Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2013ko uztailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3346

AGINDUA, 2013ko uztailaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ikasleak onartu eta matrikulatzeari buruzkoa.

Otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuak xedatzen du araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzak ezarriko direla Euskal Autonomia Erkidegoan, eta irakaskuntza horien oinarrizko mailaren, tarteko mailaren, maila aurreratuaren eta gaitasun-mailaren curriculuma ezartzen du.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak xedatutakoaren arabera, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hezkuntzari buruzkoak, araututako arte-ikasketak, hizkuntza-ikasketak eta kirol-ikasketak irakasten dituzten ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak horretarako ezarritako araudiek xedatuko dute.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan araubide ofizial eta presentzialean ikasleak onartu eta matrikulatzeko arauak ezarri zituen.

Agindu horretan jasotako araudien alderdi batzuk aldatu beharra dago, eta erregimen libreko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko araudia ezarri beharra.

Agindua hiru atalburu ezberdinetan banatzen da. I. atalburuan jasotzen da onartze- eta matrikulazio-prozeduren araudi orokorra, ikasle ofizialeenak zein libreenak. II. eta III. atalburuetan, aldiz, onartze- eta matrikulazio-prozeduren berariazko araudia jasotzen da, ikasle ofizialeenak eta ikasle libreenak, hurrenez hurren.

I. atalburuan honako hauek arautzen dira: Hizkuntza Eskola Ofizialaren batean matrikula egin nahi duenak bete beharreko baldintzak; Ikastetxeen zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartze- eta matrikulazio-prozedurara urtero deitu beharra; eskolek ikasleei emango dieten informazioa prozedura horren aurretik; eskabideak aurkezteko arauak; onartuen eta baztertuen zerrendak; zerrenda horien aurkako erreklamazioak; eta onartutakoek, matrikula egin nahi badute, ezinbesteko prezio publikoa zelan ordaindu behar duten.

II. Atalburuan arautzen dira ikasle ofizialeei dagozkien prozeduraren alde espezifikoak: ezin zaie eskaera guztiei erantzun; beraz, beharrezkoa da aldez aurreko onartze-prozedura egitea.

Azkenik, III. Atalburuan ikasle libreei dagozkien prozeduraren alde espezifikoak arautzen dira. Ikasle horiek ez direnez hezkuntza-plazaren baten jabe ikasturtean zehar, aurkezten diren eskaera guztiak onartuko dira, baldin eta ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte eta dagokien prezio publikoa ordaintzen.

Hala ere, ikusirik eskolek ez dituztela behar den beste giza baliabide, baliabide material eta leku erabilgarri, baliteke zenbait eskola hizkuntza edota maila jakin batzuetan ikasle libreen eskaera-kopuru bat baino ez onartu behar izatea. Kasu horietan eskaera batzuk bete gabeko lanpostuak geratzen diren ikastetxeetan onartuko dira.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. ATALBURUA
ERREGIMEN OFIZIALEKO EDO LIBREKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZESURAKO ARAU KOMUNAK

1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-esparrua.

Agindu honek arautzen du nola onartu eta matrikulatu behar diren Erregimen ofizialeko edo libreko ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ematen diren hizkuntza-irakaskuntzetan.

Ikasle ofiziala esango zaio ikasleak egin duen matrikulak eskubidea ematen dionean klaseak edozein modalitatetan hartzeko: bertaratutakoak, eskolan bertan; urrutiko modalitatean, ikastetxera bertara joatea eskatzen ez duten baliabideak baliatuz; eta noizean behin bertaratutakoak edo mistoa, hau da, aurreko modalitate biak batzen direnean.

Ikasle librea esango zaio ikasleak egin duen matrikulak, klaseak hartzeko eskubidea barik, matrikulatu den mailako egiaztapen-proba egiteko eskubidea besterik ez ematen dionean, eta, gaindituz gero, dagokion ziurtagiria lortu.

2. artikulua.– Hizkuntza-eskola ofizialetan matrikulatzeko eskakizun orokorrak.

1.– Hizkuntza-eskola ofizialetan matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula egiten den urtean hamasei urte beteta izatea. Salbuespen gisa, matrikula egin ahal izango dute, baita ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lehen hizkuntza gisa ikasitako hizkuntza ez den beste bat erregimen ofizialean ikasi nahi duten ikasleak, ikasketak hasten diren urtean hamalau urte beteta badituzte.

2.– Ikasleek ezin izango dute gaztelania ikasteko matrikula egin haien herrialdeetako hizkuntza ofiziala gaztelania bada.

3.– Aurreko deialdiren batean maila jakin batean matrikulatuta egon diren pertsonek ezin izango dute maila baxuago batean matrikula egin, ez eta gaindituta duten maila batean edo baxuagoan ere. Horretarako, kontuan hartuko dira baita ere aurreko ikasketa-planetan gainditutako mailak, matrikula egiteko unean daudenen baliokideak direnak legez.

4.– Ikasturte berean eta hizkuntza bererako, ikasleek ezin izango dute aldi berean erregimen ofizialean eta librean matrikula egin.

3. artikulua.– Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko urteroko deialdiak.

Urtero deituko dira, Ikastetxeen zuzendariaren ebazpenen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ematen diren hizkuntza-irakaskuntzetan erregimen ofizialeko eta libreko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuak. Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailaren web-orrian argitaratuko dira ebazpen horiek. Ebazpen horietako bakoitzean ezarriko da nola eta non aurkeztu beharko diren eskabideak eta zer dokumentazio aurkeztu beharko den horiekin batera, bai eta prozedurako etapek zer epe izango dituzten ere.

4. artikulua.– Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuen aurretiko informazioa.

Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesua hasi aurretik, honako informazio hau argitaratuko dute hizkuntza-eskola ofizialek iragarki-tauletan eta haien web-orrietan, eta eskatzen duten ikasleei ere helaraziko diete:

a) Zer hizkuntzatan eta mailatan edo kurtsotan matrikula daitezkeen ikasleak eskola horretan deialdi ofizialean edo librean, dagokionaren arabera.

b) Erregimen ofizialeko edo libreko ikasleak, dagokionaren arabera, onartzeko eta matrikulatzeko prozeduraren araudia.

c) Eskabideak egiteko epeak.

d) Onartutako ikasleen zerrenda argitaratzeko egutegia, bai eta erreklamazioak aurkeztekoa ere.

e) Erregimen ofizialeko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko deialdietan, maila-probak egiteko eta horiek ebaluatzeko irizpideak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarriko da eskabideak aurkezteko epea, eta inola ere ez da izango bost egun baino gutxiagokoa.

2.– Ikasle batek bi hizkuntzatan edo gehiagotan matrikulatu nahi badu, eskabide bat aurkeztu beharko du hizkuntza bakoitzeko.

3.– Eskatzaileek eskabide bakar bat eta eskola bakar batean egin ahal izango dute hizkuntza bakoitzeko. Ez dira onartuko hizkuntza bererako hainbat eskolatan eta/edo mailatan aurkeztutako eskabideak. Eskolako hezkuntza-eskaintzan bi kurtso jarraitu ematen dituen talderik badago, bi kurtsoetako matrikula egin ahal izango dute talde horietan matrikulatzen diren pertsonek.

4.– Ezarritako prezio publikoa ordaintzetik osoki edo partzialki salbuesten dituen egoeraren batean badaude eskatzaileak, eskabidea egiteko unean adierazi beharko dute. Aurkeztutako datuak ez badira egiazkoak, eskatzailea prozesutik kanpo geratuko da.

5.– Eskabideak on-line egingo dira, Interneten bidez. Prozesu bakoitzean gaituko den web-orrian bete beharko da eskabide-inprimakia; dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean adieraziko da zein den web-orri hori.

Zein hizkuntza-eskola ofizialetan matrikulatu nahi, eskola horretara jo ahal izango da. Hizkuntza-eskola bakoitzean arreta-zerbitzu bat egongo da behar duten pertsonei Internet bidez eskabidea egiten laguntzeko.

Eskatzaileek eskabidearen ordezkagiria lortu ahal izango dute eskabidea egiteko erabili duten aplikazio informatikoan bertan, eta sartutako datuak azalduko dira bertan.

6.– Eskabidea egin nahi duen pertsonak nazionalitate espainola badu, haren Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) zenbakia eta iraungitze data erabili beharko ditu, nahitaez, bere burua identifikatzeko. Pertsona atzerritarrak Atzerritarren Identifikazio Zenbakiaren (AIZ) eta Atzerritarren Identifikazio Txartelaren (AIT) zenbakiaren eta iraungitze-dataren bidez identifikatuko dira. Edonola ere, pertsona eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, pertsona horren berariazko baimenarekin, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aipatutako datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez. Sartutako identifikazio-datuak ez badira benetakoak, eskatzailea prozesutik kanpo geratuko da.

Atzerritarren Identifikazio Zenbakirik ez duten Norvegiako, Islandiako, Liechtensteineko, Suitzako eta Espainia ez den Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako herritarrak haien herrialdeak emandako beste nortasun-agiri ofizial baten bidez identifikatu ahal izango dira. Horrelakoetan, identifikazio-datuak benetakoak direla egiaztatzeko, dagokion dokumentua aurkeztu beharko da hizkuntza-eskolan dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarritako epean. Eskatzaileak ez badu dokumentu hori dagokion epean aurkezten, prozesutik kanpo geratuko da.

7.– Eskabidearekin batera erantzukizunezko adierazpena aurkeztuko da, eta, bertan, eskatzaileak adieraziko du aurkeztutako datu guztiak benetakoak direla eta bere gain hartzen dituela horien zehaztasun ezak eragin ditzakeen erantzukizunak; horrez gain, administrazioari baimena emango dio dagozkien erakundeen erregistroetan egin beharreko egiaztapenak egiteko. Era berean, administrazioari baimena emango dio kontsultatu behar dituen datuak kontsultatzeko, matrikula betetzearekin edo ikasleak onartzeko prozesuarekin lotutako edozer egiaztatze aldera.

8.– Ahal bada, ofizioz egiaztatuko da eskabidean sartutako datuak benetakoak direla; horretarako, administrazioak duen informazioarekin erkatuko dira, interesdunen berariazko baimenarekin.

Ezin badira datuak ofizioz egiaztatu, pertsona eskatzaileak adierazpen horiek benetakoak direla frogatu beharko du; horretarako, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du plaza eskatu duen hizkuntza-eskolan. Ezarritako epea itxi eta gero, ezin izango da beste dokumenturik aurkeztu. Eskolako administrazio-langileek aztertuko dute dokumentazio hori. Emandako dokumentuen kopiak jatorrizkoekin egiaztatu beharko dira.

Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuak deitzen dituen ebazpen bakoitzean, zehazki adieraziko da zer egoeratan egiaztatuko diren datuak ofizioz eta zer egoeratan aurkeztu beharko duen dokumentazioa interesdunak; hala badagokio, dokumentuak aurkezteko epeak ere ezarriko ditu.

9.– Pertsona eskatzailea identifikatzeko, eskabidea aurkezteko eskakizunak betetzen dituela egiaztatzeko edo dagokion prezio publikoa ordaintzetik osoki edo partzialki salbuetsita dagoela egiaztatzeko emandako datuak ez badira egiazkoak, edo datu horiek egiaztatzeko dokumentazioa ez bada ezarritako epean aurkezten, eskatzailea prozesutik kanpo geratuko da. Halaber, bidezkoak diren legezko neurriak hartuko dira.

Barematu egin behar diren pertsona eskatzaileei dagokienez, barematzeko aurkeztutako datuak egiaztatzen ez badira, edo ez badituzte datu horiek egiaztatzeko dokumentuak ezarritako epean aurkezten, zero puntu eskuratuko dituzte dagozkion ataleko edo azpiataleko baremoan; halere, horrek ez du eskabidea baliogabetuko, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioa ere.

10.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonek horren berri eman beharko diote ikastetxeari eskabidea egiteko unean. Ez badute hori jakinarazten, ez zaie curriculum-laguntzarik edo ebaluazio-probak egiteko behar duten laguntzarik bermatuko.

11.– Erregimen ofizialeko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko deialdietan, denek zehaztu beharko dute zein ordutegitan edo ordutegi-taldetan nahi duten plaza ematea, eta lehentasun-ordena adierazi beharko dute. Adierazitako ordutegietan plaza hutsik geratu ezean, eskabidea baztertu egingo da beti, eta eskatzailea itxaro-zerrendan geratuko da, ikasle berriak onartzeko eskabideak edo aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleak matrikulatzeko eskabideak izanda ere.

12.– Erregimen ofizialeko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko eskabide bakoitza egitean, aplikazio informatikoak ordena-zenbaki bat jarriko dio ausaz.

13.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, «Hizkuntza-eskoletako ikasleak» izeneko fitxategi batean jasoko dira deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek horiek erabiltzeko eta argitaratzeko baimena eman dutela ulertuko da–. Fitxategi horren helburua izango da onarpen- eta matrikulazio-deialdi hori eta deialdi horrekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea, bai eta deialdi horretara aurkeztu diren pertsonei deialdiaren bilakaerari buruzko informazioa ematea ere. Ikastetxeen Zuzendaritza da fitxategi horren arduradun. Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da datuak eskuratzeko eta horiek zuzentzeko, ezabatzeko eta aurkatzeko. Helbide honetara, zehazki: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

6. artikulua.– Onartutako eta kanpoan utzitako pertsonen zerrendak.

1.– Dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarritako epean, onartutako eta kanpoan utzitako pertsonen behin-behineko zerrendak aurkeztuko dituzte hizkuntza-eskola ofizialek hizkuntza, maila eta kurtso bakoitzerako. Barematzerik egon bada, ateratako datuak ere adieraziko dituzte. Eskatzaileek zerrenda horretan kontsultatu ahal izango dute behin-behinean onartu ala baztertu egin dizkieten eskabideak, eta baztertuta badaude, zergatik baztertu dituzten.

2.– Kanpoan geratu direnek, akatsen bat egon dela uste badute, baztertzearen kontrako erreklamazio bat aurkeztu ahal izango dute hizkuntza-eskola ofizialean bertan; egoki irizten dituzten agiriak aurkeztu ahal izango dituzte erreklamazioarekin batera. Erreklamazioa egiteko, matrikula egiteko erabili zuten webgunean dagoen edo hizkuntza-eskola ofizialean bertan emango dieten inprimakia erabili ahal izango dute. Bi eskabidetan edo gehiagotan baztertu badituzte, erreklamazio bat aurkeztu beharko dute eskabide bakoitzeko, eta horietako bakoitza dagokion hizkuntza-eskola ofizialera bidali. Dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarriko da zer epetan aurkeztu behar diren erreklamazioak.

3.– Eskola bakoitzeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo organo horren barruan berariaz eratutako batzordeak aztertu eta ebatzi beharko ditu aurkeztutako erreklamazioak; hala badagokio, emandako puntuazioa zuzendu beharko du, eta, ondorioz, onartutako eta baztertutako pertsonen zerrendak berriz egin.

4.– Dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarritako epean, onartutako eta kanpoan utzitako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratu beharko dituzte hizkuntza-eskola ofizialek hizkuntza, maila eta kurtso bakoitzerako. Kanpoan geratzen diren lagunekin itxarote-zerrendak osatuko dira, aipatutako behin betiko zerrendetako ordena berean.

5.– Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako Lurralde Ordezkariari hilabeteko epean zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

7. artikulua.– Dagokion prezio publikoa ordaintzea.

1.– Erregimen librean matrikulatzea eskatzen duten eta matrikula ofizialeko deialdian plaza bat eskuratzen duten pertsona guztiek dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute artikulu honen 2. atalean jasotako moduan. Hala egin ezean, eskubide guztiak galduko dituzte eta prozesutik kanpo geratuko dira. Ikasleak onartuak izan diren kurtsoan soilik matrikula daitezke, baina eskolak kurtso horretan bi kurtso elkarren segidan egiteko ordutegi trinkoa eskaintzen badu, elkarren segidako bi kurtsoetan matrikulatzeko aukera egongo da, dagokion ordutegi trinkoan. Hala eginez gero, bi kurtsoen matrikula ordaindu beharko da.

2.– Dagokion deialdian ezarritako epean ordaindu beharko da prezio publikoa. Epe hori amaitu eta gero ezin izango da inola ere matrikula ordaindu. Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bidez ordainduko da. Hori egiteko, horretarako prestatzen den web-orrian sartu, eta jarraian zehazten diren prozeduretako baten bidez ordaindu beharko da:

a) On-line ordaintzea (Interneten bidez). Matrikula ordenagailu batetik ordainduko da banketxe batetara joan beharrik gabe, kreditu-txartelaren edo banku elektronikoaren sistemaren bidez.

b) Off-line ordaintzea. Aplikazio informatikoak emandako ordainketa-errekerimenduaren agiria inprimatuko du interesdunak, eta banketxe edo kutxazain batera joango da agiri horrekin dagokion ordainketa egiteko.

Hizkuntza-eskola bakoitzean arreta-zerbitzu bat egongo da behar duten pertsonei Internet bidez ordainketa egiten laguntzeko.

3.– Behin ordainketa egindakoan, onartua izan den taldea osatzen ez bada soilik berreskuratu ahal izango du zenbatekoa erregimen ofizialeko ikasleak. Erregimen libreko ikasleek ordaindutako zenbatekoa berreskuratzeko eskubidea izango dute soilik haiek matrikulatutako hizkuntza-probak eta maila-probak egiten ez badira horiek deitu dituen hezkuntza-administrazioari egoz dakizkiokeen arrazoiengatik.

8. artikulua.– Agindu honetan zehaztutakoaren ondorioz ikasleek administrazio publikoarekin izango dituzten harremanetan, horiek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela eta arreta hizkuntza horietan jaso dezaketela bermatu beharko da.

II. ATALBURUA
ERREGIMEN OFIZIALEKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZESURAKO ARAU ESPEZIFIKOAK

9. artikulua.– Dauden plazak.

1.– Ikastetxeen Zuzendariaren ebazpen baten bidez zehaztuko da urtero zer eskaintza dagoen erregimen ofizialean (zer hizkuntza irakatsiko diren, zer maila eskainiko, eta hizkuntza, maila eta klaseak hartzeko modalitate bakoitzean zenbat talde egongo diren) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial bakoitzean.

2.– Behin zer hezkuntza-eskaintza dagoen jakindakoan, hizkuntza-eskola ofizial bakoitzak urtero zehaztuko du zenbat ikasle izango dituen gehienez irakaskuntza ofizialeko talde bakoitzak eskolan eskaintzen diren hizkuntza eta maila guztietarako, betiere, Ikastetxeen Zuzendaritzak ezartzen dituen mugen barruan eta kontuan izanik erabil daitezkeen gelek zer edukiera duten.

10. artikulua.– Kurtso zehatz batera sartzeko eskakizunak.

Erregimen ofizialean matrikulatzen diren ikasleak kurtso jakin batean sartzeko, agindu honen 2. artikuluan xedatutako eskakizun orokorrez gainera, honako arau hauek aplikatuko dira:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua daukaten ikasleek atzerriko lehenengo hizkuntza gisa ikasten duten hizkuntzaren oinarrizko mailako bigarren kurtsoan (A2) matrikula egin ahalko dute.

b) Batxilergo-titulua duten ikasleak zuzenean pasa daitezke Batxilergoan ikasi duten atzerriko lehen hizkuntzaren tarteko mailako lehenengo kurtsora. Tarteko mailaren lehen kurtsora modu horretan sartzeak ez du esan nahi, inola ere, aurreko kurtsoak gainditu direnik, eta, beraz, ez du eskubiderik ematen Oinarrizko Mailaren Ziurtagiria eskuratzeko.

c) Maila-proba eginda hizkuntza jakin batean gaitasun nahikoa dutela egiaztatzen dutenak proba horretan egiaztatutako jakintza-mailari dagokion mailan sartu ahal izango dira. Kurtso edo maila jakin batean modu horretan sartzeak ez du esan nahi, inola ere, aurreko kurtsoak gainditu direnik, eta, beraz, ez du eskubiderik ematen inolako maila-ziurtagiririk eskuratzeko.

11. artikulua.– Ikasturte bakoitzean irakaskuntza ofizialean onartuak izatea eta matrikulatzea eskatu behar duten ikasleak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial batean erregimen ofizialean matrikulatu nahi duten pertsona guztiek dagokion eskabidea aurkeztu behar dute ikasturte bakoitzean, eta onartzeko eta matrikulatzeko prozesuan parte hartu behar dute, lehenengo aldiz matrikulatuko diren ikasleak edo aurreko ikasturtean hizkuntza-eskolan erregimen ofizialean matrikulatuta egondako ikasleak izanda ere. Onartzeko eta matrikulatzeko prozesua desberdina izango da pertsona eskatzaileen bi talde horietako bakoitzarentzat, agindu honen hurrengo artikuluetan xedatzen den eran.

12. artikulua.– Zein ikaslek parte hartu behar duten onartzeko prozesu osoan, eta hortaz, zein ikasle barematu behar diren.

Jarraian azaltzen diren egoeretan dauden ikasleek hurrengo ikasturtean matrikulatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, barematu egin beharko dituzte, eta, onartzen badituzte, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute dagokion deialdian ezarritako epe eta baldintzetan:

a) Eskolan lehen aldiz sartuko diren ikasleek.

b) Hizkuntza-eskolan erregimen librean matrikulatutako ikasleek.

c) Lehendik ere ikasi nahi den hizkuntza ez den beste hizkuntza batean eskolan araubide ofizialean matrikulatuta zeuden ikasleek.

d) Lehenago hizkuntza-eskolan araubide ofizialean matrikulatuta egon arren, ikasketak eten, eta aurreko ikasturtean matrikularik egin ez duten ikasleek.

e) Aurreko ikasturtean eskolan araubide ofizialean matrikulatuta egonik, hurrengo ikasturtean matrikulatzeko lehentasuna galdu duten ikasleek –dela klaseetara joan ez direlako, dela arrazoi justifikaturik gabe matrikulari uko egin diotelako–.

f) Eskolan nahi duten ikasketa ofizialean matrikulatuta egonik, ohiko prestakuntza ibilbidean dagokien maila barik beste maila batean matrikulatu nahi duten ikasleek, beti ere salbuespen modura eta dagokion sailaren oniritziarekin.

13. artikulua.– Zein ikaslek eskatu ahal duten hurrengo ikasturterako matrikula egitea barematu gabe.

1.– Jarraian azaltzen diren egoeretan dauden ikasleek hurrengo ikasturtean matrikulatzeko eskaria aurkeztu beharko dute, eta dagokion prezio publikoa ordaindu dagokion deialdian ezarritako epe eta baldintzetan, baina ez da horiek barematu beharrik izango.

a) Aurreko ikasturtean eskola eta hizkuntza berean erregimen ofizialean matrikulatuta egondako ikasleek, matrikulatuta egoteko gehienezko urte-kopurua gainditu ez baduten, eta hurrengo urtean matrikula egiteko lehentasuna galdu ez badute asistentzia-falta gehiegi izateagatik edo arrazoi justifikaturik gabe matrikulari uko egin diotelako, eta ohiko hezkuntza-ibilbidearen arabera dagokien mailan matrikulatu nahi badute.

b) Aipatu berri den baldintzak betetzen dituzten ikasleek, espedientea lekualdatzeko eta aurreko ikasturtean matrikulatuta egondako eskola ez den beste batean onartua izateko eskabidea aurkezten badute.

2.– Aurreko ataleko a) idatzi-zatian jasotako egoeran dauden ikasleek lehentasuna izango dute plaza bat eskuratzerakoan eta ordutegiak aukeratzerakoan b) idatzi-zatian jasotako egoeran daudenekiko; azken horiek, haien aldetik, lehentasuna izango dute agindu honen 12. artikuluan aipatzen diren ikasleekiko. Hala eta guztiz ere, lehentasuna duten ikasleen eskabideak baztertu egin ahal izango dira haiek eskatutako hizkuntzan, mailan eta kurtsoan, edo, hala badagokio, interesdunak eskatutako ordutegietan, behar beste plaza ez badago.

3.– Urte berean bi azterketa-deialdi badaude, ohikoa bata, eta ohiz kanpokoa bestea, honela jokatuko da:

a) Ikaslea maila jakin batean matrikulatuta badago eta ohiko deialdian gainditzen badu maila hori, hurrengo ikasturtean hurrengo mailan matrikula egiteko eskabidea aurkeztu beharko du.

b) Ikaslea maila jakin batean matrikulatuta badago eta ez badu maila hori ohiko deialdian gainditzen, ikasle horientzat espezifikoki ezarriko den epean egin beharko du eskabidea, ohiz kanpoko deialdiko probaren emaitzak jakin ostean.

Ikasleak matrikulatuta dagoen maila gainditzen badu ohiz kanpoko deialdian, hurrengo ikasturtean hurrengo mailan matrikulatzeko eskabidea aurkeztu beharko du epe espezifiko horretan.

Ohiz kanpoko deialdian ez badu gainditzen matrikulatuta egondako maila, eta, betiere, maila hori egiteko arauz ezarritako gehienezko urte-kopurua gainditu ez badu, hurrengo ikasturtean aurreko urtean matrikulatuta egondako maila berean matrikulatzeko eskabidea aurkeztu beharko du epe espezifiko horretan.

Ohiz kanpoko deialdian ez badu gainditzen matrikulatuta egondako maila, eta maila hori egiteko arauz ezarritako gehienezko urte-kopurua gainditu badu, eta, ondorioz, ezin badu berriz maila berean matrikulatu, ezin izango du ohiko prozeduraren bidez matrikulatzeko eskabiderik egin. Gainditu ez duen mailan matrikulatu nahi badu berriz, ohiz kanpoko matrikula egiteko eskabide bat aurkeztu beharko dio eskolako zuzendaritza-taldeari, eskabide hori aurkezteko 2012ko maiatzaren 15eko Aginduaren 2. artikuluaren 2. atalean ezarritako eskakizunak betetzen baditu. Agindu hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena da eta erregimen bereziko hizkuntza ikasketak ebaluatu eta egiaztatzea arautzen du. Zuzendaritza-taldeak matrikula berezia egiteko aukera ematen badio, plaza bat esleituko dio, baldin eta plaza hutsik badago, eta, betiere, agindu honetako 6. artikuluan aipatzen den itxaro-zerrendako ikasleei plazak eman eta gero.

14. artikulua.– Eskabideak ordenatzea.

Eman daitezken plazak nori eman zehazteko, ordenatu egin beharko dira eskabide guztiak, eta kontuan hartu beharko dira ordutegiak aukeratzeko lehentasunak ere. Hiru taldetan banatuko dira eskabideak plaza eskuratzeko eta ordutegiak aukeratzeko lehentasun-ordena honen arabera:

a) Lehentasuna izango dute 13. artikuluaren 1. atalaren a) idatz-zatian jasotako egoeran dauden pertsonen eskabideek. Eskabide horiek ez dira barematuko. Agindu honen 5. artikuluaren 12. atalean aipatutako ausazko zenbakiaren arabera ordenatuko dira haien artean, ordena-zenbaki txikienetik handienera.

b) Jarraian, lehentasuna izango dute 13. artikuluaren 1. atalaren b) idatz-zatian jasotako egoeran dauden pertsonen eskabideek. Eskabide horiek ere ez dira barematuko. Agindu honen 5. artikuluaren 12. atalean aipatutako ausazko zenbakiaren arabera ordenatuko dira haien artean, ordena-zenbaki txikienetik handienera.

c) Azkenik, agindu honen I. eranskinean jasotako baremoaren eta hori aplikatzeko arauen arabera ordenatuko dira ikasle berriak onartzeko eskabideak; jarraian datozen artikuluetan biltzen dira arau horiek. Berdinketarik egonez gero, eskabideak banan-banan erkatuko dira baremo-irizpideetan lortutako puntu-kopuruen arabera, honako ordena honi jarraituz:

1) Puntuaziorik altuena eskatzailearen adinaren atalean.

2) Puntuaziorik altuena desgaitasun-egoeraren atalean.

3) Puntuaziorik altuena familia ugarikoa izatearen atalean.

4) Puntuaziorik altuena lanbide-egoeraren atalean.

Aipatutako berdinketa hausteko irizpide horiek guztiak aplikatu ondoren talde horretako eskabide batzuek berdinduta jarraitzen badute, eskabide bakoitzari ausaz emandako zenbakiaren arabera ordenatuko dira, ordena-zenbaki txikienetik handienera.

Artikulu honetan xedatutako irizpideen arabera ordenatuko dira onartutako eta kanpoan utzitako lagunen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Barematzerik egon bada, eskatzaile bakoitzak baremoko atal eta azpiatal bakoitzean zer puntuazio lortu duen ere adierazi beharko da. Eskola bakoitzeko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da informazio hori. Kanpoan geratzen diren pertsonekin itxarote-zerrenda osatuko da, onartutako eta kanpoan utzitako lagunen behin betiko zerrendan jasotako ordena berean.

15. artikulua.– Plazak esleitzea.

1.– Agindu honen aurreko artikuluan ezarritako ordenaren, pertsona bakoitzak eskatutako ordutegien eta pertsona bakoitzak eskabidean adierazitako ordutegi-lehentasunaren arabera esleituko zaizkie plazak pertsona eskatzaileei.

2.– Inola ere ez zaie plaza emango eskatu ez duten ordutegi batean.

3.– Bi hizkuntzatan edo gehiagotan plaza eskatu duten pertsonei dagokienez, ez zaie ordutegi berean hizkuntza batean baino gehiagotan plaza emango. Hori gertatu ez dadin, aurrez ezarritako eskola-ordena bati jarraiki esleituko dira plazak; eskola bakoitzaren zentro-kodearen arabera ezarriko da eskola-ordena hori, txikienetik handienera ordenatuta. Eskola bakoitzaren baitan, aurrez ezarritako hizkuntza-ordenaren arabera esleituko dira; hizkuntza bakoitzaren kodearen arabera ezarriko da hizkuntza-ordena hori, txikienetik handienera. Horrela, pertsona bati plaza bat esleitzen badiote eskola eta hizkuntza batean ordutegi jakin baterako, lehen ezarritako ordenaren arabera beranduago egingo diren esleipenetan ez zaio plazarik emango ordutegi berean, hura ere eskatu bazuen ere.

16. artikulua.– Eskatzailearen adinaren baremoa aplikatzeko arauak.

1.– Jaiotza-data ofizioz egiaztatuko da, administrazioan dauden datuekin erkatuta.

2.– Eskatzaileak nortasun-datuak egiaztatzeko baimena eman beharko du eskaeran bertan.

17. artikulua.– Desgaitasun-egoeraren baremoa aplikatzeko arauak.

1.– Atal honetako puntuazioa eskatzaileak desgaitasunen bat duenean baino ez da emango, edo, bestela, adingabea izanik, horren aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek desgaitasunen bat duenean.

2.– Dagokion lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte-ekintzako sailak edo estatuko organo baliokide batek emandako ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan legez onartuko da pertsona horrek % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa duela.

3.– Senideren baten minusbaliotasuna alegatzen denean, eskatzailea adingabea dela ziurtatzeko, NANa (AIZ edo pasaportea, atzerritarra bada) edo familia-liburua aurkeztu beharko da.

4.– Pertsona hori ikaslearen anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

5.– Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat joko dira familia-unitate berean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio-aurreko familia-harreran dauden adingabeak.

6.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar batek badu, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira. Dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da egoera hori.

7.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, bai eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere.

8.– Eskatzailearen beraren edo haren senideren baten desgaitasuna egiaztatzeko aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eskabidea egin den hizkuntza-eskolan bertan aurkeztu beharko da dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarritako epean.

18. artikulua.– Familia ugariko kide izateari dagokion baremoa aplikatzeko arauak.

1.– Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan bizi bada, ofizioz egiaztatuko da familia ugariko kidea den edo ez administrazioak dituen datuekin erkatuta; familia ugariko kide direla adierazi duten interesdunek horretarako berariazko baimena eman beharko dute.

2.– Eskatzailea ez bada Euskal Autonomia Erkidegoan bizi, baina familia ugariko kidea dela kontuan hartzea nahi badu, egiaztatu egin beharko du hori estatuko autonomia-erkidego batek emandako dagokion titulu ofiziala aurkeztuta. Agiri hori eskabidea egin duen hizkuntza-eskolan aurkeztu beharko du dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarritako epean.

19. artikulua.– Lanbide-egoerari dagokion baremoa aplikatzeko arauak.

Eskatzaile batek adierazten badu matrikula egin nahi duen urtearen aurreko ikasturtean irakasle gisa jardun duela Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako ikastetxe publiko edo pribaturen baten, hizkuntza-eskola ofizialen batean edo unibertsitateren batean, ofizioz egiaztatuko da hori administrazioak dituen datuekin erkatuta; hori adierazi dutenek berariazko baimena eman beharko dute datu horiek egiaztatzeko.

20. artikulua.– Ordainketa-epea amaitu ostean hutsik geratu diren plazak esleitzea.

1.– Dagokion prezio publikoa ordaintzeko ezarritako epea amaitu ostean, epe horretan ordainketa ez egin izanagatik prozesutik kanpo geratutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute hizkuntza-eskola ofizialek. Akatsen bat egon dela uste duten pertsonek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute zerrenda horien aurka, eta eskola bakoitzeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo organo horren barruan berariaz eratutako batzordeak ebatziko du. Ondoren, matrikula ez ordaintzearren kanpoan geratu diren pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Pertsona horiek berehala hutsik utziko dute onarpen-prozesuan zegokien plaza.

2.– Dagokion ordainketa ez egin izanagatik hutsik geratzen diren plazak bigarren esleipen batean emango zaizkie itxaro-zerrendako pertsonei, zerrenda horretan duten ordenaren arabera. Ondoren, oraindik plaza batzuk hutsik badaude, dagokion mailan egoteko arauz ezarritako gehienezko urte-kopurua gainditu badute ere ohiz kanpoko matrikula egiteko aukera izan dutenei emango zaizkie. Azkenik, eskabidea epez kanpo egin duten lagunei esleituko zaizkie hutsik geratzen diren plazak, eskabideari ausaz jarritako zenbakiaren arabera eta zenbaki txikienetik handienera.

3.– Bigarren esleipen horretan plaza eskuratzen duten pertsonek dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute agindu honen 7. artikuluaren 2. atalean azaldutako moduan horretarako ezarritako epean.

4.– Ondoren, matrikulazio-fase berri horretarako ezarritako epean matrikula ez ordaintzearren kanpoan geratzen diren lagunen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute hizkuntza-eskola ofizialek. Akatsen bat egon dela uste duten pertsonek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute zerrenda horien aurka, eta eskola bakoitzeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo organo horren barruan berariaz eratutako batzordeak ebatziko du. Ondoren, matrikula ez ordaintzearren kanpoan geratu diren pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Pertsona horiek galdu egingo dute eman zaien plaza. Plaza horiek hutsik geratuko dira behin betiko. Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako Lurralde Ordezkariari hilabeteko epean eskolan zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

5.– Matrikulazio-prozesuaren ondoren plaza batzuk hutsik geratuko balira, hizkuntza-eskola ofizialek jarritako ordutegia aldatzeko aukera emango diete matrikulatutako ikasleei.

6.– Dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarriko dira arestian adierazitako jarduerak egiteko epeak.

21. artikulua.– Matrikula aldatzea.

Ikasle bat kurtso jakin batean matrikulatzen bada agindu honen 10. artikuluaren c) atalean aipatzen den probaren bidez aurretiaz izan behar den jakintza egiaztatu ostean, hizkuntza-eskola ofizialeko dagokion sailak, irakasleen behaketa zuzena eta ikasleak ikasgelan erakutsitako gaitasuna kontuan hartuta, proba horrek zehaztutako kurtso baino kurtso altuago edo baxuago batean matrikulatu ahal izango du ikaslea, hutsik dauden plazen arabera. Ez da prezio publikorik ordaindu beharko matrikula aldatzeagatik.

22. artikulua.– Matrikulari uko egitea.

1.– Edozein ikaslek egin diezaioke uko matrikulari. Horretarako, matrikula egin duen urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du uko egiteko eskabidea ikasleak. Bidezko arrazoirik izan gabe matrikulari uko egin eta hurrengo ikasturtean berriro matrikulatu nahi badu, ikasleak onartze-prozesuan parte hartu beharko du berriz ere. Pertsona bati ohiz kanpoko matrikula egiteko aukera eman bazaio, eta horri uko egiten badio arrazoi justifikaturik gabe, ezin izango du berriz ohiz kanpoko matrikularik eskatu hurrengo ikasturteetan hizkuntza eta kurtso bererako.

2.– Abenduaren 31tik hurrengo urteko apirilaren 30era bitarte, ikasleak deialdiari uko egin diezaioke soilik gaixotasun larriren bat, garrantzi handiko istripuren bat edota beste jazoera larri eta bat-batekoren bat izan badu. Horrela bada, uko egiteko adinako arrazoia dela onartu beharko du zuzendaritza-taldeak, eta Ordezkaritza Organo Gorenak oniritzia eman. Arrazoi horien artean sartzen dira etxez aldatzea, lantokiz aldatzea edo ikasleak ikasketa ofizialak egiten dituen tokia aldatzea, baldin eta aldaketa horien ondorioz ikasleak ezin badu matrikulatuta dagoen eskolara joan.

3.– Edonola ere, matrikula-deialdiari uko egiteko eman den arrazoia egiazkoa dela frogatu beharko du ikasleak. Horretarako, egoki diren eta zalantza guztiak uxatuko dituzten egiaztagiriak aurkeztuko ditu ikasleak matrikulari uko egiteko eskaerarekin batera. Egoki diren ondorioak izan ditzaten, ikastetxeak gordeko ditu eskaera-orriak nahiz aurkeztutako agiri guztiak.

4.– Maiatzaren 1etik aurrera, ordea, istripu edo gaixotasun larriren bat izan eta gertakizun hori egoki justifikatu duten ikasleek soilik egin ahal izango dute uko. Uko egiteko eskaera onartzeko ezinbestekoa da ikaslearentzat guztiz ezinezkoa izatea azken ebaluazioko probak egitera joatea, eta ordurako ikasleak proba horietakoren bat egin ez izana.

5.– Artikulu honetan jasotako arrazoiengatik ikasleak matrikulari uko egiten badio ere, ez du ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan jasotzeko eskubiderik izango.

23. artikulua.– Ikastetxez lekualdatzea.

1.– Hizkuntza-eskola ofizial batean matrikulatutako pertsonek eskubidea izango dute haien espedientea beste hizkuntza-eskola batera eramatea eskatzeko, etxez aldatzeagatik, lantokiz aldatzeagatik edo ikasketak beste leku batean egingo dituztelako, edo espedientea jasoko duen eskolako zuzendaritza-taldearen iritziz egokia den beste arrazoi bategatik. Horrela, matrikula lekualdatzea eskatuz gero, hizkuntza-eskola ofizial berrian ikasle ofizial izaten jarraitzeko eskubidea izango dute ikasle ofizialek.

2.– Aurreko ikasturtean beste hizkuntza-eskola ofizial batean erregimen ofizialean matrikulatuta egondako ikasleek ikasturte jakin baterako espedientea lekuz aldatzea eskatzen badute, oro har, dagokion ikasturteko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuaren bidez egin beharko dute.

3.– Behin ikasleak onartu eta matrikulak egiteko prozesua amaitu ondoren, eskolak hasten diren lehenengo egunetik aurrera eska dezakete ikasleek espedientea lekualdatzea, betiere, artikulu honen 1. atalean zehaztutako arrazoi justifikatuei jarraiki. Horrelakoetan, eskatzaileak hizkuntza-eskola berriko eskoletara joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertan plaza hutsak egotea dagokion hizkuntzan, mailan eta kurtsoan. Plaza hutsik ez badago, matrikulari uko egin diezaioke, edo bere kasa ikas dezake eta txanda ofizialerako azterketa egin. Edonola ere, ez du ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan jasotzeko eskubiderik izango.

4.– Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, espediente akademikoa beste eskola batera aldatzeko eskubidea izango dute ekintza terroristen ondorioz kalte fisiko edo psikofisiko larriak jasan dituzten pertsonek, haien ezkontideek edo horren antzeko afektibitate-harremana izan eta bizimodua elkarrekin egin ohi duten pertsonek, haien seme-alabek edo legez familian hartutakoek, kalte pertsonal larriak jasan dituztenen gurasoek eta terrorismoaren mehatxupean egotearen ondorioz egoitzaz aldatu behar izan duten pertsonen seme eta alabek; ekintza hori jazo zen ikasturtean barrena eskatu ahal izango dute lekualdatzea.

5.– Aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan izan ezik, ez da baimenik emango ikasturteko hirugarren hiruhilekoan matrikula lekuz aldatzeko.

6.– Matrikula lekuz aldatu behar bada, eta xede eskolak hala eskatuta, ikaslearen espediente akademikoa bidaliko dio jatorrizko eskolak xede eskolari. Gainera, ikasturtea amaitu aurretik espedientea lekuz aldatu nahi bada, jatorrizko ikastetxeak emandako egiaztagiri akademikoa aurkeztu beharko du ikasleak ikastetxe berrian. Egiaztagiria, bidenabar, Agindu honetako II. eranskineko ereduari jarraituz egingo da. Xede-eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen jakinarazpena jasotzen dituenean, matrikula behin betikotzat joko da. Prozedura hori guztia egin beharrean, telematikoki izapide daiteke espedientea, hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak adierazi bezala.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial batetik bestera matrikula aldatu nahi dutenek ez dute ezer ordaindu behar horregatik. Gerta daiteke, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial batean matrikulatzeko prezio publikoa ordaindu duen pertsona batek beste autonomia-erkidego bateko hizkuntza-eskola ofizial batera aldatu nahi izatea haren matrikula. Egoera horretan, ikasleak ez du eskubiderik izango ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan eskatzeko. Halaber, beste autonomia-erkidego bateko hizkuntza-eskola ofizial batean matrikulatzeko prezio publikoa ordaindu duen ikasleak haren matrikula Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial batera ekartzea eskatzen badu, ikasleak ez du beste ezer ordaindu beharrik izango.

III. ATALBURUA
ERREGIMEN LIBREKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZESURAKO ARAU ESPEZIFIKOAK

24. artikulua.– Zer plaza hartu ahal izango dituzten eskatzaileek.

Ikastetxeen zuzendariak ebazpen bat emango du erregimen libreko ikasleak matrikulatzeko deialdia egiteko, eta bertan zehaztuko da zer hizkuntzatan eta mailatan matrikulatu ahal izango diren ikasleak erregimen librean eskoletako bakoitzean, eta, hala badagokio, zenbat pertsona matrikulatu ahal izango diren gehienez eskola, hizkuntza eta maila bakoitzean.

25. artikulua.– Maila jakin batean matrikulatzeko eskakizunak.

1.– Erregimen librean matrikula egin nahi duten pertsonek nahi duten mailan eskatu ahal izango dute matrikula, betiere, agindu honen 2. artikuluan ezarritako eskakizun orokorrak betetzen badituzte.

2.– Maila jakin batean matrikulatzeak ez du esan nahi, inola ere, aurreko ikasturteak gainditu direnik, eta, beraz, ez du eskubiderik ematen maila baxuagoko inolako ziurtagiririk eskuratzeko.

26. artikulua.– Hutsik dauden plazak esleitzea.

Plazak automatikoki esleituko dira pertsonak haren eskabidea egiten duen unean, eta, hala badagokio, prezio publikoa ordaintzen duenean. Eskabidea egiteko unean, pertsona bakoitzak erabaki ahalko du zer hizkuntza-eskolatan matrikulatu nahi duen, dagokion hizkuntzan eta mailan plazak eskaintzen dituztenen artean. Eskola batean hizkuntza eta maila jakin bateko plazak agortzen badira, hurrena matrikula egiten duten pertsonek hizkuntza eta maila hori eskaintzen duten eta artean plaza hutsak dituzten eskolen artean aukeratu beharko dute.

27. artikulua.– Matrikula aldatzea.

1.– Behin matrikula egindakoan pertsona batek mailaz aldatu nahi badu, horretarako eskabide bat aurkeztu beharko dio dagokion hizkuntza-eskolari. Dagokion prozesua deitzen duen ebazpenean ezarriko da zer epetan aurkeztu behar den eskabide hori. Mailaz aldatzeko eskabideei dagokienez, ezarritako epean aurkeztutako eskabide guztiak onartuko dituzte hizkuntza-eskolek, betiere, pertsona horrek eskatutako mailan matrikulatzeko eskakizunak betetzen baditu eta maila horretan plaza hutsak badaude. Mailaz aldatzeko eskabidea dagokion deialdian ezarritako epez kanpo aurkezten bada, ez da onartuko.

2.– Mailaz aldatu duen ikasleak ez du prezio publikorik ordaindu beharko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskoletan irakasten diren oinarrizko mailarako, tarteko mailarako, goi-mailarako eta gaitasun-mailako espezializazio-ikastaroetarako (monografikoak) ikasleak onartzeko, eskola bakoitzak erabakitako deialdi eta oinarri zehatzak jarraituko dira, betiere Ikastetxeen zuzendariak aurrez baimena eman badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan araubide ofizial eta presentzialean ikasleak onartu eta matrikulatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Hezkuntzako sailburuordeari eskumena ematen zaio agindu honetan ezarritakoa bete eta aplika dadin beharrezkoak diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
BAREMOA

A) Eskatzailearen adina:

– Onartua izateko eskabidea aurkezten duen urtean 18 urte edo gehiago beteta izatearren: 10 puntu.

– Onartua izateko eskabidea aurkezten duen urtean 16 edo 17 urte beteta izatearren: 5 puntu.

B) Desgaitasun-egoera (kontzeptuak ezin dira metatu).

Atal honetan gehienez lor daitekeen puntu-kopurua: 5 puntu.

– Eskatzailearen beraren desgaitasunagatik: 5 puntu.

– Eskatzailea adingabea bada, horren aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek desgaitasunen bat izateagatik: 3 puntu.

C) Familia ugariko kide izatea:

– Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 4 puntu.

– Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: 2 puntu.

D) Lanbide-egoera:

– Matrikula egin nahi den ikasturtearen aurreko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan eta hizkuntza-eskola ofizialetan edo unibertsitateetan eskolak eman izangatik: 10 puntu.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana