Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., asteartea,2012 maiatza 29


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2384

AGINDUA, 2012ko urtarrilaren 30ekoa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena. Honen bidez, Fundación Maria Isabel Gonzalvo fundazioaren estatutuetako 5., 9. eta 17. artikuluak aldatzea onartzen da, eta aldaketok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2011ko abenduaren 29an sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean, Fundación Maria Isabel Gonzalvo fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaria. Eskaera-idazkiari, Ramón Múgica Alcorta Bilboko notarioaren aurrean 2011ko abenduaren 20an emandako eskritura publikoaren kopia baimendua erantsi zitzaion (protokolo-zenbakia: 1828). Eskritura horren bidez, fundazioaren Patronatuak 2011ko abenduaren 12an hartutako erabakiei protokoloa ezarri, eta publiko egiten dira: Javier Sabando Antolín jauna Patronatuko kideak kargua uztea, eta Nicolás García Rayo Patronatuko kide izendatzea; fundazioaren helbidea Leioara aldatzea (Artatza 89, Bizkaia); eta fundazioan estatutuen 5. eta 17. artikuluak aldatzea. Aipatu patronatua aldatzearen ondorioz –eskrituran adierazten da–, Estatutuen 9. artikulua ere aldatzen da.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Estatutuak eta, ondorioz, fundazioaren patronatua aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eman behar du, agindu bidez, honako lege-xedapen hauetan hala ezarritakoa betez: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 4/2009 Dekretuaren 9.1.e) artikulua; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4.1 artikulua.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa. Estatutuen 9. artikulua aldatzea Babeslaritzak onartzearen eta erregistroko kalifikazioaren mende gelditzen da, ondorio hori eragin duen arrazoia edozein izanik ere.

Aipatu manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundación Maria Isabel Gonzalvo fundazioaren estatutuetako 5., 9. eta 17. artikuluen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutu-aldaketa hori inskribatu dadila agintzea agindu honen egun berarekin, eta Bilboko notario Ramón Múgica Alcortaren aurrean 2011ko urriaren 20an egiletsitako eskritura publikoan ezarritakoari jarraituz (protokolo-zenbakia: 1828).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 30a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

Idoia Mendia Cueva.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana