Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2012ko ekainaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2972

AGINDUA, 2012ko ekainaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana onesten duena.

Ekonomia eta Ogasun Ministerioak, apirilaren 13ko EHA/1037/2010 Aginduaren bitartez, Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra onetsi zuen, Kontularien Nazioarteko Federazioak (IFAC) Sektore publikoko kontabilitatean aplikatzeko nazioarteko arauetara egokituz (SPKANA), eta enpresarako Kontabilitate Plan Orokorra eredutzat hartuz, baina helburu duen sektore publikoak berezko dituen espezialitateak mantenduz.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa kontabilitatearen normalizazio-prozesuan sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plan berria egin da, apirilaren 13ko EHA/1037/2010 Aginduaren bidez onetsi zen Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra erreferentziatzat hartuta.

Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legeak 9. artikuluan dio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokiola Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana onestea.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura, zereginak finkatzen dituen urriaren 20ko 568/2009 Dekretuak esleitutako ahalmenez baliatuz eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana onestea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana onetsi da. Testua agindu honen eranskin modura agertzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana nahitaez aplikatu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak, bere erakunde autonomoek, kontabilitate publikoko araubideari lotuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeek eta Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen bigarren xedapen gehigarrian aipatutako erakundeek.

XEDAPEN GEHIGARRIAK.– Errebalorizazio-eredua aplikatzea ibilgetu materialaren, higiezinetako inbertsioen eta ibilgetu ukiezinaren geroko balioespenerako.

Ibilgetu materialaren, higiezinetako inbertsioen eta ibilgetu ukiezinaren geroko balioespena egiteko «Ibilgetu materiala» 2. aintzatespen- eta balioespen-arauan aurreikusitako errebalorizazio-eredua erabili ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurretiaz Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren baimena izatea.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kontabilitate Publikoaren Plana aplikatzeko arau orokorrak.

1.– Kontabilitate Publikoaren Planak aitortzeko eskatzen dituen aktibo eta pasibo guztiak erregistratuko dira, baja emango zaie aitorpenik behar ez duten guztiei, eta berriro sailkatuko dira bidezko ondare-elementuak. Hala ere, erakundean Kontabilitate Publikoaren Plana indarrean sartu aurretik zeuden azpiegitura eta ondare historikoko ondasunak, aktibatuta ez badaude, ezin izango dira aktiboan sartu balioespena ezin bada fidagarritasunez egin.

2.– Erabilera orokorrera emandako ondarearen kontuko saldoa «Aurreko ekitaldietako emaitzak» izeneko 120 kontuaren kontra kitatuko da.

3.– Banatu beharreko gastuak edo, hala badagokio, zorpetzearen banatu beharreko diru-sarrerak erregistratu dituzten kontuak, dagozkien zorren kontuen kontra kitatuko dira.

4.– Kontabilitate Publikoaren Planera egokitzeko aktibo eta pasibo guztien balioespenean egin beharreko doikuntzak egiteko, oro har, «Aurreko ekitaldietako emaitzak» izeneko 120 kontua erabiliko da ordain gisa.

5.– Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra aplikatuz egingo diren urteko lehenengo kontuetan ez da aurreko ekitaldiari buruzko zenbatekorik adieraziko ez balantzean, ez ondarearen emaitza ekonomikoaren kontuan, ezta konparaziozko informazioa azaltzen duten gainerako egoera-orrietan ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Agindua indargabetzea.

Indargabetuta geratu da Ekonomia eta Ogasun Sailaren 1985eko abenduaren 17ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana onetsi zuena.

AZKEN XEDAPENA.– Indarra hartzea.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

2.– 2011ko abenduaren 31n amaitutako ekitalditik aurrera aplikatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomoen urteko kontuak egitean.

3.– Hala eta guztiz ere, kontabilitate publikoko araubideari lotuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakundeei dagokienez, ez da 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu behar izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 25a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala