Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2013ko urtarrilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
196

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 13koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Berdintasunaren Aldeko 2012ko Emakunde Saria nori eman ebazten duena.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2012ko ekainaren 26ko Ebazpenaren bidez, Berdintasunaren Aldeko 2012ko Emakunde Sarirako deia egin zen.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2012ko urriaren 11ko Ebazpenaren bidez izendatutako epaimahaiak –aho batez– erabakitako proposamena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berdintasunaren Aldeko 2012ko Emakunde Saria Bilboko asistentzia psikosozialeko moduluei ematea (Errekaldeberri, Deustu-San Inazio eta Irala-Auzolan), sariaren balorazio-irizpideetara ongien egokitzen den hautagaitza delako. Epaimahaiak erakunde horien ibilbidea azpimarratu nahi du; izan ere, 35 urte baino gehiago daramatzate lanean, bide-erakusleak izan dira, eta denboran zehar iraun egin dute, hain zuzen ere, gai izan direlako gizarte-aldaketetara egokitzeko eta eskaerarekiko sentsibilitatea izateko.

Epaimahaiak honako hauek aipatzen ditu, bereziki: emakumeen ekimenez bizilagunen mugimenduetatik sortutako erakundeak direla, autokudeatutako eredu baten bitartez sortuak, erakunde publikoekin lankidetzan; zerbitzuak ematen dituztela modu integral batean eta genero-ikuspegia kontuan hartuta; eta lagundu egiten dutela berdintasunerako oinarrizko alderdien normalizazioan (emakumeek euren gorputzarengan duten kontrola, harreman-moduei buruz erabakitzeko eskubidea, desberdintasuna ikusaraztea edo emakumeen indarkeriaren aurrean dagoen intolerantzia). Orobat azpimarratzen du, batetik, dibertsitatea kontuan hartzen dutela, ezaugarri anitzeko emakumeekin lan egiten baitute, eta, bestetik, euren jardute-eremuak anitzak direla, eta asistentzia, ikerketa eta prestakuntza barne hartzen dituztela.

Bigarrena.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke ebazpena eman duen organoari berari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke dagokion Administrazioarekiko Auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 13a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA SILVESTRE CABRERA.


Azterketa dokumentala