Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2894

AGINDUA, 2013ko ekainaren 12koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika Kulturako sailburuarena, 2013an musika jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek burutzeko diru-laguntzak emanez: Musika partituren edizio inprimatuak, Banakako musika-proiektuak, Musika-ekimen enpresarialak eta Musika programazioa. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, beren ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, beren finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.

1.– Agindu honen bitartez, 2013an musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak nola emango diren arautuko da.

2.– Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek kontenplatzen dira:

– I. kap.: Musika partituren edizio inprimatuak.

– II. kap.: Banakako musika-proiektuak.

– III. kap.: Musika-ekimen enpresarialak.

– IV. kap.: Musika programazioa.

3.– Modalitate honen bitartez, musika-ekoizpen profesionala sustatuko da. Aurkezten diren proiektuak, osoak edo partzialak, 2013ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra garatu behar dira eta data bi horien artean lagundutako obra edo jardueraren aurkezpen publikoren bat egitea aurreikusi behar dute. Musika programazioaren modalitateari dagokion epea 28.1 artikuluan zehaztu da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 416.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: a) Partituren edizioa: 28.000; b) Banakako musika-proiektuak: 85.000; c) Zabalkunde enpresa proiektuak: 168.000; d) Musika programazioa: 135.000.

2.– Eskabide kopuruagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik, modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramango da; dena den, hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.

3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak.

1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herriko artistak edo musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.

Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidegoa» formapean aurkeztutako eskabideak.

b) Jarduera ekonomikoen zergako musika jarduerako epigrafe batean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.

2.– Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste diru-laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

4.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

5.– Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2013an Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza izendunak jaso dituzten entitateek.

4. artikulua.– Proiektuen bideragarritasuna, lagun daitezkeen gastuak eta laguntzen muga orokorra.

1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.

2.– Deialdi honetako modalitate guztietan lagundu eta justifikatu beharreko gastuak soil-soilik ekintza zehatzei atxikitakoak izango dira, inbertsio gastuak eta BEZ-koei dagozkienak kanpo gelditzen direlarik. Pertsonal gastuei dagokienez, horiek kalkulatzeko erabilitako prozedura eta erreferentzia zehatzak erantsi beharko dira.

3.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

5. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

1.– Musika programazioaren modalitatean izan ezik, gainontzeko modalitateei dagozkien diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira, deialdi honen 10. eta 11. artikuluetan aurreikusten den bezala.

2.– Musika-programazioaren modalitatea puntuazioaren eta proportzionaltasun sistema objektibo baten bitartez esleituko da, agindu honetako V. kapituluan zehazten den bezala.

3.– Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko Zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu. Horretarako, pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.

6. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, era presentzialean, aurkeztu beharko dira, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

3.– Eskabide-orria, eskatzen diren formulario ereduekin batera, euskadi.net gunean eskura daiteke, agindu honetako 7.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Beharreko dokumentazioa eta aurkezteko modua.

1.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.1.– Eskabide-orria sinatuta.

1.2.– Eskatzaileari dagokion dokumentzioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Pertsona eskatzailearen nortasun egiaztatzea (NAN).

– Pertsona eskatzailearen erroldaren egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

b.1.– Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak: eskabidean ze errejistrotan dagoen inskribaturik azalduko dute.

b.2.– Beste Administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateak:

– Sortze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria,

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

– Legezko ordezkariaren nortasun (NAN) eta ordezkapen-maila egiaztatzea.

c) Pertsona fisiko nahiz juridikoentzako:

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria.

– «Minimis» dirulaguntzei buruzko aitorpena.

– Deiadi honetan laguntza bat jasotzen duen pertsonak, erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

1.3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

a) Musika partituren edizio inprimatuen, Banakako musika proiektuen eta Musika ekimen enpresarialen modalitateak:

– Proiektu orokorraren eta garatu beharreko jarduera zehatzen Oroitza.

– Hala badagokio, Egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.

– Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– Hala badagokio, artistaren edo musika taldearen datuak (baita, ikusentzunezko erreferentziak); 4.– Hala badagokio, Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 5.– Proiektuaren aurrekontua; 6.– Beste diru-laguntzen aitorpena.

b) Musika programazioaren modalitatea:

– Aretoaren deskribapena, ibilbidea eta «rider» teknikoa.

– Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea,

– Aretoaren erantzukizun zibileko asegurua.

– Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– 2012an aretoak programaturiko kontzertatuak; 4.– Proiektuaren aurrekontu orokorra; 5.– Beste diru-laguntzen aitorpena; 6.–Musika ekitaldi bakoitzari dagozkion aurreikuspenak (onuradunek formulario hau entregatu beharko dute, ekitaldi bakoitzaren data baino hogei egun lehenago gutxienez).

2.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.

Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Gainontzeko dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal bada.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Musika edo ikusentzunezko erreferentziak, web helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.

3.– Eskabide-orria eta formulario ereduak.

Eskabide- inprimakiak, eskaturiko formularioak baita modalitate bakoitzean eskabideak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

– Musika partituren edizio inprimatuak.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/musika_partiturak/eu/

– Banakako musika-proiektuak.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/musika_banakakoak/eu/

– Musika ekimen enpresariala.

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/musika_enpresarialak/eu/

– Musika programazioa.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/musika_programazioa/eu/

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi urteotan eta aurten, edozeinengatik, jasotako «minimis» motako diru-laguntzei buruzko adierazpena jakinaraztea.

– Egunean izatea indarrean dauden xedapenak ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arauz zehaztu den bezala.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

2.– Balorazio Batzordeetako burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da –edo horrek eskuordetutako pertsona– eta idazkaria Zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.

3.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

4.– Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Musika ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (1. Formularioan). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.

11. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

Lehiaketa modalitateetan, diru-laguntzak banatzeko erabiliko den prozedura ondorengoa izango da:

1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.

3.– Bukaerako diru-laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko eta 4.3 artikuluan eta modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.

1.– Agindu honetako 3.5 eta 4.3 artikuluetan adierazitakoa errespetatuz, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Deialdiko modalitateren batean diru-laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako diru-laguntzarik jaso, bateraezinak baitira. Aurreikuspen honek ez du eraginik izango Programaziorako modalitatean emandako dirulaguntzen modalitatearen bitartez kontrataturiko musika ekoizpenei dagokienez.

3.– Era berean, ezingo zaizkio pertsona eskatzaile berari batera eman Banakako musika-proiektuetarako diru-laguntzak eta Musika-ekimen enpresarialentzako diru-laguntzak).

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hilabeteko epean interesatu guztiei jakinaraziko zaie, agindu hau indarrean jartzen denetik. Gainera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen horren erreferentzia bat argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

14. artikulua.– Betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, onuradunak horren berri emango dio idatziz Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jasotzen denetik aurrera. Zuzendaritzak, bere aldetik, 15 egun balioduneko epea izango du, aldaketaren berri jasotzen duenetik, erantzuna emateko. Epe hori amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

e) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailaren diru-laguntza espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

15. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 65ekoa, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 14.a) artikuluan aipatutako epea igarota, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 35ekoa, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, beti ere 2014ko abenduaren 31a baino lehen, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

2.1.– Egindako jarduerei buruzko txostena eta ebaluazioa.

2.2.– Dagozkion ondorengo agiri edo materialak:

a) Zuzeneko musika ekoizpenak: alde desberdinetakoen arteko sinatutako kontratuaren kopia; programaturiko taldeen katxeei dagozkien fakturak edota, autoekoizpenen kasuan, kontzertua egin den espazioaren alokairuaren faktura.

b) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materialaren 2 ale gutxienez.

c) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material.

2.3.– Justifikazio ekonomikoa:

a) Egindako jardueraren gastu eta sarreren balantzeari buruzko zinpeko aitorpena.

b) Justifikatutako gastuen laburpena, kontzeptuka banatuta.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren egiaztagiriak, aurkeztutako aurrekontuaren araberakoak eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak. Agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo Kulturako lurralde zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntza aurkeztutako aurrekontuaren % 50 gainditzen ez duenean, nahikoa izango da emandako diru-laguntzaren zenbatekoari dagozkion gastuak justifikatzea. Dena den, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuz gero, onuradunek aurrekontu osoaren zenbatekoari dagozkion gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Musika programazioaren modalitateari dagokionez, onuradunek, parte hartzen duten taldeei eskuratutako odainsarien fakturak aurkeztu behar dituzte edozein kasutan.

2.4.– Onuradunak zerga-betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiriak.

2.5.– Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unean, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.

16. artikulua.– Hasierako ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

17. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).

II. KAPITULUA
MUSIKA PARTITUREN EDIZIO INPRIMATUAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK

18. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak.

1.– Modalitate honetan musika partituren edizio inprimatuak egiteko diru-laguntzak emango dira, zuzeneko emanaldien bidez zabalduak izateko.

2.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.

19. artikulua.– Laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako diru-laguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun bati ezingo zaio 10.000 euro baino gehiagoko kopurua eman.

20. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Argitalpen proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, ondare eta/edo arte aldetik proiektuak duen interesa (puntuazio orokorraren % 50).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: argitaratu beharreko objektua –egilea eta lana–; proiektua argitaratzeko plana eta zabalkunderako plana.

2.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2012 urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 30).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

III. KAPITULUA
BANAKAKO MUSIKA-PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

21. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

1.– 3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

2.– 22.1.1 artikuluan aipatzen diren jardueretarako, proiektuari dagokion musika taldeak hauetako irizpide bat, gutxienez, betetzen duela:

a) 2 disko gutxienez argitaratua izana eta lehenengoa, 2008 urtea baino lehen.

b) bere musika ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional egin izana.

3.– 22.1.2 artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2007. urtearen ondoren.

22. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen euskal musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatoan edo fonografikoan.

Diru-laguntza hauen ondorioetarako, hauek joko dira musika-ekoizpentzat: musika-konposizioa jendaurrean aurkezteko, aldez aurretik egin behar diren jarduera materialak eta entseguak.

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Modalitate honen barnean kontenplatzen diren aktibitateak etorkizunean garatzeko ikerketa edo formakuntza espezifikoa.

Jarduera hauei dagokienez, beharrezkoa izango da garatu nahi den musika-proiektuaren oinarriak aurkeztea.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

b) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.

c) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun batek ezingo du 10.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.

23. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Banakako musika proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, proiektuak duen interes orokorra (puntuazio orokorraren % 50).

Proiektu bakoitzaren Atal honetan proiektuaren ondorengo alde zehatzak kontuan hartuko dira:

– Balio musikal-artistikoa edota ondarezkoari dagokiona.

– Musika zabalkunde, formakuntza eta sentsibilizazioari dagozkien ekarpenak.

– Musika jarduera profesionalaren egungo panoramaren inguruko planteamenduak eta berrikuntza-maila.

– Garapen eta zabalkunde plana.

2.– Musika taldea edota proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbidea (puntuazio orokorraren % 25).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira:

– Ibilbidea, esperientzia eta proiekzio profesionala.

– Aldez aurretik eginiko disko, zuzeneko edo proiektu kopurua.

3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 15).

4.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

IV. KAPITULUA
MUSIKA-EKIMEN ENPRESARIALETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

24. artíkulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

a) Enpresa jarduera garatu izana 2010 urtea baino lehen, hauetako arloren batean:

– Ekoizpen fonografikoa.

– Zuzeneko musika ekoizpena edo ordezkaritza.

– Musika zabalkundea.

– Publikoen sentsibilizazioa.

b) Testuinguru horretan, jarduerak 2012. urtean zehar 4 euskal artistari edo talderi sustapen enpresariala eman izana.

25. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen Euskadiko musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatoan ala fonografikoan (ekoizpentzat 22.1.1 artikuluan aipatzen dena hartuko da aintzat).

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren jardueraren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Entitatea musika jarduera eta industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Izaera komertzial soila edo entitatearen katalogo historikoa ustiatzea helburu duten musika ekoizpenak.

b) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jarduerak edo materialen edizioa.

d) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du dirudiru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin (gehienez bost). Dena den, onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.

26. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Zabalpeneko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura-musika, ondare edo artearen ikuspuntuen aldetik, proiektuak duen interes orokorra baita bere garapen eta zabalkunderako plana ere (% 35).

2.– Eskatzailearen balorazioa, euskal musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2012 urtea erreferentzitzat hartuta (puntuazio orokorraren % 20).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) euskal musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Entitatearen ibilbidea eta gogoeta musika jardueraren egungo panoramaren aurrean (puntuazio orokorraren % 15).

Atal honetan honelakoak hartuko dira kontuan: entitatearen historiala; egungo proiektuen berrikuntza-maila; enpresaren bideragarritasunerako planteamenduak.

4.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

5.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

Atal honetan proiektuan sartutako ekintzak kontuan hartuko dira, baita entitatearen jarduera orokorra ere, 2012an eginiko musika ekoizpenak erreferentzia izanda.

V. KAPITULUA
MUSIKA PROGRAMAZIORAKO DIRU-LAGUNTZAK

27. artikulua.– Eskatzailearen betebehar espezifikoak.

Agindu honetako 3.1 artikuluan adierazitako betebeharrei kalterik egin gabe, honako baldintzak betetzen dituzten lokalaren titularrak direla edo zuzeneko musika programatzen duten musika-aretoen kudeatzaileak direla egiaztatu behar dute eskatzaileek:

a) Euskararen geografiaren eremuaren barruan kokatuta egotea.

b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea, bai eta erantzukizun zibileko aseguruak ere.

c) Gutxienez 120 lagunentzako edukiera legala izatea.

d) Musika programaziorako ekipamendu eta langile teknikoen multzo egonkorra izatea.

e) Ordain-sarrerako 25 musika-ekitaldi, gutxienez, programatu izana 2012. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak, amateurren kontzertuak eta ospakizun partikularrak.

28. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta aretoen konpromisoak.

1.– Modalitate honen helburua da 2013ko urriaren 1etik 2014ko apirilaren 30era bitartean egiten diren euskal musika-taldeen programazioak laguntzea.

2.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan programatzen diren taldeek hauetariko baldintza bat bete beharko dute: a) musikaren sortzailea edota beren kideen erdia Euskal Herrian helbidea izatea; b) beren ohiko errepertorioan euskara hizkuntza nagusia izatea.

3.– Laguntzen diren musika kontzertu edo ekitaldiek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Programan bi talde izatea: hasierakoa eta nagusia.

b) Sarreraren preziorik baxuena 6 euro izatea.

4.– Modalitate honen bitartez diru-laguntza jasotzen dutenek konpromiso hauek bereganatuko dituzte:

a) Hala badagokio, diruz-laguntzen zaizkion musika ekitaldi kopurua gutxienez antolatzea, Deialdi honetan xedatutako baldintzen arabera.

b) Agindu honetako 29.3 artikuluan adierazten diren erreferentzia finko eta erlatiboen arabera erabiltzea modalitate honen bidez jasotzen diren diru-laguntzak, hori guztia musika zirkuitu pribatuaren ohiko funtzionamendu, negoziazio eta finantzaketa bideak eragotzi gabe.

c) Lokal publiko eta kontzertu-antolatzaile gisa dagozkien obligazio guztiak betetzea.

d) «Zuzen-Zuzenean» goiburupean antolatzen den zabalkunde kanpainan parte hartzea.

29. artikulua.– Diruz lagundu beharreko ekitaldi kopurua, laguntza moduluak eta gastu kontzeptuak.

1.– 27. artikuluko baldintzak betetzen dituzten aretoek gutxienez bi eta seiren arteko musika ekitalditarako diru-laguntza jaso ahal izango dute, betiere 28. artikuluan azaldutako ezaugarrien arabera antolatuak. Aipaturiko gehienezko muga hori gainditu ahal izango da, deialdi honetan aurkezten diren eskabide kopuruaren eta behin betiko baliabide ekonomikoaren arabera.

2.– Areto bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren kalkuloa, bakoitzari dagokion gutxienezko ekitaldi kopuruaren eta ekitaldi bakoitzerako finkatzen den honako moduluen arabera:

(Ikus .PDF)

Dagoen dotazioaz ahalik eta gehien baliatzeko, aipaturiko kopuruak gora edo behera doitu ahal izango dira, gehienez % 10eko tarte baten barruan, eskabide kopuruaren arabera eta areto bakoitzak lorturiko puntuazioaren arabera.

3.– Diruz-lagundutako gastu kontzeptuak eta beren portzentaiak.

Jasotako diru-laguntza osotik aretoek gastu kontzeptu desberdinetara zuzendu beharreko portzentaiak ondorengoak izango dira:

(Ikus .PDF)

4.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan parte hartzen duen edozein talderen ordainsaria ez da inoiz 300 euro baino txikiagoa izango.

30. artikulua.– Balorazio irizpideak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

1.– Areto bakoitzean zenbat musika ekitaldi lagundu behar diren zehazteko, puntuazio-baremo bat erabiliko da, ondorengo erreferentzien arabera:

a) 2012. urtean egiaztatutako ordain-sarreradun programazioa:

a1) Musika programatzen den egunen kopurua: % 20.

a2) Programatzen diren musika taldeen kopurua: % 10.

a3) Programatzen diren euskal taldeen kopurua: % 30.

a4) Nagusiki euskarazko errepertorioa duten programatutako taldeen kopurua: % 20.

b) Aretoaren ezaugarri orokorrak eta teknikoak eta 2012an kontrataturiko pertsonal teknikoa :% 20.

Alde honetatik, aretoaren oinarriko ezaugarriak eta 2012an kontrataturiko pertsonal teknikoa kontuan hartuta, tarteen araberako aplikazio haztatua egingo da, proportzionalki.

2.– Areto bakoitzari diruz lagunduko zaizkion gutxienezko kontzertuen kopurua kalkulatzeko, eskuratzen den puntuazioaren tarteen araberako aplikazio haztatua egingo da, proportzionalki, betiere 29.1 artikuluan adierazitako erreferentziak gordeta.

31. artikulua.– Modalitate hau ebaztea eta kontzertuak sustatzea.

1.– Modalitate honen azken buruko ebazpenak eskatzaile bakoitzari emandako diru-kopuru orokor bat eta kopuru horrekin antolatu beharreko gutxienezko ekitaldi kopurua ere. Ebazpen hori 2013ko irailaren 10a baino lehen jakinaraziko zaie onuradunei.

2.– Programa espezifikoa gauzatu baino hogei egun lehenago, gutxienez, jakinarazi behar diote aretoek Sailari programa hori zertan datzan, bai eta deialdi honen esparruan programatu beharreko musika ekitaldi bakoitzaren baldintza zehatzak zein diren ere (horretarako, dagokion Formularioa erabiliz). Epe horretan jakin arazitako eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten ekitaldiak soilik, kontsideratuko ahalko dira diru-laguntzaren behin-betiko kitapenerako.

3.– Bai laguntzen zerrenda, bai azken buruko kontzertuak ‘Zuzen-Zuzenean’ goiburupean sustatuko dira, Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programaren esparruan.

Lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako 2.2 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, aurreko bi urteotan eta aurten, edozeinengatik, jasotako minimis motako diru-laguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1; 01010, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 12a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala