Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2013ko urriaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4132

AGINDUA, 2013ko ekainaren 25ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Ekonomisten Euskal Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena (elkargo hori Euskal Autonomia Erkidegoan Ekonomisten Elkargoaren eta Merkataritzako Titularren Elkargoaren artean gertatu den bat-egitearen ondorioz sortu da).

Ikusita eta aztertuta geratu da Ekonomisten Euskal Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa (elkargo hori Euskal Autonomia Erkidegoan Ekonomisten Elkargoaren eta Merkataritzako Titularren Elkargoaren artean gertatu den bat-egitearen ondorioz sortu da). Hauek izan dira

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko abuztuaren 2an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean (gaur egun Herri Administrazio eta Justizia Saila) sarrera eman zitzaion Ekonomisten Euskal Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzeko eskabideari. Aldaketa bere eremuaren handitzearen ondorioz egin da, merkataritzako titularrak sartu nahi izan baitira elkartearen barruan. Horrela, bera izango da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomilarientzako eta merkataritzako titularrentzako elkargo bakarra, hala xedatuta baitago Euskadiko Ekonomialarien eta Merkataritza Tituludunen Elkargoak Bateratzeko ekainaren 28ko 18/2012 Legearen artikulu bakarrean.

Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu ziren: Ekonomisten Euskal Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzeko erabakiaren ziurtagiria; Ekonomisten Euskal Elkargoaren behin-behineko Araudiaren kopia (elkargo hori Euskal Autonomia Erkidegoan Ekonomisten Elkargoaren eta Merkataritzako Titularren Elkargoaren artean gertatu den bat-egitearen ondorioz sortu da, ekainaren 28ko 18/2012 Legean ezarritakoarekin bat etorriz); Ekonomisten Euskal Elkargoaren behin-behineko estatutuak, bat-egitearen ondoren estatutuak aldatu izanaren ondoriozkoak.

Bigarrena.– 2012ko urriaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari eta Ekonomisten Kontseilu Nagusiari eskatu zitzaizkien Profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.4 artikuluan aurreikusitako derrigorrezko txostenak, eta 2012ko azaroaren 5ean eta 2013ko urtarrilaren 25ean sarrera eman zitzaien aldeko txostenei.

Hirugarrena.– 2013ko urtarrilaren 25ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailak interesdunei eskatu zien bidalitako dokumentazioan aurkitutako akatsak zuzentzeko. 2013ko maiatzaren 28an, sail horretan sartu zen hartutako erabaki horren ziurtagiria, bai eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren behin betiko estatutuak ere, Ekonomisten eta Merkataritzako Titularren Elkargoen estatutuak aldatu ondoren sortzen direnak.

Laugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen. Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.

Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak du agindu bidez estatutuetan egindako aldaketari buruzko espediente hau emateko ardura, hala xedatuta baitago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2-1.2 eta 8-1-d) artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, bai eta Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua betez ere. Lege horren 33. artikuluan eta dekretu horren 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez.

Era berean, Euskadiko Ekonomialarien eta Merkataritza Tituludunen Elkargoak Bateratzeko ekainaren 28ko 18/2012 Legearen Laugarren Xedapen Iragankorraren 3. atalaren hirugarren idatzi-zatian aipatzen da zer eskumen duen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak estatutuetako aldaketa hori onartzeko:

«Aurreko bigarren xedapen iragankorraren a) letran aipatzen diren estatutuetan sartu beharreko aldaketak, Batzar Kudeatzaileak onetsi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak onetsiko ditu behin betiko, elkargoen estatutuen aldaketetarako ezarrita dagoen arauketaren arabera».

Hirugarrena.– Euskadiko Ekonomialarien eta Merkataritza Tituludunen Elkargoak Bateratzeko ekainaren 28ko 18/2012 Legearen 1. artikuluaren 1. eta 2. ataletan eta Bigarren Xedapen Iragankorraren 1-a) atalean honela esaten da:

«Xedatzen da bateratzea Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomialarien eta merkataritza tituludunen elkargoak.»

«Horrek eragina izan dezan, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak zabaldu egiten du bere eremua, beraren barruan hartzeko merkataritza-tituludunaren lanbidea eta merkataritza tituludunak, halako eran non Euskadiko elkargo bakarra izango baita ekonomialarientzat eta merkataritza-tituludunentzat.»

«Bateratze-proiektuan gai hauek sartuko dira:

a) Egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetan sartu beharreko aldaketak, bateratzetik sortutako elkargoa izan dadin.»

Ikusirik aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekonomisten Euskal Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea, hala erabaki batzuen 2013ko apirilaren 30eko Gobernu Kontseiluak. Hain zuzen ere, ekonomialarien eta merkataritzako titularren elkargoen arteko bat-egitearen ondorioz gertatu da aldaketa hori, ekainaren 28ko 18/2012 Legean hala baitago xedatuta.

Bigarrena.– Elkargo horren estatutuetan egindako aldaketa argitaratzeko agintzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 25a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana