Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2013ko abuztuaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3530

385/2013 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresna onartzen duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 5.1 artikuluak ezartzen duenez, arreta emateko eta erantzukizun publikoko sare publikoa da Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema, eta haren helburua da pertsona, familia eta talde guztiak gizartera daitezen eta gizarte autonomia eta gizarte-ongizatea lor dezaten laguntzea; horretarako, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-eginkizuna garatuko du, batez ere pertsonalak eta harremanezkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua, betiere beste sistema eta politika publikoekin lankidetzan eta haiekin koordinatuta, biztanleria osoaren gizarte-ongizatea da, eta haren helburu nagusietako bat bazterketa-egoerei aurre hartu eta erantzutea eta pertsonak, familiak eta taldeak gizarteratzeko aukera sustatzea da. Helburu horiek lortzeko, gizarte-zerbitzuen arloan arreta behar duten gizarte-beharrizanak aurkitzeko mekanismoak artikulatuko dira.

Gizarte Zerbitzuei buruzko legearen 27. artikuluak ezartzen duenez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten zerbitzu eta ekipamendu guztiek, titulartasun publikokoek nahiz pribatu itundukoek, modu koordinatuan jardungo dute, sistemaren benetako bateratzea eta kohesioa bermatzeko, eta baita erantzukizun publikotik abiatuta, sistemaren batasuna bermatzeko ere.

Bigarren paragrafoan xedatzen duenez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integraturiko zerbitzuak lehen mailako arretako eta bigarren mailako arretako zerbitzuen artean egituratuko dira. 22.1 artikuluan zerrendaturiko zerbitzuek, hau da, lehen mailako arretako direnek, gizarte-bazterkeriarekin loturiko premiei erantzungo diete; besteak beste, arreta berezia jarrita gizarte-bazterkeriako arrisku-egoerei, udalaren gizarte-zerbitzuek zerbitzu horiek hornitu eta emango dituztela bermatuta. 22.2 artikuluan zerrendaturiko gizarte-zerbitzuek, hau da, bigarren mailako arretako bazterketa egoeretatik eratorritako premiei erantzungo diete, besteak beste, eta foru-arloko gizarte-zerbitzuek zerbitzu horiek hornitu eta emango dituztela bermatuko da.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 20. artikuluak ezartzen duenez, gizarte-zerbitzuen esku-hartze irizpideen homogeneotasuna bermatze aldera, euskal administrazio publikoek balioespeneko eta diagnostikoko tresna tekniko erkideak aplikatuko dituzte.

Artikulu horren hirugarren puntuari jarraiki, tresna komun horiek Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu, erregelamendu bidez, gainerako euskal administrazio publikoekin koordinatzeko dituen eskumenak baliatuta, foru-arloan zein udal-arloan.

Adierazitakoari jarraiki, dekretu honen bidez onartzen da bazterketa balioesteko tresna teknikoa, eta tresna hori, adierazleen sistema bati jarraiki, baliagarria izango zaie udal- eta foru-arloko gizarte-zerbitzuei irizpide erkideekin balioesteko gizarte-bazterkeriako egoerak (intentsitate-maila desberdinekin: arina, apala eta larria) edo gizarte-bazterkeriako arrisku-egoerak ote dauden.

Horren ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 16an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresna onartzen da. Dagokion testua eranskinean biltzen da, eta udal- eta foru-arloko gizarte-zerbitzuek nahitaez erabili beharko dute gizarte-bazterkeriako egoerak edo gizarte-bazterkeriako arrisku-egoerak egon litezkeen balioesteko.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala