Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2012ko abenduaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
5323

245/2012 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, adingabeen adopzioan foru-aldundiek jarraitu beharreko jarduna arautzen duen Dekretua aldatzen duena.

Haurrak eta nerabeak zaintzeari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak adopzioari buruzko administrazio-alderdiak arautzen ditu, haurrak eta nerabeak babesteko esparruan.

Lege hori garatzeko asmoz, eta haren 83.2 eta 85.4 artikuluetan jasotako erregelamendu-aurreikuspena aintzat hartuta, ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren bidez, arautu egin zen adingabeen adopzioan foru-aldundiek jarraitu beharreko jarduna.

Dekretu horren III. kapituluak bildu egiten ditu, legedian familia adoptatzailea izateko ezarritako egokitasun-baldintzak balioesteko irizpideak eta adoptatzaileen egokitasuna deklaratzeko meto­dologia, bai eta deklarazio horren indarraldia eta eguneratzea ere.

Ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 11.2.k) artikuluan, haurrak eta nerabeak adoptatzeko egokitasun-baldintzen artean, jasota ageri da otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 83. artikuluan ezarritako betekizun hau: «Adoptatzaileek adopziogaia behar bezala garatzeko muga izango ez den adina izatea».

12. artikuluan, berriz, egokitasuna balioesteko irizpideak zehazten dira. 1. paragrafoko n) idatzi-zatian, adierazi egiten da interesdunek adin egokia izan behar dutela, adoptatu nahi dituzten adingabeen adinerako.

Idatzi-zati horretan zehazten denez, irizpide biologiko normalizatu bati jarraikiz, ezinbesteko betebeharra da, egokitasun-deklarazioaren ziurtagiria ematen den unean, eskatzailerik gaz­teenaren (bikoteen kasuan) edo eskatzailearen (guraso bakarreko familien kasuan) adinaren eta adingabearen adinaren arteko aldeak 44 urte izatea, gehienez. Alde hori handiagoa izan ahalko da, premia bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko prestutasuna zehazten bada.

2011ko irailaren 1ean, Espainian, indarrean jarri zen Adingabeen adopzioari buruzko Europako Hitzarmen berrikusia (Estrasburgo, 2008ko azaroaren 27a). Izan ere, haurren adopzioaren arloan izandako aldaketa juridiko eta sozialak direla-eta, hitzarmen berrikusi bat egin zen, gizartearen eta zuzenbidearen bilakaerara egokituta. Hitzarmen horren 9. artikuluarekin bat etorriz, adin-tarte egokia izan behar da adoptatzaile eta adingabearen artean, eta, betiere, adingabearen interes goragokoa lehenetsi beharra dago.

Adopzioa haurrak babesteko baliabide gisa ulertu behar da beti, eta, adopzio-prozesuetan, ezinbestez bete beharra dago adingabeak bizimodu eta ongizate egokiak emango dizkion familia bat izateko duen eskubidea. Adoptatzeko interesa dutenak egokiak diren balioesteko, haien ezaugarri pertsonalen gaineko analisi zuhurra egin behar da, eta, analisi horretan, ez da egongo balioespen-irizpiderik, berez egokitasuna ezeztatuko duenik edo baztertzailea izango denik.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Haurrak eta nerabeak zaintzeari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legean, familia adoptatzaileek bete beharreko egokitasun-baldintzen artean, ez zen jaso adin-tartearen gaineko mugarik. Hala ere, foru-aldundiek jarraitu beharreko prozedura arautzeko orduan, 114/2008 Dekretuak, 12. artikuluaren 1. paragrafoko n) idatzi-zatian, balioespen-irizpideen artean, aipatu egiten zuen interesdunen adina egokia izan behar dela adoptatu nahi dituzten adingabeen adinerako. Aipamen horrek, gainera, muga kronologiko bat ezartzen zuen, eta, praktikan, idatzita dagoen moduan egonda, azkenean muga hori baldintza baztertzaile bihurtu da, egokitasuna egiaztatzeko irizpideen multzo osoaren barruan.

Balioespen-irizpideak definituz, haurren edo nerabeen goragoko interesari eman nahi zaio lehentasuna, izan daitekeen beste edozein interes zilegiren gainetik. Aitzitik, gehienezko adin-tartearen irizpidea era automatikoan eta hertsian aplikatzeak prozesutik kanpo uzten ditu hainbat hautagai, balioetsi beharreko gainerako aldaera eta inguruabar espezifikoak ikusita egoki-egokiak direnak.

Araudia aldaketa sozial eta biologikoetara eta, bereziki, amatasun-adinaren atzerapenera egokitzeko, dekretuan jasotako adin-tartearen muga ere egokitu egin behar da, etengabe egokitu ere. Muga horren ordez, egokiagoa da esparru malguago bat izatea, egokitasunari buruzko azken erabakia hartzeko baliagarria izango dena, betiere oinarri hartuta txosten psikosozialean bildutako inguruabar guztien analisi orekatua. Hartara, analisi horren bidez, ondorioztatu egingo da adoptatzaile eta adoptatuaren arteko adin-tartea egokia den.

Hortaz, adoptatuen goragoko interesak babesteko, beharrezkoa da haurtzaroaren arloan espezializatutako gizarte zerbitzuek adoptatzaileen egokitasunari buruzko balioespen egokia egitea. Hori dela-eta, balioespen horretan, irizpide bakar batek ezin du «per se» mugatu adoptatzeko egokitasuna, ez eta egokitasun hori ukatzeko arrazoi bat izan ere; gainera, belaunaldi-arteko desberdintasunaren irizpidea era arrazoitu eta irekian aplikatu behar da, kasuan kasuko inguruabarrak aintzat hartuz.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, aipatutako dekretuaren aldaketa honen helburua da araugintza-esparru naturalago eta egokiago bat eratzea eta, ondorioz, adoptatzeko interesa duten pertsonen eta adoptatuko diren adingabeen arteko adin-tartearen egokitasunari buruzko irizpidea balioesteari dagokionez, egokitasun-irizpide hori baldintza baztertzailea ez izatea, berez, egokitasuna aitortzeko.

Horri jarraikiz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko azaroaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 12. artikuluko 1. paragrafoaren n) idatzi-zatia (dekretu horren bidez, arautu egiten da foru-aldundiek adingabeen adopzioaren arloan jarraitu beharreko jarduna). Ondorioz, idatzi-zati hori honela idatzita gelditzen da:

«n) Adoptatzeko interesa duten pertsonen adina egokia izatea, adoptatu beharreko adingabeen adinerako.

Foru-aldundiko lantalde teknikoak, adoptatu beharreko haurren edo nerabeen goragoko interesa zaintze aldera, baloratu egingo du bikote eskatzailearen edo pertsona eskatzailearen adinaren eta adoptatu beharreko adingabearen adinaren artean dagoen aldea adingabearen garapenerako oztopo izan daitekeen ala ez.

Nolanahi ere, egokitasun-adierazpenean, adoptatu beharreko haur edo nerabeen gutxieneko adina ezarriko da».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala