Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2887

AGINDUA, 2013ko ekainaren 14koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Ermuako udalerrian, 57 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

1.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Ermuako Udalak 2011ko urtarrilaren 12an Lankidetza hitzarmena sinatu zuten Ermuako Udalerrian Abeletxe eremuan erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokiak sustatzeko.

2.– Hitzarmen horretako laugarren klausulak ezartzen du Ermuako sustapenean interesa duen udalerri bakarra Ermua izango dela, eta gainera, Udalerri horretako gazteak izango direla lehentasunezko hartzaileak. Klausula berak ezartzen du eskatzaileak Ermuan egon beharko dutela errodaltuta, gutxienez 3 urte lehenago, prozedurari hasiera ematen dion Agindua argitaratzen denetik hasita.

3.– Hitzarmenean jasotzen dena betez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak zuzenean sustatu ditu 57 zuzkidura-bizitokiak eta beraien titular da. Bizitoki guztiak logela bakarrekoak dira, eta horietako bi, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala xedatuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoan.

2.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezartzen da, Lege horren 17. eta 81. artikuluetan aurreikusitako zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta beren erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

3.– Etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokiak arautzen ditu, eta honakoa ezartzen du: bizitokiak hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan. Bizitoki hauen truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari eta eskuratzeko baldintzei dagokienez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoak aplikatuko dira.

4.– Lehen eskualdatzeko zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko, bizikidetza-unitatea osatuko duten erabiltzailetako batek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, kasuan kasuko araudian ezarritako gutxieneko antzinatasuna duela, betiere Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

5.– Zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.

6.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia; betiere, amaituta egon behar du zergaldi horri dagokion aitorpena egiteko epeak, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitekoak.

7.– Lehenago aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenez, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, zuzkidura-bizitokien esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Baldintza hori betez gero, parte hartzea izango dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan, non eta hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ematen ez den.

Alokairu-araubidean egokitutako zuzkidura-bizitoki bat eskatzen duten mugikortasun mugatuko desgaituek aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan egindako esleitze-prozeduretan parte hartzeko.

8.– 2012ko urriaren 15eko Aginduko 27. artikuluak jasotzen du esleitzeko prozeduretan, bizikidetza-unitatearen premientzat egokitzat joko dela, kide eta logela kopuruen artean honako erlazio hau duena: logela bat gehienez bi kiderentzat. Sustapen honetako zuzkidura-bizitoki guztiak logela bakarrekoak direnez, kide bakarrez edo bi kidez osatutako bizikidetza unitateek lehentasuna izango dute.

9.– Agindu horretan bertan zehazten denez, prozeduran parte hartzea borondatezko izango da, eta prozedurari hasiera emateko aginduan finkatutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da. Halaber, prozeduran sartzen direnek beren bizikidetza-unitatearen premietarako egokia ez den zuzkidura-bizitoki bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, betiere horrek gainokupazioa eragiten ez badu. Egokitutako zuzkidura-bizitoki bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, era horretako zuzkidura-bizitokiak esleitu gabe geldituz gero.

Kasu horretan, epea 15 egun naturalekoa izango da.

10.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluari jarraituz, zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ermuako udalerrian Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko titulartasuneko 57 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari hasiera ematea. Udalerri hori Eibarko eremu funtzionalean dago.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena epe baterakoa izango da. Hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira, eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan. Erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-araubidean izena emanda daudenek, betiere hurrengo paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerrietako bat Ermua izan beharko da.

Bosgarrena.– Zuzkidura-bizitokiaren titular izango direnetako batek Ermuan erroldatuta egon beharko du, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den eguna baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

Seigarrena.– Udalerriko 30 urtetik beherako gazteak lehentasunezko hartzaileak izango dira sustapeneko esleipen prozeduran.

Zazpigarrena.– Egiaztatu beharko da 2011. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 39.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatua edo desgaitasun psikikoa izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.

Zortzigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Bizkaiko Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2013ko irailaren 30etik urriaren 14ra bitartean bitartean (biak barne).

Zuzkidura-bizitokiak esleitu gabe geratuko balira, Eibarko eskualde egiturako udalerriren batean erroldatutako pertsona edo bizikidetza unitateen artean esleituko dira. Pertsona edo bizikidetza unitate horiek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta esleipen prozeduran parte hartzeko interesa adierazi beharko dute. Horretarako, aipatutako modua eta epea baliatu beharko dituzte.

Bederatzigarrena.– Sustapeneko zuzkidura-bizitokietatik 2 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Zuzkidura-bizitoki horiek logela bakarrekoak dira. Zuzkidura-bizitokiok, hasiera batean, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Zuzkidura-bizitoki horiek hurrenkera honi jarraituz esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie; gero, bi makulu nahitaez erabili beharra duten pertsonei; eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Esleitu gabe geratzen diren zuzkidura-bizitoki egokituak, halakorik baldin bada, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsonarik ez duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako zuzkidura-bizitoki bat eskuratzeko interesa adierazia badute.

Hamargarrena.– Egokitu gabeko 55 zuzkidura-bizitokiak logela bakarrekoak direnez, kide bakarrez edo bi kidez osatutako bizikidetza unitateek lehentasuna izango dute.

Hamaikagarrena.– Esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira zuzkidura-bizitokiak 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluan jasotzen denaren arabera, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.

Hamabigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, zuzkidura-bizitoki esleipenak eta itxarote-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 14a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala