Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2013ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3315

381/2013 DEKRETUA, uztailaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2014. urteko jaiegunen egutegia ofiziala onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 12. artikuluan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoa betez, Jaurlaritzari dagokio 2014ko lanegunak eta jaiegunak finkatzea, urteak, gehienez ere, hamalau jaiegun izango dituela kontuan harturik.

Apirilaren 22ko 2/2010 Legeak jaiegun ofizial izendatu zuen urriaren 25a, ondorio guztietarako, baita lanegunetarako ere.

Horregatik, lanaldia, lanaldia bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (oraindik ere indarrean daude lanaldi bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoaren arabera), Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Lan Harremanetarako Kontseiluari eta gaia doakien gainontzeko organo aholku-emaileei entzunda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 2014. urtean, urte osoko igande guztiak eta jarraian adierazten diren egunak hartuko dira jaieguntzat, lan ondorioetarako:

Urtarrilaren 1a, Urteberri eguna.

Urtarrilaren 6a, Errege eguna.

Apirilaren 17a, Ostegun Santua.

Apirilaren 18a, Ostiral Santua.

Apirilaren 21a, Pazko Astelehena.

Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.

Abuztuaren 15a, Andra Mari eguna.

Urriaren 25a, Euskadiko Eguna.

Azaroaren 1a, Domu Santu eguna.

Abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 8a, Ama Birjina Sortzez Garbiaren eguna.

Abenduaren 25a, Eguberri eguna.

2. artikulua.– 1.– Lan ondorioetarako, 2014. urtean, tokian tokiko jaietako bi egun ere jaiegun izango dira, hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira errekuperatu beharko. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko lurralde-ordezkariek zehaztuko dituzte egun horiek, udaletako osokoek proposatuta. Lurralde historikoko gainerako udalerriekin batera edo aparte hartu ahalko dira.

2.– Hilabeteko epea izango dute udalek, dekretua argitaratu ondoko egunetik hasita, proposamena egiteko eta beren lurralde ordezkaritzetara bidaltzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Justizia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala