Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2013ko maiatzaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2306

203/2013 DEKRETUA, apirilaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo-enpresen Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko Dekretua bigarrenez aldatzeari buruzkoa.

Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legeak Turismo-enpresen Erregistroa arautu zuen, II. tituluaren I. kapituluan. Bertan, erregistro horren administrazio-izaera eta publikotasuna ezartzen ziren.

Lege horretan bereizketa egiten zen turismo arloko enpresen eta establezimenduen inskripzioaren eta beste jarduera batzuen inskripzioaren artean. Beste jarduera horiek arautegiaren arabera Euskadiko turismo-eskaintzaren barruan sartzeko modukotzat jotzen dira, eskaintzen dituzten zerbitzuak, establezimenduak edo bestelakoak turismorako interesgarriak direlako.

Lege sektorialaren 10. artikuluan aurreikusitakoa garatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresa eta Establezimenduen Erregistroa sortzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretua onartu zen. Dekretu horrek, irailaren 26ko 178/2006 Dekretuak aldatu zuenak, bi inskripzio-motak arautzen ditu.

Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua EAEn transposizioa egiteko (2006/123/EE Arteztaraua: barneko merkatuaren zerbitzuei buruzkoa, Bolkestein arteztaraua ere deitua), martxoaren 16ko 6/1994 Legea aldatu zen, erantzukizunpeko aitorpenaren araubidea sartuz, administrazio-baimenaren araubidearen partez. Gainera, aldaketak sartu ziren turismo-enpresen erregistroaren edukian, zeren eta 10. artikuluak ez baitu bereizketarik egiten turismoko enpresen eta establezimenduen inskripzioaren eta interes turistikoa duten ekintzen eta zerbitzuen inskripzioaren artean, bigarren talde hori desagertzen baita. Bestalde, lehenengo taldeari dagokionez, inskripzioak ez ditu barnean jartzen turismoko enpresa guztiak, baizik eta zehazten direnak bakarrik, eta jatetxeak baztertu egiten ditu, aipatu gabe utzita.

Dekretu honen helburua Turismo-enpresen Erregistroari buruzko II. tituluaren I. kapituluan ezarritakoa garatzea da, irailaren 2ko 199/2003 Dekretua Lege sektorialean ezarritakoari egokituz, lege horretan azken aldaketa egin ondoren.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Industria, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 16an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa sortzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren izena aldatzea. Izen hau izango du hemendik aurrera:

«EAEko Turismo-enpresen Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko dekretua.»

Bigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 1. artikulua aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 10. artikuluan ezarritakoa garatzearren.»

Hirugarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 2. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«2.– Erregistroan ofizioz inskribatuko dira turismo-ostatuak, bidaia-agentziak eta turismo-enpresak, martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 37. artikuluan aipatzen direnen osagarriak direnak, bai eta beren turismo-establezimenduak ere.»

Laugarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 2. artikuluaren 3., 4., 5. eta 6. paragrafoak kentzen dira.

Bosgarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 4. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«1.– Erregistroa turismo-arloan eskumena duen organoari atxikita dago. Aipatutako organo horrek, bere lurralde-ordezkaritzen bitartez, modu deszentralizatuan kudeatuko du erregistroa.

Erregistroak administrazio-izaera eta publikotasuna izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoan turismo arloko enpresen eta jardueren zentsua izateko balio izango du, hain zuzen ere martxoaren 16ko 6/1994 Legearen xedapenak betez inskriba daitezkeen enpresa eta jarduerena.

Turismo-arloan eskumena duen Saileko lurralde-ordezkaritzetan egin behar da inskripzioa, izena eman nahi duen turismo-enpresa edo -establezimendua zein lurralde historikotan, hor dagoen lurralde-bulegoan.

Turismo-arloan eskumena duen Saileko lurralde-ordezkariak, bakoitzari dagokion lurralde historikoan, horrexek izango du, beste betekizun batzuen artean, dagokion lurraldeko turismo-enpresen erregistroaz arduratzeko betekizuna, betiere, dekretu honen arabera eta turismo-arloan eskumena duen organoak ezarritako irizpideei jarraituz.»

Seigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 5. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

"1.– Inskripzioa ofizioz egingo da, zabalkunde egokia izango duela bermatze aldera eta erantzukizuneko adierazpena betez, eta, behar izanez gero, titularrak Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan aurkeztutako agiriei jarraikiz.

Zazpigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa sortzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 6. artikulua aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«6. artikulua.– Erregistroaren osaera eta edukia.

1.– Turismoko enpresen Erregistro informatizatuan honako datu hauek jasoko dira:

a) Turismo-establezimenduari buruzko identifikazio-datuak (gutxienez, izena, identifikazio-zenbakia, herria, helbidea, telefonoa, faxa, helbide elektronikoa eta web-orria).

b) Turismo-enpresaren izendapena edo sozietatearen izena, kudeatzailearena eta legezko ordezkariarena, eta aipatutako pertsona horien sexua.

c) Arloan jardun izanaren eta sailkapenaren erantzukizuneko adierazpena; sailkapena: taldea, klasea, modalitatea eta espezializazioa. Edo, behar izanez gero, adierazi behar da jarduera jakin baterako dedikazioa, data, establezimenduko plaza-kopurua eta ostatu-unitate moten banaketa.

d) Sailkapenean egindako aldaketak.

e) Emandako zerbitzuak.

f) Establezimenduaren itxiera edo jardueraren etena.»

Zortzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 7. artikulua aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«7. artikulua.– Erregistroaren egitura.

Turismo-enpresen Erregistroa atal hauetan sailkatuta egongo da:

1. atala.– Hotelak, hotel-apartamentuak eta pentsioak.

2. atala.– Hotelez besteko turismo-ostatuak, alegia, kanpinak, kanpaldirako eremu naturalak, autokarabana eta igarotzako karabanen eremu bereziak, herrietako etxeak, nekazaritza-turismoa, turismoko apartamenduak, turismoko aterpetxeak eta beste modalitate batzuk.

3. atala.– Bidaia-agentziak, baldin eta handizkariak, txikizkariak eta handizkari-txikizkariak badira.

4. atala.– Turismo-enpresa osagarriak, hau da, turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 7. eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera halakotzat jotzen direnak.»

Bederatzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa sortzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 8. artikulua aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«8. artikulua.– Prozedura.

Dekretu honetako xedapenak betez inskriba daitezkeen turismoko enpresak eta establezimenduak ofizioz inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo-enpresen Erregistroan, erantzukizuneko adierazpena aurkeztu ondoren eta bertan adierazitako datuak kontuan hartuta.»

Hamargarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 10. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«1.– Inskripzioan jasotako datuetan aldaketarik edo moldaketarik gertatuz gero, nahitaez horren berri jakinarazi beharko zaio dagokion lurralde-ordezkaritzari, eta beharrezko diren agiri guztiak aurkeztu beharko dira; horretarako, hilabete bateko epea egongo da, aldaketa (ez oso nabarmena) gertatu denetik hasita. Aldaketak oso nabarmenak izanez gero, aldatutako elementuetan trafiko turistikoa berriro hasi aurretik jakinarazi beharko da horien berri.»

Hamaikagarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren 11. artikulua aldatzea. Idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«11. artikulua.– Deuseztapenak.

Egindako inskripzioak bertan behera utzi edo horiei baja emateko, dagokion jarduera eten beharko da, establezimendua ixteko zehapen osagarria jaso edo jarduera behin betiko gelditzea erabakitzen duen ebazpen arrazoitua eman. Ebazpen horretan, martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 8.3 artikuluan ezarritako kasuren bat izan behar da tartean. Bertan behera uzte edo baja emate horiek zergatik eta noiz gertatu ziren adierazita egingo dira.»

Hamabigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuaren Xedapen Gehigarria aldatzea. Xedapen Gehigarriak idazkera hau izango du hemendik aurrera:

«XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresen erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko irailaren 2ko 199/2003 Dekretuan, "titularra" eta "lurralde-bulegoko burua" direlakoei "titular" eta "lurralde-ordezkari" deituko zaie.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala