Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2012ko urriaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
4437

AGINDUA, 2012ko abuztuaren 31koa, Kulturako sailburuarena, Portugaleteko «Villanueva», «El Progreso» eta «Babcock & Wilcox Herria» Etxebizitza Merkeen Sozietate Kooperatiboak (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Portugaleteko «Villanueva», «El Progreso» eta «Babcock & Wilcox Herria» Etxebizitza Merkeen Sozietate Kooperatiboek (Bizkaia) kultura aldetik duten interesa ikusita eta haien balio historiko, sozial, urbanistiko eta arkitektonikoan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak kooperatiba horiek Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2010eko martxoaren 29ko Ebazpenaren bidez (maiatzaren 18ko EHAA, 91 zk. eta apirilaren 13ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 67 zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Portugaleteko udalak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen.

Alegazio-idazkian, Portugaleteko udala bat dator 2010eko martxoaren 29ko Ebazpeneko proposamenaren gehienarekin; desadostasuna agertzen du, soil-soilik, «El Progreso» eta «Babcock & Wilcox Herria» eremuen mugaketarekin. Lehendabizikoari dagokionez, udalak proposatzen zuen 63, 64, 65 eta 66 zenbakietako higiezinak baztertzea, alegatuz ezen udal planeamenduak higiezin horiek desagertzea aurreikusten duela, zeren eta ez baitira egokitzen multzoaren ordenamendu orokorrera eta, gainera, ezinezkoa baita higiezinok ordenamenduan txertatzea gainerako hiri-bilbeari kalterik egin gabe. Bigarrenari dagokionez, Ebazpenak Barrengoitia kaleko elkargunerako ezartzen duen muga aldatzea proposatu zuen, zeren eta Plan Orokorraren arabera toki horretan zuzkidura publikoak egikaritzeko jarduera bat aurreikusten baitu, bide-sistemarako lurzorua eskuratze aldera.

Horiek guztiak aztertuta, Zentroko Zerbitzu Teknikoek proposatu zuten aurkeztutako alegazioak baiestea, alegia, alde batetik, «El Progreso» eremuko 63, 64, 65 eta 66 zenbakietako higiezinen multzoa kentzea mugaketatik eta, beste aldetik, babes-perimetroa bide-sistemara egokitzea «Babcock & Wilcox» eremuan, betiere ez bada kalterik sortzen babestu beharreko etxebizitzen ereikinetan.

Ondorioz, kontuan hartuta Portugaleteko udalaren alegazioak onartzeak aldaketa handi bat ekarriko zuela hasieran argitaratutako mugaketan, epe berri bat zabaldu zen espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea egiteko, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2011ko martxoaren 1eko Ebazpenaren bidez (2011ko martxoaren 29ko EHAA, 61 zk., eta 2011ko martxoaren 17ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 53 zk.).

Epe berri horretan honako alegazio hauek aurkeztu ziren: Silvia Ayestarán Blanco andrearena, María Barrio Blanco andrearen izenean eta ordez, eta Juan José Velasco Echevarría jaunarena, «El Progreso» taldeko jabeen erkidegoaren ordezkari gisa.

Silvia Ayestarán Barrio andreak uste du Portugaleteko udalak «El Progreso» eremuko 63, 64, 65 eta 66 zenbakietako etxebizitzak mugaketatik atera daitezela eskatzeko erabili dituen arrazoiak urbanistiko hutsak direla, eta ez ondarearen alorrekoak. Udalak erabiltzen duen beste arrazoibidea dela eta, hots, «El Progreso» taldea ordenamendu orokorrera ez dela egokitzen dioena, uste du udalaren irizpidea dela taldearen hirigintza-bilbea murriztea benetako ordenamenduarekin bat ez datorren eredu-tipo batera. Eta higiezinok ordenamenduan txertatzea gainerako hiri-bilbeari kalterik egin gabe ustez ezinezkoa dela dioen baieztapenari dagokionez, uste du udalaren estrategia bat dela, etxebizitzak ordenamendutik kanpo uzteko, eta gero eraisteko. Horretaz gainera, adierazten du ez dagoela ados ez Ramón y Cajal kalea zabaltzeko lanak egiteko moduarekin eta erabili diren arrazoibideekin, ezta urbanizazio berriaren proposamenarekin ere.

Juan José Velasco Echevarría jaunak, bere aldetik, babes-eremuaren mugaketa berriaren aurka egiten du, eta alegatzen du kontraesanean dagoela jatorriz ondasuna babesteko erabili zen arrazoibidearekin. Gogorarazten du 2010eko martxoaren 29ko Ebazpenak multzoa oso-osorik babesten zuela eta, beraz, hortik lau etxebizitza ateratzea kontraesana galanta da, haren iritziz. Portugaleteko udalaren alegazioak baiesteko erabili ziren txostenei dagokienez, zeinetan funtsatzen baita mugaketa berria, uste du etxebizitzak baztertzeak ez duela justifikaziorik, eta hori esateko Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Ondare Batzordearen txosten bat aurkezten du, zeinean «El Progreso» talde osoaren babesa aldezten baita. Azken batean, mugaketa berria udalak alegatutakoaren interpretazio oker batean funtsatzen da.

Espedienteko txostenetan oinarrituta, eta kontuan hartuta «El Progreso» eremuko 63, 64, 65 eta 66 zenbakietako etxebizitzak babes-eremuaren mugaketatik ateratzeak ez duela eraginik multzoaren babesean, aitzitik, multzoa balioztatzen laguntzen duela, zeren eta fatxada nagusia Ramón y Cajal kale aldera geratuko baita, Repelegako hiribidean gertatzen den moduan, eta horren ondorioz multzoa ez da jadanik agertzen bukatu gabeko zer baten gisan, horrela, bada, ezetsi egiten dira aurkeztu diren alegazioak eta mugaketatik at jartzen da «El Progreso» eremuko 63, 64, 65 eta 66 zenbakietako higiezinen blokea, eta, ondorioz, ondasunaren deskribapena egokitu egiten da murrizketa horretara.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Portugaleteko «Villanueva», «El Progreso» eta «Babcock & Wilcox Herria» Etxebizitza Merkeen Sozietate Kooperatiboak (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea.

Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.

Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.– Higiezin horiek babesteko eskaria egitea Portugaleteko udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Portugaleteko udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Lehendakaritza Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena.– Ondasuna Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 31.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LáZARO.

I. ERANSKINA
Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketaren barruan sartzen dira ondoko hiru etxebizitza-talde hauek: «Villanueva» sozietate kooperatiboa, «El Progreso» sozietate kooperatiboa –63, 64, 65 eta 66 higiezinen blokea kenduta– eta «Babcock & Vilcox» herria. Sartzen dira, baita ere, etxebizitzen hiru talde horiei lotutako eraikin kolektibo hauek: Villanueva taldearen kontsumo-kooperatiba, Antonio Trueba ikastetxea eta Babcock & Wilcox ikastetxeak nahiz La Divina Pastora kapera barne hartzen zituen eraikina.

Horrela, mugaketaren area osatzen dute Ramon y Cajal kalean barrena kokaturik dauden hiru eremuk.

Hiruetan lehena da «El Progreso» etxebizitza taldea –63, 64, 65 eta 66 higiezinen blokea kenduta–, eta hauek dira haren mugak: iparraldean, Luis Fernandez Gomez kalea; ekialdean, Repelega etorbidea –mugaketaren barne dira etxebizitza taldearen barruko kalea eta Repelega etorbidea banatzen dituen harrizko oinaldedun itxitura–; hegoaldean, Ramon y Cajal kalea, eta etxebizitzen taldea eta aparkaleku moduan erabilitako orubea banantzen dituen horma –63, 64, 65 eta 66 higiezinen blokearen zatia kenduta–; eta mendebaldean, San Roque deposituaren parkea.

Bigarren eremuak zedarriztatzen du «Villanueva» taldea, hauek direlarik haren mugak: iparraldean, Ramon y Cajal kalea; hegoaldean eta mendebaldean Villanueva taldea mugatzen duen kalea; eta ekialdean Repelega etorbidea.

Hirugarren eremua «Babckok & Wilcox» taldea litzateke, haren mugak hauek direlarik: ipar-mendebaldean Abatxolo kalea; hegoaldean, Ramon y Cajal kalea; eta mendebaldean Barrengoitia kalea, kale honetako babes-perimetroa bide-sistemarako aurreikusitako zabalerara egokituta eta betiere babestutako etxebizitzetako eraikinei eragiten ez badie, eta anbulatorioaren eraikineko atzeko kalea.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Hizpide ditugun hiru etxebizitza-taldeen balio historikoak, sozialak, urbanistikoak eta arkitektonikoak zaindu behar direlako proposatu da aipatutako mugaketa.

Ondare balioa eman zaio multzo edo talde osoari. Horrela, mintzagai ditugun auzoen nortasuna osatzen dute, batetik, eraikinek eta, bestetik, eraikinek lorategiekin, patioekin, baratzeekin, kaleekin nahiz espaloiekin dituzten espaziozko loturak.

Horrenbestez, langileen etxebizitzen talde horien berezko izaera zaintze eta balioeste aldera, ezarritako mugaketaren barruan sartzen dira hiru auzoen orube guztiak, «El Progreso»-ko 63, 64, 65 eta 66 higiezinen blokea kenduta.

II. ERANSKINA
Deskribapena

1.– «Villanueva» etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa.

Bizkaiko labe garaietan, ontzigintzan eta Babcock & Wilcox-en ziharduten langileen taldea kooperatiban batu eta Villanueva gauzatu zuten, Portugaleteko etxebizitza merkeen lehendabiziko multzoa izan zena. Santos Zunzunegui Echeverría arkitektoak diseinatu zuen proiektua, 1924 eta 1925 urteen artean eraikia.

Orubearen azalera laua da, karratua eta 11.448,47 metro koadro ditu. Hizpide dugun eremuan 61 etxebizitza daude bata besteari atxikiak. Eraikin kolektibo bat ere badago, kontsumo-kooperatiba eta eskolaurreko haurtzaindegi moduan antzina erabili zena.

Antolakuntzari dagokionez, bi kale elkarrekiko perpendikular dira esparruaren ardatz. Kaleok lau lursail karratutan banatzen dute orubea. Horiez gainera, bada auzoa inguratzen duen beste kale bat ere. Lursailen barruko aldeak etxadi itxiak dira: etxebizitzak lursailaren kanpo-perimetroan kokatzen dira eta erdiko aldea libre dago. Etxe artean libre den eremu horretan daude etxebizitzen atzeko aldeko baratze indibidualak.

Lursailetan bi etxebizitza mota aurkituko ditugu, biek ala biek dituztelarik beheko solairua, lehen solairua eta ganbara. Honela kokatzen dira etxebizitzen bi mota aipatuak lursail karratuetan: kale nagusiarekiko paraleloak diren aldeetan sei etxebizitzako errenkadak daude, eta beste bi aldeetan, hots, zeharkako kaleetatik gertukoenetan, bi familiako etxebizitzak kokatzen dira.

Etxebizitzen barruko oinplanoa karratua da eta oso modu interesgarrian banaturik dago: beheko solairuan aurkitzen dira egun argiz gauzatzen diren jarduerekin lotura duten gelak, hau da, sarrerako arkupea, atondo txikia, jangela, sukaldea, komuna eta eskailera; goiko solairuan, inoren begiradatik salbu, hiru logela eta jantzitegi bat daude. Etxebizitza guztiak ondoz ondokoarekiko simetrikoak dira. Horrela, etxaurreak simetrikoak dira, bi isuriko estalkiak dituzte eta etxebizitzetara sartzeko bi ate. Ateak bisera batek gorderik daude eta goihabeko ardatzean erdiraturik.

Etxaurreei dagokienez, hizpide ditugun bi etxebizitza motak –errenkadan jarritakoak nahiz bi familiako etxebizitzak– euskal eredu berriei jarraiki egin dira. Baserrietako berezko ezaugarriak ageri dira etxaurreetan: bi isuriko teilatuak, goihabea etxaurrearekiko perpendikularra dutenak, teilatu-hegal irtenak, balkoiak garaieran, oholtza artifiziala horma pikoetan, simetria, burudun ate handiak –etxaurrearen erdian kokatuak– eta harlangaitzezko oinaldea sotoan (egun zuriberritua). Bi familiako etxebizitzek euskal baserriaren itxura dute.

Etxebizitzez gainera, bada funtsezko eraikin kolektibo bat orubearen ipar-mendebaldeko ertzean: Villanueva taldeko kontsumo-kooperatiba. Eraikin exentua da, oinplano laukizuzenekoa eta beheko solairua eta lehenengo solairua dituena. Lau uretako jatorrizko estaldurari gerora gehitu zaio bi isuriko teilatutxoa duen ganbara. Gailen da etxaurre nagusia, Ramon y Cajal kalera begira dagoena: puntu erdiko bost arku ditu beheko solairuan, eta hiru baodun balkoi nagusi handia lehenengo solairuan. Etxaurrea ongi egituraturik dago, hutsune berringuratuak ditu, beheko solairua eta lehen solairua banantzen dituen ezker-eskuineko inposta eta goitik beherako inposta izkinetan. Hizpide dugun eraikinaren etxaurreek itxura handia dute eraikin publiko mota zehatz eta ohiko batekin: arkupedun udaletxeekin.

2.– «El Progreso» etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa.

«El Progreso» sozietate kooperatiboak Villanuevaren ereduari eutsi zion hainbat urte geroago. Kooperatibako bazkide izan ziren Bizkaiko labe garaietako eta Babcock & Wilcox-eko langileek Villanuevatik gertuko lur-eremu batzuk eskuratu zituzten 1929. urtean –10.508,20 metro koadroko azalera guztira– eta 1930ean Emiliano Pagazaurtundua Murrieta arkitektoak proiektua idatzi zuen.

Taldea osatzen duten 62 etxebizitzak errenkadetan antolaturik daude. Etxebizitza bakoitzak baratzea du atzeko aldean. Etxebizitza guztiak erdiko kalearekiko (El Progreso kalearekiko) paraleloak dira, etxebizitzen bi ilara izan ezik, auzoa ixteko zeharkako errenkadetan jarri direnak eta Repelega etorbidera ematen duen aurrea osatzen dutenak.

Etxebizitzek beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dute, baita bi isuriko teilatua eta etxaurre nagusiarekiko goihabe paraleloa ere. Eguneko gelak etxebizitzen beheko solairuan dira: ataria, sukaldea, garbitokia, jangela eta dutxadun bainugela (eskaileraren azpiko hutsunea aprobetxatuz). Goiko solairuan, aldiz, hiru logela, komuna eta ganbara daude. Garai hartako banatzeen aldean, hizpide dugun egituraketa biribila da, eta bereziki azpimarratzekoak dira bi komunak eta garbitokia.

Etxebizitzak teknika tradizionalak aplikatuz egin ziren, karga-horma perimetralak adreiluzkoak dira eta egitura eta forjatua egurrezkoak. Villanuevako etxebizitzetan bezala, teila zeramiko lauak erabili dira, etxebizitza merkeen multzoetan ohiko materiala, alegia. Etxebizitzak lurretik banandurik daude osasun-forja aireztatuaren bidez.

Kanpoko itxurari dagokionez, nahiz eta euskal eraikuntza-estilo berriko printzak jaso –hala nola gezurrezko zur-egiturez apaindutako hormapikoak– «El Progresok» ukitu eklektikoa du. Etxebizitzetako etxaurreak zuriberriturik daude, eta kolore desberdinetan margoturik: atzealdea gris ilunez margoturik dago eta zuri kolorea erabili da leihoak, oinaldeak, forjatu-lerroak eta begiratokiak margotzeko.

Nabarmen da aurreko aldeko etxaurrearen originaltasuna. Etxebizitza bakoitzak sartzeko atea du eta leiho bat beheko solairuan. Goiko solairuan, aldiz, balkoia eta begiratoki irtena. Formen eta materialen eskema xalo hori aberasteko, apaingarri eklektikoak erabili dira: erlaitzetan irtengune bitxiak, banantze-inposta forjatuak, goitik beherako inpostak etxe bat ondoz ondoko etxetik bereizteko eta koskak leiho nahiz ate inguruetan. Elementu horiek guztiak zarpiatuan nabarmendu dira. Igeltserotzako begiratokia etxaurretik irteten da, bi mentsulatan bermaturik dago eta buruan frontoi hautsia du nahiz bi boluta alde bietara. Azken horiek dira eklektizismo horren barruko elementurik klasikoenak. Hasierako arotzeriako elementu asko zurezkoak dira egun ere. Balkoiak zurezkoak dira eta horietako batzuetan errementaritzako ukituak aurki ditzakegu.

Errenkadetako buruhormak itsuak dira eta apaindurik daude irudi geometrikoekin, inpostekin nahiz gezurrezko egur-oholtzekin hormapikoetan. Atzealdea gris kolorekoa da eta aipatu berri ditugun elementuak zuriz margotu dira, nabarmen izan daitezen. Aldeetako buruhormen goihabea miru-buztanez erremataturik dago.

Etxearen atzeko aldea, baratzei begira dagoena, gainerakoen oso bestelakoa da: zuria da goitik behera, eta neurri desberdineko leihoak ditu. Leihoen egitura xalo hori errepikatzean indar plastiko handia hartzen du.

3.– «Babcock & Wilcox» herria.

Villanueva eta El Progreso auzoak baino geroagokoa da. 289 etxebizitza ditu, Babcock & Wilcox enpresaren enkargupean eta Viviendas de Vizcaya-ren diru-laguntzarekin egin zirenak. Pascual Perea eta Luis Pueyo arkitektoek diseinatu proiektua bi fasetan garatu zen: 1951n 108 etxebizitza egiten hasi ziren, eta 1960an gainerako 181ak. Horretarako, orube handia erosi zuten, 6 hektarea ingurukoa, oinplano hirukia eta ipar-mendebalderako malda handia zuena.

Babcock & Wilcox dentsitate baxuko herria da. Bata besteari atxikitako bi alturako bloke txikiek osatzen dute, zeinek etxaurre ordenatua eta kaleekiko lerrokatua osatzen baitute. Auzoaren barruko aldea egituraturik dago kale zabalez osaturiko sarearen bidez: Tubos eta Forja kaleak bi ardatz zuzen eta elkarrekiko perpendikular dira, eta barruko plaza osatzen dute; Fundición eta Maquinaria kaleak, aldiz, kale okerrak dira, lur-eremuko topografiari egokitzen zaizkionak. Aipatutako sareak oinplano irregularreko sei lursail handitan banatzen du orubea. Etxebizitza-blokeak lursail horien perimetroan kokatzen dira. Horrela, blokeen atzeko aldean lur-eremu zabala geratzen da, banakako baratzeetan banatu dena, non familia bakoitzak lanabesak eta animaliak izan ditzakeen.

Urbanistikoki, espazio handia eta lorategidun zona handiak izateaz gainera, baditu, baita ere, orubearen topografia okerrera egokitutako hainbat irtenbide interesgarri eta hizpide dugun esparrua berezi bihurtzen duten hainbat esparru komun: plazak daude kale bat bestearekin elkartzen den gunean, arkupeak, eraikinen azpitik igarotzen diren kaleak, harrizko harmailadiak, lorategi txikiak eta atzeraemangune zehatzak blokeen lerrokadetan.

Etxebizitzen tipologiari dagokionez, bi eredu erabili dira nagusiki, horien gain bertsioak eta egokitzapen txikiak egin direlarik:

Etxebizitzen lehendabiziko mota, eta ugariena, errenkadan kokaturiko blokeek osatzen dute. Bloke horiek oinplano laukizuzena dute eta beheko solairua, lehen solairua eta lau isurialdeko teilatua. Blokean bi etxebizitza daude plantako. Etxebizitzara sartzeko kanpoko eskailerak daude, zeinak, bloke baten eta haren ondokoaren arteko esparruan egonik, bloke bat bestearekin lotzen duten. Arku beheratudun ateburuak zedarriztatzen du blokeen arteko muga, eta kanpoko aldeko eskailerarako nahiz atzeko aldeko baratzetarako sarbidea du seinalatzen. Etxebizitza horien barruko egiturari dagokionez, lekua gehien-gehienean aprobetxatzeko moduan egin dira: sukalde-egongela handia du, elkarren kontrako etxaurreetara begira dagoena. Hiru logelak sukalde-egongelatik banaleku txiki batek bereizirik daude. Egitura hori oinarri harturik, beste aldaera batzuk diseinatu ziren, logela bat gehiago edo gutxiago zutenak. Sukaldea eta komuna elkarren ondoan daudenez, zorrotenak eta aireberritzeko patioak partekatzen dituzte eta, ur-beroaren hodiak motzagoak direnez, energia aurrezteko aukera ematen dute. Zenbait elementuk –hala sarrerako armairuak nola arropa garbitu berriak esekitzeko lekuak– bilakatu zuten hizpide dugun diseinua bere garaiko aurreratuenetako batean. Etxebizitza horien kanpoko aldean, lanabesak gordetzeko gelatxoa dago.

Etxebizitzen bigarren mota osatzen dute bi familientzako bi altuerako blokeek. Hizpide dugun etxebizitzen mota gorakakoa bada ere –goiko solairuan hiru logela eta arropak gordetzeko bi armairu ditu eta barneko eskailera etxebizitza bakoitzaren barruan– lehendabiziko etxebizitza motako banaketaren parametro berberei jarraitzen die. Etxebizitza bakoitzak bere ataria du etxe barrura sartzeko.

Bloke horien guztien kanpoko itxura sendoa eta xaloa da. Etxaurre zuriberrituetan bao burudunak daude, ordenan, bata bestearen ondoan. Etxaurreek harrizko oinaldea dute, gris koloreko entokadura beheko solairuan, inposta horizontala lehen solairuko baoen mailara eta, azkenik, krema koloreko entokadura goiko solairuan. Egun, kolore horien lekuan arrosa kolorearen tonalitate berriak jartzen ari dira.

Azkenik, azpimarratu beharra dago auzoan hainbat zerbitzu kolektibo jarri zirela: saltokiak, ikastetxeak, eliza, errepideak, espaloiak, lorategidun eremuak, eta abar. Egitura horiek guztiek herri itxura eman zioten auzuneari.

Ramon y Cajal etorbidean, Repelega ikastetxe publikoa dago egun. Kasu horretan, herria diseinatu zuten arkitektoek funtzionaltasun irizpide berberei eutsi zieten Babcock & Wilcox ikastetxea eta La Divina Pastora kapera eraikin berean biltzeko. Mintzagai dugun eraikinaren egitura hormigoi nahiz adreiluzkoa da eta leiho handiak ditu. Hasierako eraikinaren beheko solairua arkupeduna zen eta zabalik zegoen.

Bestetik, Antonio Trueba ikastetxea legoke. Herriaren beheko aldean dago, Abatxolo kalearekin lerrokatuta. Juan María de Uribe Guimón arkitektoak, forma eta lerro zuzenen garbitasuna oinarri, diseinatu zuen eraikin arrazionalista hori. 1933 eta 1935 urteen artean eraiki zen, Babcock & Wilcox herriaren aurretik, Repelegako herritarren hezkuntza-beharrak asetzeko asmoz, populazioa gaztetu egin baitzen Villanueva eta El Progresoko etxe merkeen taldeen eraginez. Juan M.ª Amestik berritu zuen jatorrizko proiektua 1968. urtean, zonako hezkuntza-beharrek gora egin zutela ikusirik. Eraikina berritzeko, hirugarren altuera eta terraza eraitsi ziren, horien lekuan beste bi solairu eta lau isuriko teilatua egin zirelarik. Nahiz eta obra horrek desitxuratu hasierako proiektuaren proportzioak eta terrazadun teilatua, eraikinak gorde ditu eraikin arrazionalista zainduaren itxura eta elementuak. Nolanahi ere, argi eta garbi bereiz daitezke eraikinaren jatorrizko parteak eta erreformaren ondotiko bi solairu berriak. Hauek dira hizpide dugun eraikinaren ezaugarri nagusiak: osaera simetrikoa; eskailera angeluarren bi gorputz bertikalak eta horma-arteko leiho errenkada horizontalak; eta krema nahiz arrosa koloreko paramentu leun entokatuen eta ageriko adreiluko azaleren konbinazioa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana