Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2012ko urriaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4810

205/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituena.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak, 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoek erabakiko dute, bai Unibertsitatearen ekimenez –Gizarte Kontseiluak proposatuta–, bai erkidegoaren beraren ekimenez, –Unibertsitatearen Gobernu Kontseilu horren adostasunarekin–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak txostena eman ondoren. Lege Organiko horren 35.2 artikuluan adierazten denez, autonomia-erkidegoek eta Unibertsitate Kontseiluak baimendu beharko dituzte unibertsitateen ikasketa-planak, betiere Gobernuak ikasketa ofizialak emateko jarraibideekin eta baldintzekin bat badatoz.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautzen du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan beharrezko egokitzapenak bultzatuko dituzte eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak hartuko, euskal unibertsitate-sistema Goi-mailako Irakaskuntzako Europako Sisteman sartzeko eta Titulazioaren Europako Gehigarriaren Diploma emateko. Alde horretatik, lege horren 62. artikuluan ezartzen denez, unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak ezarri eta kenduko ditu titulu ofizialak edo autonomia-erkidegoek aitortutako tituluak lortzera bideratutako ikasketak, eta, halaber, baimena emango du, tituluak homologatu ondoren, ikasketa-planak hasteko.

Titulu ofizialak nola ezarri arautzen dute, batetik, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatzen duenak), Unibertsitateko Ikasketa ofizialak arautzen dituenak, eta, bestetik, urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak, Doktorego Ikasketa ofizialak arautzen dituenak.

Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan tituluak inskribatzeak berekin ekarriko du titulu horien hasierako akreditazioa, betiere urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatu egin du Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 17. artikuluko lehenengo paragrafoa. Artikulu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetan unibertsitate-ikasketa ofizialen akreditazioari eusteko prozedura arautzen da. Paragrafo horretan ezarrikoarekin bat etorriz, masterrak lau urtetik behin akreditatu beharko dira, egiaztatzen diren egunetik aurrera.

Doktorego Ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Dekretuak 10. artikuluan ezartzen ditu doktorego-programak egiaztatzeko eta akreditatzeko ebaluazio-irizpideak.

Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak arautu egiten du Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatutako tituluen akreditazioaren segimendua nola egin eta nola berritu, eta ezarri egiten du, halaber, unibertsitateak akreditazioa berritzeko dagokion eskaera egin behar duela, autonomia-erkidegoek ezarritako prozedura eta epeak betez, betiere.

Legezko agindu hori betez, Euskal Autonomia Erkidegoak dekretu hau onartzen du, uniber-tsitate titulu ofizialen akreditazioa berritzearekin lotutako prozedurak eta epeak arautze aldera. Euskara eta gaztelaniaren erabilerari dagokionez, prozedura horrek bermatu egingo ditu unibertsitateen eskubideak, Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Zentro eta Unibertsitate Ikasketen Erregistroa abenduaren 28ko 351/2010 Dekretuan ezarritakoarekin bat sortu zen. Unibertsitate gaietan eskumena duen sailak erregistro hori baliatzen du, hain zuzen ere lurralde osoan izaera ofiziala eta balioa duten unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketak baimentzeko eta akreditatzeko prozesuetan.

Hori guztia aintzat hartuta, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari –jakitun egon daitezen eta txostena egin dezaten– 2012ko martxoaren 28ko bilkuretan aurkeztu ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan dauden unibertsitateei baimendu zaizkien Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak zehaztea.

2. artikulua.– Epeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak baimendutako Gradu eta Doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko epea 6 urtekoa izango da, hasierako egiaztapenetik edo azken akreditaziotik hasita.

2.– Unibertsitate-master ofizialen akreditazioa berritzeko epea, berriz, lau urtekoa izango da, hasierako egiaztapenetik edo azken akreditaziotik hasita.

3.– Hasierako egiaztapenaren edo azken akreditazioaren ondotik aldaketaren bat egin bada Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialetan, akreditazioa berritzeko epea noiz hasiko den zehazteko, baimena emateko hasierako egiaztapenaren eguna edo azken akreditazioarena hartuko dira aintzat.

3. artikulua.– Prozedura.

1.– Akreditazioa berritzeko azken eguna baino sei hilabete lehenago hasiko da hura berritzen hasteko prozedura.

2.– Prozedurari hasiera emateko, unibertsitateak eskaera aurkeztu beharko du, unibertsitate-gaietako eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailean, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen aginduz onartutako epeen barruan.

3.– Espedientea instruitu ondoren, unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari bidaliko dio, ebaluatu dezan. Ebaluazio horretan, egiaztatu egingo da, gutxienez, ikasketa-plana bat datorrela onartutako azken proiektuarekin, eta txosten bat egingo da, unibertsitatetik kanpoko adituek bertatik bertara egindako ebaluazioa oinarri izango duena.

4.– Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak hiru hilabete izango ditu txosten-proposamen bat egiteko, eta, ondoren, unibertsitateari bidaliko dio.

5.– Txosten-proposamena jaso ondoren, unibertsitateak egoki iritzitako alegazioak egin ahal izango ditu, 20 egun naturaleko epean.

6.– Unibertsitatearen alegazioak jaso eta 30 egun naturaleko epean, ebaluazio-txosten arrazoitua egingo du Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak. Txostena aldekoa edo aurkakoa izan daiteke, eta, azken kasu horretan, zehaztu egingo du zein diren aldeko txostena lortzeko nahitaez aldatu beharreko alderdiak.

7.– Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak ebaluazio-txostena igorriko die unibertsitateari, Unibertsitate Kontseiluari, Ministerioari eta unibertsitate-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailari, bai eta, hala badagokio, inplikatutako gainerako autonomia-erkidegoei ere. Txostenean adierazi egingo da unibertsitateak noiz aurkeztu duen eskaera.

8.– Hortik aurrera, uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren 27. bis artikuluan ezartzen denez, Unibertsitate Kontseiluak, hilabeteko epean, eta, betiere, unibertsitateak eskaera egin zuenetik aurrera sei hilabete igaro baino lehen, ebazpena eman beharko du, eta, ondoren, honako hauei jakinaraziko die: unibertsitate-gaietan eskumena duen ministerioari, Euskal Autonomia Erkidegoari eta unibertsitateari. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, eskaera onartu egin dela ulertuko da.

9.– Ebazpena akreditazioaren aldekoa bada, Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietako eskumena duen sailak kasuan kasuko inskripzioa egingo dute Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Zentro eta Unibertsitate Ikasketen Erregistroan, hurrenez hurren.

10.– Unibertsitate Kontseiluak aurkako ebazpena emanez gero, unibertsitateak hilabeteko epea izango du errekurtsoa aurkezteko. Epe hori igaro eta errekurtsorik aurkeztu ez bada, unibertsitate-gaietan eskumena duen ministerioak tituluaren baja jakinaraziko dio Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroari; halaber, Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietako eskumena duen sailak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du baimenaren baliogabetzea, eta tituluari baja emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Zentro eta Unibertsitate Ikasketen Erregistroan.

11.– Unibertsitateak errekurtsoa aurkezten badu Unibertsitate Kontseiluak emandako ebazpenaren aurka, Kontseiluko lehendakariari zuzenduta eta hilabeteko epean bidali beharko du, ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera. Errekurtsoa izapidetzea onartzen bada, Kontseiluak horretarako izendatutako batzorde batek balioetsiko du. Ezezko ebazpena emateko ebaluazioan parte hartu ez duten adituak izango dira batzorde horretako kideak. Batzorde horrek hiru hilabete izango ditu ebazpena berresteko edo, hala badagokio, errekurtsoa onartzeko eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari helarazteko; azken kasu horretan, ebaluazioan zein alderdi berrikusi behar diren zehaztuko du, egin beharreko txostena burutze aldera. Errekurtsoa aurkeztu eta hamar eguneko epean, haren berri jakinarazi beharko dio unibertsitateak unibertsitate-gaietako eskumena duen Eusko Jaurlaritzan sailari.

12.– Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak hilabeteko epea izango du, eskatutako ebaluazio-txostena Unibertsitate Kontseiluari bidaltzeko. Txostena jaso ondoren, Unibertsitate Kontseiluak behin betiko ebazpena emango du, bi hilabeteko epean. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Ebazpen horren berri emango zaie unibertsitate-gaietan eskumena duen ministerioari, Euskal Autonomia Erkidegoari eta unibertsitateari. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

13.– Unibertsitate Kontseiluak errekurtsoaren ebazpen baieslea ematen badu, artikulua honen 9. paragrafoan ezarritakoa bete beharko da. Aitzitik, ebazpena ezeslea bada, ikasketa-plana iraungitzat joko da, eta ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartu beharko dira.

4. artikulua.– Ebaluazio-prozesua.

1.– Ebaluazio honen bidez, bermatu egin nahi da kasuan kasuko titulua ikasketa-planarekin eta haren aldaketekin bat garatzen ari dela, baliabide egokiak erabiltzen direla, era kontrolatuan egiten dela, eta kalitate-bermeko sistema bat baliatzen dela, tituluaren hobekuntza ahalbidetzen duena.

2.– Ebaluazio honen bidez, halaber, ziurtatu beharra dago Euskal Unibertsitate Sistemarentzat interesa duten agente guztiek informazio publiko egoki eta garrantzizkoa jasotzen dutela.

3.– Ebaluazioa gauzatu dadin, unibertsitateak argi eta zehatz ezagutu behar du ebaluazio-prozesua. Hori dela-eta, eskaera aurkeztu ondoren akreditazioa berritzeko hasitako prozedura abian jarri baino, gutxienez, lau hilabete lehenago, unibertsitateek eskuragarri izan behar dituzte, batetik, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak tituluen akreditazioa berritzeko eta unibertsitate-titulu ofizialak ebaluatzeko erabiltzen duen protokoloa, eta, bestetik, unibertsitateei eskatzen zaizkien agiriak, halakorik bada.

4.– Ebaluazio-prozesu horren oinarria, besteak beste, segimendu-txostenak izango dira, betiere unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko eta segimendua egiteko protokoloa kontuan hartuta. Protokolo hori adostu egin zuten, batetik, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) eta lankidetzan ari diren ebaluazio-organoek –besteak beste, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak– eta, bestetik, unibertsitate-gaietan eskumena duen ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak.

5. artikulua.– Akreditazioa berritzeko ez eskatzeak dakartzan ondorioak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko unibertsitateren batek erabakitzen badu unibertsitate-titulu ofizialen baten akreditazioa berritzeko eskaerarik ez aurkeztea, Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietako eskumena duen sailak dagokion baimena baliogabetuta geratu dela argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horretaz gain, aintzat hartuko du ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartu beharra.

2.– Era berean, titulu horri baja emango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Zentro eta Ikasketen Erregistroan, eta unibertsitate-gaietan eskumena duen ministerioari horren berri jakinaraziko zaio, tituluari baja eman diezaion Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari edo kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 17. artikuluko 1. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela idatzita gelditzen da:

«Gradu eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketek akreditazioa berritzeko prozesu bat bete beharko dute, sei urtean behin, hasierako egiaztapenetik edo azken akreditaziotik aurrera. Masterreko tituluek, halaber, prozesu hori berori bete beharko dute, lau urtean behin, hasierako egiaztapenetik edo azken akreditaziotik aurrera».

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala