Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2013ko otsailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
839

AGINDUA, 2013ko urtarrilaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; honen bidez, 2013ko arrantza-kanpainan Euskal Autonomia Erkidegoan harrapatu eta lurreratu ahal izango diren berdelen gehienezko kopuruak finkatzen dira.

Arrantzako politika bateratuaren helburuetako bat hau da: uretako baliabide biziek ekonomiarako, ingurumenerako eta gizarte jasangarrirako baldintzak ahalbidetzea, arrantzako politika bateratuarekin bat, arrantzako baliabideen kontserbazio eta ustiaketa iraunkorrari buruzko Kontseiluaren 2002ko abenduaren 20ko 2371/2002 (EE) Araudian ezarritakoari jarraikiz.

Euskadiko itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1996 Legeak ezartzen duenez, arrantzarako ezartzen diren ordenamendu eta araudiek modu iraunkorrean babestu eta kontserbatu beharko dituzte itsas baliabideak eta kostaldeko komunitateen garapena. Helburu horiek lortze aldera, aipatutako legearen 11. artikuluak baimena ematen die arrantzako agintariei «espezien kontserbazioa eta kudeaketa bermatzeko eta merkaturatzea hobetzeko, arrantzaleen prezio eta diru-sarrerak mantenduta, egoki den edozein erabaki hartzeko».

Berdelaren (Scomber scombrus) stockaren egoera ikusita, gure uretan espeziearen iraunkortasuna bermatuko duten neurriak hartzea gomendagarria da, arrantza zentzuko eta zuzenari lagun diezaioketen alderdiak erregulatuz. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak merkaturatzearen arloan esleituta dituen eskumenak baliatuz, agindu honen bidez, une jakinetan merkatuan ekarpen handiak izatea ere eragotzi nahi da, eta horrela prezioak maila egokian mantentzen laguntzea, eta ondorioz, arrantzaleen diru-sarrerak ere bai.

Bestalde, 2010eko abenduaren 20an, otsailaren 10eko ARM/271/2010 Agindua aldatzen duen abenduaren 21eko ARM/3315/2010 Agindua argitaratu zen; horren bidez, berdelaren kuota banatu eta kudeatzeko irizpideak ezarri ziren, eta arautu egin zen espezie horren harrapaketa eta lehorreratzea. Gainera, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren 2012ko otsailaren 1eko Aginduz 2012ko arrantza-kanpainan Euskadiko autonomia-erkidegoan harrapatu eta lurreratu ahal izango ziren berdelen gehienezko kopuruak finkatu ziren.

Arestian esandakoaren haritik, agindu honetan ezartzen dira autonomia-erkidegoko portuetarako gehieneko bolumenak: bai Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretako harrapaketenak eta bai lehorreratuko diren berdelenak, nonahi harrapatuta ere. Hori guztia 2013ko arrantza-kanpainarako.

Azaldutako arrazoiengatik, eta arrantza-sektoreko erakunde profesionalei kontsulta eginda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta esparrua.

Agindu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretarako berdelaren gehieneko harrapaketa-bolumenak ezarri nahi dira (Scomber scombrus), baita barruko uretan eta gainerako uretan egindako harrapaketetatik autonomia-erkidego honetako portuetan egiten diren berdel lehorreratze-bolumenak ere. Hori guztia 2013ko arrantza-kanpainarako.

2. artikulua.– Berdel-harrapaketen eta eguneroko lehorreratzeen gehieneko bolumenak, arrantza-tresna txiki eta ingurasaredun ontzietarako.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan berdela (Scomber scombrus) harrapatzen duten ontziek ondoren adieraziko diren eguneko gehieneko harrapaketa eta lehorreratze mugei eutsi beharko diete, betiere urteko harrapaketa-kopurua (UHK) eta kuotak errespetatuz:

– Tresna txikiak: 2.300 kg/ontziko eta eguneko.

– Ingurasare bidezko arrantza: 8.000 kg/ontziko eta eguneko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan tresna txikidun eta ingurasaredun ontziek egindako eguneroko harrapaketa eta lehorreratzeen gehieneko bolumena kalkulatzeko, egun horretan bertan beste ur batzuetan egindako harrapaketak ere kontuan izango dira. Harrapaketa eta lehorreratze guztien kopuruan, lehen ezarritako mugak bete beharko dira.

3.– % 5eko tolerantzia onartuko da pisuan, aurreko puntuetan adierazitako kopuruetan.

4.– Ontzi batzuetako berdela beste ontzi batzuetakoei ematea debekatuta dago.

3. artikulua.– Beste arrantza-tresna batzuekin harrapatutako berdela Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan lehorreratzeko gehieneko bolumenak.

1.– Arrasteko arrantza-tresnak: 8.000 kg/ontziko eta eguneko.

% 5eko tolerantzia onartuko da pisuan adierazitako kopuruetan, eta debekatuta dago ontzien artean bata besteari berdela ematea.

2.– Arrastea eta ingurasareak ez diren beste arrantza-tresna batzuk, kanpoko uretan: Ontzi eta egun bakoitzeko, 2.300 kg lehorreratzea onartuko da. % 5eko tolerantzia onartuko da pisuan adierazitako kopuruan, eta debekatuta dago ontzien artean bata besteari berdela ematea.

4. artikulua.– Berdelaren-kanpaina hasteko data.

Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretako berdelaren arrantzaren kanpaina hasteko data otsailaren 15a izango da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, agindu honetan ezarritakoa garatu eta gauzatzeko behar diren ebazpenak eman ditzan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 28a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala