Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
481

ERABAKIA, 2012ko abenduaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren arautegia onartzeko dena.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen-arautegia berrikusteko egutegia beteaz.

Oinarrizko arautegi hau, oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Ikastegien Arautegi Markoaren Bigarren Xedapen Iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen Ikastegi Batzarrak 2012ko urriaren 17an egindako bileran bertako arautegiaren Arautegi Marko berrirako egokitzapena.

Horregatik guztiagatik, eta idazkaritza nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren arautegia onestea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2012ko abenduaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

DONOSTIAKO UNIBERTSITATE ESKOLA POLITEKNIKOAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Ikastegien Arautegi Markoaren 9.2 artikuluarekiko komunztadura.

2.– Ikastegiko Batzarrak 75 kide hautetsi izango ditu portzentaje honen arabera banatuta unibertsitate sektoreen artean:

● Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen pertsonal irakasle eta ikertzailea: % 60a; 45 ordezkari dagozkiolarik.

● Gainontzeko pertsonal irakasle eta ikertzailea: % 5a; 4 ordezkari izanik.

● Ikasleak: % 20a; 15 ordezkari izanen dituztelarik.

● Administrazio eta zerbitzuetako pertsonala: % 15a; 11 ordezkari izanik.

2. artikulua.– Ikastegien Arautegi Markoaren 11. artikuluarekiko komunztadura.

Ikastegiko Batzarrak Batzorde Iraunkorra izango du, zuzendariak (batzordeko burua izango da); idazkari akademikoak (batzordeko idazkaria izango da); eta beste 11 kidek osaturikoa; azken hauek, batzordeko ordezkarien artetik aukeratuko dira honetara banatuta: zazpi kide lotura iraunkorreko pertsonal irakasle eta ikertzailearen ordezkari, gainontzeko pertsonal irakasle eta ikertzailearen ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkari bat.

Batzorde Iraunkorrak Ikastegiko Batzarraren eginkizunak izango ditu eskuordetuta, ikastegien oinarrizko arautegiko 10.3 artikuluaren arabera eskuordetu ezinak diren eginkizunak izan ezik; batzorde iraunkorraren funtzionamendua, bestalde, Ikastegiko Batzarrarenak berak izango dira.

3. artikulua.– Ikastegien Arautegi Markoaren 14. artikuluarekiko komunztadura.

1.– Euskarako batzordea eratuko da, parte hartzerako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea.

2.– Pertsonal irakasle eta ikertzailearen hiru ordezkarik, ikasleen ordezkari batek eta AZPkoen ordezkari batek osatuko dute. Batzordeko burua dekanoa edo berori ordezka lezakeen pertsona izango da eta, idazkari gisa, batzordeko kide bat arituko da.

4. artikulua.– Ikastegien Arautegi Markoaren 5.2.l) artikuluarekiko komunztadura.

Oinarrizko arautegiak genero berdintasunaren inguruan 5.2.l) artikuluan jasotakoa garatzeko xedez, berdintasuneko batzordea eratuko da. Batzordeak bere gain hartuko ditu aipatutako arloaren barruan ikastegiari dagozkion eginkizunak, unean-unean aplikatu beharreko arautegiarekin bat etorrita. Batzordeko burua dekanoa edo berori ordezka lezakeen pertsona izango da; irakasle eta ikertzaileen 3 ordezkari, ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat izango ditu kide. Batzordeko idazkaria batzordeko kide bat izango da.

5. artikulua.– Ikastegien Arautegi Markoaren 24.3 artikuluarekiko komunztadura.

3.– Ikastegiko zuzendariaren hautaketa sufragio unibertsal haztatuaren bidez egingo da, unibertsitatearen hauteskundeetarako arautegi orokorrean ezarritako arauekin bat etorrita, bertako 7. artikuluan araututako boto-gordailua onarturik.

6. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 eta 19.3 artikuluekiko komunztadura.

Dekanoa aukeratzeko hauteskundeetan hautagai zerrendak aurkeztean, gobernu taldea erantsi beharko da, bai eta programa ere; ikastegiko batzarreko zortzi kideren babesa beharko delarik

7. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 17.1 artikuluarekiko komunztadura.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Organoko kide-izaera galtzeko zio gisa hartuko da ekitaldietara hiru aldiz elkarren segidan edo, aldian-aldian, bost aldiz justifikaziorik gabe ez joatea, salbu eta ikasleen kasuan, honetarako UPV/EHUko ikasleen arautegia aplikatuko zaielarik.

8. artikulua.– Ikastegien Arautegi Markoaren 19.1 artikuluarekiko komunztadura.

1.– Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean hamabost minututako tartea egongo da.

9. artikulua.– Kalifikazio epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazio arautzen duen arautegiarekin bat etorrita, 1. eta 4. deialdi bitarteko epaimahaia osatu behar izanez gero, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira eginkizun horretan.

10. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluarekiko komunztadura.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapen hori hamabost egun iragan aurretik gauzatuko da, idazkariari jakinarazi zaionetik kontatzen hasita.

11. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluarekiko komunztadura.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatu ahal izateko, kide titularrek bertaratu ezina egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte ikastegiko idazkaritzan organoaren bilera egin baino 48 ordu lehenago.


Azterketa dokumentala