Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2012ko uztailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
3169

122/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 79/2012 Dekretua zuzentzen duena.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta lan-kontratudun langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, 105/2007 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, Analisi Funtzionalen prozesuaren ondorioz.

105/2007 Dekretuaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtso batzuk aurkeztu dira, eta zenbaitetan, errekurtso horiek osorik edo partez baiesteko epaiak eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak; aurkaratutako dekretua partez baliogabetu duten epai horietako bat honako hau izan da: 2010eko ekainaren 25ekoa, administrazioarekiko 1556/07 auzi-errekurtsoaren gainean emandakoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko euskalduntze-teknikari postu bat (kodea: 510690; dotazioa: 8) dela eta.

2010eko irailaren 13an, Funtzio Publikoko zuzendariak ebazpen bat eman zuen, aipatutako epaia betearazteko agintzen zuena. 2010eko irailaren 1eko Ediktuaren bidez (2010eko azaroaren 3ko EHAA), aipatutako epaiaren epaitzari zabalkundea ematen zaio.

Lanpostuen zerrendak administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzen du ekainaren 26ko 105/2007 Dekretua; bada, azken dekretu hori partez baliogabetzen duen epaia behar bezala betearazteko, Lanpostuen Zerrena aldatu beharra dago, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz. Bestalde, aipatutako epaia betearaztearen ondorioz Lanpostuen Zerrendan eragindako aldaketak –administratiboak nahiz, hala badagokio, ekonomikoak– 2007ko uztailaren 1etik jarri beharko dira indarrean, hau da, partez baliogabetu den dekretu horren ondorio-egunetik aurrera.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuak 18.2.c) artikuluan xedatzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak eta omisioak maila bereko xedapen baten bitartez zuzenduko dira, baldin eta nabarmenak ez badira, eta horiek zuzentzearen ondorioz, dokumentuaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen bada.

Ikusi da horrelako akatsak egin direla idazpuruko dekretuan (maiatzaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 105. zk.), euskalduntze-teknikari postu bat (kodea: 510690; dotazioa: 8) aldatu nahi dela eta. Beraz, zuzendu egiten dira akats horiek.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko uztailaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 79/2012 Dekretuaren azken xedapenean aurkitutako akatsak zuzentzea, honela:

Azken xedapenean, honela dio:

«Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak».

Baina honela esan behar du:

«Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak, salbu eta euskalduntze-teknikariaren lanpustuan (kodea: 510690; dotazioa: 8) egindako zuzenketari dagokionez, horrek 2007ko uztailaren 1etik aurrera izango baititu ondorioak».

Bigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 79/2012 Dekretuaren I. eranskinaren 3. orrialdean aurkitutako akatsak zuzentzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala