Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2013ko apirilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1632

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 13koa, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariarena, iraungipenari buruzko aipamena gorabehera Osasun Txartel Indibiduala aurrerantzean ere baliagarria izango dela ebazten duena.

Estatuko Osasun Sistemaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 57. artikuluaren bidez arautu zen Osasun Txartel Indibiduala. Gerora, artikulu hori Osasun Txartel Indibiduala arautzen duen urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretuaren bidez garatu zen. 2. artikuluak dioenez, autonomia-erkidegoetako osasun-administrazioek eta Osasun Kudeaketako Institutu Nazionalak osasun-txartel indibidual bat sortuko dute, Osasun Sistema Nazional osoan baliagarri izango dena eta legeriak dioen moduan osasun-zentro eta -zerbitzuak erabiltzeko modua emango duena. Errege Dekretu horren 3. artikuluan ezarrita daude Osasun Txartel Indibidualean jaso beharreko oinarrizko datu komunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko legeriari dagokionez, urriaren 4ko 252/1988 Dekretuak osasun txartel indibidualaren erabilera, fakultatiboen atxikipena eta pediatriako arreta eskaintzeko adina arautzen ditu.

Beste aldetik, Osasuneko sailburuordearen 2007ko azaroaren 22ko Ebazpenak ONA txartela onartzen du, alegia osasun txartel indibidualaren eredu berria, Euskadiko osasun-sistemak emandako prestazio sanitario publikoak jasotzeko eskubidearen egiaztagiri gisa, eta aurreko osasun-txartel indibidualaren diseinuen balioari eusten dio.

Osasun-txartela osasun-zerbitzuak eskuratzeko giltza da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearekin bat etorriz. Erabiltzaileak Osasun Sistema Nazionalean identifikatzeko tresna ere bada. Ezinbesteko tresna da, beraz, osasun-laguntza publikoaren aseguramendua, antolamendua eta prestazioa kudeatzeko.

Gaur egun, Osasun Txartel Indibidualean arauek oinarrizkotzat jotzen dituzten datuak jasota daude, bai eta txartelaren iraungipen-data ere. Informazio-gizartearen zerbitzuetako baliabide teknikoek bidea ematen dute osasun-laguntza publikoa erabiltzeko eskubidea egiaztatzeko, Osasun Txartelaren Informazio Sistemak egiaztatzen baitu osasun-txartela egiaztatzeko agiri bezala indarrean dagoela, euskarri fisikoan dagoen iraungipen-data gorabehera.

Horrenbestez, Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuaren 10.1.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 6ko EHAA, 214. zk.), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osasun Txartel Indibidualaren baliagarritasunari eustea, osasun-sistemak emandako prestazio sanitario publikoak jasotzeko eskubidearen egiaztagiri gisa, iraungipenaren aipamena gorabehera.

Bigarrena.– Ebazpen hau argitaratzea, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 13a.

Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendaria,

IÑAKI BERRAONDO ZABALEGUI.


Azterketa dokumentala