Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2012ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BILBOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
2554

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruzko 71/11 prozeduraren ondoriozkoa.

Bilboko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: L2 71/11 adostasunik gabeko dibortzioa.

Demandatzailea: Maribel Godoy Acuña.

Abokatua: Helena Garcia Borreguero Goyarzu.

Prokuradorea: Rodriguez.

Demandatua: Lucio Espinoza Artunduaga.

Gaia: dibortzioa, 5. xedapen gehigarria.

Judizio horretan epaia eman da, eta hau da haren xedapen-zatia:

EPAITZA

Baietsi egin dut, partez, Inés Elena Rodríguez Molinero prokuradoreak Maribel Godoy Acuña andrearen izenean eta ordez aurkeztutako demanda, Lucio Espinoza Artunduaga jaunaren aurkakoa, auzi-iheslaria bera. Horrenbestez, aipatutakoen ezkontzaren dibortzioa agintzen dut, legezko ondorio guztietarako, eta behin betiko neurri hauek hartzen ditut:

1.– Adingabekoen zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio.

2.– Guraso biek baliatuko dute, elkarrekin, guraso-ahala, Kode Zibilaren 154. eta 156. artikuluetan xedatutakoarekin bat. Hala, bada, aurrerantzean seme-alabei buruz hartutako edozein erabaki jakinaraziko diote batak besteari, baita seme-alaben interesa lehenetsiz biek jakin beharreko guztia ere. Elkarrekin komunikatzeko, egokiena duten bidea hautatu beharko dute; hala egin ondoren, errespetatu eta bete egingo dute. Biderik hautatzen ez badute, posta, faxa edo mezua jaso izana ziurtatzen duten bide telematiko eta elektronikoak erabiliz egingo da komunikazioa. Erantzuna ere horrelako bideren bat erabiliz emango du mezua jaso duen gurasoak. Erantzunik eman ezean, ados daudela ulertuko da. Guraso bien artean hartuko dira, aurrerantzean, seme-alabei buruzko erabakiak. Bereziki garrantzitsuak dira gai hauei dagozkienak: adingabekoen bizilekua, eskola, osasun-zaintza eta erlijio-ospakizunak. Hori horrela, guraso biek elkarrekin hartuko dituzte ebakuntza kirurgikoei edo garrantzizko mediku-tratamenduei buruzko erabakiak –edozein motatakoak direla ere–, gasturik dakarten edo asegururen batek bere gain hartzen dituen alde batera utzita. Erlijio-ospakizunei buruzkoetan ere, guraso biek elkarrekin hartu beharko dute parte eta elkarrekin erabaki, bai erlijio-ekitaldiari dagokionez bai ekitaldi hori egiteko moduari dagokionez. Horretan ez du lehentasunik izango gastuak sortzen diren egunaren asteburua egokitu zaion gurasoak.

Hirugarrenek guraso biei emango diete seme-alabei buruzko guztiaren berri. Zehazki, guraso biek dute informazio akademikoa eta ebaluazio-txostenak jasotzeko eskubidea, eta, halaber, tutoreekin egiten diren bileren bidez edo ikastetxeko orientazio-zerbitzuen bidez informazioa jasotzekoa, dela guraso biak elkarrekin bertaratuta, dela bakoitza bere aldetik bertaratuta. Orobat, seme-alabei buruzko mediku-informazioa jasotzeko eskubidea dute, eta txostenak, bietako edozeinek eskatuta, jasotzekoa ere bai.

Une-unean seme-alabekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta larrialdirik gertatu bada edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

3.– Gutxieneko komunikazio-, bisita- eta egonaldi-erregimenari dagokionez gurasoen artean adostasunik ez bada, aita seme-alabekin honela egon ahal izango da:

– Eskola-garaian, astelehen, astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan, irakastegunak baldin badira, eskolatik atera eta 21:00ak arte.

– Bi astebururik behin, ostiralean seme-alabak ikastolatik ateratzen direnetik, igandeko 21:00ak arte, bai eta asteburu horiei lotutako eskola-zubiak ere, hala dagokionean.

– Gabonetako, Aste Santuko eta udako eskola-oporren erdiak; adostasunik ez badago, amak urte bikoitietan aukeratuko du, eta aitak, berriz, bakoitietan.

Eskola-oporraldietan, bertan behera geratuko dira goian adierazitako asteburuetako eta aste barruko bisitak.

4.– Seme-alaben elikagaiengatik, aitak 300 euro (100 euro seme-alaba bakoitzeko) ordaindu beharko dizkio amari, hilero, aurreratuta, eta hileko lehenengo bost egunetan. Amak izendatutako banku kontuan sartuko du aitak diru hori, eta urtero eguneratu beharko du, Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera, oinarritzat aurreko urtealdia hartuz; lehen eguneratzea 2012ko urtarrilean egin beharko du. Ordainketa egin ezean, bidezko legezko neurriak hartuko dira.

5.– Gurasoek erdibana ordainduko dituzte seme-alaben ohiz kanpoko gastuak. Halakotzat joko dira mediku-, farmazia-, optika- eta odontologia-zerbitzuek sortutako gastuak, eta Gizarte Segurantzak edo mediku-aseguru pribatu batek bere gain hartzen ez dituen gainerako mediku-gastuak. Halakotzat joko dira, orobat, irakasle edo tutoreek gomendatuta, ikasketa-prozesuaren indargarri eta lagungarri seme-alabek jaso behar dituzten eskola-orduak. Gainerako gastuak –premiazkoak ez badira, aisialdiak edo eskolak sortuak badira, eta guraso biek erabakitakoak ez badira– egitea erabaki duenak berak ordaindu beharko ditu, gasturik egin bada behintzat.

6.– Prozesuko izapide honetan ez da bestelako neurririk hartuko.

Prozedura hau izapidetzerakoan sortutako prozesu-kostuak ez zaizkio inori ezartzen.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Bizkaiko Probintzia Auzitegiari zuzendua (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera hogei egun balioduneko epean. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakia zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa aurkeztu ahal izateko, 50 euroko gordailua jarri beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: 0479. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLO, 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Lucio Espinoza Artunduaga demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskura du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.

Bilbao (Bizkaia), 2012ko otsailaren 24a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala