Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2012ko abenduaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
5358

244/2012 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigorrak argitaratzeari eta zigortutako enpresen erregistroa sortzeari buruzkoa.

Espainiako Konstituzioaren 40.2 artikuluak honako hau ezartzen du, politika ekonomikoaren eta sozialaren printzipio gidari gisa: botere publikoak laneko higienea eta segurtasuna zaintzeaz arduratuko dira.

Lan arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak 40.2 artikuluan aurreikusten du erregelamendu bidez ezartzen den moduan jakinaraziko direla laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezartzen diren zigor irmoak.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigorrak argitaratzeari buruzko maiatzaren 4ko 597/2007 Errege Dekretuak arau bidez garatzen du jakinarazte hori nola gauzatu.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, autonomia-estatutuaren 12. artikuluaren 2 paragrafoak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak gauzatu behar du Estatuak lan arloan duen legeria, laneko higieneari eta segurtasunari buruzkoa barne, jakina.

Autonomia-estatutuaren 10. artikuluko 2. paragrafoak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere autogobernu-erakundeen antolaketan, araubidean eta jardueran.

Laneko ezbeharren arazoak kostu handia sorrarazten du, bai gizakiengan, bai gizartean, bai eta lanean ere, langileentzako eta horien familientzako egoera lazgarriez gainera. Hortaz, lehentasunezko arazoa da prebentzio-politika bat egitea laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, kalte eta gaixotasun profesionalen eta lanaren ondoriozkoen aurrean babes-maila egokiak bermatzeko. Horretarako, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz bete dadin eskatzeaz eta arlo horretan prestakuntza sustatzeaz gainera, laneko arriskuen aurrean benetako prebentzio-kultura sortu behar da, kontzientziazio eta sentsibilizazio sozialaren alorrean jardunez.

Ildo horretatik, laneko arriskuen prebentzioko araudia hautsi dutenak eta batzordeak oso arau-hauste larriengatik zehatu dituenak jakinaraztea prebentzioko oso neurri eraginkorra izan daiteke.

Hortaz, exekuzio-eskumenak integratzen dituen auto-eraketarako ahalmena baliatzearren, komenigarritzat jotzen da prozedura zehaztea, bai zigor horiek jakinarazteko, bai eta beregana-tutako eskumenak garatzeko eta hartutako eskumenak egoki betetzeko tresna bat sortzeko ere. Tresna hori laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik zigortutako enpresen erregistroa da.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lan Zuzendaritzari atxikiko zaio erregistroa, hala xedatuta baitago, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak ezartzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 12.1.a) artikuluan, eta bestetik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuaren 17.1 artikuluaren d) eta m) ataletan.

Horren ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, dagozkion txostenak eman ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko azaroaren 21ean eginiko bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, prozedura bat ezarri nahi da, Euskal Autonomia Erkidegoan laneko arris-kuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigorrak jakinarazteko eta zigortutako enpresen erregistroa sortzeko.

2. artikulua.– Eskumena eta prozedura.

1.– Laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigorrak, behin irmo bihurtuta eta zigortutako enpresari jakinarazita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Laneko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez. Argitaratu ondoren, dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribatuko dira.

2.– Zigor horiek jakinarazteko epea hiru hilabetetik behekoa da, zigorrak irmo egiten diren egunetik hasita.

3.– Sei hilabetean behin Laneko Zuzendaritzak argitaratuko du, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren web-orrian, zein enpresa izan diren zigortuak aurreko hilekoan.

3. artikuluak.– Argitaratuko diren datuak.

Argitalpenean honako datu hauek jasoko dira:

a) Zigortutako enpresaren izena edo sozietatearen izena.

b) Modu solidarioan zigortutako enpresaren izena edo sozietatearen izena, halakorik bada.

c) Zer arlotan diharduen.

d) Pertsona fisikoen nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo pertsona juridikoen identifikazio fiskaleko kodea.

e) Sozietatearen helbidea:

f) Zigorraren eragina jaso duen lan-zentroa.

g) Egindako arau-haustea.

h) Zigor ekonomikoaren zenbatekoa, bai eta ezarritako zigor nagusien edo ordezkoen zenbatekoa ere, halakorik bada.

i) Arau-hauste aktaren data.

j) Zigortutako ebazpenaren data.

k) Zigorra irmo egin zen eguna.

4. artikulua.– Erregistro publikoa.

1.– Laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik zigorrak jasotako enpresen erregistroa eratzen da. Erregistro hori Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lan Zuzendaritzari atxikita egongo da.

2.– Erregistroak inskribatze-liburu bat izango du, eduki publikoa izango duena eta euskarri informatikoan paratuko dena. Idazpenek 3. artikuluan aipatutako datuak izango dituzte.

3.– Organo eskudunak ofizioz egingo du erregistroko inskribatzea, zigorrak argitaratzeko agintzeko, egintza irmoa dela jakin ondoren.

4.– Zigor-ebazpenei dagozkien erregistroko datuak bost urteren buruan ezeztatuko dira, zigorra argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ezeztapen hori ofizioz egingo da.

5.– Inskribapenak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egingo dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala