Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2012ko azaroaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
5129

EBAZPENA, 2012ko azaroaren 7koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena; honen bidez, garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» sariaren 2012. urteko ediziorako deialdia egiten da.

Azaroaren 18ko 189/2008 Dekretuaren bitartez (2008-11-28ko EHAA, 229. zk.), «Ignacio Ellacuría» saria sortu zen, Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzeko, euskal gizartea eta nazioarteko gizartea sentsibilizatze aldera.

Gorago aipatutako 189/2008 Dekretuak, bere 3. artikuluan, ezartzen du saria urtero deituko dela garapenerako lankidetzako sailburu eskudunaren agindu bidez, eta aginduan edizio bakoitzaren aldi baterako oinarri espezifikoak zehaztuko direla. Halaber, dekretu horren 5. artikuluak ezartzen du saria Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko duela.

Hala ere, deialdia egiteko eskumenari dagokionez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu, arautu eta abiarazi ondoren (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legea; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretua; eta Agentziaren jarduerak abiaraztea arautzen duen azaroaren 23ko 310/2010 Dekretua), eta ikusirik Jaurlaritzaren Lehendakaritzari esleitu zaiola garapenerako lankidetzaren arloa, eta lehendakaritza horrixe atxiki zaiola Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa (EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua bigarren aldiz aldatzeko Lehendakariaren urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuaren lehenengo eta bigarren artikuluak), Lehendakaritzako idazkari nagusiak egin behar du deialdi hau.

Hala ere, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaritzak kudeatuko du saria (azaroaren 18ko 189/2008 Dekretuaren 5. artikulua; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikulua; eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikulua).

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Artezkaritza Kontseiluaren oniritzia jaso zuela 2012ko urtarrilaren 13an egindako bilkuran.

Bidezkoa da, beraz, 2012ko ekitaldirako sari honen deialdia egitea, aipatutako dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoa betez.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» sariaren 2012. urteko deialdia egitea, onartu diren eta I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan eta azaroaren 18ko 189/2008 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 7a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JOSÉ MANUEL SALINERO FEIJOO.


Azterketa dokumentala