Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2012ko urriaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4815

AGINDUA, 2012ko urriaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntzako Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena.

Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, maiatzaren 3ko Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoaren xedapen gehigarriko aurreikuspenek diotenari jarraiki, hezkuntza-administrazioak behartzen ditu bi urtez behin estatuaren barnean aldaketak egiteko lehiaketak deitzera. Horietan irakasle funtzionario guztiek parte hartu ahalko dute, diren administraziokoak direlarik ere, baldin eta horretarako baldintzak betetzen badituzte. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahalko dute ekintza bakarraren bitartez, ebazpenaren ondotik kidego bakoitzeko destino bakarra lortuz.

Irailaren 27ko ECD/2107/2012 Aginduz, estatu mailako lehiaketei ezartzeko prozedurazko arauak jasotzen dira, 2012-2013 ikasturtean zehar deitu beharrekoak hezkuntza sistemako eskolak ematen dituzten eta Hezkuntzako Lege Organikoan jasota dauden irakasle funtzionarioentzat, hezkuntzako Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskatzaileentzat eta Hezkuntzako ikuskatzaileentzat.

Arau horren helburua da estatu mailako leku-aldatze lehiaketak modu koordinatuan ospatzeko beharreko prozedurazko arauak ezartzea, baldintza berberetan irakasle funtzionario publiko guztien parte-hartzea eraginkorra ziurta dadin.

EBAZTEN DUT:

Deialdia:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko Ikuskatzaileen eta hezkuntzako administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deitzea.

2.– Deialdi hau eraenduko duten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzierrekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 29a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko Ikuskatzaileen eta hezkuntzako administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deitzen da.

Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.

1.– Lekualdatze-lehiaketa honetan aipatzen diren Kidegoei dagozkien eskaintzen diren plaza hutsen behin-behineko eta behin betiko zehaztapena irailaren 27ko ECD/2107/2012 Arauaren bosgarren atalean aurreikusitako datetan egingo da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

2.– Lekualdatze-lehiaketa honetan, zehazten diren plaza edo lanpostu hutsak eskainiko dira eta horien artean jasoko dira, gutxienez, 2012ko abenduaren 31 baino lehen hutsik geratu direnak eta lehiaketa ebazterakoan sortzen direnak. Horiez gain, derrigorrezko erretiroak direla eta, 2012-2013 ikasturtea amaitu artean hutsik geratzen diren lanpostuak ere gehitu ahal izango dira. Hala ere, lanpostu horiek eskainiko dira baldin eta aurrerantzean ere indarrean jarraituko dutela ohartemanda badago hezkuntzarako plangintza orokorrean.

3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko posturen bat bada, akatsen beharreko zuzenketak publikatuko dira.

Hirugarrena.– Borondatezko parte-hartzea.

1.1.– Lehiaketa honetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden eta jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langile funtzionarioek:

a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako ikastetxeetan behin betiko destinoarekin jarduneko zerbitzuan ari diren funtzionarioek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako hezkuntza Ikuskaritzetatik aitortutako zerbitzu berezietako egoeran dauden funtzionarioek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita dauden hezkuntza Ikuskaritzetatik aitortutako borondatezko eszedentzia egoeran, horren mota desberdinetan, dauden funtzionarioek.

Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.1 artikuluko a) eta b) idatzi-zatietan aurreikusitako moduan, norbere interesagatik edo familia batzeagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartu ahal izateko, ezinbesteko izango dute eszedentziara igaro zirenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro izana.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako hezkuntza Ikuskaritzetan aitortutako etendura egoeran aurkitzen diren funtzionarioek, betiere, aurtengo ikasturtea amaitzen denean, etendurako diziplina zigorraren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik gutxienez urte bi pasatu badira.

e) Beste Herri Administrazio batzuetan zerbitzua eskaintzen ari diren funtzionarioek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

1.2.– Atal honetan aipatzen diren parte-hartzaileek, era berean, gainerako Hezkuntza Administrazioek egindako deialdiei dagozkien plazak eska ditzakete, bakoitzaren oinarrietan ezarritako irizpideei jarraiki.

2.– Beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpeko langile funtzionarioak.

Deialdi honi dagozkion plazak eskatu ahalko dituzte beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpean dauden irakasle funtzionarioek, Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Funtzionario horien lehen behin betiko destinoak aukeratu ziren deialdia zedarritzen zen Hezkuntza Administrazioaren alorrekoa behar zuen izan, bertan baldintza hau betetzeko eskatzen ez zen kasuan izan ezik.

Langile horiek parte-hartzeko eskaera destinoko zentroari dagokion Hezkuntza Administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean egin beharko dute.

Laugarrena.– Derrigorrezko parte-hartzea.

1.– Deialdi honetan eskaintzen diren lanpostuetan parte hartzera derrigortuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langile funtzionarioak:

a) Eszedentziatik edo funtzioen etenaldi egoeratik etorri, behin betiko destinoa galdu eta jarduneko zerbitzura itzuli eta deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehenago, itzuleraren indarrez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeren batean behin-behineko destinoa lortu dutenak.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo parte hartuta ere nahikoa plaza huts eskatuko ez balitu, behin behineko jarduna izan duen azken Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan eman ahalko zaio ofizioz behin betiko destinoa, I. eranskinean Ikuskaritza ikastetxeak argitaratuta dauden ordenari jarraituz, edo bestela, destinoa eman zain geratuko da.

b) Nahitaezko eszedentzian, edo funtzioen etenaldi irmoan eta destinoko lanpostua galduta dauden funtzionarioak, zigorra bete eta gero, behin-behinean itzultzerik lortu ez badute, eta egoera hori aitortu bazaie Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeren batean.

Aurreko paragrafoan aipatutako funtzionarioak lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar den beste lanpostu eskatzen ez badute eta, hala, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzia egoeran geldituko dira, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89 artikuluko 1.a) idatzi-zatian aurreikusten den modura.

c) Epaia edo errekurtsoari emandako ebazpena betetzen ari direlako edo behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua ezabatu zaielako behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak.

Parte hartzera behartuta egonda parterik hartuko ez balu, behin behineko jarduera izaten ari den Lurralde Historiko barnean dauden eta baldintzak bete ditzakeen plazetara destinatuko da ofizioz, kasuaren arabera, I. eranskinean argitaratutako Ikuskaritza ikastetxeen ordena jarraituz.

d) Behin betiko plaza galdu eta bere Kidegoan aktibo mantenduz Administrazioko beste lanpostu batzuk izatera pasa ziren langile funtzionarioak, beti ere hura utzi eta behin behineko destinoa lortu badute gaur egun Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dauden diren plazetan.

Parte hartzen ez duten, edo parte hartuta ere, nahikoa plaza huts eskatzen ez dituzten eta idatzi-zati honetan sartuta dauden funtzionarioei, euren parte-hartze eskaeretan adierazitako Lurraldeko edo Lurralde Historikoko plazetan emango zaie behin betiko destinoa, aurrez zehaztu dituzten lehentasunen arabera.

Behin betiko destinorik lortu ez badute, behin-behineko destinoko egoeran geratuko dira 2012-2013 ikasturtean zerbitzuak bete dituzten eta aurreko paragrafoan aipatzen den Lurralde Historikoan.

Bosgarrena.– Lehentasun-eskubidea.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten lehiatzaileak lehentasunezko eskubideaz baliatu ahalko dira, eta eskabideetan halaxe agertuko dute hori.

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea:

Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute, jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten karrerako funtzionarioek, zerrendatzen diren lehentasun ordenan:

a) Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango dute lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko lanpostu bat lortzeko.

b) Behin betikoz betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta Herri Administrazioan beste lanpostu bat betetzera pasa direnak, beti ere azken lanpostua eten badute.

c) Behin betikoz betetzen zuten plaza edo lanpostua galdu dutenak, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.4 artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentziaren egoera aitortu ostean aplikatu beharreko araudiak zehaztutako lanpostu-erreserbaren denbora-tartea amaitu delako eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.

d) Sententzia betearazpenean edo administrazio-errekurtsoaren ebazpenean.

e) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako errehabilitatuak izan direnak.

Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, lanpostua merituen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio.

Idatzi-zati honetan adierazitako egoeretan egonda lehentasun-eskubideaz baliatu nahi duten funtzionarioek, kidegoan behin betikoz azken destinoa izan zuten herri edo barrutirako erabili ahal izango dute.

Lehentasun-eskubidea nahitaez baliatu beharra egongo da eskubide hori sortzen deneko herrirako eta, nahi izanez gero, barrutia eskatzeko lehentasun-eskubidearen kasuan, bertako beste herri bat edo batzuetarako.

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren irakasleek, parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko dute:

1.– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.

2.– Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitatearen (lanpostu-mota) eta hizkuntza-eskakizunaren (hizkuntza) kodea ezarriko da lehentasun-ordenaren arabera. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.

3.– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan, eskubiderako arrazoia den herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herriko kodea soilik adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, gune baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herri edo herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean lanposturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatu herriko gainerako edozein ikastetxeko lanpostu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren ordenan.

Seigarrena.– Herri edo barruti bateko lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan lehentasun-eskubiderik gabe parte hartzen duten gainerakoekin batera lehiatuta lortuko dute, merezimenduen baremoan lortutako puntuazioaren arabera.

Zazpigarrena.– Hizkuntza-eskakizunak.

Derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea, edo bestela, martxoaren 10eko 42/1998 eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuek aldatutako martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) martxoaren 10eko 42/1998 eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuek aldatua, bai eta euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzeari buruzko indarrean dagoen gainerako araudia ere, aipatutako hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea, bertan finkatutako baldintza eta betebeharrekin.

Halaber, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak aplikatuko dira.

Zortzigarrena.– Eskaerak.

Parte-hartzaileek eskaera bakarra aurkeztuko dute, III. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Eskabideak sinatzen dituztenek espresuki azaldu beharko dute oinarrietan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak oinarri hauen I. eranskinean ageri den edozein Ikuskaritza ikastetxetan egin beharko dira.

Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek eskabideetan adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontutan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, deialdi honetan aurreikusten diren ofiziozko destinoen esleipen-egoeren kaltetan izan gabe.

Bederatzigarrena.– Agiriak aurkeztea.

Parte-hartze eskabidea aurkezterako unean, parte-hartzaileek eskatutako baldintzen eta adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri hauen II. eranskineko baremoan zehazten diren aurreikuspenen arabera.

Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren erantzuleak eskatzaileak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko da gaztelaniaz edo euskaraz bestelako atzerriko hizkuntzaren batean emandako dokumentazio guztia; zinpeko interpreteak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

Eskabideak aurkezteko epean adierazten diren eta behar bezala frogatzen diren merezimenduak soilik izango dira kontuan.

Igortzen diren fotokopia guztiak alderaketa ahalbidetzen duten eginbideekin aurkeztu beharko dira. Eginbide horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek, Hezkuntza Ministerioaren probintziako zuzendaritzek edo autonomia erkidegoei dagozkien organismoek eman behar dituzte, euren hezkuntza eskuduntzak erabiliz. Alderaketa egiteko eginbiderik ez duen fotokopiarik ez da onartuko.

Administrazioak edozein momentutan eska diezaieke interesdunei zalantzak edo kexak eragiten dituzten merezimenduak justifikatzeko.

Hamargarrena.– Eskatutako baldintzak eta adierazitako merezimenduak ziurtatzeko agiriak aurkezteko tokia.

1.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan. Posta-zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu nahi bada eskabidea, kartazal irekian egingo da, zerbitzu horretako funtzionarioak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, kartazala egiaztatu aurretik.

Hamaikagarrena.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

Eskaerak egin eta agiriak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 6tik eta 22ra bitarteko egunak dira, biak barne.

Adierazitako epe hori amaitzen denean, ez da onartutako inolako eskabiderik eta aldaketarik egindako eskaeretan, ezta aurkeztutako merezimenduei dagokien dokumentaziorik ere.

Hamabigarrena.– Merezimenduen balorazioa.

Lehiakideek adierazi dituzten merezimenduak ebaluatzeko, puntuazioen baremoko 3 eta 4.1 idatzi-zatiei dagokienez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileria Kudeatzeko zuzendariak Batzorde Barematzailea izendatuko du. Batzorde horietan, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizon zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatzen duen Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Batzordeak kide hauek edukiko ditu:

Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskarien Kidegoko funtzionarioa.

Batzordekideak: Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskarien Kidegoko funtzionarioa.

Aurreko Batzorde Barematzaileko burua Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariak izendatuko du aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik. Era berean, aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik batzorde buruak proposatzen duen funtzionarioa izendatuko du Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariak idazkari lanak egiteko.

Ordezkari gehien dituzten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute Batzorde bakoitzean begirale lanak egiteko.

Batzorde Barematzailea izendatzeko erabili diren irizpideei jarraiki, ordezko batzordeburua, batzordekideak eta idazkaria izendatu ahalko dira. Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoko eta Administrazio Prozedura Erkideko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan jasotako abstentziorako eta uko egiteko kausetara lotuta egongo dira Batzordeetako kideak.

Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu beharrezkoa dela irizten den Batzordeetan.

Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren 6. eta 16. artikuluek aurreikusten dutenaren arabera (26ko EHAA), bidaien gastuengatiko kalte-ordainak ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak (28ko EHAA) dioenari jarraiki ordainduko dira. Dekretu horrek zerbitzuengatiko kalte-ordainen zenbatekoak eguneratzen ditu.

Batzorde Barematzaileen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean publikatuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

Baremoaren gainerako atalengatik lehiakideei dagokien puntuazioa hala dagokion administrazio-unitateak emango du.

Hamahirugarrena.– Behin behineko ebazpena.

Behin Batzorde Barematzailearen aktak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean jasota, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean nahiz Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan erakutsiko da Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariaren Ebazpena. Hala, parte-hartzaile onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda publiko egingo da, parte-hartzaileren bat baztertua izan den kasuan zergatia azalduz. Baremoaren atal bakoitzean parte-hartzaile onartuek lortutako behin behineko puntuazioen zerrendak aipatutako Interneteko helbidean soilik erakutsiko dira.

Lehiakideek behin behineko ebazpen horren kontrako kexak aurkez ditzakete, argitaratzen den hurrengo egunetik hasita bost egun balioduneko epean.

Hamalaugarrena.– Aurreko oinarrian aipatutako kexak konponduta, behin betiko egin eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean nahiz Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan publikatuko da Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariaren Ebazpena. Hala, parte-hartzaile onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda publiko egingo da, parte-hartzaileren bat baztertua izan den kasuan zergatia azalduz. Baremoaren atal bakoitzean parte-hartzaile onartuek lortutako behin betiko puntuazioen zerrendak aipatutako interneteko helbidean soilik erakutsiko dira.

Interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahalko dute behin betiko zerrenda horren aurka Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen aurrean, argitaratzen den hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Era beran, Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariaren Ebazpenaren bitartez, destinoen behin behineko esleipena onartuko da lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileek adierazitako lehentasunei kasu eginez. Ebazpen hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Interneteko helbidean argitaratuko da. Destinoen behin behineko esleipena dakarten zerrendak aipatutako Interneteko helbidean soilik argitaratuko dira.

Puntuazio guztietan berdinketa gertatuko balitz, hori konpontzeko baremoaren atal bakoitzeko puntuaziorik altuena hartuko litzateke kontuan, bertan agertzen den ordenaren arabera.

Berdinketak iraungo balu, azpiataletan lortutako puntuazioa hartuko litzateke kontuan, berdin-berdin, baremoan agertzen diren ordenan.

Kasu batean zein bestean, atal bakoitzean kontuan hartzen den puntuazioa ezin da izan baremoan horietako bakoitzarentzat ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagoa, ezta balizko azpiatalen kasuan ere, txertatuta dauden atalaren gehieneko puntuazioa baino altuagoa. Irizpide hau ezartzean azpiatalen batek dagokion ataleko goreneko puntuazioa harrapatuko balu, ez dira kontuan hartuko gainerako azpiataletako puntuazioak.

Beharrezkoa balitz, Kidegoan sartzeko oposizioak egin zituzten urtea hartuko da kontuan azken irizpide gisara, zaharrena lehenetsiz berrienaren aurrean, eta urtearen barruan, prozesuan lortutako puntuaziorik altuena lehenetsiz baxuenaren aurrean.

Hamabosgarrena.– Erreklamazioak eta uko egiteak.

Lehiakideek behin behineko esleipenaren ebazpenari kexak jarri ahalko dizkiote www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean nahiz Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzen iragarki-tauletan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bost egun balioduneko epean. Lehiakide boluntarioek, epe horretan bertan, lekualdatze lehiaketan parte-hartzeari uko egin diezaiokete, lehiaketak parte-hartzeko eskabidean idatzitako eskari guztiei eragin diezaiekeela ulertuta.

Hala, argi geratzen da behin behineko Ebazpenean destinorik ez eskuratzeak, ez duela esan nahi behin betiko Ebazpenean ezin denik destinorik lortu.

Hamaseigarrena.– Behin betiko Ebazpena.

Behin erreklamazioak ikusita eta, hala badagokio, aurreko Oinarrian adierazten diren uko egiteak onartuta, destinoen behin betiko esleipena onartzen duen Agindua emango da. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta bertan lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren zerrenda noiz eta non erakutsiko den adieraziko da.

Lekualdatze lehiaketako behin betiko ebazpenen aurkako errekurtsoak, parte hartu deneko Administrazioa albo batera utzita, errekurtsoa ezarri zaion plazaren hezkuntza Administraziora zuzenduko dira eta bertan ebatziko dira.

Hamazazpigarrena.– Jarduneko zerbitzura itzultzea.

Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren Ikuskatzaileek, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan:

1.– Eszedentzia aginduaren kopia.

2.– Irakaskuntzarekin bateraezina den gabezia edo gaixotasun fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duen medikuaren ziurtagiri ofiziala.

3.– Diziplinako espedientearen arabera, Estatuko, Herriko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren inongo Kidegotatik bereizita ez dagoela eta funtzio publikoen jardunerako ezgaituta ez dagoela adierazten duen agindua edo zinpeko aitorpena.

Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu duten ez beste irakasle Kidego batean jardunean daudenek, ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako agiriak.

Hemezortzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

2013ko irailaren 1ean egingo da destino berrietako lanpostuaz jabetzea.

Hemeretzigarrena.– Destinoen ukaezintasuna.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezingo zaie uko egin.

Hogeigarrena.– Ordainketak.

Oinarri hauen babespean araututako deialdiaren bidez euren jatorriaz bestelako kudeaketa eremu batean behin betiko destinoa lortu duten funtzionarioek, destinoa lortzen duten eremuari dagozkion ordainketa arauen arabera jasoko dute euren ordainsaria.

Hogeita batgarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Pertsona parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek inola ere ez dituzte erabiliko beste batzuek, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada datu pertsonalak babesteko legean jasotako kasuren batean (15/1999 Legea, abenduaren 13koa, 6.2 eta 11.2 artikuluak; BOE, 298 zk., 1999ko abenduaren 14koa).

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak bete ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan.

Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenera egokitu beharko da.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala