Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2013ko uztailaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3456

AGINDUA, 2013ko uztailaren 17koa, Segurtasuneko sailburuarena; honen bidez, lehiaketa publikorako deialdia egin da Euskal Autonomia Erkidegoan apustuak ustiatzeko baimen bat esleitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegia apirilaren 19ko 95/2005 Dekretuak onetsi zuen. Arautegi horretako 7. artikuluan ezarri da apustuak ustiatzeko baimenak lehiaketa publikoen bidez esleitu behar direla.

Halaber, arautegi horretan enpresek edo erakundeek lehiaketa horietan parte hartzeko bete beharrekoak ezarri dira, bai eta esleipenerako erabiliko diren oinarrizko balorazio-irizpideak ere.

Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien salako hirugarren sekzioak 2013ko ekainaren 10ean emandako epaiari jarraiki, ondoriorik gabe geratu da Joko eta Ikuskizun zuzendariaren 2007ko urriaren 31ko ebazpen bidez Euskal Kirol Apostuak SAri emandako baimena. Ebazpen horretan erabaki zen baimen batzuk esleitzea Euskal Autonomia Erkidegoan apustuak ustiatzeko, Herrizaingo sailburuaren 2007ko martxoaren 30eko Aginduak antolatutako lehiaketa publikoa egin eta gero.

Baimenetako bat ondoriorik gabe geratu denez, gaur egun bi baimen daude Euskal Autonomia Erkidegoan apustuak ustiatzeko. Apustuen Arautegiak lehenengo xedapen gehigarriko 1 zenbakian ezarritako plangintzak adierazten duenez gehienez ere hiru baimen emango direla apustuak antolatzeko, ustiatzeko eta kudeatzeko, eta kontuan hartuta joko-modalitate hau zabaldu zenetik izan diren esperientziak, egokia da lehiaketa publikorako deialdi hau egitea, plangintza horrek ezarritako gehieneko baimen-kopurua osatzeko.

Hori dela eta, Agindu honen bidez, apustu-baimen baten ustiapena esleitzeko lehiaketa publikoan aginduzko izango diren oinarriak ezarri dira, eta dokumentuen ereduak eta balorazio-taulak ere bai (azken horiek eranskinetan daude).

Hortaz, eman zaizkidan eskumenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Lehiaketa publikorako deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoan apustuak ustiatzeko baimen bat esleitzeko; lehiaketaren oinarriak I. eranskinean ageri dira, aurkeztu beharreko dokumentuen ereduak II. eranskinean, eta balorazio-taulak III. eranskinean.

2.– Lehiaketa honen deialdiaren oinarriak eta haren gorabehera guztiei buruzko informazioa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren web orri honetan daude aztergai: www.euskadi.net/juegoyespectaculos.

Gainera, interesdunek web orri horretan eskabidea eta II. eranskinean aipatutako dokumentuak eskura ditzakete formatu digitalean.

3.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, aipatutako egun beretik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 17a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN APUSTUAK USTIATZEKO BAIMEN BAT ESLEITZEKO LEHIAKETAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea eta aplika daitekeen araubidea.

1.– Oinarri hauen xedea da apustuak ustiatzeko baimen bat esleitzeko antolatuko den lehiaketa publikoa arautzea.

2.– Lehiaketa publiko honetan ondokoak izango dira aginduzko: oinarri hauek, Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legean xedatutakoa eta apirilaren 19ko 95/2005 Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegian xedatutakoa.

Bigarrena.– Pertsona juridikoen eta pertsona fisikoen betekizunak.

1.– Honako idatz-zati hauetan eskatzen diren betekizunak betetzen dituzten pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek har dezakete parte lehiaketan.

2.– Pertsona juridikoen betekizunak:

a) Zuzenbidean onartutako sozietate-motetako bat eratu behar dute, indarreko legeriarekin bat etorriz; sozietatearen kapitalak 1.000.000 euro izan behar du gutxienez, eta kopuru hori, akzio edo partaidetza izendun gisa, oso-osorik harpidetu eta ordaindu behar da baimena eman aurretik.

Atzerriko kapitalaren partaidetzari dagokionez, gai horretan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituko zaio.

b) Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko herrialde kide bateko nazionalitatea izan behar dute.

c) Egoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar du.

d) Sozietatearen xedeak izan behar du apustuak ustiatzeko jarduerak eta horiekin zerikusia duten jarduerak egitea.

e) Bazkide edo partaideetako bat bera ere ezin da egon ezgaituta Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 19. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan ezarritakoaren arabera.

3.– Pertsona fisikoek, aurreko idatz-zatiko b) eta e) puntuetan ezarritakoa betetzeaz gainera, egoitza bat eduki behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan, Administrazioarekiko harremanetarako.

Hirugarrena.– Proposamenen aurkezpena.

1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko proposamena (eskabidea eta oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio juridiko eta tekniko guztia) Joko eta Ikuskizun zuzendariari bidaliko zaio, eta, ahal dela, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren egoitza nagusian aurkeztuko da: Gasteiz, Donostia kalea 1, PK: 01010.

Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38. artikuluan ezarri duen edozein modutan aurkeztu daitezke eskabideak.

Horrela aurkeztuz gero, eskatzaileak justifikatu beharko du zer egunetan aurkeztu dituen dokumentuak dagokion administrazioaren erregistroan edo postetxean, eta Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio eskaintza bidali duela, 945 01 87 68 telefax-zenbakia edo 945 01 87 48 telefax-zenbakia erabiliz.

Bi zeregin horiek (eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari proposamena bidali zaiola jakinaraztea) aurkezpen-epea amaitzeko data baino lehen egin beharko dira; hau da, 2013ko irailaren 16a baino lehen (egun hori barnean sartzen da).

Bi baldintza horiek bete ezean, hau da, eskabidea eta dokumentazioaren bidalketa eta bidalketaren jakinarazpena aurkezpen-epea amaitu ondoren egiten badira, eskabidea ez da onartuko. Adierazitako dataren ondoren hamar egun natural igarotakoan, hau da, 2013ko irailaren 26an (egun hori barne), Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren bulegoetan ez bada oraindik eskabiderik eta dokumentaziorik jaso, eskabidea ez da inolaz ere onartuko.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2013ko irailaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

3.– Proposamenak bi gutun-azal edo kutxa bereizitan aurkeztu behar dira, edo bestelako edukiontzi opakuetan, itxita. Horietako bakoitzak bere zenbakia eduki behar du, eta barruan jatorrizko dokumentazioa eta hiru kopia egongo dira. Azalean enpresa eskatzailearen izena eta «Apustuak ustiatzeko lehiaketa - Euskadi 2013» agertu behar dira identifikazio gisa. 1. gutun-azalean edo kutxan honako hau idatzi behar da: «Dokumentazio juridikoa»; 2. gutun-azalean edo kutxan, berriz, «Dokumentazio teknikoa».

Gutun-azal edo kutxa guztiek pertsona eskatzailearen sinadura eduki beharko dute, edo enpresaren legezko ordezkariarena, pertsona juridikoen kasuan.

4.– Oinarri hauen hirugarren zenbakian aipatzen den «jatorrizko» dokumentazioan honako hauek sartzen dira: jatorrizko dokumentuak, edo bestela, funtzionario publikoek edo notarioek behar bezala alderatutako eta baimendutako kopiak.

5.– Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztuko da. Beste hizkuntza batzuetan idatzitako dokumentuak transkribatzen badira, zinpeko itzultzaile batek edo zinpeko itzultzaile-interprete batek itzuli beharko ditu.

6.– Eskabidea eta dokumentazio erantsia aurreko idatz-zatietan adierazi bezala aurkeztu behar direla alde batera utzi gabe, interesdunek euskarri hauetako edozeinetan bidali beharko dituzte eskabidea, inprimakiak eta dokumentazio erantsiak: USB memorian edo pen drivean (ahal dela, erabili euskarri hau), DVDan edo CDan, euskarri bat gehituz paperean dagoen kopia bakoitzeko.

Eskabidea eta dokumentazioa honako formatu digital hauetako edozeinetan aurkeztuko dira; testuetarako (.doc eta .pdf); kalkulu-orrietarako (.xls); aurkezpenetarako (.ppt); irudietarako (.jpg eta .bmp); eta winzip konpresorea (.zip) ere erabil daiteke.

7.– Lehiaketan parte hartzeko eskaeraren aurkezpenak berekin dakar lehiaketako oinarri guztiak onartzea eta lehiatzeko eskatzen diren betekizun guzti-guztiak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpena egitea.

Laugarrena.– Dokumentazio juridikoa eta teknikoa.

1.– Lehenengo gutun-azalean edo kutxan («Dokumentazio juridikoa»), dokumentu hauek sartu behar dira:

a) Eskabidea; pertsona juridikoek Agindu honen II. eranskineko 1. dokumentuko eredua erabili behar dute eta pertsona fisikoek 2. dokumentukoa.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa izanez gero, dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:

b.1.– Sozietatea eratzeko eskrituraren eta haren estatutuen kopia konpultsatua edo notarioaren lekukotza, eta hala badagokio, Merkataritza Erregistroan erregistratu diren aldaketena.

Espainiakoak ez diren pertsona juridikoek aurreko paragrafoan adierazitakoaren pareko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, behar bezala erregistratuta haien herrialdeko erregistro publikoan, aplikagarri zaien araudiaren arabera.

b.2.– Harpidetutako eta oso-osorik ordaindutako kapital sozialaren zenbatekoaren egiaztagiria.

b.3.– Eskatzailea estatutuen araberako edo legezko ordezkaria ez bada, haren ahalordearen kopia konpultsatua edo notarioaren lekukotza.

b.4.– Merkataritza-erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko kodearen fotokopia.

b.5.– Administratzaile, kudeatzaile edo ahaldunen identifikazio fiskaleko zenbakiaren egiaztagiriaren fotokopia. Nazionalitate espainiarra ez duten herritarren kasuan, dokumentu baliokidearena.

b.6.– Sozietatea Merkataritza Erregistroan edo horren baliokidean erregistratuta dagoelako ziurtagiria.

b.7.– Pertsona juridiko eskatzailearen adierazpena, azalduz sozietate sustatzaileko bazkide edo partaideetako bati berari ere ez diotela eragiten Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 8.1.e) artikuluan lanerako ezgaitzeko ezarritako baldintzek. Horren eredua Agindu honen II. eranskineko 4. dokumentuan dago.

Sozietatean % 5etik gorako partaide-kuota duten bazkideek eta partaideek aipatutako 8.1.e) artikuluko adierazpena sinatu beharko dute. Horretarako, Agindu honen II. eranskineko 3. dokumentua bete beharko dute.

b.8.– Behin-behineko fidantza, Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 15.2 artikuluan ezarritako zenbatekoarekin eta baldintzekin. Horren eredua Agindu honen II. eranskineko 6. dokumentuan dago.

b.9.– Baldin eta sozietateko administratzaile, kudeatzaile edo ahaldun baten egoitza Espainiatik kanpo badago, estatu horretan Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiaren ziurtagiriaren baliokide den dokumentua aurkeztu behar du, herrialde horretako agintaritza eskudunak emana, eta proposamena aurkeztu aurreko bost urteetan epai irmo baten bidez faltsutze-delituengatik, jabetzaren aurkako delituengatik edo ogasun publikoaren aurkako delituengatik kondenatu ez dutela frogatzen duena.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, organo ebazleak behar diren ziurtagiriak eskatu ahal izango dizkio aipatu berri den erregistroari, aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetzen den ala ez egiaztatzeko.

b.10.– Sozietate eskatzaileak eta haren administratzaileek, kudeatzaileek edo ahaldunek eskaera aurkeztu aurreko bost urteetan jokoaren arloko zerga-betebeharrak eta betebehar administratiboak bete dituztela argitzen duen txostena, sozietate eskatzailearen egoitza dagoen tokiaren arabera eskumena duen administrazioak egina. Ofiziozko administrazioak informazio hori zabaldu ahal izango du, merkataritza-erakunde sustatzaileko bazkideei eta partaideei buruzko informazioarekin.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du sozietate sustatzaileko bazkideek edo partaideek Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 14. artikuluan monopolio- eta oligopolio-jardueren kontrolari buruz ezarritakoa betetzen dutela.

c) Sozietatea ez bada eratu, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

c.1.– Sozietatea eratzeko eskrituraren proiektua eta estatutuen proiektua. Proiektu horietan, dagoeneko eratuta dauden sozietateetarako adierazi diren eduki berberak egiaztatu beharko dira, baita kapital sozialari dagokiona ere (bazkideen edo partaideen guztizko harpidetza adierazita).

Kapital soziala kontu bereizi batean dagoela eta sozietate sustatzailearen xedeari lotuta dagoela egiaztatu beharko da.

Espainiakoak ez diren pertsona juridikoek aurreko paragrafoan adierazitakoaren pareko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, aplikagarri zaien araudiaren arabera.

c.2.– Pertsona eskatzaileak eratzen ari den sozietatea ordezkatzeko ahalordea duela egiaztatzen duen eskrituraren kopia.

c.3.– Horrez gain, oinarri honetako b.5, b.7, b.8, b.9 eta b.10 idatz-zatietan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

d) Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:

d.1.– Nortasun-agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

d.2.– Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 8.1.e) artikuluan ezarritako arrazoiren batengatik ezgaituta ez dagoelako adierazpena. Horren eredua Agindu honen II. eranskineko 5. dokumentuan dago.

d.3.– Behin-behineko fidantza, Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 15.2 artikuluan ezarritako zenbatekoarekin eta baldintzekin. Horren eredua Agindu honen II. eranskineko 6. dokumentuan dago.

d.4.– Eskatzailearen egoitza Europar Batasuneko beste estatu batean badago (Espainia ez beste batean) edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batean, estatu horretan Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiaren ziurtagiriaren baliokide den dokumentua aurkeztu behar du, herrialde horretako agintaritza eskudunak emana, eta proposamena aurkeztu aurreko bost urteetan epai irmo baten bidez faltsutze-delituengatik, jabetzaren aurkako delituengatik edo ogasun publikoaren aurkako delituengatik kondenatu ez dutela frogatzen duena.

d.5.– Eskatzaileak eskaera aurkeztu aurreko bost urteetan jokoaren arloko zerga-betebeharrak eta betebehar administratiboak bete dituela argitzen duen txostena, haren egoitza dagoen tokiaren arabera eskumena duen administrazioak egina.

e) Pertsona eskatzaileak edo bazkide, partaide, administratzaile, kudeatzaile edo ahaldunetakoren batek ez baditu betetzen edo ez baditu egiaztatzen oinarri hauetan ezarritako baldintzak, ez da onartuko eskatzailearen eskaera.

f) Pertsona juridiko eskatzailearen bazkide edo partaideren batek Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 14. artikuluan ezarritako muga gainditzen duten akzioak edo partaidetzak badauzka, egoera hori konpontzeko eskatuko zaio. Bazkideek edo partaideek artikuluan ezarritako muga ez betetze hori aldi berean bi enpresa sustatzailetan edo gehiagotan egoteagatik gertatzen bada, lehiaketa publikotik kanpo geratuko da/dira eskaera beste sozietate horietako baten ondoren eskatzen duen/duten sozietatea/k.

2.– Bigarren gutun-azalean edo kutxan («Dokumentazio teknikoa»), dokumentu hauek sartu behar dira:

A) Honako irizpide hauei buruzko dokumentazioa, Agindu honen III. eranskinean zehaztutakoaren arabera banakatuta:

1) Lanbide-gaitasuna eta kaudimena.

2) Negozio-plana. Plan horretan honako hauek agertu behar dira, gutxienez: proiektuaren bideragarritasuna; inbertsio-programa; proiektua gauzatzeko faseak; sortuko diren lanpostuak; eta langileak aukeratzeko eta trebatzeko plana.

3) Erabiliko diren joko-elementuen eta -sistemen teknologia eta segurtasuna.

4) Esperientzia legez baimendutako apustuak ustiatzen.

5) Esperientzia Euskal Autonomia Erkidegoan legez baimendutako jokoak ustiatzen.

6) Lokaletan ezarriko diren segurtasun- eta kalitate-neurriak.

B) Apustu-lokalen zerrenda, apustu-lokal gisa gaitutako joko-lokalen zerrenda, eta apustu-makinak instalatuko dituzten lokalen zerrenda Agindu honen II. eranskineko 7., 8. eta 9. dokumentuetan aurkeztu beharko dira, hurrenez hurren.

Horrez gain, apustu-lokalen, apustu-lokal gisa gaitutako joko-lokalen eta apustu-makinak instalatuko dituzten lokalen oin-planoak, kokaleku-planoak eta kokapen-planoak gehituko dira, 1/100, 1/500 eta 1/1.000 eskaletan, hurrenez hurren.

Apustu-lokalen zerrendarekin batera, eskatzaileak lokal horien titulua duela adierazten duen dokumentu juridikoa edo etorkizunean edukiko duela adierazten duen aurrekontratua aurkeztu beharko ditu, lagatzailearen eta lehiaketa honetan parte hartzen duen pertsona eskatzailearen sinadurarekin.

Bosgarrena.– Lehiaketaren izapidetzea eta esleipenerako balorazioa.

1.– Lehiaketa bi hilabete igaro baino lehen ebatzi behar da, proposamenak aurkezteko epealdia amaitzen denetik zenbatuta.

2.– Eskabideak aurkezteko epealdia amaitu ondorengo 5 egun baliodunetan gehienez ere, lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztu duten pertsona fisikoak eta enpresak zerrendatuko dira, jendaurreko egintzan; bakoitzak noiz aurkeztu duen zehaztuko da. Egintzaren akta egingo da.

3.– Geroago, aholku-batzordeak lehengo gutun-azalean aurkeztutako dokumentuak kalifikatuko ditu. Egintza hau ez da izango jendaurrekoa.

Lehenengo gutun-azaleko eskabideetan edo dokumentazio osagarrietan eskatu den dokumentu edo gaietakoren bat falta bada, hamar egun balioduneko epean aurkezteko eskatuko da.

Akatsak zuzentzeko aldia igarotakoan, eskatzen diren betekizun guztiak betetzen ez dituzten proposamenak lehiaketatik kanpo utziko dira.

4.– Lehenengo gutun-azaleko dokumentazioari buruzko gorabeherak ebatzitakoan, aholku-batzordeak bigarren gutun-azaleko proposamenak irekiko ditu.

Proposamenak aurkezteko ezarri den epea amaitutakoan, ez dira onartuko bigarren gutun-azaleko dokumentazio teknikoaren zuzenketak.

5.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak lehiaketara onartutakoen eta hartatik kanpo geratu direnen zerrenda jakinaraziko die lehiakideei; zerrenda horretan, aurkezpen-egunak eta pertsona eskatzaileak zehaztuko dira.

6.– Lehiaketarako onartutako proposamenak Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 7.4 artikuluan ezarritako irizpideen eta Agindu honen III. eranskineko balorazio-irizpideen arabera baloratuko dira.

7.– Lehiaketan adierazitako apustu-baimenaren esleipendun izateko, gehieneko puntuazioaren erdia lortu behar da gutxienez, III. eranskineko balorazio-irizpideak aplikatuta.

8.– Puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari esleituko zaio baimena, gehienez ere lor daitekeen puntuazioaren erdia gainditzen badu betiere. Bestela, baimena esleitu gabe geratuko da.

Seigarrena.– Aholku-batzordea.

1.– Aholku-batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak. Hauek izango dira batzorde horretako kideak:

a) Batzordeburua: Joko eta Ikuskizunen zuzendaria.

b) Batzordekideak:

– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Izapideetako eta Baimenetako arduraduna.

– Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Aurrekontuen Arloko arduraduna.

– Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzako Kontratazio teknikaria.

c) Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

2.– Proposamenak ahalik eta ongien ulertzeko eta baloratzeko, aholku-batzordeak egoki iruditzen zaizkion txosten tekniko, azalpen eta dokumentu osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu. Halaber, merezimenduak baloratzean, arlo jakinetako ezagutzak dituzten pertsonei eskatu ahal izango die batzordearen bilkura jakin batzuetan parte hartzeko. Pertsona horiek ezin izango dute botorik eman erabakiak hartzen direnean.

3.– Aholku-batzordeko idazkariak bilkura bakoitzaren akta egingo du.

Zazpigarrena.– Lehiaketaren ebazpena.

1.– Baimenaren ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 10.2 artikuluan ezarritako zehaztapenak jasoko ditu.

2.– Baimena ebazten denetik hiru hilabeteko epean lortu beharko dira, gehienez ere, Apustuen Arautegiak instalatu beharreko apustu-makinei, apustu-lokalei edo apustu-lokal gisa gaitutako lokalei buruz ezartzen dituen gutxieneko hornidurak.

3.– Sozietatea ez bada eratu, ebazpena eraginkorra izateko ezinbestekoa izango da proposamenarekin bat datorren dokumentazioa aurkeztea, baimenaren ebazpena jakinarazten den egunetik hogeita hamar egun igaro baino lehen. Idatz-zati honetan ezarritakoa egiten ez bada, baimena ondoriorik gabe geratuko da.

4.– Baimenari baldintza hau ezar dakioke: aurkeztutako proiektuan aldaketak egin beharra. Dena den, honelako kasuetan aldaketek ez dute eduki behar inolako eraginik esleipenerako oinarritzat hartutako irizpideetan. Esleipendunak aldaketak onartzen dituela adierazi beharko du, jakinarazten zaizkionetik hamar egun igaro baino lehen. Bestela, ebazpena ondoriorik gabe geratuko da.

Zortzigarrena.– Proiektua abian jartzea.

1.– Baimenaren ebazpena jakinarazten zaionetik, esleipendunak hilabeteko epea edukiko du, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari honako egiaztagiri hau emateko: Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian Segurtasun Sailari fidantza ordaindu izanarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko 15. artikuluan ezarritako zenbatekoarekin.

2.– Esleipenduna sozietatea eratzen ari bada eta, beraz, zazpigarren oinarriko 2. idatz-zatian aipatutako dokumentazioa aurkeztu behar badu ere, oinarri honetako aurreko idatz-zatian adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu behar du hilabeteko epean.

3.– Esleipenaren ebazpena alderdiei jakinaraziko zaie, administrazio-prozedura arautzen duen araudian ezarritakoari jarraiki. Era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, esleipenduna nor den argitaratuko da, publikoki jakin dadin.

Bederatzigarrena.– Enpresa esleipenduna baztertzea.

Baldin eta, apustuen ustiapenari ekin baino lehen, esleipenduna baztertu egiten bada, baimenari uko egin diolako, oinarri hauetan ezarritako dokumentuetako bat garaiz aurkeztu ez duelako edo eskatzen diren betekizunetako bat betetzen ez duelako, baimena puntuazio-hurrenkeran hurrengo postuan geratu denari esleituko zaio, gutxienez ere berrogeita hamar puntu lortu baditu betiere.

Hamargarrena.– Joko-materialaren homologazioa.

Esleipendunak, jarduerari ekin baino lehen, jokorako makinak, elementuak eta sistemak homologatzen dituen aginduzko ebazpena eskatu behar dio Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, bai eta lortu ere. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Arautegiko III. kapituluan ezarritakoaren arabera egin behar da.

Jokorako makinak, elementuak eta sistemak homologatu aurreko saiakuntzen protokoloa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren web orrian eskura dezakete interesdunek: www.euskadi.net/juegoyespectaculos.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala