tradizionala, hitza bera baino zehaztasun handiagoz adierazten zuen artea zen, eta ingurune fisiko eta sozial zehatz baten adierazmodu gisa erabiltzen zuten, ezaugarri propioak –beste herri batzuekiko desberdinak– zituen herri baten adierazmodu gisa.

XVIII. mendetik aurrera, dantza tradizional batzuen nolabaiteko arautzea sumatzen da, eta eta harreman estua nabari da euskal dantza tradizionalen eta dantza klasikoaren artean (harreman horren ondorio dira, besteak beste, baleteko pausu eta jauzi hauek: «pas de basque», «saut de basque»).

XX. mendearen hasieran, lehendabiziko koreografia-taldeak sortu ziren EAEko lurraldeetan, eta 40. hamarkadan, dantza tradizionalak bi bide desberdin hartu zituen. Bata, dantza-taldeena, eta, bestea, berriz, baletaren eta euskal dantzen eskolena, zeintzuetatik hainbat konpainia sortu baitziren, euskal dantzen antzezpenak egiteko. Bada, horien guztien lanari esker iraun du dantza tradizionalaren irakaskuntzak. Dantza batzuek euren jatorrietan iraun dute, leku horietako biztanleek dantza horiek mantentzea nahi izan dutelako.

Helburu nagusia da folklore-eredu bat sortzea da; bizia, partehartzailea, aktiboa eta garatuz joango dena.

A) Helburuak

1.– Euskal dantza tradizionalaren oinarrizko erritmoen funtsezko pausuak ezagutzea.

2.– Euskal dantza tradizionalaren oinarrizko erritmoen koreografia sinpleak interpretatzea.

3.– Dantza koralak interpretatzea, dantza tradizionalak duen gizarte-harreman balioa azpimarratuz.

4.– Programan sartutako tradizioak ezagutzea.

5.– Dantzen ingurune soziokulturala aztertzea, dantza horiek dantzatzen diren –edo dantzatzen ziren– gizartearen isla dela ikusi nahian.

B) Edukiak

1.– Funtsezko hiru pausuen ikaskuntza: «puntapiyue», «harahonakoa» eta «koplea». Helburua: hiru pausu horiek tartekatuz, erritmo bitarreko dantza eraikitzea: Porrue.

2.– Funtsezko hiru pausuen ikaskuntza: «puntapiyue», «harahonakoa» eta «koplea». Helburua: hiru pausu horiek tartekatuz erritmo hirutarreko dantza eraikitzea: Jota.

3.– Gipuzkoako Brokel Dantzaren pausuak ikastea (5/8): «Sentziloa», «Lau arin», «Lasterka», eta «Dei nagusia». Pausu horiekin «Buruzagi zortzikoa» eta «Boastitzea» interpretatzea.

4.– «Ezpatadantza»-ren pausuak ikastea (6/8 – ¾): jauzia edo txingo», «bira», «ostikoa» eta «artazia», «punteaketa» eta «grabiletea». Pausu horiekin Durangaldeko Dantzari Dantzaren bi dantza interpretatzea: «Banangoa» eta «Zortzinangoa».

5.– «Jauziak» delakoaren pausurik sinpleenak ezagutzea, hots, metrika doituko pausuak: «Erdizka», «Zote edo Jauzi», «Dobla», «Ezker», «Eskuin», «Erdizka lauetan», «Pika» eta «Ebats». Pausu horiekin guztiekin bi «jauzi» eraikitzea: «Zazpi Jauzi eta Hegi».

6.– Baztango Irri Dantzen Zikloan sartutako joku-dantzak berreskuratzea eta dantza horietaz gozatzea.

C) Ebaluazio-irizpideak

1.– Proposatutako erritmo bakoitzerako ikasitako oinarrizko pausuak ezagutzea eta bereiztea. Ebaluazio-irizpide horren bidez, ikasleak pausuen izena eta interpretazioa ikasi duela kontuan hartuko da.

2.– Proposatutako koreografiak egitea, ikasitako pausuak sartuz. Irizpide horren bidez, ikasleak taldeko dantzak egiteko gai izatea lortu nahi da.

3.– Dantza bakoitzaren ingurune soziala ezagutzea, alderdi hauei dagokienez: erabilera, erabilera, jantziak, inguru koreografikoa eta testuinguru etnografikoa. Irizpide horrekin egiaztatu nahi da ikaslea dantza bakoitzaren ingurune soziokulturalaz jabetu den ala ez.

ABUZTUAREN 30EKO 404/2013 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZEI DAGOZKIEN IRAKASGAIEN ORDUEN BANAKETA, MAILAKO ETA ASTEKO
(Ikus .PDF)

Maila bakoitzean, 30 eskola-aste izango dira, gutxienez.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana