Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2012ko urriaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4602

AGINDUA, 2012ko urriaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak emana. Honen bitartez, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzeko deialdia egiten da 2012. ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusi bezala.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren xedea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei zuzendutako ostatuak eraiki, egokitu, hobetu edo ekipatzeko laguntza araubidea finkatzea da.

Dekretu hau Sasoiko Langileei Arreta Emateko Plan Integrala 2004-2007 delakoa betetzeko neurri modura, hartu eta argitaratu zen, beste hainbaten artean. Hura Sasoiko Lanaren Erakunde Arteko Mahaiak onetsi zuen 2004ko ekainaren 30ean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila lehendakari izanez. Bertan, helburuen artean, sasoiko langileentzako ostatu komunitarioak sortu edota mantentzeko laguntzak eta diru-laguntzak emateko aukera finkatzea jaso zen.

8. artikuluak xedatu egiten du urtero, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sail desagertuaren (gaur egun Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila) Saileko titularraren Aginduaren bitartez eskabideak aurkezteko epea irekiko dela. Aipatutako agindu horrek eskabideak aurkezteko epea, laguntza guztiei zuzendutako gehieneko kopuru orokorra eta, hala badagokio, haren urte anitzeko xehetasuna, laguntzen zenbatekoa finkatzeko erabilitako irizpide objektiboen zehaztapena eta horien haztapena, eta 7. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako agirietatik aurkeztu beharrekoak finkatuko lirateke, deialdi bakoitzean hautatzen diren irizpide objektiboak gorabehera.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2012. ekitaldirako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitako laguntza deialdia egitea.

Bigarrena.– Eskabideak eta erantsitako agiriak aurkezteko epea.

1.– Apirilaren 17ko 62/2012 Dekretuak ezarritako laguntza deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2012. ekitaldian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira, jarraian adieraziko diren agiriekin batera:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, pertsona fisiko bat izanez gero.

b) NANaren fotokopia eta legezko ordezkariaren ahalorde ematearen eskriturarena, pertsona juridiko bat izanez gero. Halaber, entitatearen estatutuen eta kasuan kasuko erregistroan izena eman izana frogatzen duen fotokopia.

c) Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako burutzapen epeak, kokalekua, finantzazioa nahiz aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta.

d) Alta Hirugarrenei.

e) Obra proiektuaren, lizentziaren eta udal baimenaren kopia, hala badagokio.

f) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela ziurtatzen duten egiaztagiriak.

g) Hala badagokio, jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea dioen «Konpromisoaren» kopia.

h) Errenta-aitorpenaren kopia eta Gizarte Segurantzako nekazaritza-erregimeneko inskripzioaren kopia.

i) Aurkeztutako dokumentu guztiak egiazkoak direla dioen zinpeko aitorpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea zehapen edo administrazio bidean, eta horiek eskuratzeko lege debekuren batean sartuta ez egotea. Bertan sartzen dira ere Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko Seigarren Azken Xedapenean ezarritakoaren bat etorriz sexu bereizkeriagatik jazotakoak. Halaber, Laneko Segurtasunari eta Higieneari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea ez betetzearen ondorioz zehapen prozeduraren batean sartuta ez egotea ziurtatu behar da, eta baita indarrean dagoen zerga ekitaldia baino aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen horretan edozein «minimis laguntza» eskuratzen aritzeari buruzkoak adierazi.

Hirugarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.

Agindu honen ondotik emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. ekitaldiko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez ditu 132.000 euroak gaindituko, betiere, indarreko legediari jarraiki aurrekontu aldarazpenak onesten diren kasuan eguneratzeak egotearen kaltetan izan gabe.

Gauzak horrela, aldarazpen horiek onestetik etorritako aurrekontu esleipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen Ebazpen bitartez. Hori laguntzen ebazpena eman baino lehen egitekoa izango da.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.

2012. ekitaldirako laguntzak zehazteko helburu objektiboak eta horien haztapena hauek izango dira:

– Ostatua kokatzeko zona, zenbait zonatan aterpeak behar izateagatik: 5 puntu.

– Jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea: 10 puntu.

– Ostaturako jarritako plaza kopurua: 5 puntu.

– Kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena: 5 puntu.

– Jarduera Nagusia Nekazariarena izatea: 10 puntu.

Bosgarrena.– Burutzapenerako epea.

2012. ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 2. artikuluak aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epea ezin izango da izan 2012ko abenduaren 31tik haratagokoa.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Administrazio bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean. Horretarako hilabeteko epea edukiko da argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean. Kasu horretan, epea bi hilabetekoa izango da argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 10a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala