Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2013ko otsailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1031

13/2012 FORU ARAUA, abenduaren 27koa, zerga alorreko zenbait aldaketa onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «abenduaren 27ko 13/2012 Foru Araua, zerga alorreko zenbait aldaketa onartzen dituena» eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2012ko abenduaren 27a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Foru arau honen xedea da zerga alorreko zenbait aldaketa onartzea, nagusiki Gipuzkoako Foru Aldundiak behar beste baliabide izango dituela bermatzen laguntzeko. Izan ere, Gipuzkoako gizartearen zati baten oinarrizko premia sozialei erantzungo bazaie, Aldundiak ezinbestekoa du gaur egun beharrezkoak diren politika publikoak finantzatzea, betiere kontuan hartuta jasaten ari garen krisi ekonomikoaren ondorioz hainbat herritarrek arazo larriak dituztela behar horiei aurre egiteko. Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren proiektua ahalegin horren osagarri dugu.

Baliabide horiek bermatzearren, beharrezkotzat jotzen da zenbait zergatan eragitea, eta batez ere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan; izan ere, progresibitatean oinarritutako zerga denez, karga tributarioak modu zuzenagoan banatzea ahalbidetzen du. Horrela, foru arau honen bidez aldaketak sartzen dira, hain zuzen, aipatutako progresibitatean sakontzeko eta zama tributarioen banaketa justuagoa izateko, betiere krisia luzatzen eta sakontzen ari den neurrian herritarren artean egoera berriak sortzen direla kontuan hartuta.

Bestalde, Glass Costa Este Salou SL sozietateari buruzko Batzar Nagusietako ikerketa batzordearen ondorioei erreparatuz, Arau Foral honek enpresak sustatzeko sozietateen araubide berezia indargabetua uzten du. Aipatu ondorioen informeak hitzez hitz horrela dio «... «atzeko ate» bat izan da ekonomia gipuzkoarrari ezer gutxi ekarri dioten jarduerentzako. Ez dute ekonomia eta enpresen ehuna indartu...».

Era berean, foru arau honek informazio obligazio berriak eta elusioaren aurkako zenbait neurri ezartzen ditu. Neurri horiei dagokienez, asmoa da 2013ko lehen seihilekoan foru arau proiektu bat aurkeztea Ogasun eta Finantza Departamentua egiten ari den hausnarketa prozesuaren ondorioz, eta proiektu horretan neurri horiek osatuko dira betiere zerga iruzurra prebenitzeko eta haren aurka egiteko.

Neurri garrantzitsu horiek alde batera utzita, foru arauak beste aldaketa mota batzuk ere sartzen ditu, aldaketa teknikoak hain zuen ere, zerga sistemari koherentzia emateko eta, halaber, sistema hori zuzendu, hobetu eta osatzeko.

Foru arau honetan aurreikusitako aldaketek eragina dute bai zuzeneko zergetan, bai zeharkakoetan eta bai udal zergetan, eta zerga sistema izaera orokorrez arautzen edo osatzen duten hainbat xedapeni ere eragiten diote. Jarraian eragindako zergak aipatu eta neurri garrantzitsuenak zeintzuk diren laburbilduko dugu.

1. artikuluak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan egindako aldaketak jasotzen ditu. Artikuluak hainbat ordinal ditu, horietako bakoitzean jasotzen diren neurrien eragin-dataren arabera antolatuta. Hartutako neurrien artean honako hauek azpimarratu behar dira:

– 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ohiko etxebizitza finantza-entitate batek sustatutako prozedura judizial baten ondorioz eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziak salbuetsita geratzen dira, baldin eta zergaduna beste etxebizitza batzuen titularra ez bada.

– Bigarren mailako merkatuetan kotizatzeko onartutako harpidetza eskubideen eskualdaketan lortutako zenbatekoa ondare irabazitzat hartzen da eskubideak eskualdatzen diren zergaldian. Orain arte, zenbateko horrek eskubideen sorburu diren baloreen eskurapen balioa murrizten zuen.

– Berrinbertsioaren salbuespenari eta ohiko etxebizitza erosteagatik aplikatutako kenkariari dagozkien xedapenak argitzeko asmoz, berariaz ezartzen da zergadunak higiezinen jabetza osoa eduki behar duela aipatutako zerga onurak eskuratu ahal izateko. Berrinbertsioaren salbuespenari dagokionez, baldintza hori berrinbertsioaren eragiketan sartutako bi etxebizitzei aplikatzen zaie.

– Aurrezpenaren oinarri likidagarriaren tributazioan eskala bat ezarri dela-eta, aurrezpenaren batez besteko karga tasaren kontzeptua arautzen da, eta nazioarteko zergapetze bikoitzaren kenkariaren zehaztapenean duen eragina ere zehazten da.

– Egokitu egiten da langileek enpresan parte hartzeagatik aplika daitekeen kenkaria. Izan ere, sozietatearen eraketa kasuetan kenkaria aplikatzeko aukera ezartzeaz gainera, akzioak eta partaidetzak araudiak agindutako bost urteko epean ez eduki arren egindako kenkariak salbatuta geratzen dira, baldin eta ez-betetze hori gertatu bada enpresa prozedura konkurtsal baten ondorioz likidatzeagatik.

– Kooperatibistek kapital sozialari egindako ekarpenen itzulketei eta eskualdaketei buruz informatzeko obligazio berria ezartzen da kooperatibentzat. Helburua da kontrolatzea itzulketaren edo eskualdaketaren unean sortzen diren zerga obligazioak, hain zuzen ere, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko Foru Araua 1997. urtean onartu zenetik aurreikusitakoak, behar bezala betetzen direla.

– Jarduera ekonomikoa bat abiatze aldera kreditu entitateetan inbertsio gisa egiten diren gordailuen kenkaria egokitu egiten da eta, horrela, ezartzen da gordailuan utzitako zenbatekoak aurreikusitako xederako erabili behar direla kontua ireki eta urtebeteko epea igaro ondoren eta hurrengo bi urteen barruan.

– Berariaz arautzen da etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartzen dela gurasoek seme-alaben babesa eta ardura partekatu behar dutenean epailearen erabakiz, eta epai horretan ezarri denean seme-alabek familiaren etxebizitzan bizi behar dutela. Horretarako, hautazko erregimen bat eratzen da guraso bakoitzarentzat.

– 2012ko otsailaren 12tik aurrerako ondorioekin –egun horretan sartu zen indarrean 2012ko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzkoa–, aldatzen dira bai langilea kaleratzeagatik ematen diren kalte-ordainen salbuespena, bai kaleratze kolektiboengatik edo arrazoi objektiboetan oinarritutako kontratu amaierengatik langileek jasotzen dituzten lansari osagarrien tributazioa arautzen duen artikulua. Bi kasu horietan, asmoa izan da aipatutako alderdien erregulazioa 3/2012 Errege Lege Dekretuak kaleratze kolektiboen esparruan ezarri duen aldaketara egokitzea, aldaketa horrek baimen administratiboa beharrezkoa ez izatea ekarri baitu berekin (uztailaren 6ko 3/2012 Legeak jaso du gero aldaketa hori, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzkoak). Gainera, salbuespenaren esparruan, erregulazioa egokitzen da kontuan izateko adiskidetze egintzaren aurretik enpresaburuak aitortutako bidegabeko kaleratzeak («express kaleratzeak» deitutakoak) lan alorreko arauditik desagertu direla, eta horren ondorioz, beharrezkoa dela zerga arauditik kanpo ere uztea.

– Aurreko paragrafoko azken puntuan esandakoarekin lotu-lotuta, araubide iragankor bat ezartzen da bidegabeko kaleratze kasuetarako aurreikusita dagoen salbuespena bermatzeko, kaleratze horiek lan arloko arauditik desagertuta egon arren. Izan ere, kaleratzea 2012ko otsailaren 12tik foru arau hau indarrean sartu bitartean gertatu bada, eta enpresaburuak bidegabekotzat aitortu badu kaleratze hori adiskidetze egintza egin aurretik, zerga salbuespena bermatuta geratzen da.

– Halaber, araubide iragankor horrek aurreikusten du lan-urte bakoitzeko berrogeita bost eguneko soldata uztea salbuetsita (berrogeita bi hilabete gehienez), enplegua murrizteko espedienteak 2012ko otsailaren 12a baino lehen hasitakoak badira edo data horretan indarrean badaude.

– 2012ko ekainaren 20tik aurrerako ondorioekin, salbuetsita geratzen dira honako dekretuan aurreikusita dauden konpentsazio ekonomikoak. 107/2012 Dekretua, ekainaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa.

– Foru arau hau indarrean sartzen den egunetik aurrerako ondorioekin, berariaz ezartzen da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei egindako ekarpen eta kontribuzioengatik Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkeztutako autolikidazioetan egindako murrizpenak erregularizatu behar direla, baldin eta entitate horien kargura jasotzen diren prestazioak edo antzinatasun erreskateak ez badaude beren osotasunean zergapetuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan. Elusioaren aurkako neurri honen barruan aurreikuspen gisa jasotzen da gizarte aurreikuspeneko sistemek posible dutela, berezkoa duten gerorapen tributarioaren erregimenean, murrizpenak aplikatzea oinarri ezargarri orokorrean, baldin eta, horren ordainean, prestazioak edo erreskateak oinarri ezargarrian integratzen badira.

– 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deflaktatu egiten da oinarri likidagarri orokorrari aplikagarri zaion eskala, eta aurreko zein ondorengo ahaideengatik, eta adinagatik aplikatzen diren kenkari orokorren zenbatekoak eguneratzen dira.

– Halaber, aldaketak sartzen dira aurrezpenaren oinarri likidagarria zergapetzeko eskalan, eta hiru tarte ezartzen dira, % 21, % 23 eta % 25eko karga tasekin, hurrenez hurren.

– Nabarmen aldatzen da ondoren aipatzen diren sariei buruzko tributazio erregimena: Estatuko Loteria eta Apustuen Erakunde Nazionalak nahiz autonomia erkidegoetako organo edo entitateek antolatutako loteria eta apustuen sariak, Espainiako Gurutze Gorriak antolatutako zozketetatik eratorritakoak eta Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalari baimendutako joko-modalitatetatik datozenak eta, azkenik, Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste erakunde eta entitateek ezarritako sariak:

● lehendabizi, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ezabatu egiten da 9. artikuluan aurreikusitako salbuespena;

● egun horretatik aurrera, aipatutako sariek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan tributatuko dute, karga berezi bati lotuak, eta 2013ko zergaldian karga berezi hori bat etorriko da aurrezpenaren oinarri likidagarrirako aurreikusitako eskalarekin.

● ateratzen den kuota osotik kendu behar dira, nolanahi ere, sari horien gainean egindako atxikipenak edo konturako sarrerak;

● sari bakoitzeko 2.500 euroko salbuespena aplikatzen da gehienez, eta kopuru hori hainbanatu egingo da titularitate partekatuko saria denean;

● karga berezia konfiguratzerakoan alde batera utzi da zergaren egitura arrunta eta, horrela, sariak ez dira oinarri ezargarrian konputatuko eta atxikipenak ez du murriztuko zergaren kuota likido osoa.

Halaber, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko 2. artikuluak izaera teknikoko neurriak jasotzen ditu. Alde horretatik, azpimarratzekoa da salbuespena zor den zenbatekora mugatzen dela, jasotako diru kopuruak bizitza aseguruen kontratuengatik jasotzen direnean eta kontratu horiek izaera zibil nahiz merkataritzako eragiketa nagusi bat estaltzeko hitzartzen direnean.

3. artikuluak Sozietateen gaineko Zerga jorratzen du, eta aipagarria da enpresak sustatzeko sozietateen araubide berezia indargabetzea, Batzar Nagusiek hartutako konpromisoa betez. Indargabetze honek, era berean, erregimen iragankor baten beharra du, araubide berezitik ateratzeko modua eta zergaren araubide orokorrera egokitzeko beharrezkoak diren beste zenbait berezitasun arautuko dituena. Horretaz aparte, izaera teknikoko beste neurri batzuk ere jasotzen ditu.

4. artikulua Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzkoa da, eta, era berean, izaera teknikoko neurriak jasotzen ditu.

Halaber, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan zenbait entitatek zuten salbuespena ezabatzen da. Besteak beste, Mezenasgoaren Foru Arauaren aplikazioaren ondorioz salbuetsita zeuden irabazi asmorik gabeko zenbait entitate, konfesio erlijiosoak eta alderdi politikoak.

5. artikuluaren bidez Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatzen da, hainbat jarduera egiteagatik aplikatu beharreko udal tasen erregulazioa zerbitzu prestazioaren funtsezko araudian egindako aldaketara egokitzeko; izan ere, araudi horretan ezarri da aldez aurretiko udal baimena edo lizentzia eskatu beharrean, erantzukizunezko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar dela.

Gainera, salbuespen bat finkatzen da tasak ezartzeko erabakiekin batera joan beharreko txosten tekniko eta ekonomikoak aurkezteko exijentziari dagokionez: izaera orokorreko birbaloratze edo eguneratzeengatik, nahiz tasen zenbatekoa murrizteagatik hartzen diren erabakien kasuan, ez da beharrezkoa izango aipatutako txostena eranstea.

Toki ogasunei buruzko foru arauan egindako aldaketen ondorioz, 6. eta 7. artikuluetan Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren foru araua eta Tasa eta Prezio Publikoei buruzko foru araua aldatzen dira. Horrela, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren erregulazioa egokitu egiten da eta, horrela, aldez aurretiko udal baimena edo lizentzia eskatu beharrean, erantzukizunezko aitorpena edo komunikazioa aurkeztu behar da orain. Aldi berean, tasak eta prezio publikoak arautzen dituen Foru Arauari dagokionez, aurreko paragrafoan aipatu den bezala, tasak ezartzeko erabakiekin batera aurkeztu beharreko txosten teknikoak eta ekonomikoak egin beharrari buruzko salbuespena eransten da testuan.

8. artikuluak Zergen Foru Arau Orokorraren inguruan hartutako neurriak eransten ditu, eta horien artean jarraian aipatzen diren hauek:

– Epez kanpoko aitorpenen errekarguen jatorria zehazteko xedez, aukera ematen da aurretiazko errekerimenduen jakinarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan edo, hala badagokio, dena delako zerga administrazioaren egoitza elektronikoan zergapekoari edo horren ordezkariari zuzendutako zitazioa argitaratuz egin dadin.

– Kendu egiten da Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezitik eratorritako zerga zorrak geroratzeko aukera.

– Zerga alorrean garrantzia duten datuak lagatzeari dagokionez, berariaz ezartzen da Batzar Nagusiei datuak lagatzeko aukera, hor eratutako ikerketa batzordeei laguntza eman ahal izateko; gainera, foru arauan bertan sartzen dira Batzar Nagusiek zein edozein legebiltzarretan eraturiko ikerketa batzordeek eskatutako datuak lagatzeko behar diren neurriak.

– Gainera, aurrekoari lotuta, datuen lagapenari buruzko beste kasu batzuk eransten dira: alde batetik, Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberari eta Ganberen Kontseilu Nagusiari, enpresen errolda publikoa egiteko; bestaldetik, alor publikoa osatzen duten gainerako entitateak eransten zaizkie administrazio publikoei.

– Zerga zehapenen alorrean, zergapekoa erantzukizun penaletik salbuetsita uzten da, baldin eta Zerga Administrazioak irizten badu zergapekoak, berari egiaztapen edo ikerketa jarduketak hasi izana jakinarazi baino lehen, zerga egoera erregularizatu duela bere zorra oso-osorik onartu eta ordaindu duelako.

– Gainera, zergadunak aurreko paragrafoan aipatutako erregulazioa egin ahal izango du, nahiz eta preskribituta egon zerga zorra erregularizatzeko Administrazioak duen eskubidea. Kasu horietan, ez dago okerreko sarrerak itzultzeko eskubiderik.

Halaber, 9. artikuluak aldatu egiten du irabazi asmorik gabeko entitateen zerga araubideari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko foru araua, eta bi ordinal sartzen dira kontuan hartutako eragin-data ezberdinen ondorioz. Horrela, indarrean sartutako egunetik aurrerako ondorioekin erantsitako aldaketek izaera teknikoa dute. Bestalde, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin 100eko 30etik 100eko 10era aldatzen da mezenasgoaren onuradun diren entitateei egindako dohaintzengatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aplikagarri den kenkariaren portzentajea.

Foru Arauaren 10. artikuluak Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen zerga erregimenari buruzko Foru Araua aldatzen du, eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Lege berriaren aipamena eguneratzea du xede bakarra.

Foru Arauaren azken artikuluak (11. artikulua), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga aldatzen du, eta aldaketa tekniko bat jasotzen du enpresak sustatzeko sozietateen araubideari egindako aipamen bat ezabatzeko, hain zuzen foru arau honen bitartez indargabetzen dena.

Bi xedapen iragankor ere badira, enpresak sustatzeko sozietateen araubide berezia indargabetzeak, era berean, erregimen iragankor baten beharra baitauka, araubide berezitik ateratzeko modua eta zergaren araubide orokorrera egokitzeko beharrezkoak diren zenbait erregela arautze aldera.

Azkenik, azpimarratzekoak dira: ganberaren aldeko baliabide iraunkorrari buruzko arauen indargabetzea; eta amaierako xedapen bakarrean foru araua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indarrean jarriko dela zehaztea, haren xedapenetan jasotako ondorioak eragotzi gabe.

1. artikulua.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauan, Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:

Lehenengoa.– 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, prezeptu hauek aldatzen dira:

Bat.– e) letra gehitzen zaio 44. artikuluaren 3. apartatuari, honako hau dioena:

«e) Zergadunaren ohiko etxebizitza finantza-entitate batek sustatutako prozedura judizial baten barruan eskualdatzeagatik, betiere ohiko etxebizitza hori zergadunaren titularitateko etxebizitza bakarra bada.

Aurreko paragrafoan jasotakoa berdin aplikatuko da ohiko etxebizitza saltzeko Hipoteka Legearen 129. artikuluan aurreikusitako prozedura erabiltzen denean, notario bidezko epaiketatik kanpoko salmenta, alegia.

Erregelamenduz, mugak ezarri ahal izango dira letra honetan aurreikusten den salbuespena aplikatzeko».

Bi.– Honela berridazten da 49. artikuluaren 1. apartatuko a) letra:

«a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauan –finantza tresnen merkatuari buruzkoan– definituta dauden balore-merkatuetako batean negoziatzeko onartutako baloreak, sozietate edo entitateen fondo propioetan parte hartzea adierazten dutenak, kostu bidez eskualdatzeagatik, irabazia edo galera eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko aldea izango da. Eskualdaketa balio hori eskualdaketaren egunean merkatuan duen kotizazioa izango da edo, kotizazioa baino handiagoa izanez gero, hitzartutako prezioa.

Balore horietatik datozen harpidetza eskubideak eskualdatzeagatik lortutako zenbatekoa ondare irabazitzat hartuko da eskualdatzailearentzat, eskualdaketa hori egiten den zergaldian.

Zati batean liberatutako akzioak direnean, haien eskurapen balioa zergadunak benetan ordaindutako zenbatekoa izango da.

Erabat liberatutako akzioak direnean, bai haien eskurapen balioa eta bai euren sorburu direnena kalkulatzeko, kostu osoa titulu zahar eta liberatuen artean banatu beharko da.

Eskualdatutakoa Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Anonimo Kotizatuen zerga araubidea aplikatzen duten sozietateen kapitaleko partaidetza bada, eta eskualdaketa horrek ondare irabazirik eman badu, irabazia salbuetsita egongo da muga bateraino. Hain zuzen ere, ondoko eragiketaren diferentzia positiboa izango da muga: eskuratze balioaren 100eko 10 bider entitatea araubide horretan egonik partaidetza eduki duen urte kopurua, ken foru arau honen 37. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoa aplikatzeagatik zergadunaren errentan sartu ez diren dibidenduen zenbatekoa. Hala ere, partaidetza eskuratu bada Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 16. artikuluan ezarritako eran lotuta dagoen entitate batetik, partaidetza eskualdatzean lortutako ondare irabazia salbuetsi gabe egongo da entitate horrek eskualdaketan izandako galeraren zenbatekoa berdintzeraino. Eskualdaketak ondare galera bat eman badu, partaidetza eskualdatu aurreko urtean jaso bai baina zergadunaren errentan sartu ez diren dibidenduen zenbatekotik gorako kopurua baino ez da konputatuko».

Hiru.– 49. artikuluaren 4. apartatua ezabatzen da.

Lau.– 51. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada erregelamenduz jasotako baldintzetan.

Ondorio horietarako, beharrezkoa da zergadunak bi etxebizitzen jabetza osoa izatea, eta kontsiderazio hori ez da hutsalduta geratuko jabetza hori beste titularkide batzuekin partekatzeagatik».

Bost.– 62. artikuluaren 2. apartatuko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Jendeari eskainitako preziotzat hartuko da abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua onartzen duenak, 15. artikuluan aurreikusten duena, deskontu arruntak edo ohikoak kenduta. Deskontu arrunt edo ohikotzat hartuko dira enpresako langileen pareko diren beste gizatalde batzuei eskaintzen zaizkienak eta, orobat, promozio deskontu orokorrak izanik gauza bidezko ordainketa egiteko unean indarrean daudenak edo, beste edozein kasutan, 100eko 15eko portzentajea edo urtean 1.000 euroko kopurua gainditzen ez dutenak.»

Sei.– 73. artikuluaren 5. apartatua honela berridazten da:

«5.– Banakako enpresariak gizarte aurreikuspeneko entitate edo mutualitateei, aurreko artikuluaren 1. apartatuko 2. eta 3. zenbakietan aipatutako enpleguko pentsio planei, edo enpresen gizarte aurreikuspeneko planei egindako ekarpen propioak kontribuzioak balira bezala tratatuko dira artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, baldin eta enpresaria, aldi berean, sustatzailea eta partaide edo mutualista, bazkide babeslea eta onuraduna edo hartzailea eta aseguratua bada, eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzak betetzen badira».

Zazpi.– 2. apartatua gehitzen zaio 78. artikuluari, eta, horren ondorioz, artikuluaren oraingo edukiari zenbakia jarri eta 1. apartatu bihurtzen da.

«2.– Aurrezpenaren batez besteko karga tasa eragiketa honen emaitza izango da: aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuz ateratzen den kuota zati aurrezpenaren oinarri likidagarria bider ehun. Aurrezpenaren batez besteko karga tasa bi zenbaki hamartarrez adieraziko da».

Zortzi.– Honela berridazten dira 90. artikuluaren 1. eta 5. apartatuak:

«1.– Zergadunek % 15eko kenkaria aplika dezakete ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruengatik, beren kontura joan diren erosketa gastuak barne.

Orobat, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik zergaldian ordaindutako interesen % 15 kendu dezakete, besteren finantzaketak haien kontura sortutako gastuak barne.

Ondorio horietarako, etxebizitzaren jabetza osoa eskuratzea hartuko da etxebizitza erosketatzat, eta kontsiderazio hori ez da hutsalduta geratuko jabetza hori beste titularkide batzuekin partekatzeagatik».

«5.– Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren erosketarekin parekatuko dira:

a) Ohiko etxebizitza birgaitzeko erabilitako diru kopuruak.

b) Erregelamenduz ezarritako formalizazio eta erabilera baldintzak betez, kreditu entitateetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak bakar-bakarrik ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen.

Kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak osorik sartzen badira berriro kreditu entitate berean edo beste batean zergaren sortzapena gertatu aurretik, haiek erabiltzeari buruzko baldintza ez da bete gabekotzat hartuko.

Zergaduna letra honen lehen paragrafoan aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, etxebizitza kontuko kopuruak ohiko etxebizitzaren erosketan edo birgaiketan erabiltzeko obligazioa ez da bete gabekotzat hartuko.

Letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru kopuruek aurretik kenkarirako eskubidea eman badute, haiengatik ezin izango da berriro kenkaririk egin ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean.

c) Ohiko etxebizitza izango den ondasun higiezinaren azalera-eskubidea eskuratzea, eskubidea titulartasun publikoko lurzoruaren gainean eratu denean, aurreko 1. apartatuko hirugarren paragrafoan jasotakoa gorabehera.

d) Erregelamenduz ezartzen diren kasuak».

Bederatzi.– Honela berridazten dira 92. artikuluaren 2. apartatuko d) eta f) letrak:

«d) Eskurapena edo harpidetza egin behar da langile guztiei eskaintza bat egin zaielako alde aurretik baldintza berdinetan, enpresan, enpresa-taldean zein azpitaldeetan langileen parte hartzea bultzatzeko planetan aurreikusitako kategoria edo kolektibo guztiak hartuta. Letra honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, parte hartze planak, gutxien-gutxienik, irizpideak definitu behar ditu planak ukitutako langileen kategoriak eta kolektiboak identifikatzeko. Apartatu honetan jasotakoa ez zaie eskaintzei aplikatuko haien oinarri diren parte hartze planen onuradunak irizpide horien arabera izendatu ez badira.

Akzio edo partaidetzak erosi edo harpidetzeko arrazoia sozietatea edo entitate eratzea bada, ez da parte hartze planik exijituko, nahiz eta horrek ez duen eragotziko diskriminaziorik eza bermatzen duten gainerako baldintzak bete behar izatea».

«f) Kenkari honetarako eskubidea ematen duten akzioak edo partaidetzak gutxienez bost urtez eduki behar dira. Epe hori ez betetzeak oker egindako kenkariak itzultzeko obligazioa ekarriko du, berandutze-interesak barne, non eta epea ez betetzea ez den gertatu enpresa likidatu delako prozedura konkurtsal baten ondorioz. Zenbat ordaindu behar den kalkulatzeko, oker egindako kenkaria eta ez-betetzea gertatzen den zergaldiko kuota diferentziala batu behar dira. Alabaina, zergadunak nahi badu, lehenago ordain ditzake oker egindako kenkariak eta berandutze-interesak».

Hamar.– Honela berridazten da 94. artikuluaren b) letra:

«b) Atzerrian lortutako errentari batez besteko karga tasa orokorra edo aurrezpenarena aplikatuta ateratzen den emaitza, errenta hori oinarri likidagarri orokorrean edo aurrezpenarenean sartu den».

Hamaika.– 117. artikuluari j) letra gehitzen zaio, honako hau dioena:

«j) Kooperatibetarako, kooperatibari egindako ekarpen sozialak eskualdatu edo itzultzeagatik sortutako errentei dagokienez».

Hamabi.– Hogeigarren xedapen gehigarriaren errubrikako ordinala honela berridazten da:

«Hogeita laugarrena.– Jokoaren legea onartu aurretik aplikatzen zen zerga araubidea mantentzea».

Hamahiru.– Hogeita batgarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Zergadunek 100eko 10eko kenkaria egin dezakete kreditu entitateetako kontuetan gordailututako diru kopuruengatik, urtean 2.000 euroko mugarekin, betiere baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak jarduera ekonomiko bat hasteak dakartzan gastu eta inbertsioetarako bakarrik erabiltzen badira kontua ireki eta urtebeteko epea igaro ondoren eta hurrengo bi urteen barruan».

Hamalau.– Beste xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita bosgarrena, eduki hau duena:

«Hogeita bosgarrena.– Etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartzea gurasoek seme-alaben zaintza partekatzen dutenean epaiaren erabakiz.

Gurasoek seme-alaben babesa eta ardura partekatu behar badute epailearen erabakiz, eta erabaki horretan ezarrita badago seme-alabek familiaren etxebizitzan bizi behar dutela eta gurasoak txandaka arduratuko direla haien zaintzaz etxebizitza horretan, zergadunaren ohiko etxebizitza zein den zehaztearen ondorioetarako, gurasoek adierazi behar dute zergaldian okupatu dituzten etxebizitzetatik zein aukeratzen duten zergaldi horren barruan egoitza gisa.

Guraso bakoitzak banaka egingo du aukera hori, erregelamenduz ezartzen diren baldintza eta ondorioekin».

Hamabost.– Hamahirugarren xedapen iragankorraren lehen paragrafoa honela berridazten da:

«Foru arau honen hogeita batgarren xedapen iragankorrean xedatutakoa eragotzi gabe, foru arau honen 90.4 artikuluan ezarritakoaren arabera 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa den 30.000 euroko mugari honako zenbatekoak ere gutxituko zaizkio:

Hamasei.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita laugarrena, honako hau dioena:

«Hogeita laugarrena.– 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen eskualdatutako harpidetza eskubideei aplikatu beharreko zerga araubidea.

Foru arau honek 49. artikuluaren 1. apartatuko a) letran aipatzen duen eskurapen balioa kalkulatzeko, 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen eskualdatutako harpidetza eskubideengatik lortutako zenbatekoa kengarria izango da, salbu eta lortutako zenbateko hori ondare irabazitzat hartu bada eskualdatzailearentzat eskualdaketa egin den zergaldian».

Bigarrena.– 2012ko otsailaren 12tik aurrerako ondorioekin, honako aldaketak sartzen dira:

Bat.– 9. artikuluaren 4. apartatua honela berridazten da:

«4.a Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, bere arauzko garapenean edo, halakorik balego, sententziak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako zenbatekoan. Ezin izango da halakotzat hartu hitzarmen, itun edo kontratu bidez ezarritakoa. Era berean, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 103.2 artikuluan xedatutakoaren aplikazioz, kooperatiban baja hartzeagatik bazkideak jasotzen dituen kalte-ordainak ere salbuetsita egongo dira, lan araudiak Langileen Estatutuko 52. artikuluaren c) letran aipatzen den kargugabetze kasuetarako nahitaezko izaeraz ezartzen duen zenbatekoan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan xedatutakoaren arabera egiten diren kaleratze kolektiboen kasuan, edo aipaturiko Estatutuaren 52. artikuluaren c) letran aurreikusitako arrazoiak direla medio amaitutako kontratuetan, betiere bai kasu batean bai bestean arrazoiak ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak, produkziokoak edo halabeharrezkoak badira, jasotako kalte-ordaina salbuetsita geratuko da Estatutu horretan bidegabeko kaleratzeetarako zehaztutako nahitaezko mugak gainditzen ez dituen zatian. Ordezkapen kontratu baten indarrez lan harremana deuseztatu eta jarduera laborala lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita.

Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, herri administrazioek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako batean oinarrituta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak parekatuta egongo dira kaleratze kolektiboekin eta arrazoi objektiboetan oinarritutako kaleratze edo kargugabetzeekin».

Bi.– 21. artikuluaren errubrika eta 2. apartatuko a) letra honela berridazten dira:

«21. artikulua.– Kaleratze kolektiboengatik edo arrazoi objektiboetan oinarritutako kontratu amaierengatik langileek aldizka jasotzen dituzten lansari osagarriak.

«a) Kopuru horiek jasotzea Langileen Estatutuko 51. artikuluan xedatutakoaren arabera egindako kaleratze kolektibo batengatik edo lan harremana Estatutu horren 52.c) artikuluan ezarritakoaren indarrez amaitzeagatik, betiere baldin eta kaleratzearen arrazoiak ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak, produkziokoak eta halabeharrezkoak badira.

Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, herri administrazioek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako batean oinarrituta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak aipatu diren kaleratze kolektiboekin edo kontratu amaitzeekin parekatuko dira».

Hiru.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita bosgarrena, honako hau dioena:

«Hogeita bosgarrena.– Kaleratzeagatik jasotzen diren kalte-ordain salbuetsiak.

1.– 2012ko otsailaren 12tik zerga alorreko zenbait aldaketa onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2012 Foru Araua indarrean sartu arte gertatutako kaleratzeengatik jasotzen diren kalte-ordainak salbuetsita egongo dira, kaleratzea bidegabe aitortu izan balitz zilegi izango zen zenbatekoraino, betiere enpresaburuak hala aitortzen badu kaleratzea jakinarazteko unean edo adiskidetze-egintzaren aurreko beste edozein unetan, eta kontratu-amaierak ez badira adostu baja pizgarridunen planen edo sistemen esparruan.

2.– Kaleratze edo kargugabetzeengatik jasotzen diren kalte-ordainak lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legeak hamargarren xedapen iragankorrean aipatzen diren enplegu-erregulazioko espedienteen ondorio direnean, salbuetsita egongo dira, gehienez ere, berrogeita bost eguneko soldata gainditzen ez duten zenbatekoan lan-urte bakoitzeko. Urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuko dira, eta muga berrogeita bi hilabetekoa izango da.

Enplegu erregulazioko espedientearen arrazoiak bakarrik antolaketari edo produkzioari lotuta daudenean, aurreko paragrafoan xedatutakoa bakarrik 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatutako kaleratzeei edo uzteei aplikatuko zaie».

Hirugarrena.– 2012ko ekainaren 20tik aurrerako ondorioekin, 32. zenbakia gehitzen zaio 9. artikuluari. Hona edukia:

«32.a Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortu eta biktima horiei ordainak ematekoan, aurreikusita dauden konpentsazio ekonomikoak».

Laugarrena.– Foru arau hau indarrean sartzen denetik aurrerako ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira:

Bat.– 39. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela berridazten da:

«Halakotzat hartzen dira kapitalizazio eragiketetatik edo bizitza aseguru edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik lortutako diruzko edo gauzazko etekinak, non eta ez diren lan etekin gisa zergapetu behar foru arau honek 15etik 18ra arteko artikuluetan jasotakoaren arabera».

Bi.– 5. apartatua gehitzen zaio 72. artikuluari. Hona edukia:

«5.– Zergadunak prestazioak jasotzen baditu aurreko 1. apartatuko 1. zenbakian aipatutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetatik, eta prestazio horiek ez badira beren osotasunean zergapetzen haiek jasotzeko unean zergadunaren egoitzako lurraldean aplikatzen den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, prestazioak ekarri dituzten ekarpen eta kontribuzioengatik egindako murrizpenak indarrik gabe geratuko dira, eta beharrezkoa izango da horiek erregularizatzea, berandutza interesak ere sartuta, honako erregelen arabera:

1.a Murrizpenak indargabetuta geratu diren zergaldietako oinarri likidagarria birkalkulatu behar da, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateari dagokion murrizpena kontuan hartu gabe. Ondorio horietarako, prestazioak zaharrenak diren ekarpenetatik datozela ulertuko da.

2.a Murrizpenak indargabetuta geratu diren zergaldietako kuota diferentziala birkalkulatu behar da, eta zergaldi bakoitzerako zehaztu behar da zer diferentzia dagoen lehendik aitortu edo egiztatutako kuota diferentzialaren eta orain kalkulatutakoaren artean.

3.a Erregularizatu beharreko zenbateko osoa lortuko da aurreko 2. erregelaren aplikaziotik ateratzen diren diferentziak eta erregularizatutako zergaldietako berandutza interesak batuta.

Erregularizazioa egiteko, zergadunak Gipuzkoan aitortu duen azken zergaldiari dagokion autolikidazio osagarria aurkeztu behar du, ekitaldi horretako kuota likidoari aurreko 3. erregelan aipatu den zenbateko osoa gehituta. Autolikidazio osagarria prestazioa jasotzen den egunetik hurrengo urteko ekainaren 25era bitartean aurkeztu behar da.

Apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, ulertuko da prestazioak beren osotasunean zergapetu direla zergaduna bizi den lurraldeko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, baldin eta, oinarri ezargarrian konputatzeko garaian, euren sorreraldia dela-eta 100eko 100etik beherako portzentaje bat edo murrizpen portzentaje bat aplikatu bada.

Apartatu honetan xedatutakoa berdin aplikatuko da prestazioa jasotzen denean Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitatetik eskubide ekonomikoak erreskatatzeagatik, erreskatea planari egindako lehen ekarpenaren antzinatasunaren ondorio bada.

Apartatu honetan jasotakoa aplikatzeak ez du eragotziko foru arau honen 3. artikuluko 4. apartatuaren b) letran xedatutakoa».

Hiru.– Seigarren xedapen gehigarria edukirik gabe uzten da.

Bosgarrena.– 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako aldaketak sartzen dira:

Bat.– 9. artikuluaren 7. zenbakia edukirik gabe uzten da.

Bi.– 75. artikulua honela berridazten da:

«75. artikulua.– Murrizpena batera tributatzeagatik.

1.– Foru arau honen 99. artikuluan xedatutakoari jarraiki batera tributatzea aukeratzen denean, oinarri ezargarri orokorra 4.176 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.

2.– Foru arau honen 100. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren familia unitateen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako murrizpena 3.628 eurokoa izango da».

Hiru.– 77. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Oinarri likidagarri orokorrari ondorengo eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:

(Ikus .PDF)

Lau.– 78. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Aurrezpenaren oinarri likidagarriari ondorengo eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:

(Ikus .PDF)

Bost.– 80. artikulua honela berridazten da:

«80. artikulua.– Kenkari orokorra.

Zergadunek 1.375 euroko kenkaria aplikatuko dute urtean. Autolikidazio bakoitzeko aplikatuko da kenkari hau».

Sei.– 81. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak honela berridazten dira:

«1.– Zergadunarekin bizi den ondorengo ahaide bakoitzeko, kenkari hau egingo da:

a) 579 euro urtean, lehenengoagatik.

b) 716 euro urtean, bigarrenagatik.

c) 1.210 euro urtean, hirugarrenagatik.

d) 1.430 euro urtean, laugarrenagatik.

e) 1.869 euro urtean, bosgarren eta hurrengo bakoitzarengatik.

2.– Zergadunarekin bizi den sei urtetik beherako ondorengo ahaide bakoitzeko, aurreko apartatuan jasotakoaren arabera dagokionaz gain, 331 euroko kenkari osagarria egingo da urtean».

Zazpi.– 82. artikulua honela berridazten da:

«82. artikulua.– Kenkaria seme-alaben urteko mantenua ordaintzeagatik.

1.– Epaileen erabakiz seme-alaben urteko mantenua ordaintzen duten zergadunek kontzeptu horregatik ordaindutako kopuruen % 15 kendu dezakete. Seme-alaba bakoitzeko muga aurreko artikuluko 1. apartatuan ondorengo ahaide bakoitzarentzat jasotako kenkariaren % 30 izango da.

2.– Aurreko apartatuan jasotakoa jasota ere, epaileek erabaki badute seme-alaben zaintza eta ardura gurasoek partekatu behar dutela, eta horrelako kasuetan biek ordaintzen badute komunean dituzten seme-alaben urteko mantenua, zergaldian zenbatekorik handiena zeinek ordaindu duen eta guraso horrek aplikatuko du kenkaria. Kenkariaren oinarria kalkulatzeko, berak egindako kontribuziotik beste gurasoak egindakoa gutxitu behar da.

Kenkaria ez da aplikatuko zergaldian bi gurasoek urteko mantenuagatik ordaindutako zenbatekoa berdina denean».

Zortzi.– 83. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Urte natural osoan zergadunarekin modu jarraitu eta iraunkorrean bizi den aurreko ahaide bakoitzeko 277 euroko kenkaria egin daiteke.

Kenkari hau aplikatzearen ondorioetarako, ondoko kasu hau ere aurreko paragrafoan deskribatutako elkarbizitzarekin parekatuko da: aurreko ahaidea urte natural osoan egoitza zentro batean bizitzea modu jarraitu eta iraunkorrean, eta egonaldiaren gastuak ondorengo ahaideak bere ondaretik ordaintzea».

Bederatzi.– 86. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuak honela berridazten dira:

«1.– Oinarri ezargarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa duen zergadun bakoitzeko, adinaren kenkaria aplikatuko da jarraian adierazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Oinarri ezargarria 20.000 eurokoa baino handiagoa eta 30.000 eurokoa baino txikiagoa duten 65 urtetik gorako zergadunek 331 euroko kenkaria izango dute, ken eragiketa honen emaitza: oinarri ezargarria 20.000 euro murriztu ondoren ateratzen den zenbatekoa bider 0,0331.

3.– Oinarri ezargarria 20.000 eurokoa baino handiagoa eta 30.000 eurokoa baino txikiagoa duten 75 urtetik gorako zergadunek 605 euroko kenkaria izango dute, ken eragiketa honen emaitza: oinarri ezargarria 20.000 euro murriztu ondoren ateratzen den zenbatekoa bider 0,0605».

Hamar.– Beste xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita seigarrena, honela dioena:

«Hogeita seigarren xedapen gehigarria. Loteria eta apustu jakin batzuetatik eratorritako sarien gaineko karga berezia.

1.– Zerga honen zergadunek lortzen dituzten sariak karga berezi batez zergapetuko dira honako sariak direnean:

a) Estatuko Loteria eta Apustuen Sozietate Estatalak eta autonomia erkidegoetako organo edo entitateek antolatutako loteria eta apustuen sariak, Espainiako Gurutze Gorriak antolatutako zozketetatik eratorritakoak eta, orobat, Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalari baimendutako joko-modalitatetatik datozenak.

b) Gizarte-laguntzako jarduerak irabazi asmorik gabe egiten dituzten entitateek edo erakunde publikoek antolatutako loteria, apustu eta zozketen sariak, erakunde horiek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean finkatuta badaude eta aurreko letran adierazitako erakunde edo entitateen helburu berberak badituzte.

Karga berezia independenteki exijituko da loteriako dezimo, zatiki edo kupoi saritu bakoitzeko edo apustu saritu bakoitzeko.

2.– Sarien zenbateko osoa 2.500 eurokoa edo txikiagoa denean, sariak karga berezitik salbuetsiko dira. Sarien zenbateko osoa 2.500 eurokoa baino handiagoa denean, zenbateko horretatik gorako zatiari dagokionez zergapetuko dira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikagarria izango da baldin eta loteriako dezimo, zatiki edo kupoiaren zenbatekoa, edo egindako apustuarena, gutxienez 0,50 eurokoa bada. Zenbatekoa 0,50 eurotik beherakoa denean, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneneko zenbateko salbuetsia proportzionalki murriztuko da.

Sariak titulartasun partekatua duenean, aurreko paragrafoetan aurreikusitako zenbateko salbuetsia titularkideen artean hainbanatuko da, bakoitzari dagokion kuotaren arabera.

3.– Aurreko 2. apartatuan aipatutako zenbateko salbuetsia gainditzen duen kopurua izango da karga bereziaren oinarri ezargarria. Saria gauzetan jasotzen bada, oinarri ezargarria kalkulatzeko begiratu behar da sariaren merkatu baliotik zer zatik gainditzen duen, behin konturako sarrera kenduta, aurreko 2. apartatuan aurreikusitako zenbateko salbuetsia.

Sariak titulartasun partekatua duenean, oinarri ezargarria titularkideen artean hainbanatuko da, bakoitzari dagokion kuotaren arabera.

4.– Karga bereziaren kuota osoa kalkulatuko da 3. apartatuan aurreikusitako oinarri ezargarriari % 20 aplikatuta.

5.– Karga bereziaren sortzapena lortutako saria ordaintzen edo ematen den momentuan gertatuko da.

6.– Xedapen gehigarri honetan aurreikusitako sariak atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta egongo dira foru arau honen 107., 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Atxikipena edo konturako sarrera 100eko 20 izango da. Atxikipenaren edo konturako sarreraren oinarria karga bereziaren oinarri ezargarriaren zenbatekoa izango da.

7.– Xedapen honetan aurreikusitako sariak ez dira aintzat hartuko zergaren autolikidazioa aurkezteko obligazioa, foru arau honen 104.1 artikuluan jasotakoa, ezartzearen ondorioetarako.

Hala ere, xedapen honetan aurreikusitako sariak jaso dituzten zergadunek autolikidazio bat aurkeztu behar dute karga berezi honengatik, kasuan kasuko zerga zorra kalkulatu, eta zenbatekoa Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakitako lekuan, eran eta epeetan ordaindu.

Alabaina, autolikidazio hori ez da aurkeztu beharko lortutako sariaren zenbatekoa aurreko 2. apartatuan aipatutako zenbateko salbuetsia baino txikiagoa denean.

8.– Xedapen honetan aurreikusitako sariak ez dira integratuko zergaren oinarri ezargarrian, eta ez dira aintzat hartuko foru arau honen 104. artikuluak 2. apartatuko c) letran xedatutakoaren ondorioetarako. Xedapen honetan jasotakoaren arabera egindako atxikipenek edo konturako sarrerek ez dute zergaren kuota likido osoa gutxituko, eta ez dira kontuan hartuko foru arau honen 113. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

9.– 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen egindako jokoetatik eratorritako sariak xedapen honetan ezarritakotik kanpo geratuko dira».

2. artikulua.– Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga aldatzea.

5. artikulua aldatzen da urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauan, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzkoan, eta honela geratzen idatzita:

«5. artikulua.– Salbuespenak.

Zerga honetan salbuetsita daude:

1.– Baserria eta bere lurrak aurreko ahaideek ondorengoei kosturik gabe eskualdatzea, betiere finka hori nekazaritza, basogintza edo abeltzaintzarako erabiltzen bada, eta bertan eskualdatzaileak pertsonalki jarduten badu.

Eskualdaketa salbuetsita egoteko, ezinbesteko baldintza izango da eskuratzaileak pertsonalki ustiatzea, gutxienez 5 urtez, baserria eta lurrak.

2.– Funtzionario aktibo eta pasiboek, eta langileek, euren heriotzaren ondoren sortuta eta jaso gabe uzten dituzten soldatak eta bestelako ordainsariak.

3.– Bizitza aseguruen kontratuengatik jasotako diru kopuruak, izaera zibil nahiz merkataritzako eragiketa nagusi bat babesteko hitzartzen direnean. Salbuespen honen muga zor den zenbatekoa izango da, eta hortik gorako kopuruagatik, halakorik bada, zerga ordaindu beharko da».

3. artikulua.– Sozietateen gaineko Zerga aldatzea.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauan:

Bat.– 33. artikuluaren 7. apartatua honela berridazten da:

«7.– Kooperatiba babestuen eta bereziki babestuen itzulkinak bi aldiz zergapetzea saihesteko kenkaria Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko Foru Arauaren 25. artikuluan xedatutakoari jarraiki egingo da.

Bi.– 49. artikuluaren 1. apartatuko d) letra honela berridazten da:

«d) Aurreko beharkizunetako bat betetzen ez duten enpresek ez edukitzea entitate horien kapitalean, dela zuzenean dela zeharka, % 25eko partaidetza edo handiagoa, non eta entitate horiek ez diren foru arau honen 59. artikuluan aipatutakoak».

Hiru.– 49. artikuluaren 2. apartatuko d) letra honela berridazten da:

«d) Aurreko beharkizunetako bat betetzen ez duten enpresek ez edukitzea entitate horien kapitalean, dela zuzenean dela zeharka, % 25eko partaidetza edo handiagoa, non eta entitate horiek ez diren foru arau honen 59. artikuluan aipatutakoak».

Lau.– Honela aldatzen da VII. tituluaren VI. kapituluko errubrika:

«VI. kapitulua: kapital-arriskuko sozietate eta fondoak eta eskualdeko industria garapenerako sozietateak».

Bost.– 60. artikulua edukirik gabe uzten da.

Sei.– Honela aldatzen da 68. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Karga tasa aplikagarriak eskala honetan adierazten dira:

(Ikus .PDF)

4. artikulua.– Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan:

Bat.– 11. artikuluaren 1. apartatuko d) letra honela berridazten da:

«d) % 4, ondasun higigarrien eta abereen eskualdaketak direnean, baita haien gaineko eskubideak eratu eta lagatzen direnean ere, berme-eskubide errealak alde batera utzita.

% 4ko tasa hori aplikatuko da, orobat, uztailaren 6ko 4/2012 Legean aipatzen diren eskubideak partikularren artean eskualdatzen direnean Balio Erantsiaren gaineko Zergari lotu gabe, haien izaera edozein dela ere. Lege horretan arautzen dira turismo-ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuak, iraupen luzeko opor-produktuak eskuratzeko kontratuak, birsaltze eta truke-kontratuak eta bestelako zerga-arauak».

Bi.– 41. artikuluaren I apartatuaren A) letraren b), d) eta h) letrak edukirik gabe uzten dira.

5. artikulua.– Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan:

Bat.– 20. artikuluaren 3. apartatuko h) eta i) letrak honela berridazten dira:

«h) Lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko legeriak exijitutako hirigintza-lizentziak ematea edo, lizentziaren ordez erantzukizunezko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar den kasuetan, kontrol jarduera administratiboak egitea.

i) Establezimenduak irekitzeko lizentziak ematea edo, lizentziaren ordez erantzukizunezko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar den kasuetan, kontrol jarduera administratiboak egitea».

Bi.– 25. artikulua honela berridazten da:

«25. artikulua.– Herri jabariaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasak ezartzeko erabakiak edo zerbitzu berriak osorik zein partez finantzatzekoak, txosten tekniko-ekonomikoak behin ikusita hartu behar dira; txosten horietan, hurrenez hurren, herri jabariaren merkatuko balioa edo zerbitzu horiek estaltzeko aurreikusten den era adierazi behar dira.

Aurreko paragrafoan aipatu den txosten tekniko-ekonomikoa aurkeztea ez da beharrezkoa izango erabakiak izaera orokorreko birbaloratze edo eguneratzeengatik hartzen direnean edo tasen zenbatekoa murrizten denean, kasuan kasuko zerbitzuaren kostua nabarmen jaisten ez bada behintzat.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, murrizpena nabarmena dela joko da aurreikusten denean zerbitzuaren kostua 100eko 15 baino gehiago jaitsiko dela tasak ezarri edo aldatzeko erabakiari erantsitako txosten tekniko-ekonomikoan aurreikusitakoaren aldean. Txosten tekniko-ekonomikorik ez aurkeztea arrazoitzeko, gastua kudeatzen duen organoak berariaz utzi behar du jasota aldaketa onartzeko espedientean kostua ez dela modu nabarmenean murrizten.»

6. artikulua.– Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga aldatzea.

Aldaketa hauen sartzen dira uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauan, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzkoan:

Bat.– 1. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga zeharkako tributu bat da, eta bere zerga-gaia sortzen da Gipuzkoako udalerrien barruan edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteagatik, horretarako obra edo hirigintza lizentzia jasotzea exijitzen denean, lizentzia hori jaso edo ez, edo erantzukizunezko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharra dagoenean, baldin eta lizentzia ematea edo kontrol jarduera egitea zerga aplikatzen duen udalari badagokio».

Bi.– 2. artikuluaren 2. apartatua honela berridazten da:

«2.– Eraikuntza, instalazioa edo obra subjektu pasibo zergadunak egiten ez duenean, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat hartuko dira lizentziak eskatzen dituztenak, erantzukizunezko aitorpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordaindutako zerga kuotaren zenbatekoa exiji diezaioke ordezkoak zergadunari».

Hiru.– 4. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Lizentzia eman edo erantzukizunezko aitorpena zein aurretiazko komunikazioa aurkezten bada, edo, lizentzia oraindik eskatu, eman edo ukatu gabe egonik edo aitorpena zein komunikazioa oraindik ez aurkezturik, eraikuntza, instalazio edo obra hasten bada, konturako behin-behineko likidazio bat egingo da, oinarri ezargarria honela kalkulatuta:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera, betiere kasuan kasuko elkargo ofizialak hura bisatu badu, baldintza hori nahitaezkoa denean.

b) Ordenantza fiskalak propio ezarritako indize edo moduluen arabera, ordenantza horrek hala ezartzen duenean».

7. artikulua.– Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Araua aldatzea.

20. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da urtarrilaren 11ko 2/1990 Foru Arauan, Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoan, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Beste tasa bat ezartzeko edo lehendik dagoen baten zenbatekoak berariaz aldatzeko edozein proposamenetan, berau prestatzeko aintzat hartutako aurrekarien eta aldez aurreko azterlanen artean, memoria ekonomiko-finantzario bat sartu behar da dena delako baliabidearen edo jardueraren kostu edo balioari buruz eta proposatutako tasaren zenbatekoaren arrazoiei buruz.

Beharkizun hori ez bada betetzen, tasen zenbatekoak finkatzen dituzten erregelamenduzko xedapenak zuzenbidean erabat deusezak izango dira.

Aurrekoa gorabehera, lehen paragrafoan aipatu den memoria ekonomiko-finantzarioa aurkeztea ez da beharrezkoa izango izaera orokorreko birbaloratze edo eguneratzeak egiten direnean edo tasen zenbatekoa murrizten denean, kasuan kasuko zerbitzuaren kostua nabarmen jaisten ez bada behintzat.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, murrizpena nabarmena dela joko da aurreikusten denean zerbitzuaren kostua 100eko 15 baino gehiago jaitsiko dela tasak ezarri edo aldatzeko erabakiari erantsitako txosten tekniko-ekonomikoan aurreikusitakoaren aldean. Txosten tekniko-ekonomikorik ez aurkeztea arrazoitzeko, gastua kudeatzen duen organoak berariaz utzi behar du jasota aldaketa onartzeko espedientean kostua ez dela modu nabarmenean murrizten».

8. artikulua.– Zergen Foru Arau Orokorra aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean:

Bat.– 27. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Epez kanpoko aitorpenen errekarguak autolikidazio edo aitorpenak epez kanpo eta Zerga Administrazioaren aurretiazko errekerimendurik gabe aurkezteagatik zergapekoek ordaindu behar dituzten prestazio osagarriak dira.

Artikulu honen ondorioetarako, aurretiazko errekerimendutzat hartuko da zerga zorra ezagutzeko, erregularizatzeko, egiaztatzeko, ikuskatzeko, ziurtatzeko edo likidatzeko, eta zergapekoa formalki jakinaren gainean jarrita, egiten den edozein jarduketa administratibo. Zehazki, aurretiazko errekerimendutzat hartuko da, orobat, zergapekoari edo ordezkariari foru arau honen 108.1 artikuluan aurreikusitako moduetako bat erabilita deia egitea agerpen bidez jakinarazia izateko, behin bakarrik interesdun bakoitzeko, eta dei hori argitaratzea».

Bi.– 64. artikuluaren 2. apartatua honela berridazten da:

«2.– Efektu tinbredunen bidez ordainarazten diren zerga zorrak, Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezitik eratorritakoak, eta jokoaren gaineko tributuen ondorioz sortutakoak ezingo dira geroratu edo zatikatu».

Hiru.– e) eta l) letrak aldatzen dira 92. artikuluaren 1. apartatuan, eta n) letra gehitzen zaio. Hona hemen edukia:

«e) Batzar Nagusietan eratutako ikerketa-batzordeekin lankidetzan aritzea, baita beste edozein legebiltzarretako ikerketa batzorderekin ere, arau honen 92 bis artikuluan xedatutako esparruan».

«l) Herri administrazioekin eta sektore publikoko gainerako entitateekin lankidetzan aritzea euren eginkizunak bete ditzaten, emandako datuetan aipatzen diren zergapekoek baimena eman ondoren».

«n) Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberarekin eta Ganberen Kontseilu Nagusiarekin lankidetzan aritzea enpresen errolda publikoa osatzeko, martxoaren 22ko 3/1993 Legearen 17.2 artikuluan aurreikusita dagoen eran».

Lau.– Beste artikulu bat gehitzen da, 92 bis artikulua, honela dioena:

«92 bis artikulua.– Batzar Nagusietan nahiz legebiltzarretan eratutako ikerketa batzordeekin lankidetzan aritzea.

1.– Zerga Administrazioak, bost egun balioduneko epean gehienez, Batzar Nagusietan zein edozein legebiltzarretan eraturiko ikerketa batzordeek eskatutako datu, txosten, aurrekari edo dokumentu guztiak eman behar ditu, betiere hurrengo baldintzak betetzen badira:

a) Pertsona hauei buruzkoak izatea:

Bat.– Herri administrazio guztietan, horien organismo autonomoetan edo Zuzenbide Publikoko entitateetan, dela hautatuta dela izendatuta, goi karguak edo antzekoak betetzen edo bete dituzten pertsona fisikoak, eta haien menpeko organismo eta enpresetan, gehiengo partaidetza zuzena edo zeharkakoa herri administrazioena duten merkataritza entitateetan edo Zuzenbide Publikoko gainerako entitateetan edo horiekin erabaki-unitatea eratzeagatik haiei loturiko bestelako erakundeetan lehendakari eta zuzendari exekutiboen karguetan edo antzekoetan aritzen direnak edo aritutakoak.

Bi.– Aurreko bat apartatuan aipatutako pertsonekin hurrengo ahaidetasun harremana duten edo, ikertutako denboran, izan duten pertsona fisikoak: ezkontidea, izatezko bikote-laguna –Eusko Legebiltzarren maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteak–, antzeko afektibotasun harremanean bizi diren pertsonak, mendeko seme-alabak edo tutoretzapeko pertsonak, eta bigarren mailako senideak, odolkidetasun zein ezkontzagatik lotutakoak.

Aurreko paragrafoan ezkontideei, izatezko bikoteei edo antzeko afektibotasun harremanean bizi direnei buruz esandakoa aplikatuko da dagokien erregimen ekonomikoa edo ondare erregimena edozein dela ere.

Hiru.– Entitateak eta pertsona juridikoak, baldin eta aurreko lehen eta bigarren apartatuetan aipatutako pertsona horiek, zuzenean edo zeharka, eta dela banaka dela batera, ehuneko 10etik gorako partaidetza badute, edo haien zuzendaritzan, aholkularitzan edo administrazioan partaidetzaren bat izan badute.

Lau.– Estatuko, erkidegoko edo tokiko sektore publikoarekin hitzarmenak edo kontratuak dituzten edo izan dituzten bestelako entitateak edo pertsona juridikoak, edo enpresa horietako azpi-kontratista direnak, edozein herri administraziotatik diru laguntzak jasotzen dituztenak edo ikerketa batzordearen xedearekin loturarik dutenak.

b) Ikerketaren xedeak lotura izatea artikulu honetako a) bat apartatuan aipatutako pertsonen kargu publikoarekin.

c) Ikerketa batzorde horien ustez, datu, txosten, aurrekari edo dokumentu horiek gabe ezinezkoa izatea duten funtzioa betetzea.

2.– Artikulu honetan xedatutakoa Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean eratzen diren ikerketa batzordeetarako aplikatuko da, azken hauetarako berariazko legeriarik aplikatu behar ez bada; horrelako kasuetan, berariazko legeria hori aplikatuko da, betiere artikulu honen edukia gainditzen ez badu.

Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan eratzen diren ikerketa batzordeei lurralde historiko bakoitzean indarrean dagoen legeria aplikatuko zaie, betiere artikulu honen edukia gainditzen ez badu.

Legebiltzarretako ikerketa batzordeei kasuan kasuko legeria aplikatuko zaie, eta halakorik ez badago, araubide erkideko zerga legeria aplikatuko da, betiere artikulu honen edukia gainditzen ez badu.

3.– Batzar nagusietan edo legebiltzarretan eratutako ikerketa batzordeei Zerga Administrazioak erabiltzen utzitako datu, txosten, aurrekari edo dokumentuak bakar-bakarrik publiko egin daitezke, Datuak Babesteko Euskal Agentziak aurretiaz aldeko txostena eginda, ikerketa batzordearen ondorioen parte badira, eta gainontzekoak zerga-datuei dagokien konfidentzialtasun eta segurtasunaren pean egongo dira, informazioa eta dokumentazioa horiek erabili ahal izan dituzten pertsonek behar ez den moduan erabiltzea saihesteko.

Bost.– 185. artikulua honela berridazten da:

«185. artikulua.– Zerga zehapenak ez pilatzearen printzipioa.

1.– Zerga Administrazioak uste badu arau-haustea Herri Ogasunaren aurkako delitua izan daitekeela, erruduntasun-testigantza bidaliko dio jurisdikzio eskudunari edo espedientea igorriko dio Fiskaltzari; ez du administrazio prozedurarekin jarraituko, eta berau etenda geratuko da harik eta agintari judizialek sententzia irmoa eman arte, auzia largetsi edo jarduketak artxibatu arte edo Fiskaltzak espedientea itzuli arte.

Agintari judizialek kondena-epaia emanez gero, ezin izango da zehapen administratiborik ezarri.

Zerga Administrazioak deliturik ez dagoela uste badu, bere jarduketak hasiko ditu edo lehendik hasitakoekin jarraituko du aurrera, auzitegiek frogatutzat jo dituzten egitateak aintzat hartuta, eta preskripzio epea berriro hasiko da kontatzen, konputua eten zen puntutik aurrera. Etenaldian zehar izandako administrazio jarduketak egin izan ez balira bezala hartuko dira.

2.– Egiaztapen edo ikerketa jarduketak hasi izana zergapekoari jakinarazi baino lehen, zerga Administrazioak irizten badu zergapekoak zerga egoera erregularizatu duela bere zorra oso-osorik onartu eta ordaindu duelako, egindako erregularizazioak salbuetsita utziko du zergapekoa erantzukizun penaletik, nahiz eta bere egunean egindako arau-haustea Herri Ogasunaren aurkako delitua izan; horrelakoetan, Administrazioak aurrera jarrai dezake prozedura administratiboarekin, baina erruduntasun-testigantza agintari judizialei edo Fiskaltzari helarazi gabe.

Orobat, aurreko paragrafoan aurreikusitako erregulazioaren ondorioak berdin aplikatuko dira zerga zorrak ordaintzen direnean Administrazioak haiek zehazteko duen eskubidea behin preskribitu ondoren.

3.– Arau-hauste bat mailakatzeko irizpide gisa aplikatu behar den ekintza edo omisio berbera ezin da arau-hauste independente moduan zehatu.

4.– Arau-hauste bat baino gehiago ekar dezaketen hainbat ekintza edo omisio egiteak, bakoitzarengatik bidezko zehapena ezartzea ahalbidetuko du.

5.– Zerga arloko arau-hausteen ondorioz ezartzen diren zehapenak bateragarriak dira berandutza interesekin eta epe exekutiboko errekarguekin».

Sei.– 228. artikuluaren 1. apartatuko c) letra honela berridazten da:

«c) Zerga zorren edo zehapenen zenbatekoak preskripzio epeak amaitu ondoren ordaindu direnean. Foru arau honen 185. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan erantzukizunetik salbuetsita geratzeko ordaindutako zenbatekoak ez dira inoiz itzuliko».

9. artikulua.– Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko Foru Araua aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoan:

Lehenengoa.– Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, prezeptu hauek aldatzen dira:

Bat.– 2. artikulua honela berridazten da:

«2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 2. artikuluak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauaren 2. artikuluak, eta Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren apirilaren 26ko Foru Arauaren 2. artikuluak ezarritakoagatik Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudiari lotura dauden subjektu pasiboei aplikatuko zaie foru arau honetan xedatutakoa».

Bi.– 29. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezko mezenasgo jardueren zerrenda bat osatu dezake, ekitaldi bakoitzerako, interes orokorreko xedeen esparruan, bai eta entitate onuradunak zeintzuk diren zehaztu eta jarduera horiek bete beharreko baldintzak eta beharkizunak finkatu. Jarduera horiei honako zerga onurak aplikatuko zaizkie:

a) Lehentasunezkotzat aitortutako jardueretarako bideratzen diren kopuruak gastu kengarriak izango dira oinarri ezargarria zehazteko bai Sozietateen gaineko Zergan, bai establezimendu iraunkor bidez jarduten duten Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan eta, zuzeneko zenbatespen erregimenean dauden enpresari eta profesionalen kasuan, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan.

b) Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek eta establezimendu iraunkor bidez diharduten Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunek, lehentasuna aitortua duten jardueretarako bideratutako kopuruen 100eko 18 kendu dezakete kuota likidotik, baita babes publizitarioko kontratuen bitartez emandako kopuruak direnean ere. Kuota likido hori kalkulatuko da kuota osotik zergapetze bikoitzaren kenkariak eta, halakorik izan bada, hobariak kenduta.

Kenkari hau aplikatzeko ordena eta muga, aktibo finko material berrietan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkarirako ekitaldi bakoitzean ezarritako berberak izango dira.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek zuzeneko zenbatespenaren erregimenean egiten dituztenean jarduera ekonomikoak, lehentasun aitortua duten jardueretan erabilitako kopuruen 100eko 18 kendu dezakete kuota osotik, babes publizitarioko kontratuen indarrez ordaindutakoak ere barruan sartuta.

d) Aurreko letran sartu gabeko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek, lehentasunezkotzat aitortutako jardueretan erabilitako kopuruen 100eko 30 kendu dezakete kuota osotik.

Aurreko c) eta d) letretan aurreikusitako kenkariaren oinarria ezingo da inoiz ere izan abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak, Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 93.2 artikuluan aurreikusten duen muga baino handiagoa».

Bigarrena.– 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 21. artikuluaren 1. apartatua honela berridazten da:

«1.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek, foru arau honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako kenkariaren oinarriaren % 10 kendu dezakete kuota osotik».

10. artikulua.– Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Zerga Araubideari buruzko Foru Araua aldatzea.

1. artikulua aldatzen da uztailaren 15eko 7/1988 Foru Arauan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Zerga Araubideari buruzkoan, eta honela geratzen da idatzita:

«1. artikulua.– Aplikazio eremua.

Foru arau honetan jasotako xedapenak hauei aplikatuko zaizkie:

– Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateei, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen otsailaren 23ko 5/2012 Legeak eta lege horren Erregelamendua onartzen duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuak ezarritako baldintzak betetzen dituztenean.

– Bazkide babesleek eta bazkide osoek nahiz arruntek egiten dituzten ekarpenei.

– Haietatik datozen prestazioei».

11. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga aldatzea.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginearen, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartuaren, 5. artikuluaren 1. apartatuko c) letra honela berridazten da:

«c) 1.000.000 eurotik beherako negozio-zifra garbia duten subjektu pasiboak.

Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunei dagokienez, salbuespena lurralde espainiarrean establezimendu iraunkor bidez jarduten dutenei bakarrik aplikatuko zaie, betiere haien negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 eurotik beherakoa bada.

Edozein kasutan ere, salbuespena aplikatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da letra honetan aipatutako negozio-zifraren zenbateko garbia betetzen ez duten enpresek ez izatea % 25eko partaidetza edo handiagoa subjektu pasibo horien kapitalean, zuzenean edo zeharka, non eta enpresa horiek ez diren arrisku-kapitaleko fondo edo sozietateak, hain zuzen Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 59. artikuluan aipatuak.

Letra honetan jasotzen den salbuespena aplikatzeko, erregela hauek hartuko dira kontuan:

1.a Subjektu pasiboaren negozio-zifraren zenbateko garbia Merkataritza Kodearen 35. artikuluko 2. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki zehaztuko da.

2.a Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kasuan, negozio-zifraren zenbateko garbia hauxe izango da, alegia, zerga horien aitorpena zerga honen sortzapena gertatu aurreko urtean aurkeztu beharreko zergaldikoa.

Sozietate zibiletan eta Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateetan, negozio-zifraren zenbateko garbia zerga honen sortzapena gertatu aurreko bi urte lehenagokoa izango da.

Zergaldia urte naturala baino laburragoa izan bada, negozio-zifraren zenbateko garbia urtebetera eramango da.

3.a Negozio-zifraren zenbateko garbia kalkulatzeko, subjektu pasiboak egindako jarduera ekonomiko guztiak hartuko dira kontuan.

Entitatea sozietate talde bateko kide bada Merkataritza Kodeak 42. artikuluan jasotakoaren arabera, adierazitako magnitudeak talde horretako entitate guztiei buruzkoak izango dira.

4.a Subjektu pasiboak Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunak badira, lurralde espainiarrean dituzten establezimendu iraunkor guztiengatik egotzi beharrekoa izango da negozio-zifraren zenbateko garbia».

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zor Publikoaren zerga araubidea hornitzaileei ordainketak egiteko sortutako finantzaketa-funtsara zabaltzea.

Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-Funtsak, martxoaren 9ko 7/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez onartuak, zor jaulkipenak egiten baditu errege lege dekretu horren 4. artikuluan ezarritakoaren babesean, jaulkipen horiei Zor Publikoaren zerga araubide bera aplikatuko zaie.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Enpresak sustatzeko sozietateen araubidearen indarraldiko azken zergaldian aplikagarriak diren erregelak, eta beste zerga araubide batzuetara egokitzeko aukerak.

1.– 2013ko urtarrilaren 1aren aurretik hasitako azken zergaldian 1996ko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 60. artikuluan jasotakoaren arabera zergapetuta dauden entitateek zergaldi horretan erregela hauek ere aplikatu beharko dituzte:

a) Aurreko paragrafoan aipatzen diren entitateetako bazkideek ezin izango dute aplikatu 2012ko abenduaren 4tik aurrera egindako ekarpenetarako 60. artikulu horren 5. apartatuan jasotako kenkaria.

b) 60. artikuluaren 6. apartatuan xedatutakoari jarraituz salbuetsita dauden errentak ezin izango dira handiagoak izan aurreko lehen 4 zergaldietan arrazoi berdinagatik salbuetsita geratu ziren kopuruen batez bestekoari 1,5eko koefizientea aplikatuz ateratzen den emaitza baino. Zenbateko horretatik gorako interesak zergaren araubide orokorraren arabera zergapetuko dira eta, beraz, ez dira bideratu behar 60. artikuluaren 7. apartatuan jasotako helburuetara.

c) Artikulu horren 8. eta 9. artikuluetan aipatutako dibidenduak eta, oro har, mozkinak Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 33. artikuluan xedatutakoaren arabera zergapetuko dira.

d) 2012ko abenduaren 4tik aurrera egin diren 60. artikuluaren 4. apartatuan aipatzen diren Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera lotutako pertsona edo entitateen artean egindako akzio eta partaidetzen eskualdaketan, eskualdaketa balioa izango da, ondorio fiskal guztietarako, akzioak edo partaidetzak eskualdatzen dituen entitatearen fondo propioen balioa, hark onartutako azken balantzean agertzen dena, eta, era berean, balio hori eskurapen balioa izango da, ondorio fiskal guztietara, eskuratzen duen pertsona edo entitatearentzat.

1. apartatu honetan aipatutako entitateek letra honetan jasotako dataren eta zergaldiaren amaiera-dataren bitartean izan diren akzio edo partaidetza eskualdaketen berri eman beharko dute. Informazio hori Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehaztutako tokian, moduan eta epeetan egin behar da.

Zerga urraketa da aurreko paragrafoan jasotako obligazioa ez betetzea. Zerga urraketa izango da aipatutako obligazioak datu faltsuak, okerrak edo osagabeak aitortuz betetzea ere.

Urraketa 5.000 euroko diru isun finkoaz zehatuko da jarri gabe utzi, oker jaso edo faltsutu den datu bakoitzeko; datutzat hartuko da letra honetan xedatutakoaren arabera jaso beharreko eskualdaketa bakoitza. Eskualdaketa bat titularkide batzuei egiten zaienean, datutzat hartuko da eskualdaketa horretan parte hartu duten eta letra honetan jasotakoaren arabera aitorpenean jasota egon behar zuten eskuratzaileetako bakoitza.

2.– Aurreko 1. apartatuan aipatutako zergaldia amaitu eta biharamunean, ezeztatutzat hartuko dira, momentu horretatik aurrerako ondorioekin, 60. artikuluaren 11. apartatuan xedatutakoaren arabera egindako araubide-emakida guztiak. Dena den, ezeztapenak ondorioa izateko, ez da beharrezkoa izango Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bat ematea edo berariaz jakinaraztea.

Aurrekoa eragotzi gabe, Zerga Administrazioak 60. artikuluan jasotzen den araubidea ezeztatu ahal izango du, aurreko momentu batetik aurrerako ondorioekin, horretarako arrazoi nahikoak daudenean. Horretarako, 2009ko apirilaren 23ko 323/2009 Foru Aginduak, enpresak sustatzeko sozietateen zerga erregimenerako prozedura ezartzen duenak, jasotako prozedurari jarraituko zaio.

3.– Aurreko 1. apartatuan jasotakoaren ondorengo zergalditik aurrera, apartatu horretan aipatutako entitateak arrisku-kapitaleko sozietate bihurtu ahal izango dira, 5. apartatuan jarritako epearen barruan. Bestela gertatzen bada, zergaren arau orokorrei jarraituz zergapetuta geratuko dira.

4.– Beren estatutuak arrisku-kapitaleko sozietateen estatutuetara egokitzen dituzten edo arrisku-kapitaleko sozietate bihurtzen diren entitateak Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak horietarako ezartzen duen araubidera bilduko dira.

Kasu horretan, entitateak Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 59. artikuluan jasotako araubideari jarraituz zergapetuko dira, aurreko 1. apartatuan ezarritakoaren ondorengo zergalditik aurrera, eta berezitasun hauek aplikatuko dira:

a) 59. artikulu horren 1. apartatuan jarritako epeak zehazteko, araubide berezi batak besteari jarraitzen diola ulertuko da. Kenkari horiek 59. artikulu horren 2. apartatuan mantentzeari buruz jasotako beharkizuna bete beharko dute.

b) Era berean, araubide baten eta bestearen artean jarraipena dagoela ulertuko da, 60. artikuluaren 5. eta 7. apartatuetan jarritako betetze epeak zehazteko.

c) Entitateko bazkideek ezin izango dute 59. artikulu horren 2. apartatuan jasotako kenkaria aplikatu, 2012ko abenduaren 4aren aurretik bertan zuten eta data hartan ordainduak izan diren akzio edo partaidetzei dagokienez.

d) Baldin eta egokitzapena edo eraldaketa ondorengo 5. apartatuan jarritako epean gertatzen bada, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 27. artikuluaren 2. apartatuko d) letran jasotakoa ulertuko da aurreko 1. apartatuan jasotakoaren ondorengo zerga ekitaldiaren hasieratik aurrera.

5.– Aurreko apartatuan aipatutako egokitzapena edo eraldaketa 12 hilabeteko epearen barruan gertatu beharko da, aurreko 1. apartatuan jasotako zerga ekitaldia amaitzen denetik aurrera. Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak, aurretik subjektu pasiboak eskatuta, beste 12 hilabetez luzatu ahal izango du epe hori, betiere, arrisku-kapitaleko sozietate gisa egokitu edo hala bihurtzeko tramiteak hasi arren, entitateak ez badu 12 hilabeteko hasierako epearen barruan eskuratu horretarako baimena. Entitateak 12 hilabeteko hasierako epea amaitu aurretik aurkeztu beharko du luzapen eskaera, eta egokitze edo bihurtze tramiteak egiten hasi dela frogatu beharko du.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea egokitu arrisku-kapitaleko sozietate gisa egokitu edo hala bihurtu gabe amaitzen bada, entitatea derrigortuta egongo da subjektu pasiboa arrisku-kapitaleko entitateen araubidean zergapetuta egon den zerga ekitaldia edo ekitaldiak erregularizatzera, eta zergaren arau orokorren arabera zergapetuta geratu eta ateratzen den kopurua ordaindu beharko du, berandutza interesak eta guzti. Ekitaldiak erregularizatzeko, aitorpen osagarri bat aurkeztu beharko du eragindako ekitaldiei dagokienez, ez-betetzea gertatu ondorengo Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren aurkezpenerako borondatezko epearen barruan.

6.– Xedapen iragankor honetan 60. artikuluari buruz egindako aipamen guztiak Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 60. artikuluari buruz egindakotzat hartuko dira, betiere foru arau hau indarrean jarri aurretik 7/1996 Foru Arauari emandako azken idazkera aintzat hartuta.

Bigarrena.– Enpresak sustatzeko sozietateen araubidean zergapetuta egon diren eta horretatik eratorritako kreditu edo obligazioak bete gabe dituzten entitateei aplikagarriak zaizkien arauak.

1.– Xedapen iragankor hau zergaren arau orokorrei jarraituz zergapetuta dauden entitateei aplikatuko zaie, baldin eta aurretik Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 60. artikuluan jasotako araubideari jarraituz zergapetuta egon badira.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako entitateek berezitasun hauek aplikatuko dituzte:

a) 60. artikuluaren 5. apartatuan jasotako kenkaritik eratorriak diren aplikatu gabeko saldoak dituzten apartatu honetako entitateetako bazkideek haiek kendu ahal izango dituzte, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 46. artikuluan jasotako erregelen arabera.

Era berean, 5. apartatuan aktiboaren barruan 5 ekitalditan mantentzeari buruz jasotako beharkizuna bete beharko dute. Beharkizun hori bete ezean, derrigortuta geratuko dira egindako kenkariengatik bere garaian ordaindu ez zituzten kuotak sartzera, berandutza interesak gehituta, ez-betetzea gertatzen den zerga ekitaldiko autolikidaziotik ateratzen den kuotarekin batera.

Aurreko paragrafoan jasotako ordaindu gabeko kuotak kalkulatzeko, aintzat hartuko da kenkarirako eskubidea sortu zenetik ez-betetzearen datara igarotako denbora, eta sortutako kenkariei portzentaje hauek aplikatzerik eratortzen diren ordaindu gabeko kuotak ordainduko dira:

a') % 100, urtebetea edo gutxiago igaro bada.

b') % 80, urtebete eta egun batetik bi urtera igaro badira.

c') % 60, bi urte eta egun batetik hiru urtera igaro badira.

d') % 40, hiru urte eta egun batetik lau urtera igaro badira.

e') % 20, lau urte eta egun batetik eta bost urtera igaro badira.

f’) Bost urte baino gehiago igaro badira, ez da diru sarrerarik egingo.

Horretarako, kenkariak horiei dagokien zerga ekitaldiaren lehen egunean sortutzat hartuko dira.

b) Aurreko urteetan 60. artikuluaren 6. apartatua aplikatu duten entitateek artikulu horren 7. apartatuan jasotako helburuetara bideratu beharko dituzte errenta salbuetsiak.

7. apartatu horretan jasotakoa bete ezean, derrigortuta geratuko dira oinarri ezargarrian integratu gabeko errentengatik bere garaian ordaindu ez zituzten kuotak sartzera, berandutza interesak gehituta, ez-betetzea gertatzen den zerga ekitaldiko autolikidaziotik ateratzen den kuotarekin batera.

Aurreko paragrafoan aipatutakoaren arabera oinarri ezargarrian integratu beharreko errenta kalkulatzeko, kontuan hartuko dira lortutako errentak eta horiek lortu direnetik ez-betetzearen dataren bitartean igarotako denbora, eta integrazio portzentaje hauek aplikatuko dira:

a’) % 100, urtebetea edo gutxiago igaro bada.

b’) % 80, urtebete eta egun batetik bi urtera igaro badira.

c’) % 60, bi urte eta egun batetik hiru urtera igaro badira.

d’) % 40, hiru urte eta egun batetik lau urtera igaro badira.

e’) % 20, lau urte eta egun batetik bost urtera igaro badira.

f’) Bost urte baino gehiago igaro badira, ez da diru sarrerarik egingo.

Horretarako, errentak beraiei dagokien zergaldiko lehen egunean lortutzat hartuko dira.

c) Entitateek nahiz beren bazkideek zergapetze bikoitzari lotutako kenkaria aplikatuko dute haiei dagokienaren arabera, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 33. artikuluan jasotakoaren arabera.

d) Beraiek partaidetutako akzio edo partaidetzak eskualdatzen badituzte, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 27. artikuluaren 2. apartatuko d) letran jasotakoa aplikatuko da. Horretarako, entitatea 60. artikuluan jasotako araubidean zergapetuta egondako partaidetzaren edukitzako denboran linealki sortu zen errenta zatiari dagokionez, 60. artikuluaren 4. apartatuan jasotakoa aplikatuko da, 4. apartatu horretan jasotakoa aplikatzeko exijitutako beharkizun guztiak eskualdaketa-datan betetzen diren kasuetan bakarrik. Bestela, errenta zati hori araubide orokorrean zergapetuko da.

3.– Desegin eta likidatzen diren edo Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren VIII. tituluaren X. kapituluan jasotako araubidera biltzen ez den enpresa berregituraketako eragiketa batean parte hartzen duten aurreko 1. apartatuan aipatutako entitateek aurreko 2. apartatuan jasotako erregela berberak aplikatuko dituzten, salbu aurreko a) letraren lehen paragrafoan jasotakoa. Dena den, apartatu horren a) eta b) letretan aipatutako beharkizunak entitatearen desegite eta likidazioaren edo eragiketaren momentuan hartuko dira bete gabetzat.

Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 15. artikuluan jasotako erregela orokorrak berezitasun hauek kontuan hartuta aplikatuko dira:

a) Sozietatea deseginda eta likidazioa edo eragiketa eginda amaitzen den zergaldian oinarri ezargarrian integratu behar da sozietate partaidetuek onartu duten azken balantzetik lortutako ondare garbiarekin bat datozen beren akzioen edo partaidetzen balioen eta haien erosketa prezioaren arteko diferentzia. Gainerako ondasunei dagokienez, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 15. artikuluan jasotakoa aplikatuko da.

b) Xedapen iragankor honen 1. apartatuan aipatutako entitateko bazkideen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren edo Sozietateen gaineko Zergaren edo Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako:

1.a Desegiten den sozietatearen kapitaleko akzio edo partaidetzen eskurapen balioa eta, hala badagokio, titulartasun balioa edo, izatekotan, titulartasun-balioa esleitutako zorren zenbatekoan gehituko da eta esleitutako kredituen eta diruaren edo hura ordezkatzen duen zeinuaren zenbatekoan gutxituko da.

2.a Aurreko 1. zenbakian azaldutako eragiketen emaitza negatiboa bada:

a') Emaitza hori ondare irabazitzat hartuko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako.

b’) Sozietateen gaineko Zergaren ondorioetarako, emaitza hori bazkideen oinarri ezargarrian integratuko da, eta horri aplikatuko zaio, hala badagokio, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 33. artikuluan jasotako kenkaria. Dena den, xedapen iragankor honen 1. apartatuan aipatutako entitateko partaidetza bere balio nominalaren azpitik eskuratu denean, aipatutako kenkaria ez da bidezkoa izango bi balioen arteko diferentziaren zenbatekoari dagokionez.

c’) Establezimendu iraunkorrik gabe jarduten den Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadun bat denean, emaitza hori zerga horri lotutako ondare irabazitzat hartuko da.

d’) Aurreko b’) letran xedatutakoa aplikatuko da, establezimendu iraunkor bidez jarduten den entitate ez-egoiliarra denean ere.

2. zenbaki honetan jasotako kasuan, kredituez, diruaz edo hori ordezkatzen duen zeinuaz besteko esleitutako aktiboaren gainerako elementuetako bakoitza esleipen hartzailearen ondarean integratuko da, entitate partaidetuaren ondare garbiaren balioan, akzioak edo partaidetzak direnean, eta merkatuko balio nominalean, aldiz, beste elementu batzuk direnean.

3.a Aurreko 1. zenbakian azaldutako eragiketen emaitza zero edo positiboa bada, errentarik edo ondare galera edo irabazirik ez dagoela ulertuko da.

Emaitza hori zero denean, kredituez, diruaz edo hori ordezkatzen duen zeinuaz besteko esleitutako aktiboaren gainerako elementuetako bakoitza esleipen hartzailearen ondarean integratuko da, entitate partaidetuaren ondare garbiaren balioari dagokionez, akzioak edo partaidetzak direnean, eta merkatuko balio nominalari dagokionez beste elementu batzuk direnean.

Emaitza positiboa bada, kredituez, diruaz edo hori ordezkatzen duen zeinuaz besteko esleitutako aktiboaren gainerako elementuetako bakoitza esleipen hartzailearen ondarean integratuko da, entitate partaidetuaren ondare garbiaren balioan, akzioak edo partaidetzak direnean, eta merkatuko balio nominalean, aldiz, beste elementu batzuk direnean. Dena den, balio horiek txikiagoak badira aurreko 1. zenbakian azaldutako eragiketen emaitza baino, kredituez, diruaz edo hori ordezkatzen duen zeinuaz besteko esleitutako aktiboaren gainerako elementuetako bakoitza kalkulatzeko, emaitza positiboa haien artean banatu behar da iraungitzen den sozietatearen likidazioaren amaierako balantzetik ateratzen den ondare garbiaren edo merkatu balioaren arabera.

4.a Bazkideari esleitutako elementuak, kredituez, diruaz edo hori ordezkatzen duen zeinuaz bestelakoak direnean, bazkideak desegitea, likidazioa edo eragiketa gertatzen den datan eskuratutzat hartuko dira.

4.– Aurreko 1. apartatuan aipatutako sozietateek eta beren bazkideek honako berezitasun hauek aplikatuko dituzte, hala badagokio, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren VIII. tituluko X. kapituluan jasotako araubidera biltzen den enpresa berregituraketako eragiketa batean parte hartzen dutenean:

a) Eragiketaren aurretik apartatu honetako entitateetako bazkideek 60. artikuluaren 5. apartatuan jasotako kenkaritik eratorriak diren aplikatu gabeko saldoak badituzte, eta eragiketaren ondorioz, beraiek eskualdatzaileak badira, entitate eskuratzaileak haiek kendu ahal izango ditu, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 46. eta 97. artikuluan jasotako erregelen arabera.

Era berean, apartatu honetako entitateetako bazkideek aurreko zerga ekitaldietan 60. artikuluaren 5. apartatuan jasotako aplikatu badute, eta eragiketaren ondorioz beraiek eskualdatzaileak badira, entitate eskuratzaileak aukeran izango du aurreko 2. apartatuaren a) letran aipatutako erregularizazioa eragiketaren momentuan egitea edo 5. apartatu horretan jasotako mantentze beharkizuna betetzen jarraitzea. Bigarren aukera hori egin eta beharkizuna eragiketaren ondoren betetzen ez bada, aurreko 2. apartatuaren a) letran aipatutako erregularizazioa egin beharko da ez-betetzea gertatzen den momentutik aurrera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, aurreko lehen apartatuan jasotako entitatearen eta bazkideetako baten artean konfusioa egonez gero, eragiketaren momentuan ulertuko da beharkizuna ez dela bete bazkide horren partaidetzei dagokienez, eta entitate eskuratzaileak bazkide horrek ordaindu ez dituen kuotak sartu beharko ditu, berandutza interesak gehituta, aurreko 2. apartatuaren a) letran jasotakoari jarraituz.

b) Eragiketaren aurretik entitate eskualdatzaileak 60. artikuluaren 6. apartatuan xedatutakoa aplikatu badu, entitate eskuratzaileak aukeran izango du aurreko 2. apartatuaren b) letran aipatutako erregularizazioa egitea edo artikulu horren 7. apartatuan jasotako beharkizunak betetzen jarraitzea. Bigarren aukera hori egin eta beharkizuna eragiketaren ondoren betez gero, entitate eskuratzaileak aurreko 2. apartatuaren b) letran aipatutako erregularizazioa egin beharko du ez-betetzea gertatzen denetik aurrera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, aurreko lehen apartatuan jasotako entitate mailegu emailearen eta entitate mailegu hartzailearen artean konfusioa egonez gero, eragiketaren momentuan ulertuko da beharkizunak ez direla bete bi entitateen arteko partaidetzazko maileguetatik eratorritako errenta salbuetsiei dagokienez, eta entitate eskuratzaileak entitate mailegu emaileak kontzeptu horrengatik ordaindu ez dituen kuotak sartu beharko ditu, berandutza interesak gehituta, aurreko 2. apartatuaren b) letran jasotakoari jarraituz.

c) Zergapetze bikoitzari lotutako kenkaria aplikatuko da, hala dagokionaren arabera, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 33. eta 103. artikuluetan jasotakoari jarraituz.

5.– Xedapen iragankor honen ondorioetarako, aurreko 1. apartatuan aipatutako entitateak zergaren arau orokorrei jarraituz ere zergapetuta daudela zergaren araubide berezi batean zergapetuta daudenean. Kasu horretan, araubide bereziaren arauak xedapen iragankor honetan jarritako arauekin batera aplikatuko dira. Apartatu honetan jasotakoak erregelamenduzko garapena izan ahal izango du.

6.– Xedapen iragankor honetan 60. artikuluari buruz egindako aipamen guztiak Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 60. artikuluari buruz (foru arau hau indarrean jarri aurretik indarrean dagoen azken idazketaren arabera) egindakotzat hartuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak eta, bereziki, honako hauek:

a) 22/1993 Foru Araua, abenduaren 28koa, ganberaren baliabide iraunkorra ezarri eta arautzen duena.

b) 14/1996 Foru Dekretua, martxoaren 12koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ganberaren aldeko baliabidearen ordainarazpena biltzeari buruzkoa.

c) 36/1994 Foru Dekretua, apirilaren 12koa, ganberaren baliabide iraunkorraren ordainarazpena sozietateen gaineko zergan autolikidatzeko prozedura ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean, bere prezeptuetan espresuki jasotako ondorioak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala