Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2013ko urtarrilaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE ANTOLAMENDU SAILA
5

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Bergarako (Gipuzkoa) udalerrian mota guztietako metalezko piezen gainazala estaltzeko jarduera egin dezan.

AURREKARIAK

2006ko abenduaren 29an, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Bergarako (Gipuzkoa) udalerrian mota guztietako metalezko piezen gainazala estaltzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera, Bergarako Udalak emandako aldeko hirigintza-txostena (2006ko uztailaren 12a) eta agiri tekniko hauek aurkeztu zituen:

– Ingurumeneko Baimen Bateraturako proiektu teknikoa. Galvanotecnia y Derivados, S.A. Bergara (Gipuzkoa) (2006ko abendua).

– Ingurumeneko Baimen Bateraturako proiektu ez-teknikoa, Galvanotecnia y Derivados, S.A. Bergara (Gipuzkoa) (2006ko abendua).

Erreferentziako baimena eskatzeko orduan, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak irekitzeko baimena zuen, 1998ko uztailaren 22koa. Halaber, enpresa sustatzaileak isurketen inguruan indarrean den araudiak ezarritakoari jarraituz, isurtzeko baimena zuen, 2000ko otsailaren 10ekoa.

2007ko urtarrilaren 25ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, ingurumen organoaren bidez proiektuaren gaineko eraginaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidea adosteari dagokionez. Zehazki, Bergarako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu zizkien.

2007ko otsailaren 27an eta 2007ko irailaren 26an, ingurumen organoak agiri osagarriak txertatzeko eskatu zion sustatzaileari, eta espedientea 2007ko urriaren 10ean osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak sustatutako proiektua egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru egunkaritan argitaratu zen 2007ko abenduaren 2an, eta proiektuak hartuko duen eremuaren ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidetze-epea bete ondoren, alegazio-idazkirik aurkeztu ez zela egiaztatu zen.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko urtarrilaren 14an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Bergarako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.

2008ko martxoaren 5ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako ebazpen proposamena gehituz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa betez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa dutenak.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1 eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak aurkeztutako proiektuaren kasuan, honako baimenak behar ditu: ibilgu publikora isurtzeko baimena eta ingurumen-izaerako bestelako zehaztapenen artean, lurzoruaren kutsadurari aurrea hartu eta zuzentzeari dagozkionak. Era berean, beste administrazio eta erakunde eskudunek espedientean parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Bergarako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplika dakiokeen alorreko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko metalen eta plastikoen gainazalaren tratamenduaren sektoreko BREF txostenaren (Treatment of Metals and Plastics) edukia kontuan hartu da.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen proposamena sinatu eta Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako araudiaren 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2008ko martxoaren 5ean emandako ebazpen proposamena; Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; Legea burutzeko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzeko den gainerako araudia,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bergarako (Gipuzkoa) udalerriko Amilaga kalea 41. zenbakian egoitza soziala eta IFK: A-20045944 zenbakia duen Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, Bergarako udalerrian mota guztietako metalezko piezen gainazala estaltzeko jarduerarako eta Ebazpen honetako Bigarren atalean zehazten diren baldintzak jarraituz.

Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 2.6 kategorian sartuta dago «Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez gainazalak tratatzea (tratamendua jasango duten kubeten edo lerro osoen bolumena 30 m3 baino handiagoa denean)» izenburupean.

Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresa Bergarako (Gipuzkoa) udalerriko Amilaga kaleko 41. zenbakian kokatzen da. Lur-eremuaren azalera, guztira, 3.000 m2-koa da.

Jarduera pieza desberdinen estaldura elektrolitiko eta ez-elektrolitikoan oinarritzen da (galbanoteknia). Galbanoteknia konposizio desberdineko bainu edo elektrolitoetan murgiltzearen bidez metalen deposizio elektrolitikoen prozesuetan oinarritzen da. Estaldura-prozesua bainu elektrolitiko batean murgilduz gauzatzen da. Estalduraren ostean, hainbat tratamendu egiten dira, estalduraren korrosio-kontrako ezaugarriak eta ezaugarri funtzionalak hobetu ahal izateko.

Gainazalaren hiru tratamendu-lerro eta bi pintaketa-lerro dituzte, modu paraleloan pabiloiaren erdigunean kokatzen direnak.

Fosfatatze-lerroan piezaren gainazalaren estaldura ez-metalikoa gauzatzen da pintura ainguratzeko, eta ondoren aplikatuko den hotzeko deformazioa errazteko. Azido fosforikoko disoluzio batean fosfato metaliko bat (zinka edo manganesoa) murgiltzearen ondorioz osatutako bainua erabiltzen da.

Zinkeztatze-lerroa elektrolisi bidez zinkeztatzeko makinan gauzatzen da eta bertan, piezak korrosio-kontrako ezaugarriez jabetzen da. Zinkeztatze azidoa gauzatzen da, zink sulfato edo kloruroz, sodio edo potasio kloruroz eta azido borikoz osatutako disoluzio azidoetan.

Pasibatze-lerroan, piezen zinkeztatze elektrolitikoa, pasibatzea eta lakatzea gauzatzen dira.

Upel batzuek estalkiak dituzte, bero-galerak saihesteko eta upelen isurtzeak murrizteko. Tenperatura altuarekin lan egiten duten upelak isolatuta daude (fosfatatze-upelak).

Pintaketa-lerroetan murgiltze, zentrifugatze eta polimerizazioaren bidez estaldurak egiten dira. Zentrifugatzaile bat eta labe bat dituzte, disolbatzailea lurruntzeko ebakidura batekin, polimerizaziorako beste batekin eta piezak hozteko beste batekin.

Koipegabetzeko ekipo bat dago, eta bi fase ditu: lehenengoan, koipegabetze kimikoa bortizki botatzen da piezen gainera, eta bigarrenean, irakuzketa beroa egiten da zirkuitu itxian. Irakuzketa-bainu kutsatua koipegabetze-upelera pasatzen da. Granailatzeko makina bat dago pieza mota desberdinak garbitzeko.

Bainu kontzentratuak eta irakuzketak araztegira zuzentzen dira eta araztegiak gehienez 20 m3/h-ko arazteko ahalmena du.

Ur beltzak nola industria-urak San Lorenzo industrialdeko ur beltzen kolektorearen barruan daude eta kolektore horretatik saneamendu publikoko sistema orokorrera bideratzen dira. Euri-urak teilatuan atxikitzen dira eta ondoren prozesuan erabiltzen dira, isurketarik eragin gabe.

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak (TEO) izan daitezkeen ondorengo neurriak ditu: energia eraginkorreko ekipoak erabiltzea, disoluzioak edo irakuzketak gasezko hodibihurraren bidez berotzea, prozesuko disoluzioen bero-galeren murrizketa upel batzuetan estalkiak erabiliz. Zink-bainurako zirkuitu itxian hozgarri bidezko hotzeko ekipoa erabiltzen da eta uraren kontsumoa murriztu egiten da elkarren hurrenean garbituz.

Bigarrena.– Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak Bergarako (Gipuzkoa) udalerrian sustatutako mota guztietako metalezko piezen gainazala estaltzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresaren fabrika ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte Ebazpen honetan ezarritako muga-balioak gaindituko.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango gai kutsatzaileak mugarik gabe isuri eta horiek biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabean gai kutsatzailerik ez botatzeko, eta botatzen direnak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Galvanotecnia y Derivados, S.A. instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

Gainera, isurtze barreiatuak sortzen dira gainazalaren hiru tratamendu-lerroetan. Isurtze horien modu jarraikian sortzen dira.

B.1.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.

a) Atmosferara isurtzen diren gai poluitzaileek ondorengo balioak ez gainditzeko moduan ustiatuko da instalazioa:

(Ikus .PDF)

Isurtze barreiatuaren muga-balioa (disolbatzaile-sarreren portzentajea) estalketa jarduerarako % 25ekoa izango da.

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 şK-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

b) Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa, gutxienez) zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25 gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

KOHei (KOG bezala neurtuta) dagokienez, gehienez onar daitezkeen balioek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), baldin eta neurketa guztien batez bestekoak ez baditu gainditzen isurtzeko muga-balioak, eta ordubeteko neurketek ez badituzte gainditzen isurtzeko muga-balioak, 1,5 baino gehiagogatik.

B.1.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistema.

Fokuetako gas-hondarrak kanporatzeko tximiniek ez dute B.1.1.2 atalean jasota dagoen goreneko kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri hartuko dira, Industria Ministerioak industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurrea hartu eta hori zuzentzeari buruz 1976ko urriaren 18an emandako Agindua bete dezaten; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziek (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute.

L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetan, inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliotasuna justifikatzea eskatuko da.

Isurtzeko barreiatuak minimizatze aldera, hainbat erauzgailu izango dira, isurtze barreiatuak atmosferara irtetea errazteko.

B.1.2.– Saneamendu-sistema orokorrera isurtzeko baldintzak.

B.1.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: metalezko piezen tratamendu elektrolitikoa (piezen galbanizazioa).

Jarduera-taldea: 16. Gainazalen tratamendua.

Mota-taldea-EJSN: 3-16-2851.

(Ikus .PDF)

B.1.2.2.– Gehienez isuri daitekeen industriako isurketaren emaria eta bolumena.

a) Industriako hondakin-uren isurketa.

(Ikus .PDF)

B.1.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Kolektorera egiten diren isurketek Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren kolektorera isurtzeko Erregelamenduan agertzen diren mugak eta baldintzak bete beharko dituzte, erakunde horrek egoki deritzon zehaztapen, aldaketa edo salbuespenekin, hondakin-urak isurtzeko muga gehigarri murriztaile hauek izan ezik:

a) Industriako hondakin-uren isurketa.

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

Baimen honek ez du baimentzen baldintza honetan esplizituki adierazitako beste substantzia batzuk isurtzea, bereziki gai arriskutsuak izenekoak badira (Uren abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko, I, IV, V, VI eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen ditu gai horiek).

B.1.2.4.– Araztu eta husteko instalazioak.

Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek honako jarduera hauek barne hartuko dituzte funtsean:

– Minimizatzeko barruko neurriak, prozesuak eta instalazioak berrituz eta birmoldatuz

a) koipegabetzeko instalazioak, olioen bilketa eta granailatzearen bidez desugertze mekanikoa dituztenak.

b) prozesuaren hainbat aplikaziotan gutxi kutsatzen duen zinkeztatze organikoa erabiltzea.

c) zinkeztatze elektrolitikoaren zianuroak ezabatzea.

– Kanpoko neurriak:

a) Tratamendu fisiko-kimikorako fabrika, «Lamic SA» enpresak sinatutako proiektuaren arabera, eta neutralizazio, koagulazio-malutapena, dekantazioa-iragazketa, lohiak loditzea eta horiek prentsa-iragazkian deshidratatzeko prozesuak dituena.

b) Ioi-elkartrukerako eta eluatoen kontzentratzaileen instalazioak.

Araztegian tratatutako bainu agortuen bolumena, horien prozesuko dosifikazioa kontrolatzeko modua, irakuzketa-urekin erregistratutako diluzioa eta azken isurketan hondakin horiek gehitutako gazitasunaren handitzea kuantifikatuko duen azterketa edo txostena aurkeztu beharko da. Halaber, isurketaren kontzentrazioetan desbideratzeak sor ditzaketen sistemaren gaineko gainkargak saihesteko balizko hobekuntza eragileak jaso beharko dira.

Era berean, aurrekariei eta esperientziari begiratuta, egungo arazketa-ekipamendua 10 mg/l-ko mugak betetzeko egokia eta nahikoa dela eta ez-betetzeak saihesteko neurri gehigarriak ezartzeko asmoa duela espresuki baieztatu beharko da.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Galvanotecnia y Derivados S.A. enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazteko instalazioetan, isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik, eta behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxetak jarriko dira eta kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio.

B.1.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira ezbeharrean gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinek desagertu, galdu eta ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Bergarako Udalean.

B.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:

• 1. Prozesua: «Hondakin-uren tratamendua».

– Hondakina: «Prentsa-iragazkiaren lohia».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/1/1.

Hondakinaren kodea: Q9//D9//S27//C24/H05//A243//B3305.

EHZ: 190205.

Urtean sortutako kantitatea: 4.000 Kg.

Metalak edo konposatu metalikoak dituzten lohiak dira. Metalezko edukiontzian biltzen eta ontziratzen dira, baimendutako kudeatzaileak jaso arte.

• 2. Prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

– Hondakina: «PCB duen olioa».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/2/1.

Hondakinaren kodea: Q12//D13//L8-10//C32-51/H7-14//A243//B0019.

EHZ: 130301.

Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.

PCBak dituzten olioak eta gai oliotsu mineralak dira. Sortzen den puntuan jasotzen da zuzenean kudeatzaile baimenduari entregatzeko.

– Hondakina: «Kutsatutako plastikozko ontzi hutsak».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/2/2.

Hondakinaren kodea: Q14//R13//S36//C41/51/H05//A243//B0019.

EHZ: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kg.

Produktu arriskutsuren bat eduki duten ontzi kutsatuak. Gune berezian paletetan jarri eta biltegiratzen da, baimendutako kudeatzaileari bidali arte.

– Hondakina: «Metalezko ontzi hutsak».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/2/3.

Hondakinaren kodea: Q05//R13//S36//C41/51//H05//A243//B0019.

EHZ: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 1.000 Kg.

Produktu arriskutsuren bat eduki duten ontzi kutsatuak. Gune berezian paletetan jarri eta biltegiratzen da, baimendutako kudeatzaileari bidali arte.

– Hondakina: «Hondakin arriskutsuz bustitako plastikoak».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/2/4.

Hondakinaren kodea: Q14//R13//S36//C41/51/H05//A243//B0019.

EHZ: 150202.

Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kg.

Produktu arriskutsuren bat eduki duten material kutsatuak; gune berezian paletetan jarri eta biltegiratzen da, baimendutako kudeatzaileari bidali arte.

– Hondakina: «Fluoreszenteak».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/2/5.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A243//B0019.

EHZ: 200121.

Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.

Identifikatutako kutxan biltzen da eta hondakinen biltegian gordetzen da, baimendutako kudeatzaileak jaso arte.

– Hondakina: «Bateriak».

Identifikazioa: A20045944/2000006988/2/6.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8/14//A243//B0019.

EHZ: 160601.

Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.

Identifikatutako kutxan biltzen da eta hondakinen biltegian gordetzen da, baimendutako kudeatzaileak jaso arte.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) «PCB duten olioak» hondakina zuzenean jaso behar da sortzen den instalazioko andeletatik, aurretik ontziratu eta biltegiratu gabe, eta baimendutako kudeatzaileari eman behar zaio.

c) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

d) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

e) Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

h) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak.

k) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

l) Galvanotecnia y Derivados SA enpresak PKB eduki dezaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

m) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

n) Aurreko f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta m) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

o) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu edo suntsitu baino lehen.

B.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu bati.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituelako agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko. Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo horien agiri ofizial baliokideak, aginduzkoak direnean, bost urtean gutxienez.

d) Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

e) Erregistro bat egingo da, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

f) Aurreko c eta d (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta e ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.1.4.– Lurzoruari buruzko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako betebeharrak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak lurzoruaren honako neurri babesleak ezarrita izan beharko ditu:

– Lehengaien biltegiaren egokitzapena eta berrantolaketa. Garbiketa orokorra egitea eta industria-prozesuko produktu kimiko oldarkorrenak dituzten kubeta mugikorrak ezartzea. Neurri hau tailerrean dauden andeletan ere aplikatu behar da.

– Produktu kimikoak eduki dituzten ontzi-hondakinak biltegiratzeko guneak mugatu, egokitu eta antolatzea.

– Industria-prozesuaren lerro zaharrenean prebentziozko neurriren bat (kubeta, zuloa edo/eta kanalizazioa) ezartzea.

– Kanpoko bi andeletan prebentziozko neurriak ezartzea: kubeta bat behar da edo substantziak isurketen zuloraino bideratu behar dira, araztegian eta andeletan istripu bikoitza gertatuz gero ingurunera isurtzea saihesteko (neurri hau soilik teknikoki eta ekonomikoki justifikatu ondoren aplikatuko litzateke).

B.1.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak instalatuko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzerakoan egiten den zaratak ez du handituko akustikoki oso sentikorrak diren aldeetako zarata-maila.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Atmosferara egindako isurtzeen kontrola.

a) Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak egiten dituen isurtzeak kontrolatu beharko ditu, ondorengo informazioaren arabera:

(Ikus .PDF)

b) Aurreko atalean aipatutako neurketa guztiak baimendutako kontrol erakunde (BKE) batek egin beharko ditu (zortzi ordutan hartutako hiru neurketa, gutxienez ordubetekoa bakoitza), eta aldizkako kontrol horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «BKEen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Edonola ere, botatako gai poluitzaileen kontrolek eta baldintzek Sailburuordetzak ezarritako eskakizun tekniko guztiak bete beharko dituzte.

c) Arestian eskatutako parametro guztien neurketen BKE txostenak bidaliko dira. Parametroak neurtu ez badira edota Ebazpen honetan neurketak egiteko ezarritako maiztasuna baina zaharragoak badira, berriro neurtu beharko dira. Isurtze atmosferikoen gainerako kontrolak adierazitako maiztasunez egingo dira, azkeneko neurketa kontuan izanda.

d) Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak jarduera jakin batzuetan disolbatzaileen erabilerak eragindako konposatu organiko hegazkorren emisioak mugatzeko baldintzei buruzko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuak ezarritakoa bete behar du. Xede horretarako, Ingurumen Sailburuordetzak eskatzen duen informazioa aurkeztu behar da.

C.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Dokumentazio hori eguneratuta egongo da, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea zein ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua) eta goiko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.1.2.3 ataleko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen baditu.

C.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

C.5.– Zarataren kontrola.

Jarduera garatzen den lursaileko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamena Ebazpen honen C.7 atalak aipatzen duen ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginari gehituko zaio.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

Isuritako uraren kalitatearen kontrolari buruzko emaitzak, gainera, hiru hilean behin bidaliko dira Uraren Euskal Agentziara (Gipuzkoako Ordezkaritza).

C.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta Ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako mantentze-lanei dagokienez, isurtzeen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera, honako hauen aplikazio esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (2851 epigrafea «Metalezko pieza txikien gainazalei estaldurak aplikatzea»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako dokumentazioan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak. Era berean, kutsadura atmosferikoaren prebentzio- eta zuzenketa-sistemak (arazketa, minimizazioa, eta abar) egoera onean daudela bermatuko duten neurriak hartuko dira.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburu horretan kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

d) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

e) Olioak eta hondakinak, besteak beste, maneiatzeak lurzorua eta ura kutsatzeko arriskua sor dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio.

h) Ihesak eta isuriak sortzen direnean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunea isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

i) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamenduko instalaziora eramango.

j) Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako ura tratamendu-lerrora bidaliko da.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

l) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.

m) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio berehala Ingurumen Sailburuordetzari.

n) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

– Gertakari-mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zein ordutan gertatu den.

– Iraupena.

– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.

– Mailak gainditu badira, isurtzeei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Berriro gerta ez dadin aurreikusitako neurriak.

– Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

o) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

H) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

I) Urtean behin Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko E-E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurtzeen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi-net web orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, Ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

J) Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio Ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1.1.4 (Tximiniek 1976ko urriaren 18ko Aginduak jasotzen dituen baliabideak dituztela baieztatzen duen txostena); B.1.2.4 (bainu agortuen kudeaketa txostena eta fluoruroen isurtzeko muga-balioa betetzen dela adierazten duen justifikazioa); B.1.3.1.m eta B.1.3.2.e (hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen erregistro-eredua); B.1.4 (lurzorua babesteko baldintzak); C.1.1 (isurtze atmosferikoen erregistro-eredua); C.7 (Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina); D.1 (isurtze eta hondakinen balioespena mantentze-lanetan); D.3.a (prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua); D.3.g (produktu kimikoak biltegiratzearen egiaztagiriak); eta D.3.o (suteen aurkako babesaren ziurtagiriak).

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskaritza-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresak Ebazpen honen xede den mota guztietako metalezko piezen gainazala estaltzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

– Epearen barruan ez egiaztatzea Ebazpen honetako laugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.

– Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

– Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Galvanotecnia y Derivados, S.A. enpresari, Bergarako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 25a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala