Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2012ko urriaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4497

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Boto Elektronikoari buruzko UPV/EHUren Araudia aldatzeko dena.

2011ko azaroaren 9an argitaratu zen EHAAn Boto Elektronikoari buruzko UPV/EHUren Araudia, boto elektronikoa erabiltzeko aukera eman zuena urte horretako azaroan egin ziren Unibertsitateko Klaustrorako hauteskundeetan eta Letren Fakultateko, Psikologia Fakultateko, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko eta Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikastegi batzarretarako hauteskundeetan.

Ikastegi horien laguntzari esker lortu dugun esperientzia baliagarri izan zaigu araudia berrikusi eta teknologiaren azken berrikuntzetara egokitzeko, hauteskunde prozesu orokorretan arrakastaz erabili direnetara hain zuzen ere (esate baterako, joan den maiatzean Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan atzerrian bizi diren frantsesek erabilitakoak).

Berrikuntza teknologiko horiek konpondu egin dute 2011ko azaroan unibertsitatean egin ziren hauteskundeetan antzemandako arazoetako bat eta, horrela, egiaztagiria interesatuei beraiei eman beharrean bide elektronikoz bidaliko zaie modu seguruan. Aipatutako sistemaren abantaila nagusia da unibertsitateko kide guztiek eman dezaketela botoa, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egon (adibidez, mugikortasun programetan parte hartzen ari diren pertsonak).

Bestalde, gero eta gehiago direnez sinadura elektronikoa daukaten dokumentuak, beharrezkoa egiten da identifikatzeko eta botoa emateko agiri onartuen zerrenda luzatzea.

Era berean, botoa aldez aurretik emateko erabili ahal izango da bide elektronikoa. Beraz, hautesle bakoitzak erabakiko du boto elektronikoa edo boto txartela erabiliko duen botoa emateko, bai aldez aurretik bai botazioaren egunean.

Azkenik, xedapen gehigarria sartuko da araudian, 2012ko azken hiruhilekoan errektorea aukeratzeko egingo diren hauteskundeetara egokitzeko testua.

Boto Elektronikoari buruzko UPV/EHUren Arautegiari egindako aldaketa Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu du eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Bigarren artikuluko 2. puntuko azken paragrafoa aldatzea. Paragrafoa honela geratuko da:

«Hauteskunde mahai elektronikoa eratzean ez da aplikagarria izango UPV/EHUren Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudiaren 9.8 artikuluan bildutako debekua, errektorea aukeratzeko prozeduran izan ezik.»

Bigarrena.– d bis) letra gehitzea 2. artikuluko 3. puntuari. Hortaz, hauteskunde mahai elektronikoak funtzio hau ere bete beharko du:

«d bis) Egiaztatzea hauteskunde mahaiek botazio egunean erabiliko dituzten zerrendak, boto elektronikoa bada botoa aldez aurretik emateko moduetako bat.»

Hirugarrena.– Laugarren artikulua aldatzea. Artikulu hori honela geratuko da:

«4. artikulua.– Identifikatzeko / elektronikoki bozkatzeko balio duten dokumentuak.

Euren burua identifikatzeko, unibertsitateko kideek dokumentu hauek erabili ahal izango dituzte: Herritarraren Txartela Moneta eta Tinbre Fabrika Nazionalaren Ziurtagiria, erabilera bakarreko estekak boto elektronikorako emandako pasahitza (OTL sistema), eta NAN elektronikoa. Irakasleek, ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek UPV/EHUk emandako unibertsitate txartela ere erabili ahal izango dute.

Deialdi bakoitzean adieraziko da zein diren boto elektronikoa emateko baliagarriak diren dokumentuak, arestian adierazitakoen artetik.»

Laugarrena.– Boto elektronikoa aldez aurretik emateko aukera araudian sartu ahal izateko, aldatu egin behar dira boto elektronikoari buruzko 6. artikuluko 3., 4. 5. eta 8. puntuak. Puntu horiek honela geratuko dira:

«3.– Bozketan parte hartzeko, hautesleak, Idazkaritza Nagusiak egingo duen behin betiko erroldan agertzeaz gainera, 4. artikuluan adierazitako egiaztagiriren bat eduki beharko du.»

«4.– Bozketa elektronikorako programak hauteslea hauteman, eta dagokion hauteskunde barrutian bozkatzen utziko dio. Errektorea aukeratzeko hauteskundeen kasuan, bozketa elektronikorako programak hauteslea hauteman, eta dagokion hauteskunde barrutian bozkatzen utziko dio.»

«5.– Bozketa pantailan behin betiko aldarrikatutako hautagaitzak ageriko dira, bai eta boto zuria emateko aukera ere. Behin botoa aukeratuta, «Botoa eman» botoia sakatu behar da, eta, orduan, aukeratutako hautagaitza ageriko da bistaratuta, eta aplikazioak aukera baieztatzeko eskatuko du. Ez bada baieztatu nahi, hau da, botoa aldatu nahi bada, aukera izango da horretarako.

Errektorea aukeratzeko hauteskundeetan hautagai bakarra aukeratu ahal izango da, edo boto zuria eman; horrexegatik, aukeratutako hautagaia besterik ez da bistaratutako pantailan. Aukeratutako hautagaia baieztatu egin beharko da edo, ez bada baieztatu nahi, hau da, hautagaia aldatu nahi bada, aukera izango da horretarako.»

«8.– Sistema honen bidez emandako botoek hautestontzian bertan emandako botoak ordezkatzen dituzte, eta emaitzak, beraz, lotesleak izango dira. Era berean, botoa aldez aurretik emateko botoa elektronikoa erabiltzen bada, horixe lehenetsiko da bestearen gainetik, eta bozketa egunean ezingo da eman botorik hautestontzian. Horretarako, boto elektronikoa aldez aurretik emateko epea behin itxita, hautestontzien mahaietan erabiliko diren bozketa zerrendak egin beharko dira. Zerrenda horietan ez dira agertuko boto elektronikoa eman duten pertsonak, hauteskunde mahai elektronikoaren bozketa zerrenda osatuko baitute.»

Bosgarrena.– Beste paragrafo bat gehitzea boto zenbaketaren gaineko 8.5 artikuluari. Artikulu hori honela geratuko da:

«Bestalde, errektorea aukeratzeko prozeduran, hauteskunde mahai elektronikoak zenbaketa aktaren berri eman beharko dio Hauteskunde Batzorde Nagusiari, behin-behineko emaitzak argitara ditzan, bat etorrita Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiarekin eta Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegian zehaztutako prozedurarekin. Era berean, eta Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiko 20. artikuluak dioenari jarraiki, botoen haztapena egin beharko du, taldeen arabera.»

Seigarrena.– Aldatzea bigarren xedapen gehigarria. Xedapen hori honela geratuko da:

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bigarrena.– Arau lehentasuna.

Desadostasunen bat izanez gero araudi honen eta unibertsitateko gainerako arautegien artean, honako honek izango du lehentasuna, araudi berezia baita.

Zazpigarrena.– Xedapen gehigarri hau sartzea arautegian:

«XEDAPEN GEHIGARRIA

Laugarrena.– Errektorea aukeratzeko hauteskundeak.

Errektorea aukeratzeko 2012ko azken hiruhilekoan egingo diren hauteskundeetan boto elektronikoa ere erabili ahal izango da botoa aldez aurretik emateko aukera moduan, eta elektronikoa lehenetsiko da bestearen gainetik. Hautesleek, nahi badute, boto elektronikoa erabili ahal izango dute botoa aldez aurretik emateko baina, botoa hala ematea erabakiz gero, ezingo dute eman botoa aldez aurretik Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiko 16. artikuluan adierazitako moduan, ezta botorik eman ere hautestontzian bozketa egunean.

Boto elektronikoaren bidez botoa aldez aurretik eman duen pertsona bat hautestontzira badoa botoa ematera bozketa egunean, botoa emanda duela esan beharko dio hauteskunde mahaiko buruak. Boto elektronikoaren bidez botoa aldez aurretik eman duen pertsona batek boto txartelaren bidez ere eman badu botoa aldez aurretik, azken boto hori txikitu egingo da.

Hauteskunde mahaiek zeregin hori bete dezaten, bai eta araudi honetako 6.8 artikuluan xedatutakoa ere, hauteskunde mahai bakoitzari hasieran atxikita zeuden pertsonetatik boto elektronikoa eman dutenen zerrenda emango zaie mahaiei.»

Zortzigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea, zehaztuta argitaratzen den egunean bertan sartuko dela indarrean.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala