Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2013ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2639

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 29koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinen bidez Behatoki Estrategiko Sektorialei laguntzak emateko 2013ko ekitaldiko deialdia jakitera ematen baita.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko otsailaren 1eko Aginduaren bidez (2012ko otsailaren 8ko EHAA, 28. zk.), Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzak arautu ziren.

Hortaz, Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzak arautzen dituen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko otsailaren 1eko Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, bertan ezartzen diren laguntzetarako 2013ko deialdia egin behar da, eta horretarako beharrezkoak diren arauak eman behar dira.

Azaldutako guztiagatik, eta aipatu aginduaren 9. artikuluan xedatutako ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzetarako 2013ko deialdia egitea, laguntzak arautzen dituen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko otsailaren 1eko Aginduan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Helburu hori betetzearren, guztira, 130.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan, arlo horretarako 2013ko ekitaldian ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Deialdi honi lotuta, guztira emango diren diru-laguntzen zenbatekoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-zenbatekotik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, hura eguneratzetik sortutako diru-zenbatekotik gorakoa; eguneratzerik gertatuz gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak horren berri emango du ebazpen bidez.

3. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Eskatzaileek, baldin eta Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzei buruzko Aginduan ezarritako laguntzak jaso nahi badituzte, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Horretaz gainera, eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako edozein eratan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2013ko uztailaren 8an bukatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 29a.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala