Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2012ko maiatzaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2075

AGINDUA, 2012ko apirilaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, deialdia egiten zaie Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana garatzeko proiektuak aurkeztuz sail honekin lan egin nahi duten erakunde publiko eta pribatuei.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lana da, batetik, unibertsitatez kanpoko irakasleen prestakuntza antolatzea, eta, bestetik, begiratzea irakasleek prestatzeko duten eskubidea eta betebeharra baldintza eta kalitate egokietan gauzatzen dela, irakasleek dituzten beharren arabera.

233/2010 Dekretuak, irailaren 14koak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezarri du. Horren 18. artikuluan, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari hurrengo egitekoa ematen zaio, besteak beste: Lanbide-heziketako irakasleen etengabeko prestakuntza-planaren diseinua, aplikazioa eta jarraipena egitea, kontuan hartuta hala lanbide-heziketaren eguneratzea nola espezializazioa.

Horregatik, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzaren barruan, Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko plan berria egin behar du, unibertsitatekoak ez diren beste irakaskuntzen Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Planaz bestelakoa. Plan berri horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egin dira irakasle egokiak bermatzeko, Lanbide Heziketak ondo funtziona dezan. Bestetik, bideak ireki dira prestakuntza errazteko, irakasleek irakaskuntzan sumatzen eta egiten dituzten eskaeren arabera.

Plana erabat definitzeko eta, batez ere, plana martxan jartzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, bere zerbitzuez gain, zenbait erakunderen laguntza eta parte hartzea behar ditu. Erakunde horiek prestakuntzaren arloan aritzeko gaitasun handia dutela aski frogatuta eduki behar dute; horrek, hain zuzen, bermatuko du planak bere helburuak beteko dituela.

Agindu honen bitartez, planean parte hartu nahi duten erakunde guztiei dei egiten zaie proiektuak aurkez ditzaten, 2012-2013 ikasturteko Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planaren lehentasunen eta proposamenen berri izanik eta hortik abiatuta. Proiektuak aurkezteko moduak eta epeak jarri dira, bai eta haien artean aukera egiteko prozesua ere, aukeraketarako irizpideen eta arduradunen berri ematea ahaztu gabe.

Hori dela eta, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren proposamenez, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN HELBURUA

1. artikulua.– 1.– Legez eratuta dauden erakunde publikoei eta erakunde pribatuei dei egitea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko lanetan ari badira edo horretarako prest badaude, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan aritzeko proiektuak aurkez ditzaten, Lanbide Heziketako irakasleen etengabeko prestakuntza plana garatzeko, eta, bereziki, 2012-2013 ikasturterako aurreikusita dauden lehentasunezko jarduera eremuak garatzeko.

2.–Helburu hori lortzeko 144.880 euroko zenbatekoa ezarriko da. Kopuru hori, dena den, aldatu egin daiteke, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzetik atera daitezkeen aurrekontu-baliabide ez agortuen arabera; betiere, laguntzei buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen. Halako aldaketarik gertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpenaren bitartez jakinaraziko da.

3.–Deialdi hau, lehiaketa sistemaren bidez ebatziko da. Deialdi honetara aurkezten diren proiektuek ezin izango dute Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Planak emandako diru-laguntzarik jaso.

2. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Erakunde eskatzaileak dirulaguntza publikoak jaso ezin izango du zigor arloko edo administrazio-zigorrik ezartzea, ezta, halaber, horretarako ezgaitzen duen inolako lege-debekurik ere; lege-debeku hauen artean sexu-diskriminazioarengatik gertatu direnak sartzen dira, otsailaren 18ko 4/2005 legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, azken seigarren xedapenean zehaztutakoaren arabera.

3.– Hau dena aitorpen arduratsua baten bidez adieraziko da, V eranskineko eredua jarraituz.

3. artikulua.– I. eranskinean (Katalogoa) daude zehaztuta zein arlotarako eskaintzen dituen Sailak datorren ikasturtean irakasleak prestatzeko lankidetza-proiektuak. Honako hauek izango dira prestakuntza-jardueren hartzaileak: Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako irakasleak, Hezkuntza Ikuskaritzako langileak, Kualifikazioen Euskal Institutuari eta Lanbide Heziketaren Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziari atxikitako langileak, eta Tknikari, Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroari, atxikitakoak, eta batzuetan, DBH eta Batxilergoko zenbait ikasgairen irakasleak.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA EPEA

4. artikulua.– Erakundeen legezko ordezkariek deialdi honetarako eskabideak aurkeztuko dituzte, ale bitan aurkeztu ere (jatorrizkoa eta kopia, edo jatorrizkoa eta datu horiek berberak Sailak eskuratutako aplikazio informatikoan jasota), II. eta III. eranskinen arabera. Eskabideak aurkezteko lekua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza izango da, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako edozein.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, Agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

6. artikulua.– 1.– Eskabidearekin batera, III. eranskinean ageri diren datuak aurkeztu beharko dira, ale bitan, laguntzagai den jarduera bakoitzeko; besteak beste, programa zehaztua, eta ikastaro bakoitzean garatuko diren edukiak eta denboralizazioa, Sailaren dokumentu informatikoan aipatzen diren helburu eta metodologia oinarritzat hartuta. Honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

● IFKren fotokopia.

– Zerga-obligazioak beteta eta gizarte-segurantzari egin beharreko ordainketak eginda daudela egiaztatzeko agiriak.

– Eskaeragilea erakunde eskatzailearen legezko ordezkaria dela frogatzeko notario-akta edo bestelako agiriak.

– Aitorpen arduratsua (V. eranskina).

2.– Laguntza-eskabideak guztiz beteta bidaltzen ez badira, edota aurreko atalean aipatutako agiriak eskabidearekin batera aurkezten ez badira, eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio akatsa konpondu edo beharrezko agiriak aurkezteko. Era berean jakinaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71.1 eta 42.1 artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki.

7. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza arduratuko da Agindu honetan arautzen diren laguntzen kudeaketaz.

III. KAPITULUA
HAUTAKETA ETA EBAZTEKO PROZEDURA

8. artikulua.– 1.– Batzorde batek aztertuko ditu proposamenak; Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria edo horrek izendatutako ordezkoa izango da batzordeburua. Batzordeko kide izango dira Lanbide Heziketako ikuskari-koordinatzailea, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako lurralde unitateen arduradunak, Lanbide Heziketako zuzendariak izendatutako funtzionario bat, eta Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak izendatutako funtzionario bat, idazkari arituko dena.

2.– Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eska ditzake proiektuak behar bezala baloratzeko. Aldaketak ere proposa ditzake, aurkeztutako proiektuek euren helburuak beteko dituztela hobeto bermatze aldera.

9. artikulua.– I. eranskinean adierazitako eremuetako lankidetza-proiektuak hautatzeko irizpideak eta baremazioa IV. eranskinean daude, eta horiei jarraitu behar zaie.

Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Ondorioz, hautaketa– eta balorazio-irizpideak erabilita, eskabideak ebaluatzeari ekingo zaio, eta IV. eranskineko baremoaren arabera 50 puntu edo gehiago ateratzen dituzten jarduerak baino ez dira izango laguntza jasotzeko gai.

Diruz lagundutako proiektuak aukeratzeko, berriz, hautaketa– eta balorazio-aldian ateratako puntuazioaren araberako lehentasun-hurrenkerari begiratuko zaio; hortaz, eskatutako kopuruak esleituko dira, puntuazio handiena atera duenetik hasi eta, hala bada, aurrekontu-dotazioa amaitu arte.

10. artikulua.– 1.– Batzordeak dagokion proposamena helaraziko dio Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari, zeinak deialdia ebatziko baitu. Ebazpena EHAAn argitaratuko da.

2.– Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik hasi eta sei hilabetetan ez badu ebazpena eman, ebatzi ez diren eskariak ukatutzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoa betetzearren.

3.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta gorako errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

11. artikulua.– Ondokoak izango dira onuradunaren betebeharrak:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari uko egiten, espresuki eta idatziz egin ere, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza eman duten xede zehatzerako erabiltzea.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, euren zereginetan dihardutela, eska dezaketen informazio guztia ematea, deialdi honen ondorioz jasotako diru-laguntzei buruz.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntza, diru edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari.

5.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDE ONURADUNEN EKARPENAK ETA KONPROMISOAK

12. artikulua.– 1.– Jardueraren baldintzak, egutegia eta ordutegia, Sailak zehaztuko ditu.

2.– Erakundeek, programaren ondoriozko jarduerak bukatu eta hamabost eguneko epean, parte hartu duten irakasleen zerrenda bidaliko dute, ondokoak zehaztuz: bakoitzaren nortasun-agiria, lantokia eta guztira zenbat ordutan parte hartu duen. Azken akta bat erabiliko dute horretarako, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak jarduera hasterakoan emandako ereduaren araberakoa.

3.– Jarduera bakoitza bukatu eta hilabeteren buruan, erakundeak Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari bidaliko dizkio ondoko agiri hauek:

a) Ekintzari buruzko txostena, arestian aipaturiko Zuzendaritzak kasuan kasurako emango dituen jarraibideen arabera.

b) Ikastaroan erabilitako ikasmaterialen kopia: apunteak edo inprimaturiko materiala, softwarea, eta abar.

4.– Erakunde esleipendunak azken ekintza burutu eta hiru hilabeteko epean, erakundearen organo egokiak txostena bidaliko du, jarduera-programa osoaren ekonomia-kitapenari buruzkoa, eta bertan zehaztuko ditu gastuak, sarrerak eta horien jatorria. Erakunde onuradunak, halaber, Administrazioaren esku jarriko ditu jatorrizko frogagiriak, fakturak eta gainerako agiri baliokide edo ordezkoak, emandako diru-laguntzaren kargura egindako gastuak egiaztatzen dutenak.

13. artikulua.– A) Erakundeen Ekarpenak:

1) Behar diren irakasle eta langile egokiak, aipatutako prestakuntza-ekintzak ondo burutzeko.

2) Prestakuntza-ekintzen kontrola, administrazioa eta jarraipena egiteko eta ziurtatzeko behar diren langile egokiak.

3) Ekintzak egokiro garatzeko behar diren ekipo, baliabide eta ikasmaterial aproposak eskuratzea.

4) Ekintzak egiteko lokalak uztea.

5) Ekintza-programaren bideragarritasuna beti ziurtatuta edukitzeko behar diren diru-baliabideak eskueran izatea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzen bidez lor daitezkeen baliabideez gain.

B) Erakundeen Konpromisoak:

1) Parte hartzen duten irakasleen bertaratzea eta errendimendua kontrolatzea.

2) Ekintza bakoitzaren ebaluazioa.

3) Jarraipena egiteko pertsona bat izendatzea, prestakuntza-jarduerak garatu eta gauzatzeko beharrezkoa den guztiaz etengabe arduratuko dena.

4) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan aritzea ikastaroetara edota prestakuntza-ekintzetara doazen irakasleen ebaluazioan.

5) Ekintzak burutzeko edo horien ebaluazioa egiteko administrazio-kudeaketarako beharrezko datu guztiak ematea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

14. artikulua.– Parte-hartzearen ziurtagiriak.

Ikastaroetan parte hartu dutenek behar bezalako aprobetxamendua erakutsi badute, ziurtagiri bakarra jasoko dute, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egina, eta Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak eta Erakunde onuradunak sinatuta.

Dagokien deialdian zehaztutako batez besteko denbora bete ez duten pertsonei ez zaie parte hartzearen ziurtagiria emango.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, ez beste inori, egokituko zaio zehaztea ziurtagiria zein partaideri eman behar zaion eta zeini ez; hala ere, kontuan hartuko du ikastaroa eman duen erakundeak sinaturiko akta.

15. artikulua.– Onartutako aurrekontu garbiaren % 100 egiten duen diru-laguntza emango die hautatutako proiektuei Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.

16. artikulua.– 1.– Deialdiaren xede diren prestakuntza-jardueren izaera kontuan hartuta, diru-laguntzaren ordainketa epetan egingo da. Lehenengo epean, benetan burutu diren prestakuntza-ekintzei dagokien guztizkoaren % 40 ordainduko da. Azkenean burutuko diren prestakuntza-jarduera horiek zehazteko, ondokoak hartuko dira kontuan: alde batetik, prestakuntza-ekintzetarako onartu diren irakasleen zerrendak jasoko dituen behin betiko Ebazpena; bestetik, irakasle-eskatzaileen kopurua nahikoa ez izateagatik, prestakuntza-ekintzaren bat burutzen ez bada, horri dagokion gutxitze-ebazpena, 2012ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu beharrekoa, Erakunde bakoitzak azken finean burutuko dituen prestakuntza-jarduerak adieraziko dituena. Lehen epe hori, % 40 egiten duena, bi ebazpen horiek argitaratu ondoren ordainduko da, beraz.

2.– Bigarren ordainketak diruz lagundutako guztizkoaren % 60 egingo du, eta Erakunde onuradunak eman behar dituen prestakuntza-jarduera guztiak bukatutakoan eta 12.4 artikuluan aipatutako agiriak jaso arte ez da ordainduko.

3.– Jardueraren batek hasierako matrikulazio-epea bukatutakoan, dauden plazen % 65 estalita ez badu, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak deuseztatu ahal izango du.

17. artikulua.– Diru-laguntza edo laguntza ekonomiko hauek ematea bateragarria da beste edozein laguntza jasotzearekin, berdin dio iturri publikoetatik edo pribatuetatik datorren, salbuespen batekin: Agindu honen 1. artikuluan adierazitako laguntza. Hala ere, xede bererako eskuratutako diru-laguntza guztien zenbatekoak guztizko kostua gaindituz gero, deialdi hau dela eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.

18. artikulua.– Erakundeak, ebaluaziorako antola ditzaten barne-mekanismoak gorabehera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kasuan kasurako ezartzen dituen ebaluazio-prozeduren menpe egongo dira.

19. artikulua.– Laguntza-baldintzak aldatzea. Laguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetako edozein aldatuz gero, laguntzaren helburua betetzeari eusten bazaio noski, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik diru-laguntzarik edo laguntzarik jasoz gero, laguntza emateko ebazpena ere alda liteke, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezarri dituen betekizunak zaindurik.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntza erabiltzen ez badu eskatu eta eman zen berariazko helbururako; diru-laguntza ekarri duen jarduera burutzen ez badu; diru-laguntza zertarako eskatu zuen, horretarako erabili duela justifikatzen ez badu; edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAAn argitaratua) bere VI. tituluan jasotako betebeharrak, edota Agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritakoak betetzen ez baditu, izendatu eta eman zaion dirua itzuli beharko du, baita aplikagarriak gerta daitezkeen legezko interesak ere. Hori egiteko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio, Dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak finkatu ditu. Bidezko izan daitezkeen gainontzeko akzioak ere erabil daitezke. Diru-zenbateko horiek diru publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Prozedura-arloan agindu honetan aurrez ikusten ez denari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Legean, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteko Legea, aurreikusitakoaren arabera, Deialdi honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzen partaidetzak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren aipamenak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak xedatzen duena betez, interesatuak, dirulaguntza-eskaera betetzearen bidez, eskaera horretan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetara gehitzeko baimena ematen du. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzan (Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzan), Donostia kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz, praktikan jarri ahal dira datu horietara iristeko, zuzentzeko, ixteko eta horien kontra jotzeko aipatutako Legeak agertzen dituen eskubideak.

Hirugarrena.– EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.

Laugarrena.– Administrazio bidea agortzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epearen barruan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hileko epearen barruan, agindu hau Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 24a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala