Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2012ko urriaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ARBITRAJE BATZORDEA
4543

4/2012 ERABAKIA, 2012ko irailaren 25ekoa. Honen bidez, deklaratzen da xedea galdu dutela Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektuaren inguruan planteatutako eskumen-arazoek.

Bilbon, 2012ko irailaren 25ean, osoko bilkura egin du Ebazpen Batzordeak, bertan direla presidentea, Juan Luis Ibarra Robles, eta kideak diren Asunta de la Herran Unceta-Barrenechea, Alberto López Basaguren, Eduardo Vírgala Foruria, Juan Ramón Guevara Saleta, Andrés María Urrutia Badiola eta Oscar Padura Unanue, eta hartu du ondoko

ERABAKIA

Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek 2/2012 eta 3/2012 eskumen-arazoak planteatu zituzten mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektuaren inguruan, zeina Eusko Jaurlaritzak aurkeztu baitzuen eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak tramitatzeko onartu 2012ko ekainaren 5ean egindako bilerako agindu baten bidez (EHAA, 168. zk., 2012ko ekainaren 8koa).

Auzi horietarako txostengile izendatu da Asunta de la Herrán Unceta-Barrenechea andrea, zeinak adierazten baitu batzordearen osoko bilkuraren aho batezko iritzia.

EGITATEZKO AURREKARIAK

Lehenengoa.– Aipatu eskumen-arazoak, 2012ko ekainaren 26 eta 28an sustatuak, tramitatzeko onartu zituen Ebazpen Batzordeak, 2012ko uztailaren 11n egindako bileran.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere izkribuan, eskatzen du jarritzat jo dadila eskumen-arazoa eduki jakin batzuen inguruan, hain zuzen 3.2.b) artikulua, 4.1 artikuluko a) y b) apartatuak, 4.2 artikulua, 6.3 eta 6.4 artikuluak, 7.7 artikulua, 12.3 artikuluko «aurrez ezarritako baldintza orokorretan» tartekia, eta 13.4 artikuluko «aplikatu beharreko prozedurari jarraiki» tartekia, uste baitu indarrean dagoen eskumen-banaketaren kontrakoak direla –Autonomia Estatutuko 10.34 eta 41.2 artikulua eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legearen (aurrerantzean LHL) 7.a artikulua–.

Arabako Foru Aldundiak, berriz, arazoa planteatzen mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektuaren agindu hauei dagokienez: 3.2.e) artikulua, 4.1.a) eta b) artikulua, 6.3 eta 6.4 artikuluak, 7.4.g artikulua, 8.4.g), h) eta j) artikulua, 8.5 artikuluko bigarren paragrafoa, 12.2 artikulua eta 12.3ko azken paragrafoa, 13.1 eta 4 artikulua, 14.1 eta 4 artikulua, 16.2 eta 4 artikulua eta azken xedapenetako bigarrenenaren 2, 5, 6 eta 9. apartatuak. Aldundiak uste du aurreikuspen normatibo horiek urratu egiten dutela indarrean dagoen eskumen-banaketa, Autonomia Estatutuko 10.34 artikuluan eta LHLko 7.a), 8 eta 10. artikuluetan aurreikusia.

Bigarrena.– Arazoaren jakinarazpena egin zitzaien instituzio interesatuei Ebazpen Batzordea erregulatzen duen ekainaren 30eko 13/1994 Legearen (aurrerantzean ABL) 30. artikuluan aurreikusita dagoenez. Eusko Jaurlaritzak, 2012ko abuztuaren 9ko datarekin, alegazio-idazki bi aurkeztu zituen, eskatuz ezetsi daitezela aurkeztutako eskumen-arazoak eta deklaratu dadila ezen mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektua egokitzen zaiola instituzio komunen eta foralen arteko eskumen banaketaren inguruan Autonomia Estatutuan ezarritakoari eta ez dituela aldatzen ezta erasaten LHLan kontu horri buruz jasotako aurreikuspenak.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2012ko abuztuaren 28koan (167. zk.), argitara eman zen lehendakariaren abuztuaren 27ko 12/2012 Dekretua, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia egiten duena.

Legebiltzarreko Mahaiak 2012ko irailaren 5eko bileran hartutako erabakiaren bidez, Ebazpen Batzordeari jakinarazi zitzaion ezen mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektua iraungita dagoela Legebiltzarra desegiteko aipatu dekretua argitaratzearen ondorioz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bakarra.- Adierazi diren egitatezko aurrekariak kontuan izanik, batzordeak behar du planteatu, atariko kontu gisa, ea aurkeztutako arazoen xedeak beren izaera galduta gelditu ote diren. Izan ere hala da, eman delarik, prozedura hau tramitatzen ari zela, lehendakariaren abuztuaren 27ko 12/2012 Dekretua, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia egiten duena, ondorioz mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektua, auzitan jarria izan dena, iraungia gelditu da, Eusko Legebiltzarraren 2008ko abenduaren 23ko Erregelamenduko 129. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horregatik, bidezkoa da aztertzea ea, nahiz eta zirkunstantzia hori gertatu den, oraindik ere beharrezkoa den erabaki bat ematea planteatutako kontuen funtsari buruz edo, aitzitik, bukatutzat jo behar den, aipatutako zioagatik, Ebazpen Batzordearen aurrean hasitako prozedura.

Suposatu hau ez dago espresuki jasota ABLren erregulazioan. Alabaina, lege horren irakurketa sistematiko bat eginda ondorioztatzen dugu ezen, proiektu normatiboa bertan behera gelditu delarik, proiektuaren tramitazioan gertatutako eskumen-arazoek galdu egiten dutela bizirik jarraitzearen ezaugarria, Ebazpen Batzordearen jarduketak berezko izan ohi duena, eta ondorioz desagertu egin dela batzordeak deklaratu beharra ea jada aurrera egin ezingo duen ekimen bat datorren ala ez indarrean dagoen eskumen-banaketarekin.

Halaxe da, ABLk azalpen-partean jada iragartzen du ezen bere erregulazioaren xede diren eskumen-arazoak ahal dituela aurkeztu eskumen-esparrua ukitua izan dezaketen instituzio orok, «ex ante» kontrol-eredu bat definituz eta auzigai den ekimenaren egileari zuzendutako erabaki bat emanez. Legeak, beraz, kasu konkretuen aurreko prebentziozko kontrol-sistema bat diseinatzen du, eta sistema horretan ez dute lekurik abstraktuan egindako deklarazioek eta bai, ordea, Legebiltzarrean tramitazioan dauden ekimen normatibo konkretuetako bakoitzari dagokionez hartutako erabakiek.

Ildo horretan, ABLren 2.a) artikuluak tramitazioan dauden proiektu eta proposamenei dagozkiela zehazten ditu Ebazpen Batzordearen eskuduntzak, tramitazioan hala Eusko Legebiltzarrean nola Batzar Nagusietan. Antzeko eran, 44. artikuluak ezartzen du ezen batzordean hartu beharreko erabakiaren eremua dagokiola, hain zuzen, lege edo foru-arau proiektu edo proposamen batean hika-mikagai diren eskumenen titularitateari. Beste alde batetik, 47. artikuluak eta hurrengoek arautzen dute zer prozedura jarraitu behar den ekimena Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Azkenik, ABLren 55. artikuluaren erregulazioaren arabera, batzordeak hartu behar dituen erabakien ondorioak birtualtasuna dute, bakarrik, tramitazioan jarraitzen duten ekimen normatiboei dagokienez. Halaxe da, batzordearen erabakiak deklaratzen baldin badu ekimena eskumen-banaketarekin bat datorrela, ez litzateke batere zentzuduna izango agintzea suspentsioa altxatzeko eta jarraitzeko iraungi den tramitazio bat; eta deklaratzen baldin badu indarrean dagoen eskumen-ordenaren kontrakoa dela, efektibitaterik gabea izango litzateke ere kasu horretan agintzea erretiratzeko jada iraungi den proiektu bat.

Aurreko guztia ondo uztartzen da Konstituzio Auzitegiak legeak indargabetzearen ondorioz inkonstituzionaltasun-errekurtsoek xedea galtzeari buruz osatutako doktrinarekin, zeinak, labur esanda, exijitzen baitu eskumen-gatazka bizirik jarraitzea errekurtsoaren xedeak ere bizirik segitzen duela irizteko. Halaxe, STC 290/2000k, azaroaren 30ekoak (FJ 4), zera dio:

Suposatu honetan erregela orokorra da ezen auzitegi honen aurrean eskumen-arazoa planteatu baldin bada inskonstituzionaltasun-errekurtsoaren edo eskumen-gatazkaren bidetik eta auzi horrek bizirik jarraitzen baldin badu gatazka sorrarazi duen legea indargabetu ondoren, bidezkoa dela auzitegiak arazoaren gainean ebatzi bat ematea. Zeren irizpide garrantzitsua kasu hauetan ebatzi ahal izateko ea xedearen galera gertatu den ez da hainbeste ea inpugnatutako araua legegileak ordenamendutik kanporatu duenetz, baizik eta ea kanporaketa horrekin bukatu den ala ez lehendik zegoen hika-mika, zeren eta errekurtso horien azken helburua baita hika-mika horri amaiera ematea eskumen-banaketaren ordena konstituzionalaren argitan (STC 329/1993, abenduaren 10ekoa [RTC 1993, 329], F. 1; 43/1996, martxoaren 14koa [RTC 1996, 43], F. 1; 196/1997, azaroaren 13koa, F. 2). Era horretara bermatzen da bai aldeek eskumenak ez erabiltzea, bai Estatuari edo autonomia-erkidegoei eskumenak izendatzen dizkien arau konstituzional eta estatutarioak zuzen interpretatzea eta aplikatzea (STC 329/1993, F. 1; 196/1997, F. 2; 233/1999, F. 3).

Antzeko eran, STC 275/2000k, azaroaren 16koak, eskumen-gatazkei dagokienez adierazten du ezen beraien xedea mantentzeak presuposatzen duela hika-mika aktual eta konkretua existitzea eskumenaren titulartasunaren gainean (FJ 2):

(...) Hala bada, auzitegi honek sarritan adierazi du ezen bakarrik ebatzi beharra daukala eskumen baten titulartasunari buruz noiz eta «eskumen hika-mikatsua baldin bada edo lehia oraindik bizirik baldin badago» (guztiengatik, STC 196/1997, azaroaren 13koa [ RTC 1997, 196], F. 2), eta hori ez da gertatzen kasu honetan, zeren gatazka piztu zuen manua indargabetua izan baita, eta ez, soilik, ordezkatua Kreditu Kooperatiben Erregelamenduko 9.1.c) artikuluari dagokionez sortutako eskumen-gatazka berak planteatzen dituen arau baten bidez. Horregatik, ez da inondik inora bidezkoa auzitegi honek ebatzi bat ematea ezabatua izan den baimen administratibo bat emateko instantzia eskudunari buruz, kontuan izanik ezen eskumen-gatazka positiboak presuposatzen duela hika-mika aktual eta konkretu bat existitzea Estatuak edo autonomia-erkidego batek erabilitako eskumen baten titulartasunari buruz (ATC 14/1991,urtarrilaren 15ekoa [RTC 1991, 14 AUTO], F. 1).

Hortaz, bertan behera gelditu delarik, prozedura hau tramitatzen ari zela Eusko Legebiltzarra desegina izatearen ondorioz, mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektua, aztergai ditugun eskumen-auziak sorrarazi dituena, ondorioz uste dugu xedearen galera gertatu dela, zeinak eragozten baitu Ebazpen Batzorde honek ebatzi bat ematea gaiaren funtsari buruz.

Azaldutakoa kontuan izanik, Ebazpen Batzordearen osoko bilkurak hartu du ondoko

ERABAKIA

Xedearen galera deklaratzea 2/2012 eta 3/2012 eskumen-auziei dagokienez, zeinak planteatu baitituzte Bizkaia eta Arabako foru-aldundiek, hurrenez hurren, mugikortasun jasangarriari buruzko lege-proiektuaren inguruan.

Erabaki hau aldeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaia eta Arabako lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 25a.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala