Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2013ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2640

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 29koa, Industriako sailburuordearena, Elkartzen Programako laguntzak 2013ko ekitaldian emateko deialdia argitaratzeko dena. Laguntza horiek, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen dizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, Elkartzen Programaren barruan kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduak Elkartzen Programa arautzen du (2005eko apirilaren 20ko EHAA, 74. zk.) –agindu hori Industria, Berrikuntza, merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez aldatu da (2012ko ekainaren 22ko EHAA, 122. zk.)–. Elkartzen Programaren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira.

Aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera eta hor ezarritako ahalmenei jarraituz, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia egitea.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkartzen Programako laguntzak 2013ko ekitaldian emateko deialdia egitea. Elkartzen Programaren bidez, laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo-sustapeneko jarduerak egiteko. Programa hori, bestalde, Industria Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduaren bidez arautu zen –agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez aldatu da–.

Xede horretarako, guztira, 1.500.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan eta gai horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontu-baliabideen arabera, betiere laguntza-programa horiei buruzko ebazpenak hartu baino lehen. Halakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da. Halaber, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) Elkartzen Programa hau finantzatzen lagundu du, 2007-2013 eperako.

2. artikulua.– Betekizunak.

Elkartzen Programaren laguntzak –alegia, kanpo sustapeneko jarduerak egiteko, irabazi-asmorik gabeko erakundeei ematen zaizkien laguntzak– eskuratzeko, programa hori arautzen duen aginduaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte eskatzaileek.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidea egiteko eredu normalizatua Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean bertan eskuratu ahal izango da, baita sail horrek Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen lurralde-bulegoetan edo interneteko helbide honetan ere: www.ej-gv.net

2.– Eskatzaileek leku hauetan aurkez ditzakete eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean; sail horrek lurralde historiko guztietan dituen lurralde-ordezkaritzetan; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Jurídiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2013ko uztailaren 15ean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Honako deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuari, hilabeteko apean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 29a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.


Azterketa dokumentala