Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2012ko uztailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO SAILA
3166

AGINDUA, 2012ko ekainaren 25ekoa, Herrizaingoko sailburuarena, ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunen lokalen ordutegien publizitateari eta identifikatzeko bereizgarriei buruzkoa.

296/1997 Dekretuak, abenduaren 16koak, ezartzen ditu jendaurreko ikuskizunak eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, establezimenduak sailkatzen ditu bakoitzaren jardueraren arabera. Jardueraren arabera sailkatzeak ekarri du, alde batetik, ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunekin lau talde, eta bestetik, joko aretoen taldeak sortzea, behar den zaintza eta kontrola egiteko.

36/2012 Dekretuak, martxoaren 13koak, jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen du. Horren bidez, handitu dira ordutegiak luzatzeko udalek dituzten eskumenak.

Egun, ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunetarako lokaletan irekitzeko eta ixteko ordutegia leku ikusgarri batean jarri behar da, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera. Ordutegi horiek egokitu beharko dira martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuak ezarritako ordutegietara.

Bestetik, lokal bakoitzaren kanpoaldean identifikatzeko bereizgarri bat jarri beharko da, bereizgarri hori lokalaren taldeari dagokio, eta horren formatua eta edukia agindu honen eranskinean ezarrita dago. Horren helburua lokal horien erabiltzaileei informazioa argitzea eta kontrola eta zaintza erraztea dira.

Esandakoaren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea jendaurreko ikuskizunetako eta ostalaritzako lokaletan jarri behar diren informazio-kartelei eta identifikatzeko bereizgarriei publizitatea ematea da, betiere martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuan ezarritako ordutegi-araubide berriaren arabera. Dekretu horren bidez, jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua aldatu zen.

2. artikulua.– Identifikatzeko bereizgarriak.

1.– Ostalaritzako eta jendaurreko ikuskizunetako lokalen kanpoaldean identifikatzeko bereizgarri bat jarri beharko da, eta bertan zehaztuta agertu behar da zein taldetakoak diren, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 2. artikuluan egindako sailkapenaren arabera. Dekretu horren bidez, jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Identifikatzeko bereizgarriak honako ezaugarriak izango ditu:

a) Borobila izango da, gutxienez 90 mm-ko diametroa izango du. Euskarri zurrun batean jarriko da (PVC, metakrilato) lokalaren aurrealde nagusian, 1,80 cm-ko altuerara gutxienez eta gehienez 2,30 cm-ra, artikulu honen bigarren paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

b) Euskarrian establezimenduaren taldea agertuko da eta dagokion sailkapenaren zenbakia (1,2,3 edo 4) eta agindu honen eranskinean ezarritako formatua, edukia eta zehaztapen teknikoak izango ditu.

2.– Lokalak araudi berezi batek hirigintza babestu eremuan sartuta dauden kasuetan baimendu ahalko dira lehenengo atalaren a) hizkian aurreikusita ez dauden bestelako formatuak edo kokapenak dituzten bereizgarriak, betiere, lokala zein taldetan dagoen identifikatzeko balio badu.

3. Artikulua.– Informazio-kartelak.

Agindu hau aplikatu behar den eremuan dauden establezimenduek informazio-kartel bat jarri behar dute barruan eta leku ikusgarri batean, eta bertan zehaztu behar da lokala ixteko eta irekitzeko ordutegia.

Abenduaren 16ko, 296/1997 Dekretuaren arabera honako ezaugarri hauek izango ditu informazio-kartelak:

a) Euskarri zurrunean jarrita egon behar da eta gutxienez 250 mm ×140 mm izango da.

b) Establezimenduaren ordutegi orokorra izango du, eta bertan agertuko da lokala zein taldetan sailkatuta dagoen eta dagokion zenbakia: 1,2,3 edo 4.

4. Artikulua.– Informazioa.

Agindu honen eranskinean zehazten diren informazio-kartel ereduak eta identifikatzeko bereizgarriak Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren web orrian argitaratuko dira, eta erabiltzaileen esku egongo dira pdf edo antzeko formatuan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu hau aplikatu behar den eremuan dauden establezimenduek jarri eta egokitu beharko dute ixteko eta irekitzeko ordutegiei dagokien informazioa, eta identifikatzeko bereizgarriak jarri, agindu hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 25a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

ERANSKINA

Identifikatzeko bereizgarrien formatua, edukia eta ezaugarri teknikoak.

Ezaugarriak:

Eskatutako gutxieneko neurriak: 90 mm-ko diametroa.

Korporazio koloreak:

1 Taldea - PANTONE: 293 C

2 Taldea - PANTONE: 347 C

3 Taldea - PANTONE: Rubine Red C

4 Taldea - PANTONE: 2592 C

Binilo itsasgarri gainean inprimaketa eta trokel biribila elementu euskarri gainean erantsita (PVC, metakrilato edo antzekoa).

Fatxada nagusian atxikita 1,80 cm-ko altuerara gutxienez eta gehienez 2,30 cm-ra.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala