Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2013ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
3319

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 17ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako eta Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat Brigada Mugikorrean Espezializatzeko Ikastaroetan sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23.artikuluan xedatutakoan oinarriturik, eta Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik; Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako eta Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat, Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroetan sartzeko hautaketa-prozeduran parte hartzeko deia egiten da, ondorengoak kontuan izanik:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako eta Ikuskapen Eskalako Karrerako funtzionarioentzat, oposizio bitartez, Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroetan sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da.

2.– Deitutako ikastokiak 200 dira guztira, ondoren xedatzen denaren arabera:

– 167 plaza, Ertzaintzaren agente Kategoriako karrerako funtzionarioentzat..

– 25 plaza, Ertzaintzaren agente lehena Kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

– 4 plaza, Ertzaintzaren ofizialondoko Kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

– 4 plaza, Ertzaintzaren ofizial Kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

Bigarrena.– Izangaien betekizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskaera egitea.

b) Ondorengo administrazio-egoeretariko batean egotea:

b.1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriarako erreserbaturiko 167 plazen hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretan administrazio-egoera aktiboan jardutea.

b.2.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena Kategoriarako erreserbaturiko 25 plazen hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretan administrazio-egoera aktiboan jardutea.

b.3.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako ofizialondoko Kategoriarako erreserbaturiko 4 plazen hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretan administrazio-egoera aktiboan jardutea.

b.4.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako ofizial Kategoriarako erreserbaturiko 4 plazen hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretan administrazio-egoera aktiboan jardutea.

c) Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 artikuluaren arabera, lanean gutxieneko aldia egon beharra ezarriko duen lanpostuari atxikita ez egotea izangaia.

d) Indarrean dagoen BTP gidabaimena izatea.

e) Brigada Mugikorreko hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbatgarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

f) Deialdi honetako I. eranskinean aipatutako baztertze medikuen taulan ez egotea.

2.– Hautaketa-prozeduran parte hartzeko aurreko atalean ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.

3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Bi aldeok ziurtatzea deitzen duen organoaren eginkizuna izango da, eta ofizioz ziurtatuko du dagokionean Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuz.

Honek ez du eragotziko hautaketa-prozeduran zehar, prozedura horretan parte hartzen duenari, beharrezkotzat jotzen diren azterketa medikoak egitea, ebazpen honetako Bigarren Oinarriko 1.f) puntuan adierazitako baztertze medikuen taularen barruan dagoela egiaztatzeko. Egiaztatze hori Giza Baliabideen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egingo dute; hau da, eragindako pertsonen betekizuna, Zuzendaritza horrek ziurtatuko du.

4.– Hautaketa-prozeduraren uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen organo eskudunak jakingo balu izangaietariko bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa-prozesutik kanpo utziko luke, eta, hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, betiere, interesatuari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, sailen arteko intraneten bitartez -Gurenet- eta horretan azaltzen den eskabide eredua erabiliz egin beharko dute eskaria.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi duten banakako elkarrizketa ariketa, gazteleraz edo euskaraz.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak, onartu eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartuko du eta zerrenda hori, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan baztertuta agertzen diren izangaiei dagozkien arrazoiak adieraziko zaizkie, eta interesatuek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak izan ditzakeen hutsak zuzentzeko.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onartu edo baztertuko dira, eta horren bitartez Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuta agertuko den onartutako eta baztertutakoen zerrenda behin betikoa izango da.

Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, hautaketa sistema erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko da eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstentzio eta errefusatze kausak ezarriko zaizkie.

3.– Hautaketa-sistemaren garapena eta ebaluaketa, Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta horrek, jarduteko autonomia osoa izango du. Prozeduraren objetibotasunaz Epaimahai Kalifikatzailea arduratuko da, baita deialdiko oinarriak betetzea bermatu ere.

4.– Epaimahai Kalifikatzaileak, bere jardunerako –hautaketa-sistema osatzen duten probetarako–, aholkulari edo adituen laguntza izan dezake. Horien lana, beren berezitasun-jarduna ikusirik, aholkatzea eta teknikoki laguntzea izango da.

5.– Deialdiaren oinarrietan aurreikusten ez diren alderdiei dagokienez, hautatzeko sistema burutzeko beharrezko jotzen dituzten neurriak hartu, eta oinarri horiek ulertu eta ezartzerakoan sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu epaimahaiak, baita bere funtzioen jarduna ere.

6.– Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.– Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

Seigarrena.– Hautatzeko sistema.

1.– Hautatzeko sistema oposizio bitartez izango da. Oposizio horretan izangaien gaitasuna eta beraien arteko lehentasun hurrenkera zehaztuko dira

2.– Oposizioan segidan ondorengo proba hauek egin beharko dira:

a) Lehenengo proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Gaitasun fisikoa neurtzeko proba, 0tik 50era bitartean baloratuko da. Ebazpen honetako II. eranskinean adierazten diren ariketa fisikoak egingo dira.

Izangaiek euren ardurapean bakarrik egingo dituzte ariketa fisikoak eta horretarako egokia den kirol ekipoaz horniturik bertaratu beharko dute.

Lehenengo proba honetan, bi ataletan banaturiko bost (5) ariketa egin beharko dira.

Lehen atalean, lau ariketa egin beharko dira; hiru, indarra neurtzekoak, eta, laugarrena, abiadura-bizkortasuna lantzeko. Atal hau osatzen duten lau ariketok 0tik 10 puntura bitartean baloratuko dira. Atal hau gainditzeko gutxienez 20 puntu lortu beharko dira. Era berean, lau ariketotatik bitan gutxieneko hiru puntuak ez lortzea ere proba ez gainditutzat joko da.

Bigarren atalean, ariketa bakarra egin beharko da, erresistentzia aerobikoa neurtzeko izango dena. Ariketa hau 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da. Atal hau ez gainditutzat joko da ariketa honetan gutxienez bost puntu lortzen ez badira.

Gaitasun fisikoaren proba gainditzeko proba hori osatzen duten atal bakoitza gainditu beharko da.

b) Bigarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Test psikoteknikoak egingo dira, Brigada Mugikorraren eginkizunetarako gaitasunak baloratzeari begira.

Bigarren proba 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da, eta, gainditzeko, gutxienez 10 puntu lortzea ezinbestekoa izango da.

c) Hirugarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Proba honetan, nortasun ezaugarriak eta orekarik ez izatearen beste adierazle batzuk ebaluatuko dira eta izangaiaren jokaera eta izaera egokitasunak zehaztuko dira. Honelako ariketak egingo dira: test psikologikoak eta banakako elkarrizketak.

Hirugarren proba 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da, eta, gainditzeko, gutxienez 10 puntu lortzea ezinbestekoa izango da.

Test psikologikoak banakako elkarrizketa baino lehenago egingo eta zuzenduko dira.

Banakako elkarrizketa egin aurretik, eta hala eskatuko da, elkarrizketa egiteko tresna gisa erabili ahal izateko, prozesuan parte hartzen dutenek «curriculum vitae» single bat beteko dute. Esandakoa egiteko formatu arautua erabiliko da eta ez da izango inolaz ere puntuagarria.

3.– Oposizioko proben garapena.

a) Lehenengo azterketa noiz, zein ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean. Ondorengo azterketak noiz, zein ordutan eta non egingo diren gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago iragarriko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean.

b) Epaimahai Kalifikatzaileak deialdi honetan ezarritakoa ez bezala egin ahal izango ditu proba edo oposizioa osatzen duten ariketa desberdinak; hau da, ordena desberdinean eta egun berean proba bat baino gehiago egin edo ez egin. Azken honetan, emaitzak agertuko dira aurreko proba gainditu duten neurrian.

c) Epaimahaiak derrigorrezko probak edota ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa-prozeduratik baztertuta utziko ditu behin betiko, baztertzea ezinbesteak bultzaturik gertatzen denean ere. Arau bera aplikatuko zaie edozein derrigorrezko probetara edo ariketetara berandu bertaratzen diren izangaiei.

d) Oposiziogileek identitatea egiaztatzen duten agiria eraman beharko dute proba guztietara, Epaimahai Kalifikatzaileak noiznahi eska baitiezaieke hori erakusteko.

e) Proben emaitzak, Epaimahai Kalifikatzailearen Akordio bitartez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Euskararen ezagutza baloratzea.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta, Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei, 9 puntu emango zaizkie; betiere, egiaztatzea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eginez gero. Hala egingo da euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko azaroaren 9ko 297/2010 (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) ezarritakoaren arabera egiaztatutzat edo baliozkotzat eman zaienei.

Hautaketa-prozesuan, ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

Zortzigarrena.– Oposizioaren azken kalifikazioa.

1.– Lehiaketako guztirako kalifikazioa izango da proba edo ariketa desberdinetan lortutako puntuaketaren batuketa, eta, hala doakionean, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik gehitzen dena, guzti horrek zehaztuko duelarik izangaien lehentasun-hurrenkera.

2.– Lehentasun hurrenkerako puntuazioen berdinketak Emakumeen eta Gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean bildutako irizpideekin bat etorriz erabakiko dira. Berdinketak jarraituz gero, gaitasun fisikoaren probetan puntuaziorik altuena lortzen duenak irabaziko du.

3.– Hautaketa-sistemaren kalifikazioa amaitzen denean, epaimahaiak, honako hauek onartu eta argitaratuko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki- taulan eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari igorriko dizkio:

a) Hautaketa-sistema gainditu duten izangaien zerrenda. Puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera antolatuta egongo da. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

b) Hautaketa-sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako ikastoki-kopuruan sartzen direnen zerrenda lehentasun hurrenkera eta kategoria bakoitzean deitutako plaza-kopuruan tokia dutenak. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

c) Hautaketa-sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako ikastoki kopuruan sartzen ez direnen zerrenda lehentasun hurrenkera eta kategoria bakoitzean deitutako plaza kopuruan tokirik ez dutenak. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

4.– Baliabideen eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz, hautatutako izangaien zerrendetan edozein arrazoirengatik sor daitezkeen bete gabeko lanpostuak bete ahal izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez, deitutako plaza guztiak bete arte, aurreko puntuko c atalean ezarritako lehentasun-hurrenkera jarraituz, Kategoria horretako lanpostu hutsa hurrengo dauden izangaiekin bete arte.

Bederatzigarrena.– Brigada Mugikorreko Espezializazio ikastaroak.

1.– Hautatuak, Zortzigarren Oinarrian dioenaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak deituko ditu ebazpen baten bidez, Brigada Mugikorreko Ikastaroak egiteko.

2.– Ikastaroetarako hautatutakoen izendapena, hautaketa-prozesuan parte hartuko duten kategorien artean, ikastaro bakoitzeko plazak proportzionalki banatuz egingo da, eta, hautatutakoek lortutako lehentasun-hurrenkeraren arabera, kategoria bakoitzerako dauden plazak esleituz.

3.– Edozein arrazoirengatik ikastaro bakoitzari esleitutako plazak hutsik geratuko balira, plaza horiek aurreko puntuan ezarritako irizpideak jarraituz beteko dira.

4.– Zortzigarren Oinarriko 3.b. puntuan aipatutako pertsonen zerrenda agortuta izateagatik ikastaro bakoitzeko plazak bete ezinik geratzen badira, plaza horiek Zortzigarren Oinarriko 3.c. puntuan aipatutako zerrenda osatzen duten pertsonekin beteko dira, oinarri honetako bigarren puntuan ezarritako esleipen ordenaren arabera.

5.– Esleitutako ikastaroan sartzeko hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko die, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

6.– Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira edo zuzendariak erabakitzen duen egoitzan, Ikasketa Planean aurreikusitakoaren araberakoa.

7.– Ikastaroen azken emaitzak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko dira.

8.– Ikastaroen esleipenetan ez da aldaketarik onartuko, Lan eta familiaren arteko adiskidetzeari buruzko 39/1999 Legetik zuzenean eratorritako kasuetan izan ezik. Kasu horien jardutea eta ondorioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bitartez arautuko dira.

Hamargarrena.– Brigada Mugikorreko Espezializazio ikastaroak gainditzea.

Brigada Mugikorreko Espezializazio ikastaroak gainditzeak ez du berez lanpostu jakin bati edo espezializazio hori betekizun bezala duten lanpostuetako eginkizunak burutzeari atxikitzeko eskubiderik. Hala ere, ikastaroa gainditzen dutenek, lehenengoan egiten den deialdian, halabeharrez egin beharko dute eskaera, 65. artikuluan bildutako ohiko sistemen bitartez zein 4/1992 Legearen 72. artikuluan aipatzen diren aparteko sistemaren bitartez, eta lehentasunezko izaerarekin eskatu beharko dira jasotako prestakuntza eta ezagutzak dituzten lanpostuak betetzeko diren lanpostu hutsetan. Horrela egin ezik, edozein lanpostutara atxikituak edo izendatuak suertatu ahal izango dira. Azken kasu honetan, ez da izango inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik.

Hamaikagarrena.– Azken xedapenak.

1.– Prestakuntza-ikastaroak dauden bitartean, hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamenduko arauen menpe egongo da. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

2.– Deialdi honetan parte hartzeak borondatezko izaera du; beraz, Ertzaintzaren zerbitzuko langileen zerbitzuengatiko kalte-ordainketei buruzko urtarrilaren 5/2012 Dekretua aplikatuz, hautaketa-prozesuaren garapena eta amaitzea direla-eta, parte hartzeagatik eta azterketengatik, ebaluazio probengatik edo proba praktikoengatik eta prozesurako edozein ekintzagatik ez da inolako kalte-ordainik jasoko.

3.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, argitaratuta agertu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, edo, hi hilabeteko epea izango dute, zuzenean administrazioarekiko auzigaietarako orden jurisdikzionalaren aurrean aurkaratzeko. Azken honetan, Administrazioarekiko Auzien Epaitegietako lurralde-eskumenetako arauak hartu beharko dira kontuan, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan bildutakoak.

Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzaileen jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkatu ahal izango dituzte interesatuek, administrazio prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako era eta kasuetan.

Arkauti, 2013ko uztailaren 17a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIAN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala