Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2012ko azaroaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5191

EBAZPENA, 2012ko urriaren 7koa, Lanbide Heziketako zuzendariarena, teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2012-2013 ikasturteari dagozkion proba libreetarako deia egiten duena Euskal Autonomia Erkidegoan.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren 4. artikuluak honako hau xedatzen du: «Deialdiak Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenen bidez gauzatuko dira. Ebazpen horietan, izen emateko aldia eta proben datak zehaztuko dira». Era berean, 2. artikuluak ezartzen du proba horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeetan egingo direla, baimenduta dituzten heziketa-zikloetan, eta betiere, araubide arruntean matrikulatutako ikasleak badituzte lehen nahiz bigarren ikasturtean.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

2012-2013 ikasturteko proba libreetarako deialdia egingo da. Proba horiek arautzen dira teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez. Aipatutako tituluak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) ondorioz sortuak dira.

2. artikulua.– Matrikula.

2011-2012 eta 2012-2013 ikasturteetan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE, I. eranskina) ondorioz sortutako heziketa-ziklo berriek ordezkatu dituzten heziketa-zikloen kasuan, proba horiek egiteko matrikula egin ahal izango dute (2/2006 Lege Organikoaren ondorioz sortutako ziklo berria ezartzen den ikasturtean eta hurrengoan) aurretik matrikula eginda dutenek hala heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-modulu guztietan nola lanbide-modulu horietariko bateko edozein modalitatetan. Eskakizun hori egiaztatzeko, aurkeztuko da interesduna matrikulatuta egon den ikastetxeko idazkariak igorritako ziurtagiria.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren ondorioz sortutako heziketa-ziklo berriek ordezkatzen ez dituzten heziketa-zikloen kasuan, pertsona interesdun guztiak matrikulatu ahal izango dira probak egiteko.

Proba horien deialdiak agortu egin dira 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan ordezkatutako zikloetarako (II. eranskina).

Matrikulatu ahal izateko, artikulu honetan aipatzen diren ikasleek bete egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduan (uztailaren 14ko EHAA) ezarritako eskakizunak.

Ikasturte berean, ikasle berak ezin izango du teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetan matrikulatu autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori ez betetzeak matrikula deuseztatzea ekarriko du berekin. Egoera hori egiaztatzeko, III. eranskinean jasotzen den aitorpena bete beharko du.

3. artikulua.– Zein ikastetxetan egin ahal izango den matrikula.

Matrikula egin ahal izango da, heziketa-ziklo osorako edo lanbide-moduluetarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, baimenduak dituzten heziketa-zikloetan, baldin eta araubide arruntean ikasleak lehen ikasturtean zein bigarrenean matrikulatuta badituzte.

2011-2012 eta 2012-2013 ikasturteetan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) ondorioz sortutako heziketa-ziklo berriek ordezkatu dituzten heziketa-zikloen kasuan, zein heziketa-ziklotan egin matrikula, ikastetxeek ikasleak izan beharko dituzte lanbide-ziklo horretako bigarren mailan eta ziklo hori ordezkatzen duen heziketa-zikloko lehen ikasturtean; edo, behar izanez gero, azken ziklo horretako bi ikasturteetan.

4. artikulua.– Matrikula eta probak egiteko aldia.

Matrikula egin beharko da 2013ko martxoaren 11tik eta 22ra bitartean, bi egun horiek barne.

Probak, berriz, 2013ko ekainaren 3tik 21era bitartean –bi egun horiek barne– egingo dira, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen egutegira egokituz.

5. artikulua.– Tasak ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da azterketa egiteko eskubidea. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan. 2013ko martxoaren 27a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.

Matrikulak balioa izan dezan, azterketa egiteko eskubideei dagokien tasa ordaindu beharko da. 2013ko apirilaren 12an, ikastetxeko iragarki-taulan, jarriko da ikusgai tasa ordaindu duten pertsonen zerrenda. Zerrenda horretan egon litezkeen akatsak zuzentzeko, epe bat irekiko da kaltetuek erreklamazioak jar ditzaten, eta epe hori apirilaren 19an amaituko da. Maiatzaren 9an jarriko da ikusgai matrikulatu diren eta probetara aurkez daitezkeen pertsonen behin betiko zerrenda.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan prozedura-gaietarako arautzen ez denerako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, ordezko modura (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bihara-munetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 7a.

Lanbide Heziketako zuzendaria,

MARÍA JOSÉ MADARIAGA ROLA.


Azterketa dokumentala