Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2013ko uztailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3067

AGINDUA, 2013ko uztailaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarena. Honen bidez, 2013-2014 ikasturtean doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak arautzen dira, eta laguntza horien deialdia egiten da.

Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional-multzo modura. Kalifikazioa gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan daraman zientzia-politikako beste urrats bat da ikerketa-jarduerak sustatzea, prestakuntza-aldiko hasierako etapetan ikertzaileak kontratatuz. Doktoregoa, berriz, ikerkuntza-karreran sartzeko atea da, eta Zientziako edozein arlotan ikerketa erabat garatzera bideratu behar da.

Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2011-2014koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2015 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Ekintza hori garrantzi handikoa da; izan ere, Euskadik ahalegin handiak egin behar ditu ikerketarako giza baliabideak ugal daitezen, Europako beste herrialde batzuetan ugaldu diren adina. Halaber, errelebo-belaunaldi baten prestakuntza sustatu behar du zientzia- eta teknologia-gaietan. Hori guztia Europar Batasuneko Batzordeak honako agiri hauekin bat etorriz: Ikertzailearen Europako Gutuna eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodea (EEE/2005/251/CE), Prestatzen Ari diren Ikertzaileen Estatutua (aurrerantzean PAIE), zeina urtarrilaren 27ko 36/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen, eta 14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzkoa (aurrerantzean ZTBL).

ZTBLk II. tituluan definitu eta arautzen ditu zein egoeratan zuzenduko diren giza baliabideak ikertzeko herri-unibertsitateetan, Estatuko administrazio orokorreko ikerketako herri-erakundeetan eta beste herri-administrazio batzuetako ikerketako herri-erakundeetan. Lege horren 20. artikuluak definitzen du lan-legepeko zein kontratu mota zehatz egin behar zaien ikertzaileei eta zein araubide juridiko aplikatu behar zaien, eta 21. artikuluak, berriz, eratzen du: doktoratu aurreko kontratudunen egoera juridikoa, kontratuen baldintzak, ordainsariak, dedikazioa eta iraupena: urtebetekoa (urtez urte luzatu ahal izango da, Doktorego Progoramako Ikasketa Batzordeak edo, behar izanez gero, Doktorego Eskolak txostena eman eta gero; dena den, hasierako kontratua gehi luzapena ezin izango da lau urtetik gorakoa izan).

Urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuak -PAIE onartzen duenak- bi egoera juridiko xedatzen ditu bere aplikazio-eremuan sartzen diren programetan parte hartu eta doktore ez diren onuradunentzat: lehenengoa, bekaldia izenekoa, doktore aurreko prestakuntza-bekako lehenengo bi ikasturteetarako da; bigarrena, berriz, praktika-aldiko lan-kontratua da: bekaldia amaitu eta Ikasketa Aurreratuen Ziurtagiri Diplomaren edo hura ordezkatzen duen agiriaren jabe dela egiaztatu ondoren lortzen da.

Hala eta guztiz ere, hala ZTBLen nola PAIEn ezarritakoa ezingo zaie aplikatu prestakuntza-aldi osoa atzerriko ikerketa-zentro edo unibertsitate batean gauzatzen duten ikertzaileei. Horregatik, lege-arau horiei lotu gabe, deialdi honek ikertzaile horiei aukera ematen die beka bat lortzeko, atzerriko zentroan ikerketa-lanak egin eta doktore-titulua lortzeko; beka hori, berriz, lau urterako izango da, gehinenez ere.

Halaber, deialdi honek jasotzen du zein den doktorego-ikasketa ofizialen esparru berria, hain zuzen ere urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak arautzen duena. Ikasketa horien bidez lortuko dira doktore-tituluak; horrenbestez, izaera ofiziala izango dute eta Estatu guztian baliozkoak izango dira. Antolamendu berriak ikasketa hauen gainean ezarritako erregulazioak argi eta garbi bereizten ditu unibertsitate-ikasketen bigarren zikloa (masterra) eta hirugarrena (doktoregoa). Halaber, doktorego-programak egiaztatzeko eta ebaluatzeko berariazko irizpideak zehazten ditu. Arau horrek indarrik gabe uzten du urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak –unibertsitateko irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen du– V. kapituluan adierazitakoa, bai eta arestian aipatutako errege-dekretuan ezarritakoaren aurka dauden maila txikiagoko xedapen guztiak ere, eta gradu-ondoko unibertsitateko irakaskuntza ofizialen aurretiko erregulazioak iraungitzeko egutegia finkatzen du: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua –uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatua–, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretua –gradu-ondoko unibertsitate-ikasketa ofizialak arautzen disuena– eta apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua -unibertsitate-ikasketen hirugarren zikloa, doktore-titulua eta ziurtagiriak eta gradu-ondoko beste ikasketa batzuk arautzen dituena. Hori guztia gorabehera, aurreko antolamenduen arabera hasitako ikasketetan aurrera egin ahal izango da.

Eskabidea egiteko, Saileko egoitza elektronikoaren bidez eskura daitekeen inskripzio-orria bete beharko da, Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21/2012 Dekretuko 28.1 artikulua aplikatuz; izan ere, dekretu horrek ezartzen duenez, derrigorrez modu elektronikoen bidez komunikatu beharko da interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta garbi dagoenean badituztela beharrezko bitarteko teknologikoak.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak –EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibitate-printzipioak, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen); era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horren ondorioz, eta kontuan izanik zer dioen abenduaren 23ko 6/2011 Legeak, zeina maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. titulua aplikatuz luzatu zen (legegintzako dekretu horrek Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen da), honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
Programaren xedea eta baldintzak

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da doktore ez diren ikertzaileentzako beken oinarri arautzaileak finkatzea eta beka-deialdia egitea 2013-2014 ikasturteko. Deialdiaren bidez, beka berriak emango dira, eta 2012-2013 ikasturterako emandakoak berrituko.

2. artikulua.– Helburua.

Doktoratu aurreko programaren helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktorego-programa batean doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerkuntzari lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten. Horretarako, azpi-programa hauek erabiliko dira:

a) A modalitatea: Euskadiko ezarpen-zentroetako doktore ez diren ikertzaileentzako prestakuntza-beken azpi-programa.

– A modalitatearen helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerketarekin lotutako gaitasunak eskura ditzaten Euskadiko ezarpen-zentro batean, doktorego-programa baten barruan; hori dena urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuan –doktore-ikasketa ofizialak arautzekoan– eta ekainaren 1eko 14/2011 Legean –Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoan– xedatutakoari jarraikiz.

b) Prestatzen ibili eta doktore ez diren ikertzaileentzako beken azpi-programa Euskaditik kanpoko ezarpen-zentroetan, bai Espainiako Estatuan (B modalitatea), bai atzerrian (C modalitatea).

– B modalitatearen helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerketarekin lotutako gaitasunak eskura ditzaten, doktorego-programa baten barruan, Espainiako gainerako erkidegoetako ezarpen-zentro batean; betiere, agindu honetan eta urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuan - doktorego-ikasketa ofizialak arautzekoan- eta ekainaren 1eko 14/2011 Legean –Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoan– xedatutakoari jarraikiz.

– C modalitatearen helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktore-titulua lor dezaten, eta kalitatezko zientzia-ikerketari lotutako gaitasunak eskuratzea doktorego-programa baten barruan, atzerriko ezarpen-zentro batean; betiere agindu honetan xedatutakoari jarraikiz.

c) Ezarpen-zentroetan ari eta doktore ez diren ikertzaileentzat bekak berritzeko azpi-programa: estatuan ari direnentzat, AE modalitatea; EAEko ezarpen-zentroetan ari direnentzat, B modalitatea, eta atzerriko ezarpen-zentroetan ari direnentzat, AK modalitatea.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deitutako doktorego-aurreko programa, guztira, 9.856.377,00 eurokoa da, kontuan hartuta 2013ko aurrekontu-ekitaldia (961.637,70 euro), 2014ko konpromiso-kredituak (8.894.739,30 euro)eta aldez aurretiko izapidetzearen erregularizazio bidez tramitatuako dotazioa (240.000,00 euro). Lerro bakoitzari zenbateko hau dagokio:

a) Beka berriak A modalitatean: 1.545.739,00 euro (154.573,90 euroko ordainketa-kreditua eta 1.391.165,10 euroko konpromiso-kreditua).

b) Beka berriak B eta C modalitateetan: 272.777,00 euro (27.277,70 euroko ordainketa-kreditua eta 245.499,30 euroko konpromiso-kreditua).

c) Bekak berritzea: 7.797.861,00 euro (779.786,10 euroko ordainketa-kreditua eta 7.018.074,90 euroko konpromiso-kreditua).

d) Sariak doktoregoa lortzearren: 240.000 euro. Ildo hori lotuta dago Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan jasotako aldez aurretiko izapidetzearen erregulazioari. Agindu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea. Horrenbestez, ildo horretako bekei buruzko ebazpena emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko aurrekontu orokorretan.

2.– Laguntza berrietan esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da, betiere bekak berritzeko lerroa gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera; horretarako, hautaketa-batzordeak eskatu egin beharko du.

3.– Aginduaren 32.2 artikuluan deskribatutako hautapen-batzordeak arrazoitu, eta deialdiaren zenbateko osoa programa eta arloen artean banatu ahal izango du, agindu honen 30.3 artikuluan deskribatutako kalitate-irizpideak eta aurkeztutako eskaeren kopurua eta aurrekontu-mugak kontuan hartuta, arlo guztietan onuradunak egon daitezen, eta lerro bakoitzeko arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki egonkorra izan dadin; arlo bakoitzean hauta daitezkeen eskabideen kopuruak horretarako bidea ematen badu, betiere. Banaketa hori, berriz, hautapen-batzordeek Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztutako beken esleipen-proposamenaren aktan jasoko da.

4.– Deialdi honi esleitutako zenbateko orokorra ere handitu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren aurrekonturik geratzen bada agortu gabe, eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4. artikulua.– Onuradunak.

Onuradunak izango dira laguntza eskatzen duten pertsona fisikoak.

5. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– A eta B modalitateak (beka berriak eta bekak lehen aldiz berriztea):

a) Doktoretu aurreko kontratua.– Bekek doktoretu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte bekaldi osoan. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean.

Idatziz egingo da kontratua ezarpen-zentroaren eta prestatzen ari den ikertzailearen artean (enplegatzaile eta langile gisa), ekainaren 1eko 14/2011 Legeak –Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoak– 21. artikuluan adierazitakoaren eta indarreko lan-araudian xedatutakoaren babespean.

Ekainaren 1eko 14/2011 Legeak –Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoak– eta Langileen Estatutuak ezarriko dute zeintzuk diren ezarpen-zentroaren eta prestatzen ari diren ikertzaileen arteko harremanak.

b) Iraupena.– Kontratuak urtebete iraungo du, laguntza hasten denetik zenbatzen hasita, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraiki; halere, laguntza berrituz gero, urtebeteko beste luzapen bi izan ahal izango ditu, 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gehienez ere 36 hilabetez eman ahal izango da laguntza. Bekaz baliatzeko 36 hilabete horiek elkarren segidakoak izango dira.

Salbuespen modura, epe hori beste urtebetez luzatu ahal izango da, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena emanez gero; betiere, programaz arduratzen den ikasketa-batzordeak baimena ematen badu laguntzaren onuradunaren doktoregoa –tesia egiteko inskribatuta duena– luzatzeko eta aurrekontuek horretarako aukerarik ematen badute.

A eta B modalitateetako ikertzaileen kontratuaren iraupena egoera hauetan etengo da: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitze-aldiko arriskua edota aitatasuna. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, emandako laguntzaren 36 hilabeteak amaitzean, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak horretarako baimena eman eta onuradunak laguntzari uko egin ez badio edo eskaeran atzera egin ez badu; bestalde, berreskuratzeko aldiak 30 egunekoak izango dira, gutxienez, eta aurrekontuek horretarako aukera eman behar dute.

c) Dotazioa eta asegurua.

– Dotazioa: Ikertzaileen ordainsari gordinak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak ordaintzeko erabili beharko ditu ezarpen-zentroak agindu honetan xedatutakoaren babesean izenpetzen diren kontratu guztiei emandako laguntzak.

Ikertzaileek 14.545,80 euroko ordainsari gordina jaso beharko dute bekako lehenengo eta bigarren urteetan: ezarpen-zentroaren araudiadiaren arabera, hamabi edo hamalau hilekotan banatuta.

Ezarpen-zentroek ikertzaileko 19.215,00 euro jasoko dituzte ikertzailearen kontratuko lehenengo eta bigarren urterako.

Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez likidatuko da ezarpen-zentroei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbateko gordinen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen diren benetako kopuruen arteko aldea.

– Asegurua: laguntzek erantzukizun zibileko eta istripuen aseguru bat jasoko dute, eta EAEko Administrazio orokorrak kudeatuko du; horrez gain, onuradunen Gizarte Segurantza estaliko du.

d)- Ordaintzeko modua: Ezarpen-zentroei zenbait zatitan ordainduko zaie laguntza: % 10 jasoko dute bekak emateko ebazpena eman eta beka onartu ondoren; % 30, 2014ko otsailean; % 30, maiatzean, eta gainerako % 30, 2014ko irailean.

Ordainketa horiek egiteko, kontratuaren kopia helarazi beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, edo, hala badagokio, kontratu-luzapenaren kopia.

Onuradunei aurretik emandako funtsekin sortu ahal izango diren finantza-errendimenduek ez dute emandako bekaren zenbatekoa handituko.

Prestatzen ari diren ikertzaile doktoreei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.

2.– C eta AK modalitateak.

a) Beka.– Onuradunei ematen zaizkien laguntzek beka-ezaugarriak izango dituzte, dirauten bitartean.

b) Iraupena: C modalitatearen kasuan, beka berria urtebetekoa izango da, laguntza hasten denetik aurrera, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraiki; horrez gainera, laguntza berrituz gero, urtebeteko beste bi luzapen egin ahal izango dira; betiere, 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laguntza, gehienez ere, 36 hilabeterako eman ahal izango da. Bekaz baliatzeko 36 hilabete horiek elkarren segidakoak izango dira.

Salbuespen modura, epe hori beste urtebetez luzatu ahal izango da, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimenduz gero eta aurrekontuek horretarako aukera ematen badute.

AK modalitatearen kasuan, 48 hilabeteko beka emango da 12 hilabeteko lau alditan banatuta, eta beka berria hasitako egunetik aurrera; betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-aukeren arabera. Bekaz baliatzeko 48 hilabeteak jarraikakoak izango dira.

c) Dotazioa, bidaia-gastuak eta asegurua.

Dotazioa.– Bekaren zenbateko garbia 17.025 eta 22.489 euro artekoa izango da urtean, ezarpen-zentroa kokatuta dagoen herrialdearen arabera. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak bekak esleitzeko ematen duen ebazpenaren bidez finkatuko da behin betiko zenbatekoa, hautapen-batzordeak egindako proposamenaren arabera; horretarako, xede-herrialde bakoitzeko erosteko ahalmen-parekotasuna aplikatuko du, kontuan hartuta Nazioarteko Moneta Funtsak herri bakoitzerako argitaratutako barne-produktu gordinari buruzko azken datuak.

Bidaia-gastuak.– Laguntza gehigarria emango da ezarpen-zentrorako joan-etorriko bidaia urtean behin guztiz edo zati batez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.

Asegurua.– Modalitate honetako ikertzaileek erantzukizun zibila, istripuak eta bidaia-laguntza estaltzen duen aseguru baten onuradun izango dira.

d) Ordaintzeko modua.– Ikertzaile onuradunei zenbait zatitan ordainduko zaie laguntza: % 10, bekak emateko ebazpenaren ostean eta beka onartu ondoren; % 30 2014ko otsailean; % 30, 2014ko maiatzean, eta gainerako % 30, 2014ko irailean.

3.– AE ETA B modalitateak: bekak bigarrenez eta hirugararenez berritzea.

a) Praktika-kontratua: bekaldi osoa betetakoan, ezarpen-zentroek lan-kontratua formalizatuko dute bertan prestatu diren ikertzaileekin, jarduera eten gabe, PAIEko 8.artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Iraupena.– 12 hilabeterako berrituko da. Denbora-tarte horrek bekaldia amaitu osteko 24 hilabeteak hartuko ditu, gehienez ere.

Ezarpen-zentroak praktika-kontratua formalizatuko du bekaldia amaitzen duten ikertzaileekin, Ikasketa Aurreratuaren diploma edo Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparruan hori ordezkatzen duen administrazio-agiria lortu eta gero; beti ere, Langileen Estatutuko testu bategineko 11.1 artikuluari dagokionez –estatutu hori martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuz onartu zen– PAIEko 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ezarpen-zentroaren eta kontratu-aldian prestatzen ari diren ikertzaileen arteko harremana PAIEn ezarritakoaren araberakoa izango da.

Modalitate horietako ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da egoera hauetan: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitze-aldiko arriskua edota aitatasuna gertatzean. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango da emandako laguntzaren 48 hilabeteak amaitzean, baldin eta ikertzaileak berreskuratzeko eskatu eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak horretarako baimena ematen badio, eta onuradunak laguntzari uko egiten ez badio edo eskaeran atzera egiten ez badu; bestalde, berreskuratzeko aldiak 30 egunekoak izango dira, gutxienez, eta aurrekontuek horretarako aukera eman behar dute.

c) Dotazioa eta asegurua.

Dotazioa.– Ikertzaileen soldata eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko erabiliko dituzte ezarpen-zentroek –laguntzaren onuradunek– PAIEn ezarritakoaren babesean formalizatutako kontratuetako laguntzak.

Ikertzaileek 18.423 euroko ordainsari gordina jasoko dute urtean; hamabi edo hamalau hilekotan banatuta, ezarpen-zentroaren araudiak xedatutakoari jarraikiz. Fase honetan, ezarpen-zentroak 24.115,71 euro jasoko ditu, guztira, urtean ikertzaileko.

Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez likidatuko da ezarpen-zentroei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbateko gordinen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen diren benetako kopuruen arteko aldea.

Asegurua.– Erantzukizun zibila eta istripuak estaltzen dituen aseguru bat barne hartuko dute diru-laguntzek, eta onuradunei Gizarte Segurantza estaliko die}

d)- Ordaintzeko modua.– Ezarpen-zentroei zenbait zatitan ordainduko zaie laguntza: % 10 jasoko dute bekak emateko ebazpena eman eta beka onartu ondoren; % 30, 2014ko otsailean; % 30, maiatzean, eta gainerako % 30, 2014ko irailean.

Ordaintzeko, kontratuaren kopia helarazi beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara edo, behar izanez gero, kontratu-luzapenaren kopia.

Onuradunei aurretik emandako funtsekin finantza daitezkeen finantza-errendimenduek ez dute handiagotuko emandako bekaren zenbatekoa.

Prestatzen ari diren ikertzaile doktoreei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte, aplikatu behar izanez gero.

6. artikulua.– Ezarpen-zentroak.

Ezarpen-zentroak izango dira irabazi-asmorik gabeko unibertsitate edo ikerketa-erakunde publiko edo pribatuak; I+Geko ahalmen eta jarduera izango dute, eta egoitza soziala izango dute deitutako modalitate bakoitzean zehaztutakoarekin bat datorren lurralderen batean.

Unibertsitate ez diren ezarpen-zentroek behar adinako lotura eduki beharko dute beken ikertzaile onuradunek doktorego-ikasketak egiteko matrikulatuta dauden unibertsitateekin; horrenbestez, unibertsitate horiek gauzatuko dute bekaren prestakuntza-alderdiari dagokion irakaskuntza- eta ikerketa-trebakuntza.

Ezarpen-zentroen obligazioak agindu honetako 9. artikuluan deskribatzen dira.

7. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.

1.– Ikerketa-proiektua gauzatzeko behar duten laguntza jasotzea ezarpen-zentrotik, zentro horrek ahal duen neurrian.

2.– Departamentu, institutu eta erakundeetan sartuta egotea eta horietan parte hartzea, ezarpen-zentroaren estatutuetan onartzen zaion moduan.

3.– Opor-erregimena, lizentziak eta baimenak ezarpen-zentroko estatutuak ezarriko ditu

4.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko orduan, erakunde horien izenak erabiltzea.

5.– Bekari dagokion diru-laguntza jasotzea, deialdi honetan ezarritako moduan.

6.– A eta B modalitateetako beka berrietako eta beka lehenengoz berritzen zaien ikertzaileei Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra estaliko zaie, ZTBLko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera; AE eta B modalitateetan beka bigarren eta hirugarren aldiz berritzen zaien ikertzaileei, berriz, PAIEko 8. artikuluaren arabera.

7.– Beste ezarpen-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, kontuan hartuko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren urteroko agindua; izan ere, agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finantzatutako ikertzaileen prestakuntzarako programako beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko laguntzen deialdia egiten da. Beste administrazio edota ezarpen-zentro batzuek ematen dituzten antzeko aginduak ere hartuko dira kontuan.

8.– Agindu honetan azaltzen diren beken onuradunek –aurretik bekari uko egin ez badiot– 2014. urtean doktoregoa lortzen badute, eskubidea izango dute beste 3.000 euroko laguntza jasotzeko doktorego-tesiaren egilearentzat, edo 4.500 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izango dute, tesia nazioartekoa bada. Hori guztia kalterik eragin gabe 8. artikuluan- beka amaitzeari buruzkoan- ezarritakoari.

– Horretarako, aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan doktoregoa eskuratu duela egiaztatzen duenak hilabeteko epea izango du –titulu hori eskuratu ondoko egunetik aurrera– Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskabidea helarazteko. Eskabide horrekin batera, doktore-tituluaren kopia konpultsatua edo titulu hori jaulkitzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztu beharko du. Halaber, eskabidean adierazi behar du doktoregoa noiz eskuratu duen eta zer kalifikazio lortu duen.

– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez emango da artikulu honetan aurreikusitako laguntza.

– Interesdunei ebazpena, gehienez ere, sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie, laguntza-eskaera jaso ondoko egunetik aurrera. Aipatutako epe horretan ebazpena argitaratzen ez bada, isiltasunaren ondorioz eskabideak onartu direla ulertu ahal izango da.

Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkutza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

– Laguntzetarako gordetako kreditua agortuz gero, egoera horren berri emateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen administrazio-ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA), eta bertan jasoko da zein egunetan agortu den kreditua. Ez da onartuko egun horretatik aurrera jasotako eskabiderik.

Arrazoi hori argudiatuta, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez ukatuko dira aurkeztu eta izapidetzen diren eskaerak (aurrekontu-zuzkidura agortu dela-eta onartu ez direnak).

9.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako prestakuntza-jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideez baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak– ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.

10.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, deialdi bakoitzak xedatutakoa hartuko da kontuan, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

11.– ZTBLk 14. artikuluak aitortzen dizkien eskubide guztiak izango dituzte A eta B modalitateetako beka berrietako ikertzaileek eta beka lehen aldiz berrituta ikusten dutenek; AE eta B modalitateeko bekak bigarren eta hirugarren berrituta ikusten dutenek, berriz, PAIEk 5. artikuluak aitortzen dizkienak.

12.– Ezarpen-zentroak aitortu, eta deialdi honetan ezarritakoarekin bat datozen eskubide guztiak.

8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

1.– Jarraian adierazten diren egunetan sartzea ezarpen-zentroan:

a) Prestatzen ari diren ikertzaileak A edo B modalitateko beka baten onuradun baldin badira eta laguntzaren lehenengo 12 hilabeteak hasteko badaude, 2014ko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian sartuko dira ezarpen-zentroan, doktoratu aurreko kontratu baten bitartez, zeinak agindu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituen. Nolanahi ere, 2014ko urtarrilaren 1ean hasiko da bekaldia, bai ondorio ekonomikoetarako, bai denbora zenbatzeko, bai eta Gizarte Segurantzan alta emateko ere.

b) Prestatzen ari diren ikertzaileak 2014ko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian sartuko dira ezarpen-zentroan, baldin eta C modalitateko beka baten onuradun baldin badira eta laguntzaren lehenengo 12 hilabeteak hasteko badaude.

Ikertzailea ez bada hasten 2014ko urtarrilaren 15a baino lehenago, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez emandako laguntza, salbu Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena eskatu, eta baimen hori lortzen denean. Onartutako luzapen-epeak ez dira berreskuratu beharko laguntzaz baliatzeko gehienezko epetik.

Ikertzailea ezarpen-zentroan sartu dela egiaztatu beharko da, zentroko atxikipen-departamentuaren zuzendariak eta ikerketa-proiektuaren zuzendariak izenpetutako agiri bidez. Dokumentuak atxikipenerako aurreikusitako data berbera izan beharko du. Idazki hori 2014ko otsailaren 1a baino lehenago igorri beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

c) Laguntza berritzea lortzen duten ikertzaileek prestakuntza-jarduerarekin jarraitu beharko dute, etenaldirik egin gabe, eta dagokien ezarpen-zentroaren lan-egutegia bete beharko dute.

2.– Ikerketa-jarduera erabateko arduraldiaz egitea.

3.– Aprobetxamenduz gauzatzea ikerketa-proiektuko lan-planean eta doktorego-programan aurreikusitako jarduerak.

4.– Bekaren ezarpen-zentro berean jarraitzea, eta bertan egotea denboraldi guztietan. Ez da baimenik emango ezarpen-zentroz aldatzeko. Ikertzeko premiak direla eta, ikertzaileak ezarpen-zentrotik irten behar badu bi astetan baino gehiagotan, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Baimena eskatzeko, azalpen-idatzi bat aurkeztu beharko du, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta departamentuko zuzendariak, proiektuko zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak izenpetu beharko dute. Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio ikerketa-premiek eragindako irteerak, astebete baino denbora gutxiagorako direnean eta Espainiara egiten direnean.

5.– Ezarpen-zentroaren funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea.

6.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.

7.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

8.– Doktorego-tesia egiteko proiektuaren zuzendari bera edukitzea, salbu Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beren-beregi baimena ematen duenean aldatzeko.

Proiektuaren zuzendaria aldatzeko baimena modu telematikoan eskatuko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, kargua uzten duen lagunak eta prestatzen ari den ikertzaileak izenpetutako azalpen-idazki baten bitartez. Idazki horrekin batera, tesia zuzentzeko ardura hartuko duen pertsonaren onarpen-gutuna eta haren curriculum vitaea ere aurkeztu beharko dira.

Dena dela, baimendutako aldaketek ez dute desorekarik eragingo laguntza ematea eragin zuten baldintzetan eta bereziki ebaluazio-irizpide bakoitzean emandako kalifikazioetan.

9.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Zientzia Politikarako Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.

10.– Laguntzak dirauen bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta doktorego-tesian azaltzea doktore-aurreko bekaduna dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko duen programan.

11.– Bekaz baliatzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, gehienez ere 10 orriko txostena aurkeztea, egindako ikerketa-jarduera guztiei eta haien emaitzei buruz. Txostenak zuzendariaren bermea izan beharko du.

12.– Bekari uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, 15. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

13.– Doktore-titulua lortuz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, gehienez ere 10 egun naturaleko epean, titulua lortzen den egunetik aurrera.

Doktore-titulua lortzeak esan nahi du bekaren xedea amaitu dela; beraz, laguntzaren eskubideak ere amaitu egingo dira. Ikertzaileak doktore-titulua lortuz gero, beka amaituko da ondorio administratibo eta ekonomikoetarako, doktorego-tesia defendatu eta gainditu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean.

14.– Edonola ere, prestatzen ari diren ikertzaileek eta ezarpen-zentroak beren betebeharrak bete beharko dituzte nahitaez, diru-zenbatekoak jasotzeko eta beka berritzeko. Betebehar horiek ez badira betetzen, beka ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, bai eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.

15.– EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak zehaztutako betebeharren kalterik gabe, eta agindu honetan azaldutako beka-modalitate bakoitzean berariaz adierazitakoen kalterik gabe, onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea , jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedeak fiskalizatzeko.

16.– Era berean, agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango edo ordainduko, baldin eta itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe badute eta izapidetzen badute EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan.

17. Dotorego-arautegietan aurreikusitako epeetan lortzea doktoregoa. Lortu ezean, itzultzeko prozedura hasiko da.

9. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.

1.– Ezarpen-zentroaren eta prestatzen ari den doktoretu aurreko ikertzailearen arteko lan-harremanetik sortutako betebeharren kalterik gabe, honako eginbehar hauek ditu ezarpen-zentroak:

a) Agindu honetan araututako beka berrien edo berritzeen onuradun diren ikertzaileekin izenpetutako kontratuen kopia igortzea Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, egutegiko 21 eguneko epean, gehienez ere, sinatzen diren egunetik aurrera.

b) Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; prestatzen ari diren ikertzaileentzako laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragoz dezaketen gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da. Gehienez ere, 21 egun naturaleko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.

c) Prestatzen ari den ikertzaileari behar duen laguntza ematea, eta jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

d) Onuradunei tesi-zuzendaria izendatzen zaiela bermatzea. Tesi-zuzendaria arduratuko da, oro har, prestatzen ari den ikertzailearen ikasketa- eta ikerketa-jarduerak koordinatzeaz eta orientatzeaz, eta, bereziki, emandako laguntzaren xedea zenbateraino betetzen den neurtzeaz.

e) Ikertzailearen prestakuntza-programa behar bezala gauzatzen dela zaintzea; ikertzaileari ezingo zaio eskatu ikerketarekin edo ikerlan horretarako behar duen berariazko prestakuntzarekin zerikusirik ez duen bestelako jarduerarik egitea.

f) Prestatzen ari den ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.

g) Prestatzen ari den ikertzaileak doktore-titulua lortzen badu, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, gehienez ere egutegiko 10 eguneko epean, titulua lortutako egunetik aurrera.

Doktore-titulua lortzeak esan nahi du bekaren xedea amaitu dela; beraz, laguntzaren eskubideak ere amaitu egingo dira. Ikertzaileak doktore-titulua lortuz gero, beka amaituko da ondorio administratibo eta ekonomikoetarako, doktorego-tesia defendatu eta gainditu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean.

h) Laguntza-programa honen barruan ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko finantza-laguntza dutela ikertzaileak prestatzeko doktoretu aurreko programaren bitartez.

i) Lan-kontratua egitea Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren ebazpenaren bidez –33 eta 38. artikuluetan laguntzak emateko ezartzen den prozesua ebazten duenaren bidez– laguntza lortzen duten ikertzaileei. Kontratu hori ZTBL eta PAIEn ezarritako baldintzak izango ditu, indarrean den lan-legediaren arabera; horrez gain, agindu honetan adierazten diren ordainsariak eta gainerako baldintzak izango ditu.

j) Ezarpen-zentroak derrigorrez eutsi beharko dio EAEko Ogasun Orokorreko Antolarauen Legearen testu bateginaren VI. tituluaren 52 artikuluari, EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoari.

k) Ezarpen-zentroak 2015ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen Agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta –agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta– azkenean ematen direnen arteko aldea.

Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek bekaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Kopuru horien artean alderik badago, hori Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.

Hala ere, onuradunak 2014ko abendua baino lehenago amaitzen badu bekaldia, bekaldia amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.

2.– EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak zehaztutako betebeharren kalterik gabe, eta agindu honetan azaldutako beka-modalitate bakoitzean berariaz adierazitakoen kalterik gabe, onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedeak fiskalizatzeko.

3.– C eta AK modalitateetako ezarpen-zentro eta bekadunei 1.c, 1.d, 1.e eta 1.f idatz-zatiak aplikatu behar zaizkie.

10. artikulua.– Baldintzak betetzea.

1.– Onuradunek beka-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela –berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik–, eta ezarpen-zentrora sartu edo kontratua sinatu arte bete beharko dituzte.

2.– Hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira epean eta forman erakusten ez dutenak laguntza-azpiprograma eta -modalitate bakoitzean eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Ondorioz, prozesuan parte hartzeak eragin ditzakeen eskubide guztiak galduko dituzte.

11. artikulua.– Arloak.

1.– Honako hauek izango dira aukerako arloak, deialdiaren modalitate guztietarako:

Oinarrizko Zientziak

1. arloa.– Lurraren zientziak.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak.

3. arloa.– Matematikak.

4. arloa.– Kimika.

Bizitza- eta osasun-zientziak

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena.

6. arloa.– Biomedikuntza.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak.

15. arloa.– Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea.

2.– Agindu honetako I. eranskinean definitzen dira arlo bakoitzak barne hartzen dituen ikerketen deskribapena eta ikerketa-esparruekin duten lotura.

3.– Aurkezten direnek arlo bakarra hautatu behar dute, eskabidea ebaluatzeko.

4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak ahalmena izango du eskatzailearen ikasketa- eta ikerketa-profilarekin eta hautatutako arloarekin bat ez datorren modalitatea aldatzeko, interesdunak onartu ostean; betiere, eskabidearen ezaugarriek horrela jokatzea aholkatzen badute, edo dagokion aholku-batzordeak gomendio hori emanez gero.

12. artikulua.– Doktorego-tesien proiektuak zuzentzea.

1.– Doktorego-tesiaren proiektua zuzendu ahal izango du bekaren onuraduna adskribatuta dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin lotura iraunkorra izan eta zerbitzu aktiboan dagoen doktore batek.

Ondorio horietarako, ulertuko da iraunkorra dela Ikerbasque Fundazioak «Research Professor» kategorian kontratatutako ikertzaileen eta haiek atxikita dauden erakundeen arteko lotura.

2.– Tesia zuzentzen duen pertsonak kontratu-lotura baldin badauka ezarpen-zentroarekin, proiektuak beste edo gehiago iraun beharko du kontratu horrek. Proiektuaren iraupena 36 hilabetekoa izango dela jotzen da. Proiektua zuzentzen duen pertsonak ez badu baldintza hori betetzen, bekaren iraupen osoa betetzen duen zuzendarikide batek lagundu beharko dio nahitaez.

3.– Eskaera bakoitzean tesi-proiektua zuzenduko duten bi pertsona agertuko dira, gehienez ere, zuzendari eta zuzendarikide modura; eskubide eta betebehar berak izango dituzte bi pertsona horiek.

Zuzendarikide bat baldin badago, hark ere izenpetu beharko ditu dokumentu guztiak, alegia, deialdi honen arabera proiektuaren zuzendariak izenpetu behar dituen agiri guztiak.

4.– Doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak ezingo du eskaera bat baino gehiagotan azaldu deialdi honetako modalitateetan.

13. artikulua.– Proiektua.

1.– Prestatzen ari den ikertzaileak 36 hilabeteko epea izango du arduraldi osoz ikerketa-lanak egiteko, eta doktorego-tesiko proiektua gauzatu eta defendatzeko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen xede diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean –Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, apirilaren 25eko 9/2003 Legea –Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzkoa– eta, bestetik, urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretua, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duena.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeak izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

14. artikulua.– Beka onartzea.

1.– Agindu honetan araututako doktoretu aurreko beken onuradunak egutegiko 10 eguneko epea izango du bekari berariaz eta idatziz uko egiteko, ebazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian jakinaraziten denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, beka onartutzat hartuko da.

2.– Prestatzen ari diren ikertzaileek beka onartzen badute, ulertuko da 8. eta 9. artikuluetan jasotako eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak beteko dituztela.

15. artikulua.– Bekari uko egitea.

1.– Uko egiteko, prestatzen ari den ikertzaileak horren berri eman beharko dio Zientzia Politikarako zuzendariari, tesi-proiektuaren zuzendariak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere bidali beharko da huisiesp@ej-gv.es helbidera, uko egitearen ondorioak hasi baino lehenago.

2.– Uko-egiteak balioetsi eta, hala badagokio, onartu egingo dira Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez.

3.– A, B eta AE modalitateetako laguntzetan, ikertzaileek uko eginez gero, ezarpen-zentroek itzuli egin beharko dute kontratua finantzatzeko erabili ez duten dirua; hori gorabehera, ordainketa desegokirik egin bada, hori ere itzuli beharko da.

4.– C eta AK modalitateetan, uko egin arte jasotako diru guztia itzuli egin beharko da, baldin eta bekaz baliatzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.

Bekaldiaren gainerakoan, uko egitearen ondorio ekonomikoak uko egiten den egun berean hasiko dira; hori gorabehera, ordainketa desegokirik egin bada, hori ere itzuli beharko da.

16. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.

1.– Programa honetako beka jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso, artikulu honetako hurrengo 2. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako salbuespenekin.

2.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraiki; urtean 60 orduz, gehienez ere, eta bekaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe. Onuradunak lankidetza hasi baino hamabost egun lehenago aurkeztu beharko du baimen-eskaera. Ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordeak sinatu beharko du eskaera hori, bai eta atxikipen-departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak ere.

Unibertsitate ez diren ezarpen-zentroetara atxikitako beken onuradunei dagokienez, doktorego-programan matrikulaturik dauden unibertsitatean gauzatu ahal izango dituzte lan horiek.

3.– Salbuespen gisa, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango die bekaren onuradunei beka bateragarri egiteko lanaldi partzialeko kontratu batekin (gehienez ere, urtean 60 ordukoa). Horretarako, bekaren azken urtean edo hirugarren edo laugarren urtean ibili beharko dute, agindu honetan jasotako modalitateen ezaugarrien arabera; bestalde, ezarpen-zentroak behar bezala arrazoitu beharko du, eta dagokion unibertsitateko ikerketako errektoreordetzak onartu. Kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da baimena, gutxienez. Gainera, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordeak onartu beharko du, eta atxikipen-departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak sinatu beharko dute eskaera.

4.– Programa honetako bekak bateragarriak dira prestatzen ari diren ikertzaileen ezarpen-zentroak ez diren zentroetan egonaldiak egiteko bekekin, 7. artikuluko seigarren atalean jasotzen denez.

Halaber, laguntza horiek ikertzaileak jardunean hasteko eta prestatzeko direnez, ezingo da ikertzaileak prestatzeko beka berririk jaso, baldin eta diru-laguntzaren xede den programa amaitzen bada –balizko berritze-aldiak barne hartuta– edo uko egiten bada.

17. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko ebazpena kasu hauetan aldatuko da: laguntza emateko xedea bete, baina hura emateko baldintzak aldatzen badira, eta herri-administrazio honek edo beste batzuek beste diru-laguntza edo beka batzuk ematen badituzte aldi bererako. Dena den, agindu honetan diru-laguntzaren onuradun izateko ezartzen diren gutxieneko baldintzak bete beharko dira. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta bekok emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Beraz, pertsona eta erakunde onuradunek sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 21. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.

18. artikulua.– Jarraipena.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin beharko du prestatzen ari diren ikertzaileek egin duten lanaren jarraipen zientifiko eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.

19. artikulua.– Ikuskatzea eta kontrolatzea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, betiere Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eginkizunen kalterik gabe.

20. artikulua.– Ez-betetzea.

Beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen bada, edo urratu egiten baditu agindu honetako 53.1 artikuluan eta bete beharreko gainerako arauetan eta bekak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak.

21. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko, eta, beharrezkoa bada, beka itzultzeko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitakoak betetzen ez direnean, prozedura hau jarraituko da:

a) Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearena izango da.

b) Zientzia Politikarako zuzendariak interesdunari adieraziko dio prozedura hasi dela eta zergatik hasi den, eta egutegiko 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak jar ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez amaituko da prozedura.

Hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere, itzultze-prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik legez dagozkion legez interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ezean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

22. artikulua.– Datu pertsonalak.

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoan– eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean –Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoan– ezarritakoari jarraiki, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Kultura sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduan jasotzen den «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira (Zientzia Politikarako Zuzendaritzako 3. fitxategia da); agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.

Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

II. KAPITULUA
Laguntzen izapideak eta ebazpena eta laguntzak argitaratzea

23. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio laguntzaren izapideak: laguntza aurkezteko eta jakinarazteko lanak eta horren inguruan sortzen diren kontsulta guztiak.

24.– artikulua.– Eskabideak formalizatu eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabidea egiteko, inskripzio-orria erabili beharko da; inskripzio-orri hori, berriz, modu telematikoz lortu ahal izango da, Saileko egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa). Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

2.– Eskabide telematikoa osorik bete eta gero, eskatzaileak aukera du bere burua identifikatzeko Egoitza Elektronikoak sinadura elektronikorako onartzen duen edozein sistemaren bidez; horrela, eskabidea eta hari derrigorrez erantsi beharreko dokumentazio guztia erregistratu ahal izango da formatu elektronikoan (agindu honetako 28. artikuluan adierazten da zer dokumentazio aurkeztu behar den beka berrietarako; bekak berritzeko aurkeztu beharrekoa, berriz, 35 eta 27. artikuluetan azaltzen da).

Aurkeztu beharko diren dokumentu elektronikoak, bere aldetik, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretura eta hura garatzen duen arautegira egokitu beharko dira.

3.– Eskabide telematikoa bete eta gero, eskatzaileak ez badu sinadura elektronikoz identifikatzerik, eskabidearen inprimaki ofiziala lortu beharko du parezko formatuan, sinatu, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko erregistroan aurkezteko (Donostia-San Sebastian kaleko 1. zk.; 3. solairua; 01010 Vitoria-Gasteiz).

Inprimakia, era berean, «Zuzenean» herritarrentzako zerbitzuko bulegoetan aurkeztu ahal izango da: Bizkaian (Kale Nagusiko 85. zenbakian, 48011-Bilbon) Gipuzkoan (Andia kaleko 13. zenbakian, 20003 Donostian) eta Araban (Ramiro de Maeztu kaleko 10. zenbakiko behean, 01008 Vitoria-Gasteizen). Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituzten bulegoetan ere aurkeztu ahal izango da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, eta 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa). Halakoetan, eskabide-orria sinatu, eta helbide honetara bidaliko da:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila

Zientzia Politikako Zuzendaritza.

Erreferentzia: «Atzerrian espezializazio-ikasketak egiteko bekak»

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Eskabidea identifikatzeko zenbakia jasoko du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofizial hori eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, baztertu egingo da eskabidea.

Ezarpen-zentroa Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera: Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz), Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia), Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z/g, 48940 Leioa), eta Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbo).

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Eskabideak, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak- aipatzen dituen lekuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

4.– Beka-eskabide berriak aurkezteko epea hilabeteko izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.– Bekak berritzeko eskabideak aurkezteko epea 2013ko irailaren 15a eta 30a bitartekoa izango da, bi egun horiek barne hartuta.

6.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.

7.– Eskabideak egiteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.

8.– Agindu honetako II. eta III. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.

25. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak modu telematikoan aurkezteko hamar laneguneko epean; epe hori, berriz, ezin izango da luzatu. Hori egin ezean, ulertuko da eskatzaileak atzera egiten duela eskaeran; hala ere, Administrazioak atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

33. artikuluaren laugarren atalean ezarritako prozedura erabiliko da zuzentzeko errekerimentua jakinarazteko.

26. artikulua.– Bekak emateko prozedurak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako beka berriak norgehiagoka bidezko araubidean emango dira, publizitateari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera.

Horretarako, aurkeztutako eskaerak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen arteko hurrenkera bat ezartzeko hautaketa-irizpideen arabera. 60 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan, 3.1 artikuluaren a eta b idatz-zatietan ezarritako zenbatekoa agortu arte; betiere, 3. artikuluaren 2., 3. eta 4. paragrafoetan adierazitakoaren kalterik gabe.

2.– Bekak berritzeko ez da lehiaketa-prozedurarik erabiliko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, berritzea onartuko da eskaera garaiz eta forma egokian aurkezten denean, betiere 34 eta 36. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira. 3.c) artikuluan aurreikusitako zenbatekoa kalkulatzeko, programa honetan legez gaitutako bekadun guztiek berritzea eskatuko dutela jo da.

Beketarako gordetako kreditua agortuz gero, egoera horren berri emateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen administrazio-ebazpen bat argitaratuko da EHAAn, eta bertan jasoko da zein egunetan agortu den kreditua. Ez da onartuko egun horretatik aurrera jasotako eskabiderik.

Arrazoi hori argudiatuta, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez ukatuko dira aurkeztu eta izapidetzen diren eskaerak (aurrekontu-zuzkidura agortu dela-eta onartu ez direnak).

III. KAPITULUA
Beka berriak

27. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean; 2013ko urtarrilaren 1etik hasita (A modalitatean) edo 2011ko urtarrilaren 1etik hasita (B edo C modalitateetan).

Hala eta guztiz ere, onartu egingo dira EAEn erroldatuta egon ohi diren pertsonen eskabideak, baldin eta eskakizun hori betetzen ez badute deialdi honen xedearekin lotutako graduko edo graduondoko unibertsitate-ikasketak EAEtik kanpo egin dituztelako.

2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, egoitza-baimena eduki behar dute.

3.– Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak –doktorego-ikasketa ofizialak arautzen dituenak–xedatutakoaren arabera araututako doktorego ofizialeko programa batean baldintzarik gabe onartu izana egiaztatzea, edo doktorego-programa ofizial baten ikerketa-aldian onartu izana egiaztatzea; berdin izango da programa hori zein lege-xedapenek arautzen duen: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak –uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatuak–, aurreko unibertsitate-antolamendu batek edo atzerriko unibertsitate-antolamendu batek.

Hala, bada, doktorego-programa batek irakaskuntzaldia eta ikerketaldia jasotzen dituen kasu guztietan, eskatzaileak egiaztatu beharko du haren ikerketaldirako onartu dutela.

Hala eta guztiz ere, deialdian parte hartzeko eskaera onartuko zaie aurreko bi paragrafoetan aurreikusitakoaren arabera 2013ko urrirako doktorego-programan sartzea espero duten pertsona guztiei. Eskaera hori behin-behinean ebaluatuko da. Behin betiko onartzeko, eskatzaileak dokumentu bidez egiaztatu beharko du doktorego-programan onartu dutela; horretarako, 2013ko urriaren 7a arte bidali ahal izango du idazki hori.

4.– Unibertsitate-graduatuko Espainiako titulu ofiziala –ECTSko 300 kreditukoa, gutxienez– izatea egiaztatzea; bestela, unibertsitate-masterra edo lizentziatu-, arkitekto- edo ingeniari-titulua egiaztatzea.

5.– Lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo unibertsitateko gradu-ikasketak edo ikasketa baliokideak 2009ko ekainean edo geroago amaitu izana.

Ikasketak amaitzeko data 2005eko ekainekoa izan ahal izango da Medikuntza, Farmazia, Biologia, Kimika edo Psikologia lizentziadunentzat, baldin eta beka eskatzen dutenean Medikuntzako Espezialitateko titulu ofiziala (BABE) edo Farmaziako Espezialitatekoa (BAFE) badute, edo Biologia, Kimika edo Psikologiako espezialitateetako ziurtagiri ofiziala (BABE, BAKE edo BAPE, hurrenez hurren).

6.– Batez besteko nota 6,2 puntukoa edo gehiagokoa izatea, salbu 10, 11 eta 12. arloetara aurkezteko; horietan, batez besteko notak 5,8koa edo gehiagokoa izan beharko du.

Batez besteko nota hori kalkulatzeko, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo unibertsitate-graduko batez besteko notari erreparatuko zaio, eta Unibertsitateak emandako ikasketen espedientean - 1 eta 10 bitarteko eskalan- jasotzen den batez besteko notari 0,01 puntu gehitu beharko zaio Ohorezko Matrikulako aipamenaz kalifikatzen den kredituko.

Ikasketen espedienteak ez badu jasotzen batez besteko nota 1 eta 10 bitarteko eskalan, honela kalkulatuko da: asignatura bakoitzean lortutako kalifikazio numerikoa bider asignatura horretako kreditu-kopurua zati kalifikazioarekin guztira lortutako kreditu guztien batura. Berriztatzen ez diren planen kasuan, batez besteko nota izango da berdin lortutako kalifikazioen batuketa zati gainditutako ikasgai guztien kopurua.

Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotu edo egokitu dituen unibertsitateak kalifikatu ez dituen baliozkotutako edo egokitutako ikasgaien edo kredituen kasuan, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioak zenbatuko dira, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude. Agiri bidez egiaztatu ezean, gainditutzat joko dira.

Era berean, espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko beste espezialitate batzuetako ikasgaietan lortutako notarik, ezta master-ikasketen notarik ere.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileek, batez besteko nota kalkulatzeko, gure sistema hamartarreko kalifikazio baliokideetara moldatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoetako kalifikazioak, prozedura honen arabera:

Gurea ez den kalifikazio-sistema baten bidez ebaluatutako ikasgai bakoitzeko nota gure sistemaren bidez adierazteko –kontuan hartuta gure sistemako nota, gehienez ere, 10ekoa dela eta 5 lortu behar dela irakasgaia gainditzeko–, algoritmo hau aplikatu behar zaio ikasgai bakoitzeko notari:

10 oinarrian lortu beharreko nota = [5/(M-m)]*(N-m)+5

M: espediente akademikoari aplikatutako kalifikazio-sisteman lortu ahal den notarik altuena.

m: ikasgaia gainditzeko behar den nota, espediente akademikoari aplikatutako kalifikazio-sisteman.

N: espedientean ageri den irakasgaian lortutako nota, ikasketak egin diren herrialdeko sistemaren arabera.

7.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne hartuta, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraiki.

8.– 2013ko ekainaren 1a baino lehenago ez izatea doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko eta doktore-tesia egiteko programen bekarik, edo halako bekarik jaso ez iana.

9.– Eskaera aurkezteko datan egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, adierazitako salbuespenetan izan ezik.

10.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak.

28. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.

Eskabide-orriarekin batera, ondoren zerrendatzen dokumentazioa aurkeztu beharko da aplikazioaren bitartez:

1.– Eskatzailea EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen jatorrizko ziurtagiria. Erroldatuta egon behar du 2013ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, A modalitatean aurkeztuz gero; 2011tik, B edo C modalitatean aurkezten bada.

Deialdi honen xedearekin lotutako unibertsitate-ikasketak direla-eta, erroldari buruzko eskakizun hori betetzen ez duenak ikasketa horien matrikula edo beste edozein egiaztagiri ofizial aurkeztu beharko du; halaber, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko aurrez EAEn erroldatuta egon dela, eta, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean edo atzerrian erroldatuta egon dela (atzerrian egon bada, enbaxadako erregistroa aurkeztu beharko du).

2.– Egoitza-baimenaren kopia konpultsatua, hala badagokio.

3.– Titulu akademikoaren (lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, unibertsitateko gradua edo baliokidea) kopia konpultsatua edo titulu hori emateko eskubideen ordainagiriarena, homologazio-ziurtagiriarekin batera, hala badagokio.

4.– Aurreko 4. atalean aipatutako titulazioa lortzeko ikasketen jatorrizko ziurtagiri akademikoa –unitate arduradunak emana– edo haren kopia konpultsatua. Ikasketen ziurtagirian honako datu hauek jasoko dira: ikasketen izena, titulazioaren programako ikasgai guztiak, gainditutako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak eta kalifikazio horiei dagozkien datak.

Ikasleak atzerrian egin baditu ikasketak eta ziurtagiria EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean ez badago, zinpeko itzulpena aurkeztu beharko du, jatorrizko ziurtagiri akademikoaren edo kopia konpultsatuarekin batera. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehienezko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den ikasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa.

Unibertsitateko goi-mailako titulu bat baino gehiago izanez gero, espediente akademikoa eta titulazioa eskuratzeko data kalkulatzeko, aukeratutako doktorego-programarekin zerikusirik handiena duena soilik hartuko da kontuan. Gainerako titulazioak ere kontuan hartu ahal izango dira curriculum vitaea balioesteko.

5.– Honako hauen kopia konpultsatua: Medikuntzako Espezialitateko titulu ofiziala (BABE) edo Farmaziako Espezialitatekoa (BAFE) edo Biologia, Kimika edo Psikologiako espezialitateetako ziurtagiri ofiziala (BABE, BAKE edo BAPE, hurrenez hurren)

6.– Eskatzailea ezarpen-zentroari atxikitako departamentuan onartu dutela adierazten duen idazkia, departamentuko zuzendariak sinatuta.

7.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa -bertako legezko ordezkariak izenpetutakoa (ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan)-, beka lortzen duen ikertzailearen doktoretu aurreko kontratua formalizatzeko. Agiri horrek barne hartuko du erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 27. artikuluaren 7 zenbakian adierazitako debekurik ez duela egiaztatzeko.

Idatzi horrek espresuki adieraziko du bete egingo dituztela agindu honen 9. artikuluaren bidez ezarritako eginbeharrak, prestatzen ari diren ikertzaileak atxikita dituzten erakundeek bete beharrekoak.

Ezarpen-zentro gisa UPV/EHU ageri den eskaeretan, atxikipen-departamentuak ziurtagiri bat eman beharko du, adieraziko duena eskatzaileak programa horretako beka lortzen badu doktore-tesia bertan egiteko onartua izango dela. Gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak ofizioz jasoko du UPV/EHUn ikerketako errektoreordearen sinadura, onarpen hori egiaztatuko duena, bai eta agindu honen 9. artikuluan EAEn prestatzen ari diren ikertzaileen atxikipenerako erakundeentzat ezarritako betebeharrak betetzeko konpromisoa ere.

8.– Doktorego-programa baterako onarpen-idazkia, baldintzarik gabekoa; programa horretaz arduratzen den unitateak edo doktoregoko edo gradu-ondoko eskolak eman beharko du idazki hori, eta eskumena duenak sinatu.

Onarpena 2013ko irailerako lortzea espero denean, beka-eskaerarekin batera, doktorego- programarako onarpen baldintzatu edo behin-behinekoa adierazten duen idazkia ere aurkeztu beharko du eskatzaileak; bestalde, 2013ko urriaren 7a baino lehenago –egun hori barne– helarazi beharko dio onarpen ez baldintzatuaren ziurtagiria Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Bi ziurtagiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, eta doktorego-programako edo doktorego edo gradu-ondoko eskolako pertsona eskumendunak emanak.

9.– Memoria (gehienez ere, orrialde batekoa), eskatzailea onartu duen doktorego-programari buruzkoa.

10.– Memoria (gehienez ere, orrialde batekoa), eskatzailea sartuko den ikerketa-taldeari buruzkoa, haren zientzia-kalitatea eta prestakuntza-ahalmena adierazita.

11.– Doktorego-tesiaren proiektuaren memoria zientifiko eta teknikoa; honako eduki hauek jasoko ditu: laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lan-plangintza, interes zientifiko edo soziala eta bibliografia nagusia (3 orrialde, gehienez ere).

Berariaz jaso beharko du proiektuak «eskatzaileak arduraldi osoko bekaren 3 urteetan doktorego-tesiaren proiektuaren helburuak eta tesiaren defentsa burutu» behar dituela, baita «aginduaren 13. artikuluaren arabera aplikatu beharreko printzipio etikoak jarraitu» ere. Halaber, tesi-zuzendariaren oniritziarekin aurkeztu behar da, bai eta zuzendarikidearen oniritziarekin ere, halakorik balego.

EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.

12.– Eskatzailearen curriculum vitaea, inprimaki normalizatuan eta jatorrizko sinadurarekin, bai eta bertan adierazitako merezimendu akademikoen eta zientifikoen egiaztagirien kopia ere. Master-titulua izanez gero, haren espediente akademikoa ere jaso beharko da, eta eskatzaileak argitalpenik badauka, argitalpenaren lehen orriaren fotokopia; halaber, bekarik eskuratu badu, beka horiek emateko ebazpenen fotokopia ere behar izango da.

13.– Tesi-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitaea, jatorrizko sinadurarekin, eta, behar izanez gero, zuzendarikidearena ere bai. Ingelesez aurkeztu ahal izango da, edo, EAEko hizkuntza ofizialetan ez beste batean.

14. Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.

29. artikulua.– Beka berriak emateko hautapen-prozesuko hautagaiak onartzeko prozedura.

1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, laguntza berrien hautatze-prozesuan onartutako eta baztertutako lagunen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.

Ebazpena jakinarazteko, 33. artikuluaren laugarren paragrafoan ezarritako prozedura jarraituko da.

2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako behin betiko ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko berariazko aholku-batzordeek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri nahi dutela baztertzearen kontra. Errekurtso hori ezesten bada, elkarrizketak ez du baliorik izango, eta aholku-batzordeak ematen duen balorazioak ere ez.

30. artikulua.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

1.– 11. artikuluan adierazitako arlo bakoitzeko berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu agindu honetan arautzen diren laguntza berrien eskatzaileak, baldin eta 27. artikuluko baldintzak betetzen badituzte, eskaera garaiz eta forma egokian aurkeztu badute, eta onartu badituzte 29. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako ebazpenean.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak; kideok, berriz, entzute handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan.

3.– Berariazko aholku-batzordeek honako irizpide hauen arabera ebaluatuko dituzte onartutako eskaerak:

– Ikasketa-espedientea: puntuazioa kalkulatzeko, espedientearen batez besteko hartuko da oinarritzat, 27,6 artikuluan adierazitakoari jarraiki, eta zenbaki hori bider 4 kalkulatuko da. 40 puntu, gehienez.

– Eskatzailearen curriculum vitaea. 10 puntu, gehienez.

– Doktorego-programa: eskatzailearen prestakuntzaren kalitatea eta egokitasuna. 10 puntu, gehienez.

– Doktore-tesiaren proiektua eta ikerketa-taldea: aurkeztutako proiektuaren eta ikerketa-planaren kalitate zientifikoa eta teknikoa, interesa eta bideragarritasuna; bai eta eskatzaileak parte hartuko duen ikerketa-proiektuaren zuzendariaren eta ikerketa-taldearen historial zientifikoa eta prestakuntza-ahalmena ere. 20 puntu, gehienez.

– Elkarrizketa pertsonala: aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da. 20 puntu, gehienez.

4.– Honako hauek izango dira beka ukatzeko arrazoiak: eskatzailea ez azaltzea elkarrizketara , edo 60 puntu baino gutxiago edo emaitza negatiboa lortzea; aktetan azaldu beharko dira emaitza negatiboen zioak, berariazko aholku-batzordeek ebaluatu beharreko alderdi batzuetan edo guztienak izan.

31. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.

1.– Berariazko aholku-batzordeetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialean–, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko dokumentazioa itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldi bereko itzulpen-zerbitzua, elkarrizketa pertsonalerako.

2.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatuko du desgaituek giza baliabide eta baliabide material osagarriak izatea, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izan ditzaten.

32. artikulua.– Beka berriak esleitzeko prozedura.

1.– Lehia bidez emango dira agindu honetan arautzen diren beka berriak.

Horretarako, 30. artikuluan aipatutako ebaluazio-irizpideei jarraiki, arlo bakoitzeko berariazko aholku-batzordeak hautagaiak proposatuko dizkio hautapen-batzordeari. Esleituak izateko, 60 puntu edo gehiago izan beharko dituzte hautagaiek, eta balioespen positiboa eduki aktetan.

2.– Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute hautapen-batzordea. Teknikari hori Zientzia Politikarako zuzendariak hautatuko du, eta batzordeko idazkari izango da.

3.– Hautapen-batzordeak, berariazko aholku-batzordeen proposamena aztertu ostean, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari. Proposamenaren osagaiak: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte, bai eta ordezkoen zerrenda ere, arlokako lehentasunak adierazita (60 puntu edo gehiago eta berariazko aholku-batzordeen balioespen positiboa jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela-eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideak kontuan hartuta). Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita, eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

33. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen berariazko ebazpen bakar baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako beka berriak, oinarritzat hartuta hautapen-batzordeak eginiko ebazpen-proposamenena.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta zerrenda horretan adieraziko dira 60 puntu edo gehiago jaso duten eskabideak, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, bai eta baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Aipatu ebazpena ondoko Web-orrian argitara emanez egingo da jakinarazpena: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

Bide horretatik egiteaz aparte, era honetan ere egingo da: www.Euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz, nahiz eta, jakinarazpenaren epea zenbatzeko, bakarrik izango du balioa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orriaren bidez argitaratzen den egunak.

5.– Aurreko 4. paragrafoan xedatutakoaren kalterik gabe, argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei, horretarako SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

7.– Hezkuntza eta Ikerketa sailburuordearen bidez, bekak eman ahal izango zaizkie itxaro-zerrendan azaltzen diren eskatzaileei, baldin eta baten batek bekari uko egiten badio 2013ko abenduaren 15a baino lehen (egun hori barne) eta, 27.3 artikuluan aurreikusten den bezala, bekarik eman barik geratzen bada dokumentazio akademikoa epe barruan ez aurkeztearren (dokumentazio hori aurkezteko epea atzeratzen denean).

Beka horiek, berriz, emandako azken bekaren ostetik dauden eskatzaileei emango zaizkie, lehentasuna emanez hutsik geratzen den bekako arloari; hala ere, beste arlo eta modalitate batzuetako eskatzaileei ere eman ahal izango zaizkie, baldin eta EAErentzat interes zientifikoko arrazoirik badago eta eskatzaileen kalitatea bereziki handia bada dagokion arloan.

Ondorio horietarako, bekak emango dituen organoak bekak emateko proposamena jakinaraziko die interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.

8.– Ebazpenak EHAAn argitaratuko dira abenduan.

IV. KAPITULUA
Laguntzak berritzea

34. artikulua.– A, B eta C modalitateetako laguntzak lehenengoz berritzea: baldintzak.

1.– Agindu honek ondorioak dituenean, A, B edo C modalitateko beka izatea; bekak, berriz, 2012-2013 ikasturtean emana izan behar du, Hezkuntza eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez.

2.– Egiaztatzea lan-planean eta ikerketa-proiektuan aurreikusitako jardueren aprobetxamendua; horretarako, doktorego-programako batzordearen aldeko txostena lortu beharko da; agindu honen 35. artikuluan eskatzen da.

3.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen duen debeku legalaren pean erori ez izana –sexu-bereizkeriagatikoak barne hartuta–, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraiki.

4.– Eskaera aurkezteko datan egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, adierazitako salbuespenetan izan ezik.

5.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak.

35. artikulua.– A, B eta C modalitateetako laguntzak lehenengoz berritzea: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabide-orria aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

1.– Laguntza eman geroztik edo laguntza azkenengoz berritu zenez geroztik egindako ikasketa- eta ikerketa-jardueren memoria, orrialde batekoa; kalifikaziorik izanez gero, horiek ere azaldu beharko dira.

2.– Doktorego-programako edo, hala badagokio, doktorego-eskolako ikasketa-batzordearen aldeko txostena, programan emandako denborari dagokiona.

3.– A eta B modalitateetan, aurkeztu beharko da ezarpen-zentroak konpromisoa, beka lehenengoz berritzea lortzen duten ikertzaile ez doktoreei doktoratu aurreko egungo kontratua luzatzeko; kontratu hori, berriz, legezko ordezkariak sinatu beharko du (ikerketa-errektoreordeak edo horren kargu baliokideak, unibertsitateen kasuan). Agiri horrek barne hartuko du erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 27. artikuluaren 7 zenbakian adierazitako debekurik ez duela egiaztatzeko.

36. artikulua.– AE B eta AK modalitateetako laguntzak bigarren eta hirugarrenez berritzea: baldintzak.

1.– Agindu honek ondorioak dituenean, AE, B eta AK modalitateko beka izatea; bekak, berriz, 2012-2013 ikasturtean emana izan behar du, Hezkuntza eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez.

2.– Beka bigarrenez berritzeko, honako baldintzetakoren bat bete beharko da: Ikasketa Aurreratuen Ziurtagiri Diploma edo unibertsitate-masterreko titulu ofiziala edukitzea, 60 kreditukoa, edo gaindituta edukitzea urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 18. artikuluan doktoregorako aipatzen den prestakuntzaldiko jarduerak.

3.– Agindu honetako 37. artikuluan eskatzen den isilpeko txosten bidez egiaztatzea ikerketa-proiektuko lan-planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua.

4.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen duen debeku legalaren pean erori ez izana –sexua bereizteak eragindakoak barne hartuta–, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraiki.

5.– Eskaera aurkezteko datan egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, adierazitako salbuespenetan izan ezik.

6.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak.

37. artikulua.– AE B eta AK modalitateetako laguntzak bigarren eta hirugarrenez berritzea: derrigorrezko dokumentazioa.

Eskabide-orria aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

1.– Laguntza eman geroztik edo laguntza azkenengoz berritu zenez geroztik egindako ikasketa- eta ikerketa-jardueren memoria, orrialde batekoa; izanez gero, kalifikazioak ere azaldu beharko dira.

2.– Isilpeko txostena, tesi-proiektuaren zuzendariak izenpetua eta berritzea eskatu duenaren ikerketa-jarduerei, errendimenduari eta hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa. Gutunazal itxi batean aurkeztuko da.

3.– Beka bigarrenez berritzea eskatzen duenak honako hauek ere aurkeztu beharko ditu: Ikasketa Aurreratuen Ziurtagiri Diplomaren kopia konpultsatua, masterreko titulu ofiziala edo ziurtagiri bat, unibertsitate-masterraren 60 kredituak edo urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 18. artikuluan jasotako doktoregoko prestakuntza-aldiaren jarduerak gainditu dituela egiaztatzen duena.

4.– AE eta B modalitateetan, ezarpen-zentroaren konpromisoa aurkeztu beharko da, praktikaldiko kontratu bat izenpetzeko edo egun dagoena urtebetez luzatzeko prestatzen ari diren eta bigarren edo hirugarren berritzea lortuko duten doktoretu aurreko ikertzaileei; konpromiso hori, berriz, bertako legezko ordezkariak izenpetu beharko du, edo ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan. Agiri horrek barne hartuko du erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 27. artikuluaren 7 zenbakian adierazitako debekurik ez duela egiaztatzeko.

38. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen berariazko ebazpen bakar baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako beka-berritzeak, hautapen-batzordeak eginiko ebazpen-proposamenena oinarri hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, eskabide ukatu eta baztertuen zerrenda bana jasoko du, eta ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduko.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak onartu direla ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Aipatu ebazpena ondoko web-orrian argitara emanez egingo da jakinarazpena: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

Bide horretatik egiteaz aparte, era honetan ere egingo da: www.Euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz, nahiz eta, jakinarazpenaren epea zenbatzeko, bakarrik balioko du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orriaren bidez argitaratzen den egunak.

5.– Aurreko 4. paragrafoan xedatutakoaren kalterik gabe, argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei, horretarako SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

7.– Ebazpenak zabaltzeko, EHAAn argitaratuko dira abenduan.

8.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez berrituko dira 2012-2013 deialdian emandako bekak, agindu honen 32. artikuluko bigarren atalean zehaztutako hautapen-batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Arautegi aplikagarria.

Agindu honetan aurreikusi ez denerako, honako hauek hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean EAEko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.1) eta 46.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
EBALUAZIO ARLOAK

Oinarrizko Zientziak

1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek hartzen ditu barnean: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek barne hartzen ditu: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.

3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek barne hartzen ditu: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.

4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Alor hauek barne hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.

Bizitza- eta osasun-zientziak

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.

6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek hartzen ditu barnean: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Barruan Psikologian egiten diren ikerketa guztiak sartzen dira, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek barne hartzen ditu: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.

15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek barne hartzen ditu: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala