Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2013ko maiatzaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2311

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 8koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan –Lanbideren Administrazio Kontseiluaren 2013ko apirilaren 22ko bileran onartuan– aurreikusitako laguntzen 2013. urteko deialdia argitaratzen duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko aren apirilak 22ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia onartu du, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabakia argitaratzea.

Adierazitako guztiarengatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan –Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2013ko apirilaren 22ko bilkuran onartuan– aurreikusitako laguntzen 2013. urteko deialdia argitaratzea, ebazpen honen eranskin gisa.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 8a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZAKO SAILBURUAREN 2009ko MAIATZAREN 4ko AGINDUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZEN 2013. URTEKO DEIALDIA

2009ko maiatzaren 4ko Aginduak –2009ko maiatzaren 26ko 98. zenbakiko EHAAn argitaratutakoak– laneratze-enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen ditu; Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Sailak abiarazi zituen arestian aipatutako laguntza horiek, mota horretako enpresei beren ezaugarrietara eta premietara egokitutako laguntza-formulak eskaintzeko. Horien barruan diru-laguntzak aurreikusten dira, laneratzeko enpresak sortzen dituzten erakunde sustatzaileentzat eta laneratzeko enpresentzat, iraun ahal izateko.

Azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuko 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartu zen dekretu horren bitartez), Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da.

Horrela, 2009ko maiatzaren 4ko Agindu horren 17. artikuluan esanbidez ezartzen da urtean behin egingo dela bertan aurreikusitako laguntza-lineen deialdia, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak dagokion aurrekontu-esleipena eta eskaerak aurkezteko epea jasoko dituela. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraiki, enplegurako eta gizarteratzea sustatzeko politikaren eginkizunak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio gaur egun.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarriz gero, Lanbidek hartu du bere gain Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, baita ordura arte Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila garatzen ari zen enpleguko politika aktiboen esparruko eginkizunak kudeatzekoa ere, eta eginkizun horietako bat da 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntza-programa kudeatzea.

Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 3. artikuluko b) idatz-zatian xedatutakoaren arabera, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta enpresak sortzeko programetan dagokion diru-laguntzen deialdiak onartzea biltzen da, eta funtzio hori erakunde autonomoaren Administrazio Kontseiluari dagokio, Lanbideren Estatutuen 7. artikuluko f) idatz-zatian aurreikusten denez.

2009ko maiatzaren 4ko Aginduak arautzen ditu, batetik, aktibo finkoetan eta merkatu-azterlanetan inbertitzea finantzatzeko diru-laguntzak, eta, bestetik, laneratzeko enpresetan lanpostuak sortu eta mantentzearekin zerikusi zuzena duten diru-laguntzak. Enpresa horietan laneratzeko prozesuan dauden pertsonentzako eta pertsona horiei laguntzen dieten teknikarientzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko laguntza ekonomikoa ziurtatzen dute aurtengo laguntzek.

Halaber, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu izanaren ondorioz, publikotasuneko eta segurtasun juridikoko printzipioak errespetatzearren, laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazio jakin batzuk ematea komeni da 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat ez datozen diru-laguntzak emateko prozedurari eta horiek bete beharreko baldintzei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren proposamenari jarraiki, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2013an egindako bilkuran, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak 2009ko maiatzaren 4an aurreikusitako laguntzen deialdia onartu du (horren arabera, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautu dira), honako oinarri hauei jarraiki:

Lehenengoa.– Eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza horiek eskatzeko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da zenbatzen, eta 2013ko ekainaren 17ra arte luzatuko da.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi horren xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 8.024.064,71 euro izango dira guztira; zehazki, 1.630.681,86 euro 2013ko ordainketa-kredituari dagozkio, 2.667.119,93 euro, berriz, 2014ko konpromiso-kredituari, beste 2.667.119,93 euro, aldiz, 2015eko konpromiso-kredituari, eta beste 1.059.142,99 euro, azkenik, 2016eko konpromiso-kredituari, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokion 41. sekzioko 3211 – Enplegu programaren kargura.

2009ko maiatzaren 26ko 98. EHAAn argitaratutako 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako diru-laguntza lineak estaltzera esleituko dira baliabide ekonomiko horiek, Aginduaren II. Kapituluko 7. artikuluan eta 11. artikuluko a) idatz-zatian jasotako lineak izan ezik.

2013ko ekitaldian esleitu beharreko laguntzen bolumen osoak ezin izango du kopuru hori gainditu, ezta, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortuko den zenbatekoa ere, eta dagokion moduan jakinaraziko da zirkunstantzia hori. 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan araututako laguntzak estaltzeko baliabide ekonomikoei buruzko gainerako aurreikuspenak Agindu horren 23. artikuluan jasota daude.

Hirugarrena.– Diru-laguntzetarako aukera izateko eta esleitzeko baldintzak.

Aipatutako laguntzetarako aukera izateko eta horiek esleitzeko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoak izango dira.

Laugarrena.– Laguntzen prozedura, izapidetzea eta ebazpena, eta onuradunen betebeharrak.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzen kudeaketa bere gain hartzeak ondorioak ditu 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan bildutako araudian honako alderdi hauei dagokienez:

1.– Diru-laguntzak lortzeko eskaerak aurkezteko, eredu ofiziala beteko da, http://www.lanbide.net webgunean, Lanbideren Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi 1, Vitoria-Gasteiz. PK: 01009) eta Lanbideren Lurraldeko Enplegu Bulegoetan eskuragarri dagoena.

Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

2.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskaerak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3. artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraikiz.

4.– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik.

5.– Erakunde onuradunek nahitaez eman beharko dute diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen dituzten gorabeheren berri Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta erakunde autonomo horri lagundu beharko diote, jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jasotzen dutela adierazi beharko dute esanbidez erakunde onuradunek, diru-laguntza jasotzen duten eta horien dibulgazioa, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea dakarten jarduera guztietan.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana