Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2012ko azaroaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
5133

AGINDUA, 2012ko urriaren 24koa, Kulturako sailburuarena, «Kultura Bonua» bideratu eta sustatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuko 10.17 artikuluaren arabera, eskumen osoa du Kultura arloan, Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 15. artikuluaren bidez, Kultura Sailari eman zitzaizkion, besteak beste, kultura sustatzeko arloari dagozkion egitekoak, eta musika, antzerkia, dantza, liburua, ikus-entzunekoak eta ikusizko artea arloei buruzkoak.

Eskumen horiek Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari atxikiak daude organikoki, Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera.

Aipatu martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuaren 11.3 artikuluaren f) eta g) idatzi-zatietan xedatutakoren arabera, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio lehen aipatutako arloetan kultura gordetzen, sortzen eta zabaltzen dela zaintzea, baita EAEn kultura-industrien garapenean laguntzea ere.

Horrela bada, EAEko ekonomia suspertzeko hainbat jarduera sustatzera bideratutako Eusko Jaurlaritzaren planen barnean, Kultura Sailaren asmoa da «Kultura Bonua-Bono Cultura» programa berritzea, 2009., 2010. eta 2011. urteetako emaitza onei erreparaturik. Ekimen honen bidez, kultura-ondasun eta -produktuak eskuratzen lagundu nahi zaie herritarrei, eta, era berean, kultura sektoreko enpresa txiki eta ertainak indartu nahi dira, eta kontsumoaren bidez ekoizpen artistikoa eta kulturalaren merkatuaren dinamizazioa sustatu Euskal Autonomia Erkidegoan, Eguberrietako 2012-2013 kanpainaren karietara atxikitako establezimenduetan.

Baina, administrazio honek uste du oso garrantzitsua dela kultura-kontsumoaren euskarria ahalik eta eskaintza zabalena izatea, ez kulturako arloei eta sektoreei dagokienean bakarrik, baita alor horiei egiten zaizkien ondasun- eta zerbitzu-proposamenei dagokienean ere. Horretarako, funtsezkotzat jotzen da banaketa komertzialaren sarea indartzea, EAEko kultura-eskaintzaren dibertsitatea horretan oinarritzen baita. Sare hori hurbileko eta neurri txiki edo ertaineko komertzioetan (ETEak) oinarritzen da, liburu eta diskoen zabalkundeari dagokionez batez ere. Horiei esker, herri eta auzo gehientsuenetara heltzen da; horiei esker, kultura-produktuen eskaintza espezializatzen eta dibertsifikatzen da; eta, horiei esker, kultura-jardueran zentratzen den eskaintza horri laguntza ematen zaio behin eta berriz argitalpen- eta disko-produkzioek, euren produktuak merkaturatzeko kanpaina handi eta zehatzen bidez, lagundutako titulu gutxi batzuetara ez mugatzeko.

Finean, herritarren eta kulturaren nola kultura oinarritzen den merkataritza-sarearen alde gin nahi da, izan ere, sare hori beti da ahula eta prekarioa, eta, halaber, berau gabe kulturaren eta bere eskaintzaren aniztasuna eta hurbiltasuna sinplifikatu eta barreiatu egiten dira, merkaturatzeko sustapen-kanpaina handietan oinarritutako proposamen gutxi batzuen onurarako. Merkataritza-mota jakin hori hautatuz, ziurtatzen da izenburuen eskaintza anitz eta zabalera jotzeko aukera, eskubidea eta posibilitatea izatea herritarrek, eta, hori, merkatari espezializatuaren laguntza izan eta bere bizi-espazioari ahalik eta hurbilen izanik burutzea.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa diruz lagunduko du, «Kultura Bonu» batzuk eskuratuz. Bonu horiek lehiaketa bidez hautatua izan zen finantza-erakundearen bidez jarriko dira salmentan, eta, berorien bidez, erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, bai liburuak edo diskoak erosteko, bai museo bat ikusteko, bai zinera, antzerkira edo kontzertuetara joateko.

2.– «Kultura Bonu» bakoitza 25 eurotan salduko da, eta 40 euroko balioa hartuko du eramaileak eskuratzean; bonu horiekin, kanpaina honetara atxikitako establezimenduen sarean, liburuak eta musika-euskarriak, eta museoetarako, zuzeneko ikusgarrietarako eta bestelako gertaeretarako sarrerak eskuratu ahal izango dira. Bonu bakoitzeko 15 euroko aldea Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain.

3.– Txartelen eta zerbitzu anitzeko kutxazainen edo antzekoen bidez salduko ditu «Kultura Bonuak» Kultura Sailak hautatutako erakunde laguntzaileak, baina bestelako kanalak ere erabili ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzak hala onartuz gero; bonu bakarra eskuratu ahal izango da txarteleko. Horrela, erakunde laguntzaileak, besteak beste, beharrezko mekanismoak ezarriko ditu abian (txartela blokeatzea edo bestelako prozeduraren bat) txartel bakoitzarekin bonu bakarra eskuratzen dela bermatzeko.

2. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera, hautatutako erakundea erakunde laguntzaile izango da, eta aipatu Testu Bateginean eta diru-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileentzako garapen-xedapenetan xedatutako araubide juridikoa aplikatuko zaio.

2.– Erakunde laguntzailea hautatu eta gero, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak horren berri emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenaren bidez.

3.– Hautatutako erakunde laguntzaileari dagokionez, programa honen eskatzaileek egiten dituzten erreklamazioak jaso ahal izango ditu Kultura Sailak, eta hautatutako erakunde laguntzaileari entzun eta gero bideratuko dira erreklamaziook. Aurkeztutako erreklamazioa Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez baietsiko edo ezetsiko da.

3. artikulua.– Ekonomia-baliabideak.

1.– 1. artikuluko helbururako, 600.000 euro bideratuko da.

2.– Zenbateko hori, eskuratzea aurreikusten den «Kultura Bonuen» kopuruaren araberako doikuntzarekin, erakunde laguntzaileak adierazitako kontuan sartuko da, ordainketa bakarrean, aurreko artikuluan aurreikusten den erakunde horrekin lankidetza-hitzarmena sinatu eta gero.

4. artikulua.– Diru-laguntzen izaera.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzatzat hartuko dira programa honen baitan emango diren laguntzak.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak burutzea.

6. artikulua.– Onuradunak.

Ezarritako bideak erabiliz «Kultura Bonu» bat eskuratzen duten pertsona fisikoak izango dira onuradunak.

«Kultura Bonuak» finantza-erakunde laguntzaileak banatuko ditu hiru Lurralde Historikoetan, irizpide eta proportzio hauei jarraituz:

Lurralde Historikoak % demografikoa* % salmentak 2011 Azken batezbestekoa Bonu-kop.

Araba 15% 19% 17% 6.800

Bizkaia 53% 58% 55% 22.000

Gipuzkoa 32% 23% 28% 11.200

Bonuak, guztira 40.000

*(Eustat 2011)

Hala ere, demandaren egoerak hala eskatuko balu, salmenten azken astean, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez, banaketa hori doitu ahal izango da, interesdunen artean ahalik eta bonu gehien banatu ahal izateko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta erakunde laguntzaileari ebazpen horren berri emango zaio.

7. artikulua.– Material diruz lagungarria.

«Kultura Bonuak» kultura-produktu hauek erosteko erabiliko dira:

(Ikus .PDF)

Produktu hauek programatik kanpo gelditzen dira, eta, beraz, ezin dira «Kultura Bonuaren» bidez erosi: paper-gauzak; informatika eta elektronikako ekipoak, softwarea eta kontsumigarriak; jokoak eta bideojokoak.

Kultura Sailak programaren helburuari erantzuten dioten bestelako produktu eta zerbitzu batzuk ere sartu ahal izango ditu, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez –EHAAn argitaratuko da–.

8. artikulua.– Atxikitzeko baldintzak.

1.– «Kultura Bonua» programari atxiki ahal izango zaizkio, ordainketa-bide bezala bonua bera onartuz gero, ondoko baldintza hauek betetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoan dauden establezimenduak –pertsona fisikoak zein juridikoak izan–:

a) Euren jarduera nagusitzat, kontsumitzaileari arlo hauetako kultura-produktu eta -ondasun hauek saltzea dutenak: liburua, musika, zinema, ikuskizun eszenikoak (antzerkia, dantza, musika...) eta museoak.

b) Enpresa txiki edo ertainak izatea; horretarako, Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Araudiaren I. eranskina hartuko da erreferentziatzat.

c) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko egoera erregularizatua izatea.

2.– Horrela, bestelako betebeharrak izanagatik, Eusko Jaurlaritzak edozein unetan eskatu ahal izango du gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko edozein agiri.

Horiek betetzen ez dituzten erakundeek aurkeztutako eskabideak ez dira aintzat hartuko, ez onartuko ere.

9. artikulua.– Atxikitzeko epea eta prozesua.

Merkataritza-establezimenduak «Kultura Bonua» programara atxikitzeko epea 2012ko aza­roaren 22tik 2012ko abenduaren 5era bitartekoa izango da (biak barne).

Atxikitzeko inprimakia Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan eta www.kultura.ejgv.euskadi.net helbidean eskuratu ahal izango da, eta, itzuli berriz, bide hauetako bat erabiliz itzuliko da:

– Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoak.

– Postaz:

Eusko Jaurlaritza

Kultura sustapena («Kultura Bonua»)

Donostia 1 z/g

01010 Vitoria-Gasteiz

Eusko Jaurlaritzak eskatzaileei Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpena jakinaraziko die, zeinaren bidez atxikitzeko eskabidea onartuko ala ezetsiko den. Atxikitako establezimenduei, programa sustatzeko beharrezko agiriak eta materiala emango zaizkie.

Kultura Sailak «Kultura Bonua» programara atxikitako establezimenduen zerrenda argitaratuko eta eguneratuko du www.kultura.ejgv.euskadi.net atarian.

10. artikulua.– Atxikitako establezimenduaren betebeharrak.

«Kultura Bonua» programara atxikitako establezimenduak, atxikitzeko eskabidea sinatuta, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Atxikitako enpresa publizitate-materialak jaso eta establezimenduko leku ikusgarri batean jartzera konprometitzen da.

b) Erosleei ez die dirutan itzuliko erosketaren eta bonuaren balioaren arteko aldea.

c) Atxikitako establezimenduek galdetegi labur baten kopiak izango dituzte leku ikusgarrian, bete nahi duten bezeroek hala egin ahal dezaten. Galdetegiak bete ostean, horretarako zehaztuko den helbidera igorriko dira.

d) Atxikitako establezimenduek dei bat jaso ahal izango dute, funtzionamendu eta prozesuaren eta kanpainaren inguruko iritzia egiaztatzeko.

11. artikulua.– Laguntzen indarraldia eta programaren egutegia.

1.– «Kultura Bonuak» EAEn soilik izango du balioa.

Programa honetara atxikitzea 2012ko abenduaren 10ean sartuko da indarrean ondorio guztietarako, eta 2013ko urtarrilaren 31 arte aplikatuko da, epe hauen arabera:

a) Bonuak hautatutako finantza-erakundeak habilitatutako kutxazainetan eta kanaletan eskuratu ahal izango dituzte interesdunek, 2012ko abenduaren 10etik 2013ko urtarrilaren 5era bitartean.

b) Bonuak eskuratzen dituztenek programa honetara atxikitako establezimenduetan soilik erabili ahal izango dituzte, 2012ko abenduaren 10etik 2013ko urtarrilaren 18ra bitartean.

c) Epe hori igarota, ordainketa-modu gisa balioa galduko du.

d) Programara atxikitako establezimenduek 2012ko abenduaren 11 eta 2013ko urtarrilaren 31 bitartean bildu dituzten bonuak diru bihurtu ahal izango dituzte erakunde laguntzailean. Epe hori igarota, ezin izango dira bonuak diru bihurtu erakunde laguntzailean.

2.– Edonola ere, Kultura Sailak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez, data horiek aldatu ahal izango ditu egoerak edo antolakuntzari dagozkion bestelako arrazoiek hala eskatuz gero, eta horren berri emango du www.kultura.ejgv.euskadi.net atarian.

12. artikulua.– Programara atxikitako erakundeek jasotako bonuak trukatzeko prozedura.

1.– Trukea egiteko, finantza-erakunde laguntzailearen edozein sukurtsaletan fisikoki agertu beharko da. Jasotako bonuak itzuli eta gero, bere balioa honela kalkulatuko da: bonu-kopurua bider 40 euro unitateko. Programara atxikitako establezimenduak horretarako duen erakunde laguntzailearen kontu-zenbakian sartuko da kalkulu horretatik ateratzen den guztizkoa. Bonuak ez dira inolaz ere eskudiruarekin trukatuko.

2.– Trukea astean behin egin ahal izango da, eta trukea egiteko azken eguna 2013ko urtarrilaren 31 izango da.

3.– Trukea egiterakoan, programara atxikita egotea egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak emanak. Trukatutako bonu bakoitzari dagokion erosketa-txartela eranstea eskatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, establezimenduren bati berariaz hala jakinaraziz gero.

13. artikulua.– Ikuskatzea eta ez-betetzeak.

Kultura Sailak, programaren arduradun den heinean, egoki iritzitako egiaztapenak, ikuskapenak eta bestelako kontrol-neurriak egiteko eskubidea du, betiere, baliabide publikoak behar bezala erabiltzen direla eta laguntza-programa hau behar bezala garatzen eta aplikatzen dela egiaztatzeko.

Atxikitako establezimenduek ez-betetzeren bat eginez gero, Kultura Sailak «Kultura Bonua» programarako haien atxikipena indargabetu ahal izango du, bonuak trukatzea saihesteko.

Kultura Sailak, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen destinoa fiskalizatzeko euren jardunean, eskatzen dieten informazio oro eman beharko dute atxikitako establezimenduek.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– «Kultura Bonua» programara atxikitzeko eskabidea betez eskuratutako datu pertsonalak fitxategi informatizatu batean sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatutako laguntzen kudeaketan xedatzen da soilik fitxategi horren erabilera, eta programak dirauen artean datuak tratatzeko arduradun izango den erakunde laguntzaileari eman izan ahal izango zaio, eta programa horretarako soilik.

Bigarrena.– Oinarri hauetan aurreikusi gabeko guztirako, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legean xedatutakoari atxikiko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Aginduaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 24a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala