Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2012ko urriaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
4626

200/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituena.

Sortu zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei eta, beraz, herritarrei, zerbitzurik onena eta eraginkorrena emateko asmoz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta funtzionamendua arautzeko hainbat erregelamendu egon dira. Hori guztia erakundea sortu zuen legean ematen zaizkion helburuak betetzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren baitako erakunde autonomotzat jo zuela kontuan izanda.

Azken aldian, gogoeta sakonak eta eztabaida biziak izan dira giza baliabideak kudeatzeko moduetan egin beharreko aldaketei buruz, hala esparru pribatuan nola publikoan. Hori hala izanik, administrazio publikoa ez da egon azken joera horietatik kanpo, eta ondorioz, aldaketak egiteari ekin dio, handiagoak zein txikiagoak, Europar Batasuneko hainbat herrialdetan, eta baita Batasuneko administrazioan bertan ere. Horren guzti horren helburua zerbitzu publiko eraginkorrago eta kalitatez hobeak lortzea da, langile publikoen profesionaltasuna eta produktibitatea hobetuta.

Ikuspegi horretatik, esan behar da Erakundearen helburuak, oinarrizkoenean, administrazio publikoen giza baliabideei loturik daudela; eta, bestalde, administrazio orokorrak antolaketa eta giza baliabideen arloan beste eredu bat bereganatu du. Horren ondorioz, batetik, helburu nagusi gisa, pertsona lanpostura egokitzea lortu nahi da, ezberdintasunak kudeatzeaz gainera, eta bestetik, oinarrizko baloreak eraginkortasuna eta berdintasuna izango dira. Esandako guztiagatik, administrazioko langileak prestatu eta hautatzeko politikak beste era batean ulertu beharrean gara.

Bestalde, apirilaren 12ko 7/2007 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuarena, onartu izanak bide emango du, IVAPentzat jarduteko esparru berriak irekitzeko, hala hautaketan nola prestakuntzan.

Gainera, euskararen erabilera normaltzeari dagokionez, kontuan izanda dagoeneko onartu direla plan batzuk euskara gero eta gehiago lan-hizkuntza izan dadin, eta baita herritarrekiko harremanetarako zerbitzu-hizkuntza, plan horiek gero eta garbiago erakusten dute euskal administrazio publikoei hizkuntza arloko prestakuntza, baliabideak eta tresnak eskaini beharra dagoela, lanpostuetan bi hizkuntzetan jarduteko aukera emango duten zerbitzuak diseinatuta.

Bukatzeko, esan behar da azken urteotan kudeaketa-sistema berria ezarri dela IVAPen, etengabeko hobekuntzan oinarritua, eta horrek aldaketa garrantzitsuak eragin ditu jarduteko moduan. Aldaketa horien artean aipatzekoa da plan estrategikoak eta urteroko kudeaketa-planak egin behar direla orain, eta hainbat lantalde ere sortu dira, IVAPen jarduna osatzen duten prozesuak kontrolatu eta kudeatzeko.

Esandako guztiagatik, IVAPen egitura eta eginkizunei buruzko arauak eguneratu beharra dago, hain zuzen ere dituen helburuak errealitateak eta ordenamendu juridikoak gaur egun eskatzen dutenera egokitzeko, eta erakundeak jarraitzen duen kudeaketa-sistema zein den jasota uzteko, egitura onartu eta jendaurrean jartzen duen dekretuan.

Azaldutako guztia kontuan izanda, Aholku Batzorde Juridikoaz bat, Herrizaingo,Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, Lehendakariak aurrez onartu eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16ko bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera, araubide juridikoa, misioa eta baloreak.

1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeko 1. artikuluan jasotakoaren arabera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) administrazioko erakunde autonomoa da. Funtzio publikoko gaietan eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.

2.– IVAPek nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzen jarduteko gaitasun osoa ditu. Bestalde, dagokion jarduera aurrera eramateko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko erakunde autonomoek bete beharreko arauak jarraitu beharko ditu.

3.– IVAPen misioa ondorengoa da: Euskadiko Herri Administrazioetako pertsonak eta antolakuntza hobetzea, administrazio eraginkorragoa, efizienteagoa eta elebiduna lortzeko, zerbitzu publikoko zenbait balio komun oinarri hartuta. Horretarako, honako hauek egingo ditu:

– Euskadiko herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileak hautatu eta etengabe prestatu.

– Euskara administrazioan normaltasunez erabiltzea sustatu.

– Itzulpen ofizialak egin eta lege- eta administrazio-arloko euskarazko terminologia landu.

– Hizkuntza eta lege eta administrazio arloko aholkularitza eskaini eta ikerketak burutu.

4.– Dagokion misioa betetzeko, IVAPek bere jarduna funtzio publikoari buruzko legeriak oinarrian dituen balioen arabera eramango du aurrera, bereziki ondorengoen arabera: herritarrei eskaini beharreko zerbitzu publikoen etika, kudeaketan erantzukizunez jardutea, efizientzia, eraginkortasuna, berdintasuna, gardentasuna eta erakundearen barruko eta erakundeen arteko elkarlana. Esandakoez gainera, bere jardueran gakoa diren baliook ere gogoan izango ditu: berrikuntzaren eta hobekuntzak sartzearen aldeko jarrera izan eta horiek sustatzea, erakundeko langileek erabakiak hartzen diren guneetan parte hartzea, kalitatea kudeatzea, euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa izatea, administrazio barruko zein kanpoko bezeroek zerbitzua eskuratzea erraz izatea, aukera-berdintasuna eta emakumeei eta gizonei tratu bera ematea eskatzen duen printzipioa betetzea, eta ingurumena errespetatzea.

2. artikulua.– Helburuak.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helburuak dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta bere administrazio-erakundeetako langileak hautatzea, betiere IVAP kokatua dagoen saileko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta, eta hezkuntza, osasun eta poliziaren arloetan langileen gaineko eskumenak dituzten sailen eskumenen aurka jo gabe. Horretarako, funtzio publikoko oinarrizko legerian ezarritakoaz bat, erakundeari atxikita geratuko dira hauta-prozesuak antolatzeko diren organo berezitu eta iraunkor guztiak.

b) Beste euskal administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, funtzio publikoari buruzko legerian esaten denaz bat.

c) Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko langileak hautatu eta prestatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko langileak prestatzea, eta gainerako euskal administrazio publikoekin lankidetzan jardutea, beren baitako langileak prestatzeko.

e) Euskara administrazio publikoan sartu, zabaldu, ezarri eta normaltzea eta euskarazko administrazio-hizkera finkatzea, azaroaren 24ko 10/1982 Legean, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizkoan, eta ezartzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa betetzeko.

f) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu ahal izateko, jendeak euskaraz zenbat dakien ebaluatzeko proben edukia eta modua zehaztea, betiere funtzio publikoko legeria orokorrean jasotakoaz bat, eta irakaskuntzako, osasun arloko eta Ertzaintzako langileei buruzko legeria bereziak esandakoaz bat.

g) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu behar direnean, edozein euskal administrazio publikotan funtzio publikora sartzeko hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, hain zuzen ere funtzio Publikoko legeria orokorrean jasotakoaz bat, eta irakaskuntzako, osasun arloko eta Ertzaintzako langileei buruzko legeria bereziak esandakoaz bat.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileen hizkuntza-gaitasuna indartzea, horretarako jarduerak antolatzea eta gaitasuna ebaluatzea, betiere funtzio publikoko legerian esaten denaz bat.

i) Itzulpenak, interprete-lanak eta terminologia-lanak egitea administrazio publikoentzat, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak zehatzak eta juridikoki baliokideak direla bermatuta.

j) Administrazio publikoen eta zuzenbide publikoaren funtzionamenduaren eta antolaketaren inguruan, ikerketak eta azterlanak egin, aholkularitza eman, dokumentazioa landu, informazioa zabaldu eta argitalpenak egiteko jarduerak aurrera eramatea eta bultzatzea, zerbitzu publikoa etengabe hobetu eta zerbitzu horren eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko.

k) Euskal Autonomia Erkidegoak eta Euskadiko administrazio publikoek legeen, finantzen, ekonomiaren, gizartearen eta estatistikaren aldetik edo beste edozein arlotan dituzten berezitasunak ikertu, irakatsi eta ezagutzera emateko jarduerak aurrera eraman eta bultzatzea.

l) Espainiako zein atzerriko antzeko beste erakunde batzuekiko truke-harremanak bideratu eta hitzarmenak egitea.

3. artikulua.– Kudeatzeko era.

1.– Gorago zehaztutako xedeak lortzeko, IVAPek prozesuen araberako sistema bat baliatuko du, etengabeko hobekuntzan eta berrikuntzan oinarritua.

2.– Lau urtean behin, plan estrategiko bat idatzi eta onartuko da, eta plan hori garatu eta ezartzeko, urtero kudeaketa-planak idatzi beharko dira.

3.– Erakundearen jarduera prozesuetan oinarritzen da, eta horien bidez, erakundeak egiten duena deskribatu eta dokumentatzen da; prozesuok jardueren kate bat dira, eta produktu edo zerbitzu jakin bat sortzen ari den artean balioa eransten dute, urrats bakoitzean egindako ekarpenei esker.

BIGARREN KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK

4. artikulua.– Gobernu-organoak.

Hona hemen IVAPen gobernu-organoak:

a) Zaingo-batzordearen Kontseilua.

b) Zuzendaria.

5. artikulua.– Zaingo-batzordearen Kontseilua.

1.– Zaingo-batzordea kide anitzeko organoa da, eta Erakundearen jardueren plangintza orokorra, ikuskapena eta jarraipena egiteko ardura du.

2.– Hona hemen Zaingo-batzordearen Kontseilua osatuko duten kideak:

a) Lehendakaria: funtzio publikoko eskumenak dituen saileko sailburua.

b) Lehendakariordea: toki-administrazioaren arloko eskumenak dituen organoaren titularra.

c) Batzordekideak:

– Lurralde Historikoetako diputatu nagusiak edo horiek ordezko aukeratzen dituztenak.

– Funtzio Publikoaren arloko eskumenak dituen sailburuordea.

– IVAPen zuzendaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari bana Lurralde Historiko bakoitzeko, IVAP bere baitan duen Jaurlaritzako sailaren sailburuak izendatua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioaren izenean, ordezkari bana Lurralde Historiko bakoitzeko, ordezkaritza handiena duen euskal udalerrien elkarteak izendatua.

d) IVAPeko koordinazio eta kudeaketako idazkaria izango da Zaingo-batzordearen Kontseiluko idazkari; hitz egiteko aukera izango du, baina botorik ez.

3.– Hona hemen Zaingo-batzordearen Kontseiluaren berezko eskumenak:

a) Erakundearen plan estrategikoa eta urteko kudeaketa-planak onartzea.

b) Administrazio Publikoko Estatuko Institutuarekin, unibertsitateekin eta antzeko beste erakunde batzuekin sinatzeko hitzarmenen proiektuak onartzea.

c) Aurrekontuaren aurre-egitasmoa onartzea, IVAP bere baitan duen sailari bidaltzeko.

6. artikulua.– Zuzendaria.

1.– IVAPeko zuzendaria Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez izendatu eta kenduko dute kargutik, erakunde autonomoa bere baitan duen saileko sailburuak proposatuta.

2.– Hona hemen zuzendariaren egitekoak:

a) Erakundea ordezkatzea.

b) Erakundeko zerbitzuak eta atalak zuzentzea, bultzatzea eta kontrolatzea, beren eginkizunak bete ditzaten.

c) Erakundeko langileen buru izatea, eta egin behar denean, izendapen librez bete beharreko lanpostuetako langileak izendatu eta kargutik kentzea.

d) Aurrekontuaren aurreproiektua bultzatu eta gainbegiratzea eta aurrekontua nola betetzen den jakiteko jarraipena egitea, indarrean den araudiaz bat.

e) Betearazpeneko eragiketak burutzea, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Aurrekontu Araubidean indarrean dauden Legezko Xedapenen testu bategineko 111. artikuluan jasotakoak; Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren gaineko legeek gastua baimentzeari dagokionez erabaki dezaketena eragotzi gabe.

f) Kontratazio-organo gisa jardutea, autonomiadun erakundeak aurrera eramatea dagozkion eginkizunak burutu ahal izateko dena delako arloko espedienteen kasuan, baina ordenamendu juridikoak eskumen hori ez baldin badu beste organo batzuen eskuetan utzi.

g) Ikasketa-planak, jarduera-programak, tituluak eta hautaketako eta prestakuntzako sistemak eta prozesuak proposatzea, gero dagokion organoak onar ditzan.

h) IVAPek eskainitako prestakuntza-jarduerak homologatzea onartzea.

i) Erakundeak antolatutako jardueretan parte hartzen duten pertsonekin diziplina akademikoko arauak betetzea.

j) Erakundearen berezko helburuak betetzeko egindako prestakuntza-lanak eta elkarlan zehatzak ordaintzeko erabili beharreko ordainsariak zehaztea, betiere aurrekontuko diru-izendapenen diru-izendapenen barruan.

k) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea bere baitan duen saileko sailburuari proposatzea Erakundearen jarduerak burutu eta zerbitzuak eskaintzeagatik zein prezio publiko ezarri behar diren.

l) Administrazio publikoetako hauta-prozesuetan parte hartu behar duten epaimahaikideak izendatzea, izendapen horiek egitea IVAPen eginkizuna den kasuetan.

m) IVAP osatzen duten zerbitzuen helburuak bete eta dagozkien jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak diren deialdiak eta ebazpenak onartzea.

n) Erakundeak antolatu dituen prestakuntza-jardueretan parte hartu izana egiaztatzen duten tituluak, diplomak eta egiaztagiriak banatzea; erakundearen erregistroan hizkuntza-eskakizun bat lortu izana jasota badago, horien egiaztagiriak ematea, edo erakundearen erregistroan jasotako beste edozein gairi buruzko egiaztagiriak banatzea.

o) Legeak haren esku utzitako beste edozein eskumen, eta baita IVAPen eskumena izanik, Zaingo-batzordearen Kontseiluaren esku utzi ez den edozein.

3.– Aurreko paragrafoan zehaztutako egitekoak Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren edo, kasu gutxi batzuetan, Erakundeko idazkariordeetakoren baten eskuetan utz ditzake zuzendariak, betiere gai honen inguruan indarrean den legeriari jarraituz.

HIRUGARREN KAPITULUA
KUDEAKETAKO ADMINISTRAZIO-ORGANOAK

7. artikulua.– Kudeaketako administrazio-egitura.

IVAPeko zuzendariaren menpe atal hauek egongo dira:

1.– Atal organikoak.

a) Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritza; horren baitan ondorengoak daude:

– Zerbitzu Orokorrak.

– Azterlan eta Argitalpen Zerbitzua.

– Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (EVETU).

b) Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetza; horren baitan, ondorengoak daude:

– Hautaketa Zerbitzua.

– Prestakuntza Zerbitzua.

c) Euskarako Zuzendariordetza, ondokoek osatua:

– Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua.

– Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

2.– Kudeaketa-atalak:

a) Zuzendaritza- eta estrategia-batzordea: Zuzendaritzako prozesuak kudeatzea izango du eginkizun, eta zuzendariak, Koordinazio eta Kudeaketako idazkariak eta bi zuzendariordeek osatuko dute.

b) Koordinazio-batzordea: Erakundeko unitateen jarduna koordinatua izan dadin, hain zuzen ere erakundearen helburuak betetzeko, Koordinazio-batzordea eratuko da, eta ondorengoek osatuko dute: Zuzendaritza- eta Estrategia-batzordeko kideek, zerbitzuburuek, EVETUko arduradunak eta dituzten eginkizunak arlo askotakoak izateagatik, Zuzendaritza- eta Estrategia-batzordeak aukeratutako gainerako kideak. Zuzendariaren lanpostua hutsik badago, zuzendaria ez badago edo gaixorik bada, batzordeko burua Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria izango da.

c) Gaien arabera prozesuak kudeatzeko batzordeak: erakundearen kudeaketa-sistemak oinarrian dituen prozesuak kudeatzeko, lantaldeak sortuko dira esparruen edo gaien arabera, eta lantaldeon eginkizun nagusiak ondorengoak izango dira: indarrean diren prozesuei buruzko dokumentazioa eguneratuta mantentzea, adierazleen eta kasuan kasuko hobekuntza-planen jarraipena egitea eta hobekuntza zehatzak proposatzea hurrengo kudeaketa-aldirako.

8. artikulua.– Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritza.

1.– Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzak Erakundeko zerbitzu eta atal organiko guztiak koordinatuko ditu.

2.– Esandakoez gainera, eginkizun hauek ere izango ditu Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzak:

a) Zaingo-batzordearen Kontseiluaren idazkaritzaz arduratzea eta batzorde horretan hartutako erabakiak betearaztea.

b) Zuzendariaren eskumenei kalterik egin gabe, Erakundeko zerbitzu orokorrek, Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak eta Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (EVETU) dituzten eginkizun guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea.

c) Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren (EVETU) kontseilu errektoreko buru izatea.

d) Idazkaritzaren ardurapean dauden materialak, baliabide ekonomikoak eta pertsonak koordinatu eta gainbegiratzea.

e) Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzarenak edo horren baitako zerbitzuenak diren eginkizunei buruzko prozesuak kudeatzeko lantaldeak koordinatu eta gainbegiratzea.

f) Erakundearen zuzendaritzaren eskuetan utzitako eskumenak gauzatzea, baldin eta zuzendaritza hutsik badago, edo titularra kanpoan edo gaixorik badago, baina betiere eskumen horiek beste organo edo pertsona baten eskuetan utzi ez badira, eskuordetza bidez, zuzendaritzaren hutsunea, kanpoan izatea edo gaixotasuna gertatu aurretik.

3.– Bere helburuak betetzeko, egitura hau du Koordinazio eta Kudeaketa Idazkaritzak:

a) Zerbitzu Orokorrak.

b) Azterlan eta Argitalpen Zerbitzua.

c) Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (EVETU).

9. artikulua.– Zerbitzu Orokorrak.

1.– Zerbitzu Orokorrak zuzenean Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren menpe egongo dira, eta laguntza eskaintzeko unitatea izango da, hain zuzen ere idazkaritzak dituen eginkizunak behar bezala aurrera eramateko, eta baita IVAPeko gainerako zerbitzuei ere laguntzeko, dituzten eginkizunetan.

2.– Dituen helburuak betetzeko, Zerbitzu Orokorrak eginkizunok izango ditu:

a) Erakundeko langileak administratu eta kudeatzea, atal bakoitzeko arduradunei dagokien mendetasun funtzionala eragotzi gabe.

b) Erakundearen baliabide ekonomikoak kudeatzea, aurrekontuaren aurreproiektua egitea eta aurrekontua betetzeari buruzko jarraipena egitea.

c) Herritarrei arreta eskaini eta informazioa ematea, eta agirien sarrera- eta irteera-erregistroaz arduratzea, erakundeko gainontzeko atalekin elkarlanean.

d) Erakundeak bultzatuko dituen kontratuak izapidetzea.

e) Erakundearen ondasunak administratzea.

f) Erakundearen aholkularitza juridikoa izatea.

g) Erakunde ofizial edo pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta akordioetarako egitasmoak egitea.

h) Administrazioaren antolaketa eta administrazio-lanak sinpletzeari buruzko azterlanak egitea sustatu eta horiek kudeatzea; horien bidez prozedurak hobetu eta hobekuntzak martxan jartzea sustatu nahi da, baina administrazio-berrikuntzaren arloko eskumenak dituzten organoen eskumenak errespetatuta jardungo da.

i) Barruko kudeaketako prozedurak sortu, ezarri eta garatzea, Erakundeak emandako zerbitzuetan kalitatea etengabe hobetzeko beharrezko tresnak eskaini ahal izateko Erakundeko atal eta zerbitzu guztiei.

j) Informatikako aplikazioen egitura sustatu eta kudeatzea, eta ekipo informatikoak erosi eta mantentzea, zerbitzu guztiei informatikaren arloko laguntza teknikoa eskaintzeaz gainera.

k) Erakundearen agiritegia eta liburutegia nahiz dokumentazio-zentroa kudeatzea, eta, Erakundeko gainontzeko zerbitzuekin koordinatuta, zerbitzuon eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

l) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz indarrean den araudian aurreikusitako neurriak betetzea sustatu eta koordinatzea.

m) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

n) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

o) Zerbitzuaren eginkizunen esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak emango dizkion gainerakoak.

10. artikulua.– Azterlan eta Argitalpen Zerbitzua.

1.– Administrazio publikoarekin zerikusia duten gaiak eta ikasgaiak ikertu, aztertu, zabaldu eta argitaratzeko IVAPek dituen egitekoak Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak garatuko ditu, Koordinazio eta Kudeaketako Idazkariaren agindupean zuzen-zuzenean.

2.– Helburuak lortu ahal izateko, hona hemen Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak dituen egitekoak:

a) Euskal autonomiarekin, zuzenbide publikoarekin eta administrazio publikoarekin zerikusia duten azterlanak eta ikerketak egiteko jarduerak edo irakaskuntza antolatu, aurrera eraman eta sustatzea, bai berak bakarrik zein unibertsitateekin, administrazio-arloko beste erakunde edo eskola batzuekin eta beste elkarte publiko nahiz pribatu batzuekin lankidetzan, baldin eta horien helburua ikerketaren eremuan sartzen bada.

b) Zerbitzuari dagozkion gaien inguruko ikerketa-beka eta ikerketa-sarietarako deialdiak proposatzea, eta bekadunen jarraipenerako eta bekadun horiei nondik nora jo erakusteko lan guztiak egitea.

c) Euskal administrazio publikoak antolatu eta hobetzearekin zerikusia duten gaien gainean, eskatzen dizkioten azterlan eta txostenak egitea, aholku-eskeei erantzutea eta gai horiei buruzko arauen aurreproiektuak gertatzea.

d) Zerbitzu Orokorrei elkarlana eskaintzea, erakundeari aholkularitza juridikoa emateko orduan.

e) Erakundeak argitaratu nahi dituen lanen inguruko azterlanak egitea eta egitasmo horiek ezagutzera ematea, interesgarriak eta zientifikoki zuzenak direla bermatzeko.

f) Erakundeak argitaratu nahi dituen lanen inguruko urteko programazioa egitea, eta lan horiek guztiak editatzeko prozesua kudeatzea.

g) Eginkizun-esparru bereko beste zentro batzuekin eta unibertsitatearekin harremanak izatea eta trukeak egitea.

h) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

i) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

j) Zerbitzuaren eginkizunen esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak emango dizkion gainerakoak.

11. artikulua.– Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (EVETU).

1.– Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola prestakuntzarako zentroa da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen barruan dago eta lurralde-antolamendu, hirigintza eta ingurumenaren arloko gaiak irakatsi, ikertu eta ezagutzera emateko jarduerak garatzen ditu, Koordinazio eta Kudeaketako Idazkariaren agindupean zuzen-zuzenean.

2.– Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren egitura eta funtzionamendua martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuan, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren eraketa, funtzionamendua eta antolaketa arautzen duenean, xedatutakoaren araberakoa edo eskola arautzen duen berariazko araudiaren araberakoa izango da.

12. artikulua.– Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileak hautatu eta prestatzeko arloetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion aginpideak garatu, koordinatu eta gainbegiratzea izango da Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetzaren xedea; hori guztia erakundearen zuzendaritzak emandako jarraibideekin bat egin beharko du.

2.– Dituen helburuak betetzeko, Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak ondorengo eginkizunak izango ditu:

a) Zuzendaritzaren ardurapean dauden materialak, baliabide ekonomikoak eta pertsonak koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Zuzendariordetzarenak edo horren baitako zerbitzuenak diren eginkizunei buruzko prozesuak kudeatzeko lantaldeak koordinatu eta gainbegiratzea.

3.– Dagozkion eginkizunak behar bezala aurrera eramateko, Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak zerbitzu hauek izango ditu bere baitan:

a) Hautaketa Zerbitzua.

b) Prestakuntza Zerbitzua.

13. artikulua.– Hautaketa Zerbitzua.

1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak administrazio publikoko langileak hautatzeko izendatuta dituen egitekoak Hautaketa Zerbitzuak garatu behar ditu, Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordearen agindupean zuzen-zuzenean.

2.– Helburuak lortu ahal izateko, hona hemen Hautaketa Zerbitzuak dituen egitekoak:

a) Euskal administrazio publiko guztietan karrerako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko moduan sartzeko komunak izango diren gutxieneko programa eta eduki homogeneizatzaileei buruzko irizpena ematea, funtzio publikoari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

b) Eskatzen zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomiadunetako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, lan-kontratudun langile finkoak eta aldi baterako lan-kontratudun langileak hautatzeko prozesuetako alderdi tekniko eta metodologikoei buruzko irizpena ematea, eta beste horrenbeste egitea Osakidetza erakunde publikoan, Ertzaintzan eta unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetan sartzeko hautaprobei buruz ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomiadunetako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, lan-kontratudun langile finkoak eta aldi baterako lan-kontratudun langileak hautatzeko prozesuak kudeatzea, erakundea atxikita dagoen sailean funtzio publikoko eskumenak dituzten organoekin koordinatuta.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendaritzako kide profesionalak hautatzeko prozesuak kudeatzea, bereziki.

e) Euskal administrazio publikoek egindako deialdietako hautaketa-prozesuetako epaimahaikideak proposatzea, funtzio publikoko legeriak dioenaz bat, eta epaimahaikide horien jarraipena egin eta horien prestakuntzaz arduratzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoetako foru-erakundeekin, udalekin eta gainontzeko toki-erakundeekin beren langileak hautatzeko prozesuetan elkarlanean jardutea, bai prozesu osoaren zatiren batean parte hartuz, edo prozesuak oso-osorik kudeatuz. Horretarako, beharrezko lankidetza-itunak eta lankidetza-hitzarmenak egingo dira.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuetako bitarteko funtzionarioak eta lan-kontratudun langileak hautatzeko prozesua kudeatzea, baldin eta administrazio horiek berek eskatzen badiote edo eginkizun hori ordenamendu juridikoak agintzen badio.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioetan Estatu osoko gaikuntza duten funtzionarioak hautatzeko prozesua kudeatzea.

i) Hautaketa-gaietan harremanak lotu eta izatea eta esperientziak trukatzea, Estatuko zein atzerriko antzeko beste eskola eta erakunde batzuekin.

j) Prestakuntza Zerbitzuarekin elkarlan estuan, hautaketa-prozesuko prestakuntza-ikastaroak taxutu eta aurrera eramaten parte hartzea eta proba- eta praktika-aldien jarraipena egitea.

k) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

l) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

m) Zerbitzuaren eginkizunen esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak emango dizkion gainerakoak.

14. artikulua.– Prestakuntza Zerbitzua.

1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak administrazio publikoko langileak hautatzeko izendatuta dituen egitekoak Hautaketa Zerbitzuak garatu behar ditu, Hautaketa eta Prestakuntzako zuzendariordearen agindupean zuzen-zuzenean.

2.– Dituen helburuak betetzeko, Prestakuntza Zerbitzuak eginkizun hauek izango ditu:

a) Lanpostuan hasteko, lanpostua betetzeko eta karrera profesionalerako ikastaro, mintegi eta era guztietako prestakuntza-jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta administrazio-erakundeetako langileen prestakuntza taxutu, kudeatu eta ebaluatzea, prestakuntzaren arloan indarrean den araudiarekin bat.

b) Euskadiko Lurralde Historikoetako foru-erakunde, udal eta beste toki-administrazioetako langileak prestatzeko prozesuetan laguntzea, eta lankidetzako itunak eta hitzarmenak egitea horretarako. Laguntza hori prozesuaren edozein esparrutan eskaini ahal izango da: prestakuntzako beharrizanak antzemateko diagnosia egitean, planifikazioa eta programazioa egitean, edo ebaluazioaren unean.

c) Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko langileen prestakuntza kudeatzea.

d) Prestakuntzako zeharkako planen plangintza egin dadin sustatzea eta plan horiek diseinatu eta ezar daitezen sustatzea.

e) Euskal administrazio publikoek sarean elkarrekin koordinatuta lan egitea sustatzea, prestakuntza-planak diseinatzeko.

f) Helduak prestatzeko metodo eta eredu pedagogiko berritzaileak lantzea sustatu, horiek garatu eta esperimentatzea, eta irakasleen gaitasunak sustatzea.

g) Era askotako prestakuntzako jarduerak diseinatu, antolatu eta ebaluatzea, zuzendaritzako kideek dituzten gaitasunak hobetzeko.

h) Gaitasunak egiaztatzeko sistemak garatu, eta prestakuntza-planak, ikasleen gogobetetzea zenbaterainokoa den eta ikasitakoa sistematikoki ebaluatzea.

i) Egoki deritzonean, ebaluaketak egiteko sistemak garatu eta prestakuntzako edukiak nola jaso diren eta zer nolako inpaktua izan duten ebaluatzea, prestakuntzaren arloan lankidetzan diharduten administrazio publikoek hala eskatzen badiote.

j) Hala eskatzen dioten euskal administrazio publikoei aholkularitza eskaintzea prestakuntzako prozesuaren edozein arlori buruz; horrekin batera, euskal administrazio publikoetan diharduten langileen prestakuntzari eta garapen profesionalari buruzko azterlanak sustatzea ere badagokio.

k) Prestakuntza dela-eta, Estatuko zein atzerriko antzeko beste eskola edo erakunde batzuekin harremanak eta esperientzia-trukaketak bideratzea eta erraztea, eta prestakuntzako ekintzak antolatzea.

l) Prestakuntza-ikastaroak taxutzea eta kudeatzea, eta praktika-aldiak ikuskatzea, halakorik balego, betiere Hautaketa Zerbitzuak gai honetan dituen aginpideak ahaztu gabe; izan ere, bi zerbitzuek lankidetza estuan jardun behar dute.

m) Prestakuntzako ekintzak homologatzea, gai horren inguruan indarrean den araudia betez.

n) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

o) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

p) Zerbitzuaren eginkizunen esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak emango dizkion gainerakoak.

15. artikulua.– Euskarako Zuzendariordetza.

1.– Euskarako Zuzendariordetzari dagokio IVAPek ondorengo arloetan dituen eskumenak bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea: administrazio publikoan euskara sartzea, hedatzea, erabiltzea eta normalizatzea; administrazio-hizkera finkatzea eta itzulpengintza. Hori guztia erakundearen zuzendaritzak emandako jarraibideekin bat egin beharko du.

2.– Dituen helburuak betetzeko, Euskarako Zuzendariordetzak ondorengo eginkizunak izango ditu:

a) Zuzendaritzaren ardurapean dauden materialak, baliabide ekonomikoak eta pertsonak koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Zuzendariordetzarenak edo horren baitako zerbitzuenak diren eginkizunei buruzko prozesuak kudeatzeko lantaldeak koordinatu eta gainbegiratzea.

3.– Dituen helburuak betetzeko, zuzendariordetza hau bi zerbitzutan egituratu da:

a) Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua.

b) Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

16. artikulua.– Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua.

1.– Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuaren ardura da euskararen erabileraren normalizazioa sustatzea, horretarako, langileak euskaraz lan egiteko gaituz, edo langileen euskarazko ezagutzak ebaluatuz, lanpostuek duten hizkuntza-eskakizuna kontuan izanda. Hori guztia egiteko, ondorengo lanak burutuko ditu:

– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileak hizkuntza arloan gaitzeko prozesua diseinatu eta antolatzea, dela lanpostuek jarrita duten hizkuntza-eskakizunari dagokion maila lortzeko, dela lanpostuan ele bitan lan egiteko gauza izateko ere.

– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko beharrezkoa den euskararen ezagutza ebaluatzea, funtzio publikoko legerian ezarritako baldintzen arabera.

– Administrazio-hizkera aztertu eta horren berri hedatzea, eta berariazko prestakuntza, laguntzarako materialak eta hizkuntza-baliabideak diseinatzea, lanpostuan ele bitan jardun ahal izatea errazteko.

Bere eginkizunak aurrera eramaterakoan, Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuak egoki iritzitako lankidetzarako bideak zehaztuko ditu hizkuntza-normalkuntzaren arloan eskudunak diren erakundeekin aritzeko.

2.– Helburuak lortu ahal izateko, hona hemen Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuak dituen egitekoak:

a) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben edukia eta forma diseinatzea, eta proba horiek ebaluatzeko irizpideak zehaztu eta aplikatzea.

b) Administrazio publikoetan diharduten langileek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, aldian-aldian deialdiak antolatu eta horiek aurrera eramatea, eta beste horrenbeste egitea beste administrazio publiko batzuek eskatutako deialdi bereziekin ere.

c) Funtzio publikoan sartzeko hauta-probetan hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko burutu beharreko probak diseinatu, egin eta ebaluatzea; eta beste horrenbeste administrazio barruko lehiaketen deialdietan ere. Kasu guztietan, ordenamendu juridikoak IVAPentzat gordetzen duen ordezkari-kopurua izango da.

d) Hizkuntza-eskakizunen egiaztagiriak jasota dituen erregistroa kudeatzea, eta zehaztuta dagoen dena delako arrazoia dela-eta salbuetsita dauden kasuekin ere berdin egitea. Euskal administrazio publikoetako langileei eta administrazioan sartzeko prozesuetan parte hartu duten pertsonei buruzkoak dira erregistro horiek. Dena dela, kontuan izan behar da badirela beste erregistro batzuk ere, irakaskuntzako, osasun arloko eta Ertzaintzako langileei buruzkoak.

e) Foru-administrazio, toki-administrazio eta EAEko beste erakunde batzuekin hizkuntza-normalkuntzaren arloko lankidetza-hitzarmenak egitea, eskumena duen organoak sina ditzan, eta gero horiek bete eta gainbegiratzea.

f) Hizkuntza prestakuntzako ikastaroak eman daitezen bultzatzea eta ikastaroak antolatzea, dela lanpostuek jarrita duten hizkuntza-eskakizunari dagokion maila lortzeko, dela lanpostuan ele bitan lan egiteko gauza izateko ere.

g) Administrazioko euskara aztertu, estandarizatu eta hedatzea, ondorengo bideez baliatuta: teknologia berriak, aplikazio informatikoak, internet, argitalpenak, eredu izango diren dokumentuak, aldizkariak, mintegiak, hitzaldiak, edo egoki iritzitako beste edozein bide.

h) Administrazio eta lege arloko hizkerari buruzko ikastaro bereziak diseinatzea, euskaraz zein gaztelaniaz, ondorengo gaiei buruz: estiloa lantzeko teknikak, administrazio-idazkiak idaztea eta diseinatzea, edo ahozko komunikazioa hobetzea.

i) Beste administrazio publiko batzuei aholkularitza eskaini eta horiekin lankidetzan aritzea, administrazio publikoetan euskararen erabilera sustatzea helburu duten planak diseinatu eta aplikatzeko orduan, hizkuntza politikako eskumenak dituen organoak ezarriko dituen jarraibideekin bat.

j) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

k) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

l) Zerbitzuaren eginkizunen esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak emango dizkion gainerakoak.

3.– Dituen eginkizunak aurrera eramateko, Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua honako arlo hauetan egongo da banatuta:

a) Hizkuntza-prestakuntzaren atala. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileak hizkuntza arloan prestatzeko urratsen diseinua eta antolaketa kudeatzen duen atala da; helburua lanpostuek duten hizkuntza-eskakizuna lortzen eta lanpostuan ele bitan aritzen laguntzea da.

b) Ebaluaketaren atala. Funtzio publikoari buruzko legerian ezarrita dauden baldintzetan, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko beharrezkoa den euskara-gaitasunaren ebaluazioa kudeatzen duen atala da. Horretarako, probak ebaluatzeko irizpideak diseinatu, ezarri eta zehaztuko ditu, eta ebaluazioa bera ere burutuko du.

c) Administrazio hizkeraren atala. Atal honek administrazio-hizkera aztertu eta horren berri hedatzen du, eta berariazko prestakuntza, laguntzarako materialak eta hizkuntza-baliabideak diseinatzen ditu, lanpostuan ele bitan jardun ahal izatea errazteko.

17. artikulua.– Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

1.– Euskarako Zuzendariordetzari dagokio Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala zuzentzea eta gainbegiratzea, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuaz –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta erakunde autonomoetako itzulpen-zerbitzuak zentralizatzeko agindua ematen duen apirilaren 3ko 48/2012 Dekretuak aldatua– edo zerbitzua arautuko duen araudi bereziaz bat.

2.– Dituen eginkizunak betetzeko, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala ondorengo ataletan dago banatuta:

a) Itzulpengintza eta Interpretazioa. Atal honek euskara eta gaztelania arteko itzulpen eta interpretazio-lana kudeatzen du.

b) Terminologia. Atal honek euskarazko administrazio eta lege arloko terminologia-lanak kudeatzen ditu.

LAUGARREN KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

18. artikulua.– Aurrekontu-araubidea.

Dituen helburuak betetzeko, IVAPek urteko aurrekontu propioa izango du, eta EAEko aurrekontu orokorren barruan sartuta egongo da.

19. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak egindako ekarpenetatik jasotako diru-sarrerez gainera, ondorengo baliabideek ere osatuko dute IVAPen aurrekontuaren diru-sarreren egoera:

a) Ikastaroen matrikulak direla-eta, titulu, diploma nahiz egiaztagiriak ematea dela-eta, ondasunak sortzea dela-eta eta zerbitzuak eskaintzea dela-eta ordaindu beharreko tasak eta prezio publikoak (arau bidez zehaztutakoak).

b) Edozein pertsona edo entitatek Erakundeari emandako dirulaguntza, laguntza edo dohainak.

c) Erakundeak berak dituen ondasunek ematen duten errenta, Euskadiko Ondarearen Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaz bat.

d) Ordenamendu juridikoan aipatzen den beste edozein baliabide.

20. artikulua– Egiaztagiriak.

IVAPek prestakuntzako jarduerak burutzen dituenean, horiei buruzko diplomak eta bertaratu izanari eta aprobetxamenduari buruzko egiaztagiriak emango ditu. Esandakoaz gainera, gaitasuna izatea eta jarduera akademikoan edo ikerketa-lanean aritu izana ere egiaztatuko ditu. Egiaztagiri horiek meritu izan daitezke administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko lehiaketetan eta hautaketa-prozesuetan.

21. artikulua.– Azterlanak sustatzea.

Dituen helburuak betetzeko, IVAPek beken edo bestelako laguntzen deialdiak egin ahal izango ditu, bekak edo bestelako laguntzak eman ahal izango ditu, eta sustapeneko beste neurri batzuk ere hartu ahal izango ditu.

22. artikulua.– Irakasleen eta profesionalen lankidetza sustatzea.

IVAPek gaitasuna duten irakasle, profesional edo funtzionarioei lankidetza eskatu ahal izango die, prestakuntzako edo zabalpeneko jarduerak aurrera eramateko, epaimahaietan parte hartzeko edo erakundearena den beste edozein jarduera aurrera eraman ahal izateko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta egitekoak ezartzen dituen urriaren 14ko 241/2003 Dekretua indargabetu egiten da, baita dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten xedapenak ere, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arau-aldaketak.

1.– 80/1986 Dekretua, martxoaren 11koa, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren eraketa, funtzionamendua eta antolaketa arautzen duena, aldatzea.

Martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuan, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren eraketa, funtzionamendua eta antolaketa arautzen duen horretan, 4. artikuluari hiru idatz-zati erantsi zaizkio:

«g) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

h) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

i) Zerbitzuaren eginkizunen esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak emango dizkion gainerakoak».

2.– 38/2000 Dekretua, otsailaren 29koa, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duena, aldatzea.

Otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuan, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen horretan, bi idatz-zati erantsi dira eta j), k) eta l) idatz-zatiak berrantolatu dira 3. artikuluan:

«j) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

k) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

l) Ordenamendu juridikoak esleitutako beste edozein».

Bigarrena.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala