Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2012ko urriaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4433

AGINDUA, 2012ko irailaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Mondragon Unibertsitateari baimena ematen zaio unibertsitateko masterreko eta doktoregoko ikasketa ofizial batzuk ezarri eta kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak) 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko du, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautu du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta tituluaren Europako gehigarriaren diploma emateko nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan, eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak.

Titulu ofizialen nola ezarri arautzen dute urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatzen duenak), unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituenak, eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak.

Hain zuzen ere, 1393/2007 Errege Dekretuak, urriaren 29koak, 8. artikuluan xedatzen du estatu osoan izaera ofiziala eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko direla: Gradua, Masterra eta Doktoregoa izenekoetan, hain zuzen.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

2011ko urriaren 27an, eta 2012ko urtarrilaren 26an eta ekainaren 28an, Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak 2012-2013 ikasturtean masterreko eta doktoregoko titulu ofizial batzuk lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea onartu zuen.

ANECA-Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren ebaluazio-txostena jaso eta gero, Hezkuntza Ministerioko Unibertsitate Kontseiluak egokitzat jo du Mondragon Unibertsitateak aurkeztutako master-ikasketen proposamena, betiere uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuko 25.7 artikuluan ezarritakoa betez (861/2010 Errege Dekretuak urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen du, hots, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen errege-dekretua).

Hori dela eta, eta Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuz, proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu zaio jakitun jartzeko eta 2012ko uztailaren 26an egin duen bilkuran txostena eman eta gero. Hortaz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Baimena ematea I. eranskinean zerrendatzen diren ikasketa ofizialak ezarri eta kentzeko.

Bigarren artikulua.– Besterik gabe baimenduko da II. eranskinean zerrendatzen diren masterreko eta doktoregoko ikasketa ofizialak ezartzea, 2012-2013 ikasturtean eman daitezen, baina horretarako bete beharko da uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren 25.8 artikuluan ezarritakoa (861/2010 Errege Dekretuak urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen du, hots, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen errege-dekretua).

Hirugarren artikulua.– Baimentzen den doktorego-ikasketa ofizialak sei urte igaro baino lehenago izan beharko du berrituta ziurtapena. Epe hori hasierako ziurtapena ematen den egunetik hasiko da. Baimentzen diren master-ikasketa ofizialak lau urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta ziurtapena, kasu honetan ere hasierako ziurtapena ematen den egunetik hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Hezkuntza Ministerioari jakinaraztea, horrek Gobernuari proposa diezaion tituluak ofizialtzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan jasotzeko eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala