Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2012ko irailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4281

AGINDUA, 2012ko irailaren 3koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Uribe Kosta-Butroe inguruko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana prestatzeko lanei ekiteko dena.

Uribe Kosta-Butroe eskualdea Bizkaian dago, eta Butroe ibaiaren estuarioaren eta ibai hori inguratzen duten itsaslabarren inguruan kokatuta dago.

Natura- eta paisaia-balio nabarmenak ditu, eta balio horiek azken urteotan talde kontserbazionistek eta udalek bultzatu dituzte, zenbait adierazpenetan eta Bizkaiko Batzar Nagusien erabakietan kontu handiagoz zaintzeko eta gehiago babesteko eskatu baitute.

Ingurumen horrek natura aldetik duen garrantzia epaileen zenbait epaitan geratu da agerian, epai horiek urte askoan ez dute-eta zenbait proiektu gauzatzen utzi. Epai horiek, aldi berean, ingurumen osoaren natura-balioa aintzatetsi dute eta balio horiek aldatzeko mehatxu etengabearen berri zabaldu.

Ildo horretatik, Barrikako Udalak ingurumenaren natura-balioak azpimarratu zituen, bai eta balio horiek babestu beharra ere. 2009ko abenduaren 17an, udal horrek Ingurumen, eta Landa eta Itsas Eremuko Ministerioari eskatu zion itsas-lehorretako jabari publikoa babesteko bide-zortasuneko eremua 200 metrora arte handitzeko, udalerri horretako labar-eremuaren zati handi batean.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri eta Europarc fundazioari (Fundación Fernando González Bernáldez) azterlan bana eskatu zien, bata bestearen segidan, inguru hartan identifika daitezkeen natura-balioak inbentariatu eta deskribatzeko, bai eta kontserbazio- eta babes-neurri egokienak zein diren erabakitzeko ere. Lan horiek erakundeen eta talde interesatuen eskura jarri ziren, lortutako ondorioak egiaztatzeko, eta eremua hobeto babestea ekarriko zuen lan-ildo bat zehazteko.

Ingurumen horren ardatz nagusia Butroe ibaiaren estuarioa da. Estuarioak kalitate aparteko habitatak dira eta esklusibotasun-maila handiko espezie asko eta produktibitate handiko ekosistemak dituzte, hiru ingurune elkarrekin lotzen dituzte-eta: ibaikoa, itsasokoa eta lurrekoa. Butroe ibaia txikia izan arren, naturaltasuna du ezaugarri nagusitzat: bere ibilguaren zatirik handienean ez dago aldaketa itzulezinik eta duen morfologia ondo zainduta dago; marearteko lekuak daude, eta padura naturalak ere bai, hala nola Txipio eta Ostrada. Gainera, duen birsorkuntza-ahalmena, Isuskiza paduran ondo nabarmena dena, hobetu daiteke, alde askotan mareen dinamika berreskuratu daitekeelako, eta landareen ondorengotza ekologikoa bermatu daitekeelako, orain beste erabilera batzuk dituzten urertzeko lekuetan eta bertan behera utzitakoetan.

Estuarioaren inguruan, eskualde horrek natura- eta paisaia-balio nabarmenak ditu, hala nola Barrikako eta Gorliz-Armintzako labarrak eta Billano irlatxoa, itsasertzeko txilardiak, Astondoko badia, Gorliz-Plentziako hondartza, Barrikako kala txikiak, dunak (Astondoko zementuzko duna mugikorrak, Barrikako duna esekiak), kantauriar artadi ugariak (Gorlizko guneak, leheneratu ahal direnak), hariztia azidofiloa barrualderako, eta oso andeatua zenbait tokitan, zuhaitz bereziak (Gorlizko artea, Garrikako hariztia eta Lemoizko artelatz-basoa), Butroe ibaiaren sistema, ibai-haltzadia eta berezitasun geologikoko lekuak. Horregatik guztiagatik, paisaian erliebe menditsuak eta itsasertzak bat egiten dute.

Aipagarria da, gainera, eskualde horren historia zabala: haren lehenengo aztarnak Barrikako Kurtzioko historiaurreko aztarnategian daude; hango herri egonkorrak (Lemoiz, Barrika, Gorliz eta Plentzia) Bilboko hiria fundatu aurretikoak dira eta Erdi Aroan garrantzi handia izan zuten (Muxika-Butroeko jaunak) itsasontzigintzan eta nabigazioan.

Beraz, eskualde horretako Natura Baliabideen Antolamendurako Plana prestatu behar da, ingurumen-balioen eta natura-ondarearen kontserbazioa eta erabilera antolatzeko. Plan horretan zehaztuko da zer figura egokitzen zaien ondoen lekuaren ezaugarriei, eta, aldi berean, hor mugatu eta eremutan finkatuko dira babes-araubidearen mendeko guneak, eta hori guztia kudeatzeko jarraibideak eta irizpideak zehaztuko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duen ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 9. artikuluari jarraikiz, plana egiten eta izapidetzen hasteko, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak agindua eman behar du eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Agindu honen bidez, Uribe Kosta-Butroe inguruko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana prestatzeko lanei ekitea erabaki da.

2. artikulua.– Hurrengo artikuluan ezarritakoari dagokionez, Uribe Kosta-Butroe ingurua agindu honen eranskinean argitaratzen den planoan mugatzen da behin-behinean, hasierako lan zientifiko eta teknikoen ondorioz.

3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duen ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, xedapen hau indarrean jartzen den uneaz geroztik, ezin izango da burutu egoera fisikoa eta biologikoa nabarmenki alda dezakeen ekintzarik, baldin eta aldaketa horien bitartez planaren helburuak gauzatzea oztopatzen edo eragozten bada.

Hortaz, ezin izango da eman baimenik, lizentziarik edo emakidarik, Añanako Diapiroa izeneko aldeko egoera fisikoa edo biologikoa alda dezaketen ekintzak burutzeko denik, foru-organo eskudunak ekintza horien aldeko txostena egin ezean.

4. artikulua.– Uribe Kosta-Butroe inguruko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana prestatu aurretik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak dokumentu bat idatziko du, eta dokumentu hori Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duen ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 7. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz izapidetuko da, hala aurreikusita baitago ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritako helburuetan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 3a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala