Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2013ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2712

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itun berriak sinatzeko eta 2013-2014 ikasturterako zenbat unitate itunduko diren zehazteko dei egiten duena.

Irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren bidez, hezkuntza-itunen erregelamendua onartu zen. Haren II. eta VI. kapituluetan ezarrita dago hezkuntza-itunak hitzartu eta berritzeko prozedura.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduak deia egin zuen 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako zenbat unitate itunduko diren zehazteko.

Agindu honen helburua da 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itun berriak izenpetzeko dei egitea, eta, orobat, ituntze-araubidea lehenengo aldiz baliatu nahi duten ikastetxeei 2013-2014 ikasturtea ituntzeko dei egitea.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak –2013ko ekitaldirako luzatuak– onartzeko abenduaren 23ko 6/2011 Legearen babesean izapidetu da.

Hori dela eta, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta hartzaileak.

2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak berriak sinatzeko deialdia egitea, eta, orobat, eta 2013-2014 ikasturterako zenbat unitate itunduko diren zehazteko, beherago zehaztutako irakaskuntzetarako Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako ikastetxeei dagokienez.

a) Haur Hezkuntza (2. zikloa).

b) Lehen Hezkuntza.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

d) Hezkuntza Berezia.

e) Hasierako Lanbide-Prestakuntzako programak.

f) Batxilergoa.

g) Lanbide Heziketako maila ertaineko heziketa-zikloak.

h) Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloak.

2. artikulua.– Baldintzak.

1.– Itundu beharreko unitate guztiak behar bezala baimenduak izan beharko dira indarrean den araudiari jarraikiz, eta hezkuntza-maila eta ikasturte bakoitzean itundu beharreko unitate-kopurua ezin izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak planifikatutako unitate-kopurua baino handiagoa izan.

2.– Itundu beharreko Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programak itundutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuek eman beharko dituzte.

3.– Lanbide Heziketako etapa duen ikastetxe bat ez da itunduko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordetzak onetsitako plangintzan barne ez dauden prestakuntza-zikloak irakasten baditu.

4.– Ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoaren arabera.

Laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, horien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, aplikatuta.

3. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak Zuzenean Zerbitzuaren Herritarren Arretarako Bulegoan bertaratuta aurkeztuko dira, helbide hauetan: Ramiro de Maeztu 10, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia 13, Donostia, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren 38.4 artikuluan aurreikusitako eretarikoren baten. Eskabideok posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian beharko dute, ziurtatu baino lehen, posta-langileek data jarri eta zigila ditzaten. Horrela egin ezean, aurkeztu den bulego publikoko sarrera-eguna hartuko da sarrera-eguntzat.

Eskabideak agindu honetan ezarritako eranskinen arabera bete beharko dira. Aipatu eranskinak euskadi.net-en helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

2.– Eranskin hauek aurkeztu beharko dira:

I.A. eranskina: 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako plangintzaren eskabide-orria.

I..B eranskina: 2013-2014 ikasturtean ituntzeko unitate-kopurua zehazteko eskabide-inprimakia.

II. eranskina: 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako itunaren plangintzaren inprimakiak.

III. eranskina: 2013-2014 ikasturtean ituntzeko unitate-kopurua zehazteko inprimakiak.

3.– Ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin:

Ondorengo inguruabarren bat edo guztiak ziurtatzen dituen memoria:

– Ikastetxeak beteriko benetako eskolatze-premiak.

– Ikastetxe horrek biltzen duen eskola-biztanleriaren gizarte eta ekonomi baldintzak, merezimendu bezala aurkezten bada.

– Hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak, ikastetxearen programazioan aurreikusita daudenean.

– Hala badagokio, jardute-araubidea kooperatiban.

– Eskaera egin duen ikastetxearen titularraren ordezkari arituko den pertsona kreditatzea, baldin eta halakorik badago.

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza-mailetarako eskaerak aurkezteko epea hamabost astegunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Gainontzeko hezkuntza-mailetarako eskaerak aurkezteko epea 2013ko irailaren 9an bukatuko da.

5. artikulua.– Lurraldeko Balorazio Batzordeak.

2012ko maiatzaren 16ko Aginduaren 5. artikuluan ezartzen diren batzordeek ebaluatuko dituzte ikastetxeek aurkezten dituzten eskabideak.

6. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa.

1.– Itundu beharreko itun berriak zehazteko, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako lehentasunezko irizpideei eta irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duenaren, 12.etik 15.era arteko artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideei lotuko zaizkie batzordeak.

2.– 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako estola-unitateei buruzko planifikazioa honelaxe egingo da: Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 12. artikuluan eta hurrengoetan eta 79. eta 80. artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideekin bat etorriaz eta ondo premia hauek kontuan hartuaz:

a) ikastetxea dagoen eskualdeko eskolatze-premiak eta alde horretan dauden eskaintza publikoa eta itunpeko ikastetxeena.

b) ikastetxeak azken lau ikasturteetan benetan bete dituen eskolatze-premiak.

c) Lanbide Heziketaren kasuan, horretaz gain, kontuan hartuko dira sektore ekonomiko batzuen eta besteen premiak.

Heziketa Zikloen eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako programen planifikazioa, ziklo edo profil bakoitzaren lehenengo mailetarako baino ez da egingo.

Hezkuntza Bereziaren kasuan, unitate egonkorrak eta Zereginen Ikaskuntzarako Gelak soilik planifikatuko dira.

3.– 2013-2014 ikasturtean itunduko diren unitateak zehazteko, honako irizpide hauek izango dira kontuan: Hezkuntza-itunei buruzko Arandia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 79., 80. eta 81. artikuluetan ezarritako irizpideak; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduan ezarritako irizpideak. Agindu hori: 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itun berriak sinatzeko eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko deialdia egiten duena. Irailaren 8ko aipatu aginduaren bitartez, Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen da.

7. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Balorazioko Lurralde Batzordeak batzartu eta aurkeztutako eskabideen ebaluazioa egin ondoren, lehendakariak Balorazio Batzorde Orokorrari helaraziko dio behin-behineko proposamena, eta ikastetxeei jakinarazpena egingo zaie, dagozkien unitateak eta mailak zehaztuaz, eta, kasua bada, ukapenaren arrazoiak azalduaz.

2.– Proposamen horren aurka ikastetxeek, jakinarazten den egunetik hasita hamar egun naturaleko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete.

3.– Alegazioak aztertzeko, ondoren aipatzen diren kideek osatuko duten Balorazio Batzorde Orokorra eratuko da:

– Lehendakaria: – Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea.

– Batzordekideak:

* Hezkuntza sailburuordea.

* Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordea.

* Lurralde Ordezkariak.

* Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.

– Idazkaria:

Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren Zerbitzuaren arduraduna.

4.– Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzorde Orokorrak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika Kulturako sailburuari. Proposamen horrek, deialdira aurkeztutako ikastetxe guztiak hartuko ditu barnean.

8. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Deialdia Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak ebatziko du, eta horretarako agindu bat emango du. Aginduan honakoak jasoko dira:

a) Agindu honetan ezartzen den aldirako itundutako ikastetxe pribatuak, hauek zehaztuta: etapa, heziketa-ziklo eta ikasturte bakoitzeko planifikaturiko hezkuntza-unitateen kopurua.

b) 2013-2014 ikasturtean itundu beharreko unitate kopurua, ikastetxe, etapa, heziketa-ziklo, hizkuntza-eredu, aplikatu beharreko modulua (osoa/partziala eta tartea, hala badagokio) eta diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera.

c) ituna ukatzen zaien ikastetxe pribatuak, ukapenerako arrazoiak adieraziaz.

2.– Deialdi honen ebazpena sei hilabeteko epean egingo da, agindu honetako 4. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita; nolanahi ere, 2013ko abenduaren 31 baino lehen egingo da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

3.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Aginduaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete ikastetxe interesdunek sailburu horren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. artikulua.– Itunaren aldaketa planifikatutako hezkuntza-unitate kopuruari dagokionez.

1.– Planifikatutako hezkuntza-unitateak gehitzeari dagokionez ituna aldatzeko, kontuan izan beharko dira honako irizpide hauek: Hezkuntza-itunen Araubide onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 79. eta 80. artikuluetan ezarritako irizpideak, eta agindu honetako 6. artikuluko 2.a) idatzi-zatian seinalatutakoak.

2.– Lanbide Heziketaren kasuan, planifikazioa aldatzea eskatu ahal izango da:

a) Heziketa-ziklo bat beste baten ordez aldatzean, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

I.– Maila bereko prestakuntza-zikloetan planifikatutako unitate kopurua handitzen ez denean eta,

II.– Lanbide-familia bereko prestakuntza-zikloei eragiten dien aldaketa denean.

Salbuespen gisa, alde batetik «Administrazioa» eta «Merkataritza eta Marketina» lanbide-familien arteko eta, beste alde batetik, «Ekoizpenerako Zerbitzuak eta Mantentzea» lanbide-familiaren eta «Elektrizitatea eta Elektronika» eta «Fabrikazio Mekanikoa» familien arteko aldaketak onartuko dira.

Plangintza-aldi honen hasieran, a) idatzi-zatian deskribatutako baldintza ez da aplikatuko, eta lanbide-familia eta maila desberdinei eragiten dien zikloen arteko aldaketa eska daiteke.

b) Lanbide Heziketako titulu berriak ezartzearen ondorioz, baldin eta plangintza handitzea eragiten ez badute, eta honela:

I.– LOGSEko zikloak ordezten dituzten LOE heziketa-zikloak: plangintzaren aldaketa automatikoa izango da eta zikloa alda daiteke eskabiderik egin gabe.

II.– LOGSEko ziklorik ordezten ez duten LOE heziketa-zikloak:

Eskainita dauden lanbide-familietan, planifikatuta dagoen maila eta lanbide-familia bereko beste ziklo baten ordez aldatzea eska daiteke.

Familia ez inplementatuetan, planifikatua izanik maila berekoa den beste prestakuntza-ziklo baten ordez eskatu ahal izango dira.

III.– Ordezkapenik ez duten LOGSEko heziketa-zikloak eta indargabetu egin direnak: maila bereko LOEko zikloak aldatzea eska daiteke, eta kasu bakoitzean dagoen kasuistikaren arabera aztertuko da.

Nolanahi ere, 2.a), 2.b.II eta 2.b.III idatzi-zatietan adierazitako plangintzaren aldaketak egiteko, Lanbide Heziketako Zuzendaritzak egindako aldeko txostena beharko da.

3.– Ikastetxe bat lekuz aldatzen denean, planifikazioa mantentzeko, kokapen berrian agindu honetako 6.2 artikuluaren a) eta c) irizpideak betetzen dituela egiaztatu beharko du.

4.– Ikastetxeek, halaber, planifikatutako unitate kopurua txikitzea eska dezakete, ikastetxearen osaera birdoitzeko.

10. artikulua.– Hurrengo ikasturteetan itundu beharreko unitate kopurua zehaztea.

2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan itunduko diren unitateak zehazteko, Kontuan hartuko dira honako hauek: Hezkuntza-itunen Araubide onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 79., 80. eta 81. artikuluetan ezarritako irizpideak; eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduko IV. eranskinean ezarritako irizpideak eta ratioak. Agindu horren bitartez, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko dei egiten da. Irailaren 8ko aipatu aginduaren bidez, Hezkuntza Itunen Araudia onartzen da.

11. artikulua.– Hurrengo ikasturteetan itunduko diren unitate kopuruan zehazteko eta planifikazioa aldatzeko eskabideak aurkeztea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero argitaratuko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bat; eta agindu horretan egutegiak eta eskabide-orriak zehaztuko dira. Itunduko diren unitate-kopurua zehazteko eskabidea delako urtean hasten denari buruzko izango da; eta planifikazioa aldatzeari buruzko eskabidea hurrengo ikasturteei buruzko izango da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hartarako ezartzen dun formatuan izapidetu beharko dira eskabideak.

12. artikulua.– Hezkuntza-itunak formalizatzea.

Agindu honetan oinarriturik sinatutako edo berritutako hezkuntza-itunak jarraian zehazten diren arauetan ezarritako prozedura eta epeekin bat formalizatuko dira: Hezkuntza-itunen Araubide onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 29., 30. eta 31. artikuluetan ezarritako prozedurak eta epeak; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduko V. eranskinean jasotako prozedura. Agindu horren bitartez, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko dei egiten da. Irailaren 8ko aipatu aginduaren bidez, Hezkuntza Itunen Araudia onartzen da.

13. artikulua.– Hezkuntza-itunak ordaintzea.

1.– Agindu honen bitartez arautzen diren diru-laguntzen ordainketa aurretiaz egingo da, lauhilekoka, urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren, –ordainketa eskuordetua arautzen duenaren– arabera, ordainketa mota horrek eragina duen etapetan.

2.– Diru-laguntzak ordaintzeko, ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoaren arabera.

3.– Laguntzen ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, horien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuta.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Onuradunak diru-laguntzaren baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu jasotako diru-zenbatekoak eta legez dagozkien interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak diru-laguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorraren arabera. Dekretu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ofizio bidezko aldaketa.

Plangintzaren aldaketa eta ituna ofizioz proposa dezake Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez ebazteko, dagokion espedientea bideratuta, ikasleak eskolatzeko premiak sortzen badira eta aldaketa hori egitea beharrezkoa bada. Espedientean, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza sailburuordetzen plangintza-txostenak sartuko dira, hala badagokio, eta eraginpeko ikastetxeari entzunaldian entzungo zaio.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Helegiteak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 29a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala