Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2013ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2127

AGINDUA, 2013ko apirilaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egiten diena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuari buruzkoan, 6. artikuluan esaten denez, euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea; eta autonomia erkidegoko erakunde komunek, autonomia-erkidegoaren baitako aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanda, bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizial izatea arautuz. Eta horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa Euskararen Erabilera Arauzkotzezko 10/1982 Oinarrizko Legea izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko eremu giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskainiz. Oinarrizko Lege honen 26. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko aginteek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko dituzte gizarte-bizitzako alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko.

10/1982 Legea geroko beste mugarri garrantzitsu batzuk bideratu zituen oinarrizko araua izan zen, horien artean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, 1999. urteko abenduaren 10ean Eusko Legebiltzarrak onetsitakoa. Plan honen helburu garrantzitsuena euskaraz bizi nahi dutenei euskaraz bizi ahal izateko aukera eskaintzeko hizkuntza-politikako neurriak zehaztea eta sustatzea da. Azken batean, euskararen aldeko ekintzak indartzea da planaren xedea, Euskadin euskara erabiltzea guztiz normala izan dadin, bai eremu pertsonalean, bai gizarte-eremuan eta baita eremu ofizialean ere. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ezarritako esparru estrategikoetako bat lan-arloa da.

Horiek horrela, eremu horretan aurrera eraman beharreko jarduerak batu eta integratzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2006. urtean LanHitz programa abiarazi zuen. Programa horretan jasotzen da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa enpresetako euskararen erabileraren neurria ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistema sortzeko, gaur egun enpresen munduan erabiltzen diren kalitate- eta berrikuntza-parametroak oinarri hartuta. Hori guztia aurrera eramateko, proiektuaren ezaugarri teknikoei erreparatuta, kontuan izan zen EUSKALITek, Bikaintasunerako Euskal Fundazioak, EFQM bikaintasunaren eredu europarra EAEn trakzionatzen duen esperientzia, erreferentzialtasuna eta izaera berariazkoa (EFQMko Regional Partner Organisation), eta 2006an nahiz 2007an hitzarmen bidez burututako lanari esker, Bikain ebaluazio-prozesua osatzen duten alderdi tekniko eta operatibo guztiak zehaztu, landu eta proba-aldian jarri ziren, beren egokitasuna eta egingarritasuna egiaztatzeko.

Aurrekoak horrela, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortu zuen Kulturako sailburuak, 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez. Horren bitartez, enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera arian-arian normalizatzearen ikuspegitik aurrera eramandako hizkuntza-kudeaketa ebaluatu eta egiaztatzeko sistema nola garatuko den xehatu zen; horren kudeaketarako organoak zehaztu ziren; egiaztapen-ziurtagiria eskuratzeko baldintzak finkatu ziren.

Horren harira, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta EUSKALITen koordinaziopean, 2008ko urtean aurreneko aldiz hogeita hamar enpresa ebaluatu ziren Agindu horretan zehaztutako prozedurari jarraiki. 2009an berriz, 53/2009 Dekretua jarri zen indarrean, 2009ko martxoaren 3koa, Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituena. Dekretu honek Indargabetzeko Xedapen baten bitartez indargabe utzi du 2008ko martxoaren 5eko Agindua, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortzen zuena.

53/2009 Dekretuko 7.1. artikuluak dioenez, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria establezimendu edo enpresaren titularrak(ek) eskatu beharko du(te), ezarritako prozedurari jarraikiz. Prozedura hori hizkuntza-politikaren arloan eskuduna den sailak ezarriko du dagokion deialdi publikoaren bidez.

Aurrekoari dagokionean, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 10. artikuluaren c) azpiatalean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitekoen artean Hizkuntza-politika dator.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Agindu honen xedea Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautzea da, eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria 2013an eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzua eskatu nahi duten erakundeei dei egitea izena eman dezaten.

2. artikulua.– Nori zuzendua.

1.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzu hau eskatu ahal izango dute entitate publiko eta pribatuek, negozio-unitateek eta entitate handietako lan-zentroek, baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badute.

2.– Ebaluatzea eskatzen den egoitza administrazio-emakida baten menpe badago, jabearen nahiz kudeatzailearen adostasunez egingo da ebaluazio-eskaera, eta halaxe jakinaraziko dute alde biek sinatutako agirian.

3.– Deialdi honetatik at geratzen dira lantoki fisikorik ez duten erakundeak. Kanpo geratzen dira, halaber, bi langile edo hortik gorako plantillarik ez duten pertsona juridiko nahiz fisikoak.

4.– Deialdi honetatik at geratzen dira, era berean, Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria 2011n eta 2012an eskuratua duten erakundeak.

5.– Aurtengo ekitaldian 30 izango dira, gehienez ere, Bikain kanpo-ebaluazioaren zerbitzuaz baliatu ahal izango diren erakundeak.

3. artikulua.– Deialdian parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzak.

1.– Beharrezko lege-nortasunez horniturik egon eta, aldi berean, dagokion erroldan izen emanak izatea. Erakundearen lege-ordezkariak izendatu beharko du eskabidean, bigarren eranskinean hain zuzen ere, zein(tzuk) d(ir)en ebaluatzea eskatzen diren guneak (negozio-unitateak edota lan-zentroak adibidez). Bigarren eranskin horretan izendatu ez den gunerik, ez da ebaluatuko.

2.– Ebaluazio-prozesu honetara ezin izango dira aurkeztu: diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe dauden eskatzaileak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zigortuak ere, beti ere zehapenean finkatutako epe-barrutian.

3.– Egunean izan beharko dute zerga-ordainketa.

4.– Egunean izan beharko du Gizarte Segurantzaren ordainketa.

4. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Honako ebaluazio-prozesu honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio, edota, hura ezean, 20/2012 Dekretuaren eraginez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailerako aurreikusten den egitura organikoaren dekretua indarrean jartzearen ondorioz alor honetan eskudun izendatuko duen organoari.

5. artikulua.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileek agindu honi lotutako eskaera-orria bete beharko dute, legezko ordezkariak sinatuta eta enpresaren zigiluarekin (1.A eranskina).

2.– Aurreko horrez gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Entitateari buruzko dokumentazioa:

a.1) Administrazio honetako Erregistroan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak.

Administrazio honetako Erregistroan izen emanda ez badaude, honako agiri hauek: eratze-eskrituraren kopia, entitateko estatutuen kopia eta dagokion erregistro publikoan izen emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

Erregistratzera beharturik ez dauden entitateen kasuan, sortzeko behar izan dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

a.2) Entitate horren legezko ordezkariari dagokionez, bere NAren fotokopia eta lege-ahalmena duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

a.3) IFZren fotokopia.

a.4) Dagozkion zerga-ordainketetan egunean daudelako ziurtagiri eguneratua, lekuan lekuko Foru Aldundiak edo Ogasun Publikoak sinatua, eta gehienez ere eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagokoa.

a.5) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dituela adierazten duen ziurtagiri eguneratua, eta gehienez ere eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagokoa.

b) Artikulu honetako a.1), a.2) eta a.3) agirien ordez, 1.B eranskina (Dokumentazioaren ordezko aitorpena) aurkeztu ahal izango da, baldin eta agiriok administrazio honetan aurkeztuak izan badira, indarrean jarraitzen badute eta 5 urte igaro ez badira.

c) Ebaluazio-guneari (edota negozio-unitateari nahiz lan-zentroari) eta harremanetarako izendatzen den solaskideari buruzko datuak (2. eranskina).

d) Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketari dagokionez, garapen-mailari buruzko informazioa (3. eranskina).

e) Halaber, erakunde horretan ahalmen exekutibo gorena duen karguak edo organoak izenpetutako agiria, kanpo-ebaluazioaren eskaria berretsi, erakunde horretako pertsonak jakitun jarri eta Bikaineko kudeatzaileek emango dizkioten jarraibideak betetzeko konpromisoa azaltzen duena (4. eranskina).

f) Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako eskaria egoki baloratzeko. Halaber, zuzendaritza honek eskumena izango du informazio osagarria eskuratzeko erakundeak euskara-planak egiteko dirulaguntzak jasotzearren zuzendaritza honi beroni aurkeztutako euskara-plan eta gainerako agiri osagarrietatik.

6. artikulua.– Eskabideak noiz, non eta nola aurkeztu.

1.– Agindua argitaratzen den egunetik biharamunetik hasita, hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabide-orria eta agiriak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari zuzenduko zaizkionak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4. artikuluan aurre ikusitako tokietakoren batean aurkeztuko da.

a) Aurrez aurre egin nahi izanez gero, honako toki hauetakoren batean aurkeztuko dira:

– Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Kulturako Lurralde Zerbitzua, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo.

– Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Kulturako Lurralde Zerbitzua, Andia kalea 13, 20008 Donostia.

– 72/2008 Dekretuak, apirilaren 29koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak, zehaztutako edozeinetan (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102 zk.).

b) Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza (Bikain Deialdia), Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Horrela egitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-funtzionarioak, ziurtapena egin aurretik, data eta zigilua jar diezazkion eskabide-orriari berari (1.A. eranskina).

3.– Konpultsak tokian tokiko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Lurralde Zerbitzuan edo Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren egoitza nagusian egingo dira.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Ebaluatuak izango diren erakundeak aukeratzeko balorazio-irizpideak.

1.– Eskabideak baloratzerakoan 100 puntu lortu ahal izango dira gehienez ere. Aplikatuko diren irizpideak honako hauek dira:

a) Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketari dagokionez, garapen-maila ohargarria duten erakundeak izatea. Garapen-maila ohargarri gisa ulertu behar da Bikain egiaztagirietako edozein eskuratzeko moduko egoeran egotea (30 puntu gehienez ere).

b) Bere jarduera ekonomikoa tarteko, hedadura zabala, eragin soziala edota eragin biderkatzaile adierazgarria duten erakundeak izatea, Bikain programari dagokionez (25 puntu gehienez ere).

c) Esparru sozio-ekonomikoan hizkuntza normalkuntzan ibilbide aitortua duten erakundeak izatea, eta azken 3 urteotan erabilera areagotzeko euskara-planak edota neurriak abian dituztelako, eta horien ebaluazioa nahiz hobekuntza-plana egin izan delako EMEren arabera (25 puntu gehienez ere).

d) Enpresaren tamaina, langileen kopurua (10 puntu gehienez ere).

e) Erakunde eskatzailearen izenean, Bikain Ebaluatzaile Klubeko kide izateko prestakuntza berezitua jaso duten pertsonen kopurua eta kanpo ebaluazioak eginak dituzten pertsonen kopurua (10 puntu gehienez ere). Irizpide hau urterik urte sendotzen joan ahala, izena eman ahal izateko baldintza bihurtuko da, hau da, ebaluatua izango den erakundeko kideren batek gutxienez, lehendik beste erakunderen bat ebaluatzen ibilia beharko du izan.

2.– Kontuan izanik Bikain-Euskararen Kalitatearen Ziurtagiriaren helbururik behinena EAEko esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko ekimen dinamiko bat sortzea dela, eta horretarako lurralde historikoen oreka geografikoa edota jarduera ekonomikoen arteko oreka zaintzea komenigarria dela, hala balegokio eta lurralde historiko edo/eta erakunde-mota guztiak ez daudela behar bezala ordezkatuta ikusiko balitz, honako bi irizpideok aplikatu ahal izango dira:

a) Aurreko irizpideak aplikatu ostean, 50 puntu gutxienez lortuak izaki baina hala ere ebaluatuak izateko multzotik at geratzen diren erakundeen artean, mentsik handiena duen EAEko lurralde historikoko erakundeak lehenetsi ahal izango dira, gehienez ere aukeratutakoen multzo osoaren % 10 izan arte.

b) Aurreko irizpideak aplikatu ostean, 50 puntu gutxienez lortuak izaki baina hala ere ebaluatuak izateko multzotik at geratzen diren erakundeen artean, mentsik handiena duen jarduera ekonomikoko erakundeak lehenetsi ahal izango dira, gehienez ere aukeratutakoen multzo osoaren % 10 izan arte.

9. artikulua.– Balorazio-batzordea eta ebazpena.

1.– Kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jasoko duten erakundeak aukeratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendariak (edota hark izendatutakoak) eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikari batek osatua. Batzorde horren zeregina izango da 8. artikuluan jasotako irizpideak aplikatzea eta dagokion ebazpen-proposamena luzatuko dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariari. Batzorde horren eraketan aintzat hartuko dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean aurreikusitakoak.

2.– Horren ostean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak ebazpen bidez, eskatzaileetako bakoitzari 2013ko kanpo-ebaluazioaren prozesuan parte hartzeko aukeratua izan ote den edo ez jakinaraziko zaio. Izena emateko epea itxi eta handik 30 egun balioduneko epean ebazpenik jasoko ez balitz, administrazio-isiltasunak eskaeraren ukapena adierazten duela ulertuko da.

10. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

1.– Ebaluatuak izango diren erakundeak aukeratzeko garaian kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, erakunde horrek ebaluazioa jasotzeko eskubidea galdu dezake.

2.– Aukeratua izan den batek ebaluazioa egiteari uko eginez gero, irizpideei jarraiki, eskatzaileen artetik, hurrenkeran ondorengoari emango litzaioke aukera kanpo-ebaluazioa jasotzeko.

11. artikulua.– Kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jasoko duten erakundeen betebeharrak.

1.– Ebaluatuak izateko aukeratzen diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Enpresako plantillako pertsona bat solaskide izendatuko dute, Bikain organo kudeatzailearekiko harremana bidera dezan prozesu osoan. Ahal dela, pertsona horrek Bikaineko ebaluatzaile izateko prestakuntza-modulua jasoko du, eta Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide izango da.

b) Erakunde eskatzailearen tamainaren arabera, plantillako pertsona bat edo batzuk, Bikain, Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko izendatuko ditu erakundeak.

● Erakunde eskatzailea =300 langilekoa bada: gutxienez kide 1.

● Erakunde eskatzailea 301-699 langile artekoa bada: gutxienez 2 kide.

● Erakunde eskatzailea 700-1.499 langile artekoa bada: gutxienez 3 kide.

● Erakunde eskatzailea =1.500 langiletik gorakoa bada: gutxienez 4 kide.

● Ebaluazioak partzialak direnean, guneka alegia, gune bakoitzetik gutxienez pertsona batek joan beharko du ikastarora, eta aurreko puntuotan finkatu diren proportzioak errespetatuko dira.

Pertsona horiek Bikainen organo kudeatzaileak aurten antolatuko duen prestakuntza-modulura joan beharko dute nahitaez. Halaber, beste entitate bat ebaluatzen parte hartuko dute aurten, baldin eta kudeatzaileek halaxe eskatzen badiete. Pertsona horiek gainerako ebaluatzaileentzat finkatuko diren baldintza berberak bete beharko dituzte.

c) Aurre-txostena osatzea kudeatzaileek eskuratuko dioten ereduaren arabera. Agiri horren bitartez erakundearen hizkuntza-egoera objektiboaren berri jasoko da, ebaluazio-prozesuarekin hasi aurretik.

d) Kanpo-ebaluazioaren kudeatzaileek zerbitzu honek iraun bitartean eska diezaioketen informazioa nahiz baliabideak eskuratzea, ebaluazio-prozesua egoki burutu dadin. Eskakizun horiek ez betetzeak kanpo-ebaluazioaren prozesua etetea ekar lezake.

2.– Kanpo-ebaluazioaren kudeatzaileek zehaztu egingo dituzte ebaluatzeko aukeratuak diren erakundeekin nahiz ebaluatzaileekin erabiliko diren komunikazio- eta koordinazio-euskarriak.

12. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko ebaluatu beharreko gaiak.

Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko ebaluatuko diren gaiak edo edukiak, 53/2009 Dekretuak, Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituenak, 4. artikuluan jasotakoak dira, baita dekretu horren lehen eranskinean aipatutakoak ere.

13. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren mailak.

Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren mailak 53/2009 Dekretuak 5. artikuluan jasotakoak dira.

14. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren prozesua.

1.– Eusko Jaurlaritzak doako ebaluazio-zerbitzua eskainiko die deialdi honen bidez ebaluatuak izateko lehenetsiko diren erakundeei.

2.– Kanpo ebaluazioaren prozesuan hiru izango dira parte hartuko duten aldeak: ebaluatuko den erakundea, talde ebaluatzailea eta prozesuaren kudeatzaileak. Prozesuaren fase nagusiak honako hauek izango dira:

– Bikain, Ebaluatzaile Klubeko kideentzat antolatuko diren prestakuntza-moduluak egitea. Klub honetako kideek 53/2009 Dekretuak 8. artikuluan zehaztutako baldintzak beteko dituzte.

– Ebaluatuak izateko aukeratzen diren erakundeek Aurre-txostena prestatzea, kudeatzaileek zuzenean nahiz http://www.euskalit.net/bikain/ webgunean eskuratuko dioten ereduari jarraiki.

– Talde ebaluatzaileen eraketa. Erakunde bakoitzari egokitu zaion talde ebaluatzailea komunikatuko zaio eta bisita-egunak (bi edo gehiago) hitzartuko dira.

– Ebaluazio-agenda lantzeko bisita burutzea.

– Ebaluazio-bisita bera burutzea.

– Ebaluazio-txostena idaztea, talde ebaluatzailearen eskutik.

– Ebaluazio-txostenaren bidalketa erakundeei.

– Ebaluazio osteko bilera egitea (hautazkoa).

– Ziurtagirien banaketa.

3.– Kanpo ebaluazioaren prozesuaren kudeatzaileek aipatu fase nagusi horien gaineko informazio osagarria unean-unean helaraziko diete alde guztiei, prozesua egoki burutu dadin.

15. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren marka eta erabilera.

53/2009 Dekretuaren 9. artikuluak finkatutakoaren araberakoa izango da.

16. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzen duten erakundeen jakinarazpena.

14. artikuluan zehaztu den ebaluazio-prozesua amaitu eta gero, egindako ebaluazio-txostenak eta erakundeek lortutako emaitzak organo kudeatzaileari eskuratuko dizkiote talde ebaluatzaileek, eta horren ostean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak ebazpen-proposamena luzatuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebaluatutako erakundeek egiaztatutako ziurtagiri-mailak aitortzeko, eta horren ebazpena har dezan. Horren ostean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen bidez, erakunde eskatzaile bakoitzari 2013ko kanpo-ebaluazioan aitortutako ziurtagiri-maila jakinaraziko zaio. Azkenik, iragarki bat argitaratuko da EHAAn Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria 2013an eskuratu duten erakundeen zerrenda eta egiaztatu duten mailaren berri emateko, eta horrek bere ondorioak sor ditzan. Informazio hori ere Bikain web orrian (http://www.euskalit.net/bikain/) emango da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako kanpo-ebaluazioak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren erakundeei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da. Zuzendaritza honek prozesu osoan elkarlanean dihardu Euskalitekin, Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin; hori horrela, fitxategia eskuratuko dio hari, hor azaltzen diren datuak balia ditzan ebaluazio-prozesuko euskarriak elikatzeko. Ondorioz, ebaluazioa eskatu eta onartuak izan diren erakundeek baimena ematen dute organo kudeatzaileak fitxategia laga diezaion Euskaliti. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten erakundeek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala