Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2013ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2134

EBAZPENA, 2013ko apirilaren 5ekoa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Kabiezeseko behin-behineko azpiestazioan elektrizitate-hargunea eraikitzeko Proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu, eta titularrei ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldirako deia egiten diena.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez, Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Kabiezeseko behin-behineko azpiestazioan elektrizitate-hargunea eraikitzeko Proiektua onartu zen.

Proiektuaren helburua: behin betiko azpiestazioa egin aurretik, kotxetegi berriak eta trenbidearen luzapena eraikitzen diren bitartean behin-behineko trakzio-azpiestazio bat eraikitzeko proiektua garatzea.

Lursailak eskuratzeko eta erasandako ondasunak eta eskubideak kudeatzeko, horien identifikazio zehatza dakar proiektuak, zerrendak eta lursailen planoak jasota.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2013ko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bidez, proiektu hau burutzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen prozedura hastea erabaki zen, eta Desjabetzeen eranskineko zerrenda jendaurrean jarri zen, interesdunei jakinarazi egin zitzaien eta honako hedabideetan argitaratu zen: 2012ko abenduaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (233. zk.); 2012ko abenduaren 3ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (231. zk.), 2013ko urtarrilaren 31ko «El Correo» egunkarian eta Bilboko Udaleko iragarki-oholean, 2012ko abenduaren 3tik 21era bitartean.

Izapide horretan alegazioak aurkeztu dira, eta horietako batzuk kontuan hartu dira akatsak zuzentzeko.

Organo honek eskumena du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko trenbide-azpiegituretako obrak burutzeko nahitaezko desjabetze-prozedurako izapideak egiteko eta ebazpena emateko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 15.h) artikuluan xedatutakoaren arabera. Dekretu hori azaroaren 30eko 328/2010 Dekretuak aldatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1g) artikuluari dagokionez, sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzen duenak. Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, halaber, Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak aldatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua aldatzen duenak.

Aplikatu beharreko sektore-legeriak onura publikokotzat eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzen ditu, hain zuzen ere, ofizialki onartutako trenbide-lineak ezartzeko edo zabaltzeko proiektuetan identifikaturiko erasandako ondasunak (Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikulua). Legezko deklarazio horrek ahalmena ematen dio Administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutako prozedurara jotzeko, eta, hortaz, erasandako lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; hori egin baino lehen, hala ere, aktak idatzi beharko dira, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztuta, titularrak identifikatuta eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasota, eta ordaindu edo kontsignatu egin beharko da perituak ezarritako zenbatekoa, okupatu aurretiko gordailu gisa zehaztu duena; eta, bidezko bada, okupatzeko urgentziak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko da.

Horiek horrela, egindakoa ikusita eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta lege horren Erregelamenduko 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta horiekin bat datozen eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenei jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Hiri Trenbidearen 2. lineako Kabiezeseko behin-behineko azpiestazioan elektrizitate-hargunea eraikitzeko Proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta ondasun-eskubideok okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan azaltzen diren jabedunei dei egitea, bertan zehazturiko egun-orduetan ager daitezen Ortuella, Portugalete eta Santurtziko udaletxeetara, proiektuak erasandako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egin eta, bidezkoa bada, haiek formalki okupatu ahal izateko. Beharrezkoa izanez gero, eta doakionak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara eraginpekoek zuzenean edo haien izenean jokatzeko behar bezalako baimena duten ordezkoek joan beharko dute, eta titular direla egiaztatzen duten agiriak –eskritura publikoak, edo Jabetza Erregistroaren ziurtagiriak edo informazio-oharrak, eta abar) eta euren eskubideak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Nahi izanez gero, beren kontura eraman ahal izango dituzte perituak eta notarioa.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aldez aurreko akta egiteko egunera arte. Horretarako, idatziz jo beharko dute Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzara, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (Lakua 1).

Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio Azpiegituraren zuzendariari edo Lurralde Plangintzaren eta Uren sailburuordeari, Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

Eta horrela jakinarazten da jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 5a.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala