Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2012ko maiatzaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
2303

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 9koa, Kulturako sailburuarena, 2012. urtean gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (Euskalgintza deialdia).

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 15. artikuluak Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 45/2011 Dekretuak, martxoaren 22koak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 14.2.e artikuluan (EHAA, martxoaren 25ekoa, 59. zk.): Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea, betiere beste administrazio-organo batzuek bereziki esleituta dauzkaten egitekoak urratu gabe.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo Agindu honen bitartez, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko, 2012ko diru-laguntza deialdia egitea erabaki du.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2012an burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak arautu eta dei egitea (Euskalgintza deialdia).

2. artikulua.– Epe-barrutia.

Laguntza deialdi honek 2012an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2012ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek bide elektronikoak erabiltzeko aukera izango dute prozeduraren izapideak egiteko, eskatzeko eta kontsultatzeko.

2.– Izapide elektronikoa honako dekretu eta ebazpen hauetan arautu da: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/12euskal/es_12euskal/12euskal.html.

4.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, batetik bestera edozein unetan alda daitekeelarik.

5.– Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gunearen bitartez egingo dira https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: naziotasuna edo helbide soziala Europar Batasunekoa edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak,baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta Agindu honen 5. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Hala ere, kanpoan geldituko dira honako hauek:

a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu– edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusiki publikoa duten entitateen eskabideak.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2012ko diru-laguntzen deialdian onuradun direnak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona fisiko edo juridikoak: zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango dira aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

5.– Diru-laguntza deialdi hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, diru-laguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenaren Erregistroan alta emanda eduki beharko du.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak.

1.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen egitasmoak:

a) Aisialdi-taldeen jardunean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak: aisialdirako begiraleei zuzendutako prestakuntza eta material-prestakuntza; eskola-ordutegitik kanpo dauden jardunen garapena.

b) Ezagupenetik erabilerarako jauzia egite aldera, harreman-sareetan euskararen erabilera sustatu eta indartzeko egitasmoak, bai ahozkoan bai irakurri-idatzian, zenbait gizarte-talderi zuzendutakoak lehenetsiz: haur eta gazteak, euskaldun berriak.

c) Haur eta gazteen aisialdiko kirol ekintzetan euskararen erabilera areagotu, sustatu eta indartzeko egitasmoak.

d) Euskara ez dakiten euskal herritarrak (erdal mundua) euskarara hurbiltzea eta beroriei euskaraz sortu eta burututako jardunaren berri ematea helburu duten egitasmoak.

e) Euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak.

f) Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.

g) Euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak.

h) Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.

i) Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.

j) Emakumeen euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoak: hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak.

k) Etorkinen artean euskararen erabilera sustatzera zuzendutako jarduerak eta proiektuak bultzatzea helburu duten egitasmoak.

l) Euskaraz landu eta plazaratutako kalitatezko ekarpenak bikaintasunaren irizpideen arabera bultzatu eta babesteko egitasmoak.

m) Euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.

2.– Nolanahi ere, honako egitasmo hauek ez dute laguntza-mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

a) IKT laguntza-motan lekua daukaten jostailuak, jokoak eta denbora-pasak.

b) Aisialdian eta harreman sareetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoen kasuan, helburuarekin lotura zuzena ez duten ekintzak (hala nola, musika-emanaldiak, kantaldiak eta dantzaldiak).

c) Irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egitasmoen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gainerako deialdietan leku propioa duten aldizkari, prentsa gehigarri eta egitasmoak.

d) Liburu-azoketan parte-hartzearekin eta estrategiekin zuzeneko lotura daukaten egitasmoak.

e) Enpresa edo elkarteen ohiko jardunaren edota produktuen berri ematen duten argitalpenak, eta zuzenean euskararen erabileratik ez datozen gastuak.

f) Hedabideen sustapenerako egitasmoak.

g) Laguntza-mota honetan sarbiderik izan arren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2012an beste laguntza-mota batzuetatik diruz lagundutako egitasmoak.

h) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.

i) Haur eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea helburu duten egitasmo eta jarduerei dagokienez, eskola-orduz kanpo garatzen ez direnak.

j) E-book izeneko liburu elektronikoak.

k) Euskara ikasteko metodoak.

l) Lan munduan euskararen sustapena edota garapena helburu duten egitasmoak.

6. artikulua.– Eskatzaileak egiaztatu beharreko baldintzak.

1.– Diru-laguntzaren eskatzaileak zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkala egiaztatzea diru-laguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina. Nafarroako Ogasunean zergak ordainduz gero, interesdunak zerga-betebeharrak kitatuta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienez ere 3 hilabete lehenago egindakoa, aurkeztu beharko du.

2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: diru-laguntzaren eskatzaileak, edozein delarik izapidea egiteko aukeratutako bidea, baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6. eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Eskatzaileak ez duela jasotzen beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik Agindu honetan araututako diru-laguntzaren helburua bera duen laguntzarik, edo laguntza eskatu duela eta eman egin diotela.

– Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2012ko diru-laguntzen deialdian onuraduna ez dela.

– Legalki eratua dagoela eta dagokion edota dagozkion erregistro edo administrazio-erroldatan inskribatuta dagoela.

– Erakundeak egunean dauzkala indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntza hauen onuraduna ez dela: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00) baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

– Egiazkoak direla eskabide-orriko datuak eta haiei erantsitako agiriak eta indarrean den araudian diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

4.– Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenaren Erregistroan egon ez edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero:

– Bide presentzialaren bidez, formularioa honako gune honetan: http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html.

– Bide elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html.

7. artikulua.– Diru-baliabideak.

Begiz jotako xedeari aurre egiteko 1.152.000 euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.– Laguntza-mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partzialki aurre egitera dator. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek: egitasmoa erdaraz egiteari dagozkion gastuak eta patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

2.– Egitasmo orok gastu eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpo utziko da.

3.– Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa kanpo utziko da. Finantzaketa-maila hori gastu-aurrekontuaren % 40 izango da, gutxienez.

4.– Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

5.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza, hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin berdindu ezin dituen egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak kanpo utziko dira.

6.– Egitasmo bakoitzari esleitutako diru-laguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da. Edozein kasutan, gehienez ere, 30.000 eurokoa izango da eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den egitasmoa ez da diruz lagunduko. Nolanahi ere, Agindu honen 13.1 artikuluaren a) atalean zehaztutako irizpidean 28 puntu lortzen ez duen egitasmoak ez du, inondik inora, 20.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso ahal izango.

7.– Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, betiere gainfinantzaketarik ez bada. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 21. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 19. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren organo-kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

2.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke: Herritarren Arretarako Bulegoetan, Kultura Saileko Lurralde Ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren entitate laguntzaileen bulegoetan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietakoren batean. Eskabideak egiterakoan, horretarako dagoen eskabide normalizatua erabiliko da. Eskabidea egiteko eredu hori Agindu honen 3.3 artikuluan adierazitako gune elektronikoan izango da.

3.– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jarri diezazkion eskabide-orrian bertan.

4.– Era berean, eskabideak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke, Agindu honen 3.3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, diru-laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira.

6.1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona juridiko pribatuak:

Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten honako arau hauek ere egiaztatuko dira:

– Entitatearen legezko eraketa.

– Ordezkariaren nortasuna.

– Ordezkariaren legezkoa ahalmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, eta nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea Agindu honen I. eranskinean. Hori horrela izanik, ez da beharrezkoa izango aurreko pasartean aipatutako dokumentazioa aurkeztea.

b) Pertsona fisikoak:

– Nortasunaren egiaztapena.

6.2.– Diruz lagun daitekeen egitasmoari buruzko dokumentazioa.

a) Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideak beharrezkoak direnean, eskubide horien jabe dela ziurtatuz entitatearen izenean ari den legezko ordezkariak sinatutako zinpeko aitorpena.

b) Aurreko puntuan zehaztutako 6.1. ataleko agirietakoren bat edo gehiago Administrazio honetan lehenago ere aurkeztua izan bada, eskatzaileak ez du nahitaez berriro aurkeztu beharko. Zeregin horretarako Agindu honi lotutako I. eranskina bete eta aurkeztu behar du.

c) Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat, egitasmoei dagokien dokumentazioa izan ezik.

d) Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, elkartutako pertsonen artean ordezkari bakar bat izendatuko da diru-laguntzaren inguruko betebeharrak betetzeko, ahalmen nahikoa emanez. Ahalmena izango du, halaber, guztiak ordezkatuz eskabidea aurkezteko. Izendapen horren berri eman beharko da I. eranskinean izendatutako pertsonaren nortasuna zehaztuz.

Halaber, II. eranskinean, diruz lagun daitekeen egitasmoari buruzko informazioa jasotzeaz gain, honako hauek ere zehaztuko dira:

– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzaren egitekoa egitasmoaren baitan.

– Elkarrekin arituko diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzak aurrekontuaren atalean daukan parte-hartzea zehaztu beharko da, bai gastu-aurrekontuan, bai eta sarrera-aurrekontuan ere.

– Lankidetzaren nondik norakoaren zehaztapena.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

12. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkaturiko irizpideak erabiliz. Zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak, eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienez:

a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 8. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion eskatzailearen jardun orokorreko gastuak (langileria, gastu arrunta, e.a.).

c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua eta laguntza-eskabidea hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera pasatako egitasmoak baloratuko dira, Agindu honen 13. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik 70 puntu edo hortik gora lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherakoa lortzen duten egitasmoek ez dute diru-laguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik hartuko.

c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Horretarako honako gutxieneko eta gehienezko mugak kontuan izango dira: 70 puntu dituen egitasmoari onartutako gastu-aurrekontuaren % 15eko estalpen indizea legokioke eta 91 puntu edo gehiago dituenari, berriz, gastu-aurrekontuaren % 40koa. Proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da gainerakoak kalkulatzeko.

2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 8.6 artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.

4.– Agindu honen 16.1 artikuluan finkatutakoaren haritik, diru-laguntzaren onuradunak onartu egin behar du esleitutako diru-laguntza.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

a) Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak» izenekoan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.net), euskararen sustapenean, ezagupenean, erabileran eta belaunez belauneko transmisioan izan dezakeen eragina. Kalitatea, interes soziokulturala, originaltasuna, berritasun maila, balio erantsia, erakargarritasuna, bideragarritasuna eta efektu biderkatzailea: gehienez ere, 40 puntu.

b) Eragin-eremua (jasotzaile mota, jasotzaile-kopurua, zabalkundea...): gehienez ere, 30 puntu.

c) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere, 15 puntu.

d) Proposatutako ekintzaren bidez eragileen arteko sare lana indartzea, tokian tokiko elkarlana indartuz: gehienez ere, 15 puntu.

2.– Aurreko puntuan finkatutako irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena, balorazio-batzordeak berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio taula hori.

14. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, berariazko balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.– Balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Euskara Sustatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa, batzordearen buru izango dena.

b) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa.

c) Foru Administrazioetako hizkuntza politikaren ardura duen saileko teknikari bat, gutxieneko maila zerbitzu buruarena delarik, edo haren ordezkoa.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko teknikari bat, gutxieneko maila zerbitzu buruarena delarik, edo haren ordezkoa.

e) Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, gutxieneko maila zerbitzu buruarena delarik, edo haren ordezkoa.

f) Euskalgintzaren arloko aditu bat.

g) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Dokumentazio eta Informazio Zerbitzuaren arduraduna edo haren ordezkoa.

h) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatutakoa. Horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.– Balorazio-batzordearen osaeraren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

4.– Egitasmoak baloratzeko, balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.

5.– Balorazio-batzordeak, laguntza-mota honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, hark, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena har dezan. Aipaturiko proposamenak honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izanagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.

b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak, osotara eta atalka, eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Gutxieneko puntuak lortu ez izanagatik diru-laguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuak, osotara eta atalka.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 6 hilabeteko epean jakinaraziko die interesdunei.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

1.– Diru-laguntzaren onuradunak esleitutako diru-laguntza onartu egin behar du. Ondorioz, diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean diru-laguntza onartzen duela adierazi behar dio idatziz aipatutako Zuzendaritzari.

2.– Diru-laguntzaren onuradunak onarpen-agiria epe horretan aurkezten ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute diru-laguntza.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabetza intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ezaugarri edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ezaugarri edo elementurik ere.

g) Adierazpen– eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika–, gizarte– eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko du.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 23. artikuluan esandakoaren arabera.

2.– Agindu honen bidez diruz lagundutako egitasmoen zabalkundea egin ahal izateko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura atari bat jarriko du Interneten egitasmoen berri eman dezaten, horrela nahi izanez gero. Halaber, atari horretan sarbidea izango dute Sailburuordetzaren interesekoak izan daitezkeen egitasmoek.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren % 80 ordainduko da, onarpena jasotzen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako % 20a ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean.

Bigarren ordainketa hori 2013. urtean bideratuko da.

19. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.

20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.

b) Agindu honen 17. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.

c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, oro har, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak betetzen ez badira.

2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, esandakoaren arabera egingo da.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

2.– Justifikazioa aurkezteko epea 2013ko otsailaren 28an bukatuko da.

3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, justifikazioak honako leku hauetan aurkez daitezke: Herritarren Arretarako Bulegoetan, Kultura Saileko Lurralde Ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren entitate laguntzaileen bulegoetan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietakoren batean.

4.– Era berean, justifikazioak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

22. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da. Justifikazio-kontu erraztuak, zinpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu:

a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko auto-ebaluaketa (III. eranskina). Hala dagokionean, sortutako materialaren ale bat.

b) Erabiltzaileari zuzendutako ebaluazio-tresna (IV. eranskina).

c) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion behin betiko balantze ekonomikoa (V. eranskina).

d) Beste diru-laguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen zinpeko aitorpena (V. eranskina).

e) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua, VI. eranskinean finkaturiko kontzeptuen arabera.

f) Agindu honetako 17. eta 23. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena (VI. eranskina).

2.– Diru-laguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, diru-laguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate monetaren laginketa teknikak erabiliz. Horretarako, berak hautatutako gastu frogagiriak bidaltzea eskatuko zaio onuradunari.

3.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:

– Euskara Sustatzeko zuzendaria (batzordearen buru).

– Dokumentazio eta Informaziorako arduraduna.

– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria.

23. artikulua.– Kultura Sailaren aipamena.

Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute.

Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraituz, deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak, Kultura Sailaren «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio ddministrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen eraginkortasuna Europako Batzordeak baimendua izan edo baimendutzat ematearen menpe dago.

Hirugarrena.– Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 9a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala