Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2012ko maiatzaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ARARTEKOA
2073

EBAZPENA, arartekoarena, 2012ko martxoaren 26koa. Honen bidez, egoitza elektronikoa sortzen da eta Ararteko erakundearekin bitarteko elektronikoz harremana izateko modua ezartzen da.

Ekainaren 22ko Legeak, Herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzkoak eta hori garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuak gure legeriari gehitu diote herritarrek administrazio publikoekin bitarteko elektronikoz harremanak izateko duten eskubidea.

Gertakari horren ondorioz eta horrekin lotuta, herri-administrazioek komunikazio bide berriak ezarri beharra daukate, eta horiek erabiltzetik sortzen diren administrazio-harremanak baliozkoak eta eraginkorrak direla bermatu behar dute, betiere segurtasun juridikoaren printzipioa erabat betez.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 15. artikuluak, Eusko Legebiltzarraren otsailaren 27ko 3/1985 Legeak -Arartekoarenak- eta Arartekoaren antolaketa eta funtzionamendurako araudiak, 2010eko otsailaren 18koak (2010eko martxoaren 24ko EHAA), zenbait eginkizun eman dizkiote Arartekoari. Euskal Herriaren Defendatzailea da, Eusko Legebiltzarrak izendatutako goi ordezkaria, pertsonen eskubideak babes ditzan, EAEko herri-administrazioen jarduerei eta politika publikoei dagokienez (gure erkidegoko administrazioak dira Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak edo administrazio horien mendeko organismo publikoak). Eginkizun horietan diharduenean Ararteko erakundeak bete behar duen araubide berezia gorabehera, ezin ditu alde batera utzi informatzeko eta komunikatzeko teknologiak (IKT) erabiltzearen arloan herritarrei zenbait eskubide aitortzeaz legerian gertatu diren aurrerapenak.

Arartekoak IKTak bultzatzeko apustu horretan, badira zenbait aurrekari:

– 2009ko urrian, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIV. Jardunaldiak antolatu ziren, Andaluzian. Jardunaldi haietan ondorio hauek atera ziren, besteak beste: teknologia berriak eskuratzea eta erabiltzea berez eskubide bat da, eta, eskubide denez, botere publikoek hori aitortu eta eraginkortasunez bermatu behar dute, izan ere, gainera, ezinbesteko bidea da herritarrek beren eskubideak balia ditzaten eta gizarte-, ekonomia- eta kultura-bizitzan txerta daitezen; IKTei esker, herri-erakundeak herritarrengana hurbil daitezke, distantzia- eta denbora-oztopoak gaindituz, horiek orain arte traba erabakigarria izan baitira herritarrek zerbitzu publikoak bizkor eta eraginkortasunez eskuratu ahal izateko; defentsa-erakunde horiek ados daude IKTak eremu publikoan erabiltzeko asmoz 11/2007 Legeak ezarri zituen printzipioekin, onartu dute herritarrentzako sarbide elektronikoa ezartzea, eskaintzen dituzten zerbitzuak herritarrentzat eskuragarri egon daitezen eta herri-administrazioekin dituzten harremanetan komunikazio elektronikoak abiaraz ditzaten; defentsa-erakundeek finkatu eta konprometitu egin behar dituzte administrazio elektronikozko beren oinarrizko zerbitzuak (esparru horretan sartu behar dituzte agiriak aurkeztu eta izapidetzea, kexa-espedienteak eta kontsultak bideratzea, espedienteei buruz kontsultatzea) eta, erakunde publiko diren neurrian, ezarri behar dituzten zerbitzu guztiak.

– 2010eko urtarrilean, IKTen eta datuak babestearen arloa sortu zen Arartekoan. Orduz geroztik martxan dago eta etengabe garatzen ari da; Arartekoaren eguneroko lanean eskubide horiek babestu eta sendotzearekin hartutako konpromisoaren adibide bat da.

– 2011-2014 aldirako Arartekoaren helburu programatikoen barruan, herritarrekiko harremanetan bere lanabesak etengabe berriztatzeko asmoa azaldu zuen, Herritarrek Zerbitzu Publikoetara Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legearen eskakizunak betetzeko bideak abian jarriz.

– Arartekoak oraintsu argitaratu du herritarrek administrazio publikoekin bitarteko elektronikoz harremanetan jartzeko dituzten eskubideen dekalogoa.

Horregatik guztiagatik, ebazpen honen bitartez, herritarrek administrazio elektronikoa erabiltzeari dagokionez dituzten eskubideak bermatu nahi dira Arartekoaren eskumen-eremuan, eta, aldi berean, beharrezko tresnak definitu eta zehaztu nahi dira eskubideok gauza daitezen bermatzeko.

Beraz, 2012ko otsailaren 14an egindako bileran Koordinazio Batzordeari entzun ondoren, honako hau ebatzi dut:

1. artikulua. Helburua

Ebazpen honen bidez, Arartekoaren egoitza elektronikoa sortu nahi da, baita erakundearekin bitarteko elektronikoz harremanak izateko mekanismoak ere.

LEHEN KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua.– Egoitza elektronikoa.

1.– Arartekoak egoitza elektroniko nagusia dauka, https://sede.ararteko.net helbide elektronikoa hain justu, zuzenean bertara sartzeko; Interneteko atariaren bidez ere sar daiteke: http://www.ararteko.net.

2.– Egoitza elektroniko horrek Arartekoaren ia organo guztiak hartzen ditu bere baitan -Arartekoak du horren titulartasuna- eta bere eskumeneko jarduera eta prozedura guztietara hedatzen du ezarpen-eremua.

3.– Egoitza elektronikoa herritar guztiek erabil dezakete, doan eta etengabe.

4.– Arartekoaren egoitza elektronikoaren egun eta ordu ofizialak Espainiari (penintsulari) dagozkionak dira, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Egoitza elektronikoaren bitartez eskuratzen diren informazioa eta erakundeari berari buruzko zerbitzu guztiak osoak, egiazkoak eta eguneratuak izan daitezen arduratuko da Arartekoa.

6.– Izenpek emandako egoitza-ziurtagiriaren bidez identifikatuko da egoitza elektronikoa. Zehazki, informazioa gordetzen duen zerbitzariaren ziurtagiria emango da, edo gailu seguruaren edo balio bereko beste bitartekoren batena.

3. artikulua.– Arartekoaren egoitza elektronikoaren edukia eta zerbitzuak.

1.– Arartekoaren egoitza elektronikoak eduki hauek izango ditu:

a) Arartekoaren jarduera-eremuan, egoitza elektronikoa sortzeko ebazpen honetara eta legeriak eskatutako beste batzuetara sartzeko aukera.

b) Zerbitzu elektroniko erabilgarrien zerrenda, eta horiek eskuratzeko bideak. Pixkanaka, Arartekoak egoitzan zerbitzu elektronikoak gehituko ditu, eta horietan sartzeko bideak adieraziko ditu.

c) Arartekoaren erregistro elektronikoa. Bertan zehatz-mehatz adieraziko da egutegiko zein egun diren baliodunak eta baliogabeak erregistro horretan agiri elektronikoak aurkezteko.

d) Arartekoaren erregistro elektronikokoak diren agiri elektroniko normalizatuen zerrenda, eta zer zehazpen tekniko bete behar diren kexa egiteko formularioaren agiri elektroniko osagarriak aurkeztean.

e) Bitarteko elektronikoez baliatuz bidali diren agiriak benetakoak eta osoak direla egiaztatzeko mekanismoak.

f) Zerbitzu elektroniko erabilgarriak zer egoeratan dauden kontsultatu ahal izango dute interesdunek.

g) Erakunde honen adjudikazio-prozedurei buruzko informazioa eskuratu ahal izango da, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak bere baitan biltzen duen kontratatzailearen profilari buruzko xedapenen arabera. Dekretu horren bidez onartu zen Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bategina.

h) Beharrezko etenaldiak, ezinbesteko arrazoi teknikoak direla medio.

2.– Orobat, Arartekoaren egoitza elektronikoak honako zerbitzuok ere eskainiko dizkie herritarrei:

a) Herritarren eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa, haiek erakunde honekin duten harremanean.

b) Arartekoak herri-administrazioekin egiten dituen hitzarmenak, ebazpen honen 17. artikuluan aipatutako elkarreragingarritasun harremanak onartzeko asmoz -onarpena elkarren artekoa izan daiteke- edo egoitza partekatuak sortzeko asmoz.

4. artikulua.– Nortasuna egiaztatzea.

1.– Pertsona fisikoek eta juridikoek mekanismo hauen bitartez identifikatu ahal izango dute bere burua edo sinatu ahal izango dute:

a) NANen sartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak eta Izenpek onartutako identifikazio eta sinadura aurreratuko sistemak, ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. Ordezkaritza egiaztaturik geratzen ez bada edo halakorik uste izaterik ez badago, akreditazio hori eskatuko da, dagokion bidea erabiliz.

b) Beste identifikazio mota batzuk ezarri ahal izango dira (hitzarturiko gakoak) herritarren segurtasuna eta identitatea bermatzeko. Arartekoak egoitza elektronikoan zehaztuko du zer zerbitzutan sar daitekeen mekanismo horren bitartez.

2.– Egoitza elektronikoan zerbitzu bakoitza identifikatuko da, eta horietan sartzeko behar diren identifikazio-bideak aipatuko dira.

5. artikulua.– Sarbideak.

1.– Bide elektronikoa erabiliko da Arartekoaren zerbitzu elektronikoetan sartzeko. Hala ere, zerbitzu horietara sartzerakoan, herritarrei lagundu ahal izango zaie, bitarteko hauek baliatuz:

a) Aurrez aurre kasu eginez, Arartekoak herritarrak artatzeko dituen bulegoetan, administrazio-antolaketako arauetan zehaztuta dauden eskumenen arabera.

b) Telefonoz edo telemezularitza zerbitzuen bidez kasu eginez, horrela aurreikusten denean eta dagozkien zerbitzuak erabiliz.

2.– Egoitza elektronikoan adieraziko da zer telefono zenbaki, bulego eta sistemen bitartez lor daitekeen egoitzan erabilgarri dauden zerbitzuetan sartzeko laguntza.

3.– Egoitza elektronikoaren bitartez emandako zerbitzuak direla eta, iradokizunak eta erreklamazioak egin nahi badira, horretarako mekanismo egokiak izango ditu egoitzak.

6. Artikulua.– Hizkuntza araubidea.

1.– Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta hori garatzeko araudietan xedatuta dagoen hizkuntza-ofizialkidetasunari buruzko araubidea ezarriko da.

2.– Arartekoaren egoitza elektronikoan, edukietara eta zerbitzuetara euskaraz eta gaztelaniaz berdin-berdin sartzeko aukera bermatuko da.

3.– Denek dute eskubidea Arartekoaren egoitza elektronikoaren bitartez Euskadiko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan elkarri eragiteko eta izapideak egiteko.

4.– Berariaz ezer adierazten ez bada, pertsona bakoitzak erakundearekin harremanetan jartzeko erabili duen hizkuntza ofiziala erabiliko da harreman-hizkuntza gisa.

5.– Interesdunak egindako hizkuntza-aukera edonoiz aldatu ahal izango da.

BIGARREN KAPITULUA
Erregistro elektronikoaz

7. artikulua.– Erregistro elektronikoa.

1.– Arartekoak erregistro elektroniko bat izango du, bere egoitza elektronikoan eskuragarri, eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak jaso eta bidaltzeko, ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 24. artikuluan xedatutako moduan eta han adierazitako irismenarekin eta eginkizunekin. Erregistro elektronikoa Arartekoaren erregistro orokorrarekin finkatuko da ondorio juridiko guztietarako.

2.– Erregistro elektronikoak Arartekoari dagozkion egun eta ordu ofizialak izango ditu, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak ezarritakoaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren jarduera eta prozedurei dagokien egun baliogabeen egutegia aplikatuko da.

3.– Ez dira sekula Arartekoaren erregistro elektronikokotzat joko Arartekoaren langileei esleitutako posta elektronikoko postontziak edo bertako unitate eta organoak.

4.– Era berean, ez dira Arartekoaren erregistro elektronikokotzat joko faxak jasotzeko gailuak, legerian berariaz xedatutako kasuetan izan ezik.

8. artikulua.– Organo eskudunak.

Idazkaritza Nagusia arduratuko da Arartekoaren erregistro elektronikoa kudeatzeaz.

9. artikulua.– Formularioak eta onar daitezkeen agiriak.

1.– Arartekoak erregistro elektronikoan eskura dauden formulario guztien gutxienezko edukiak finkatuko ditu.

2.– Arartekoak, beharrezkoa denean, herritarrek aurretiaz betetako formularioekin batera, agiri elektronikoak onartu edo eskatu ahal izango ditu. Horretarako, bitarteko elektronikoz agiriok berme guztiekin aurkeztea ahalbidetzen duten formatuak eta euskarriak onartuko dira. Egoitza elektronikoan adieraziko da zer formulario eta formatu diren onargarriak.

3.– Baldin eta interesdunak bitarteko elektronikoa aukeratu badu, formatu elektronikoan ez dauden agiriak bidali behar baditu eta agiriok, beren izaeragatik, ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 35.2 artikuluan xedatutako kopia digitalizatuaren prozeduraz eskuratzerik ez badago, elektronikoa ez den beste bide batez helarazi ahal izango ditu agiriak.

4.– Bitarteko elektronikoz igortzeko sistemak automatikoki ez badu zehazten uzten bidalitako agiri-sorta zer komunikazioren, idazkiren edo eskaeraren osagarri den, edo zein prozedurarekin edo espedienterekin dagoen lotuta, interesdunak espedientea identifikatu ahal izateko informazioa eman beharko du, espediente zenbakia edo, bestela, banan-banako erregistro-kodea (ebazpen honen 11. artikuluan aipatutakoa).

5.– Informatika-tresnen ahalmena eta erabil daitezkeen komunikazio-bideak kontuan hartuta, mugatu egin ahal izango da Arartekoari igorritako agiri elektronikoen gehienezko luzera. Hala ere, agiri horiek zatika bidali ahal izango dira.

10. artikulua.– Aurkeztutako agiriak bidaltzea eta ez onartzea.

1.– Erregistro elektronikora beste administrazio batzuentzako agiri elektronikoak bidaltzen badira, Arartekoak bere ustez eskuduna den organo edo organismoari helarazi ahal izango dizkio, igortzaileak hala adierazi duelako edo agirien edukitik ondorioztatu duelako.

2.– Erregistro elektronikoan -automatikoki eta posible denean- eskaerak, idazkiak eta komunikazioak baztertu ahal izango dira honako egoera hauetan:

a) Kode maltzurra edo sistemaren osotasunari edo segurtasunari kalte egin diezaiokeen gailuren bat daukatenak.

b) Agiri normalizatuak erabiliz gero, dagokion agiria onartzeko ebazpenean nahitaezko bezala eskatzen diren eremuak betetzen ez badira, edo haiek tratatzea eragozten duten inkongruentziak edo ez aipatzeak badaude. Halakoetan, interesdunari horren berri emango zaio, ahal bada akatsak zuzen ditzan, eta horretarako zein mekanismo erabil dezakeen adieraziko zaio.

c) Berariazko erregistro elektronikoetan aurkeztu beharreko agiriak baldin badira.

11. artikulua.– Etenaldi teknikoak eta epeak zenbatzea.

1.– Erregistro elektronikoa erabiltzen duten prozedura-kudeaketarako aplikazioek aukera emango dute eskaerak, idazkiak eta komunikazioak urteko egun orotan aurkezteko, egunaren hogeita lau orduetan; hala ere, etenaldiak egingo dira mantentze-lan teknikoa edo operatiboa burutzeko, eta horiek aurretiaz iragarriko dira Arartekoaren egoitza elektronikoan.

2.– Baldin eta, ezusteko etenaldiak direlako, idazkiak aurkeztea eragozten badute eta etenaldiok modu planifikatuan iragartzerik ez badago, erabiltzaileei ahalik eta azkarren jakinaraziko zaie zertzelada hori, eta, ahal bada, gutxi gorabehera zenbat denbora beharko den zerbitzua lehengoratzeko.

3.– Epeak ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 26. artikuluko 3, 4 eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira.

4.– Agiria aurkeztu den eguna zehaztu eta gero, prozedurari dagokion epea zenbatzeko, berariaz ezarri behar den egutegia erabiliko da, administrazioko araudi orokorrari edo aplikatu behar den araudi bereziari jarraiki.

12. artikulua.– Idazkia aurkeztu izanaren egiaztagiria.

1.– Erregistro elektronikoak automatikoki egiaztagiri bat bidaliko du, Arartekoak elektronikoki sinatua, honako edukiarekin:

a) Banan-banako erregistroaren zenbakia edo kodea.

b) Idazkia zein egunetan eta ordutan aurkeztu den, eta zer ordutan hasten den epe-zenbaketa.

c) Aurkeztu den idazkiaren, komunikazioaren edo eskaeraren kopia bat. Horretarako, onargarria izango da kexa egiteko formularioan sartutako datuak hitzez hitz transkribatzea.

d) Hala badagokio, kexa-formularioari edo bidalitako agiriari erantsitako agirien banan-banako aipamena eta izena, eta, jarraian, haietako bakoitzaren aztarna elektronikoa. Horretarako, aztarna elektronikotzat jotzen da kasuan kasuko informazioari laburtzeko «hash» matematika-algoritmo bat ezarriz lortzen den laburpena.

e) Administrazio-prozedura bat hasten duten idazkiak baldin badira, honako informazio hau emango da: araudian gehienez ere zer epe dagoen ezarrita prozedura ebazteko eta jakinarazteko, baita ere administrazioaren isiltasunak zer ondorio sor dezakeen, automatikoki zehaztu daitekeenean. Horretarako, kontuan hartu beharko da kexak, iradokizunak eta erreklamazioak izapidetzeko asmoz Arartekoa erregulatzen duen araudiak taxututako prozedura berezia dela.

2.– Erregistro elektronikoan idazpena eragiten duten idazkiei buruz, horiek jaso izanaren egiaztagiria, ahal den guztietan, idazkia aurkeztu den saio berean bidaliko zaie interesdunei. Horrela bermatuko da aurkeztu diren formularioen eta haiei erantsitako agirien edukia benetakoa eta osoa dela eta eduki horri ez zaiola uko egiten, eta idazkiak aurkeztu izanaren eta haien edukiaren erabateko froga-elementuak emango zaizkie interesdunei.

3.– Idazkia aurkeztu izanaren egiaztagiriak ez du esan nahiko idazkia behin betiko onartu denik, izan ere, legez ezarritako tramitazio-bideari jarraitu beharko zaio.

13. artikulua.– Idazpenak idaztea.

1.– Arartekoaren erregistro elektronikoa erakundearen erregistro orokorrarekin finkatuko da eta hura osatuko du, ondorio juridiko guztietarako.

2.– Arartekoaren erregistroan idazkia aurkeztea honako datuokin identifikatuko da:

a) Banan-banako erregistro kodea.

b) Idazki-egilearen edo hartzailearen eta, hala badagokio, ordezkatutako pertsonaren izen-abizenak, nortasun agiri nazionala, IFZ, AIZ, pasaportea edo horien baliokidea. Erakundeen kasuan, izena eta IFZ. Era berean, posta helbidea edo helbide elektronikoa idatzi ahal izango da, jakinarazpenak jasotzeko.

c) Idazkia zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu den eta, hala badagokio, zer egunetan eta ordutan hasten den epe-zenbaketa.

d) Hala badagokio, agiri elektronikoa zer organori zuzentzen zaion.

e) Hala badagokio, zer prozedurarekin edo izapiderekin duen zerikusia.

f) Agiri-aurkezpenaren laburpena.

g) Idazpena sortu duen prozedura elektronikoaren arabera, bidezkotzat jotzen beste edozein informazio.

HIRUGARREN KAPITULUA
BITARTEKO ELEKTRONIKOZ KUDEATZEA

14. artikulua.– Espediente elektronikoa.

1.– Arartekoaren egoitza elektronikoan agertuko da bitarteko elektronikoz bidera daitezkeen prozeduren eta zerbitzuen zerrenda.

2.– Zenbait egintza modu automatizatuan egin ahal izango dira, organoaren ziurtagiria duen sinadura kontuan hartuta, eta herritarrak egoitzan bere agirien egiazkotasuna baliozkotu ahal izango du, horretarako sortuko den egiaztatze-kodearen bitartez.

3.– Espediente elektroniko bati bukaera ematen dion egintzak edo ebazpenak 30/1992 Legearen 89. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen langilearen sinadura aitortua eduki beharko du.

4.– Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egin ahal izango da, baldin eta interesdunak horretarako baimena eman badu, 11/2007 Legearen 28.1 artikuluak ezarritakoaren arabera. Arartekoak bere egoitza elektronikoan adieraziko du zer prozedura edo zerbitzu dauden prestatuta jakinarazpen elektronikoa egiteko, interesdunak jakinarazpen hori baimendu ahal izan dezan.

15. artikulua.– Agiri elektronikoa eta artxibatzea.

1.– Arartekoak pixkanaka agiri elektronikoak sartuko ditu bere kudeaketan. Horretarako, agiri horiek katalogatzeko, sailkatzeko eta eskuratzeko arau batzuk ezarriko ditu.

2.– Arartekoak bidalitako agiri elektronikoak herritarrek baliozkotu ahal izango dituzte erakundearen egoitza elektronikoan, agiri bakoitzari lotutako egiaztatze-kodea oinarritzat hartuta.

3.– Ararteko bitarteko elektronikoz artxibatu ahal izango ditu bere eginkizunak betetzean erabilitako agiri guztiak.

16. artikulua. Norberari bakarrik dagokion informazioa kontsultatzeko mekanismoak

Arartekoak norberari bakarrik dagozkion zerbitzu elektronikoak kontsultatzeko mekanismoak jarriko ditu apurka-apurka. Horrela, honako hauek erraztu nahi ditu:

a) Erregistroko idazpenei eta espedienteen bilakaera aztertzeko lanari buruzko informazioa eskuratzea.

b) Agiriak baliozkotzeko zerbitzura sartzea, Arartekoak emandako agiri elektronikoak lortzeko eta baliozkotzeko.

17. artikulua.– Komunikazio elektronikoak.

Arartekoaren arlo ezberdinek komunikazio mekanismoak ezarri ahal izango dituzte ondorio juridikorik gabe, bai herritarrekin, bai beraien artean, informatzeko datuak jaso edo bidaltzeko.

18. artikulua.– Beste administrazio batzuekiko elkarreragingarritasuna.

Informatika arloak -Arartekoaren Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko Zuzendaritzari atxikitakoa- erregistratu egingo ditu Arartekoak beste herri-administrazio batzuekin bitarteko elektronikoz duen datu-trukatzea, komunikazio-ingurune itxietan edo web zerbitzuen artean, baita ere bitarteko telematikoz jasotzen eta bidaltzen diren agiriak, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean aplikatu beharreko araudiak ezarritako berariazko arauei jarraiki.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arartekoak espedienteak kontsultatzeko zerbitzua abiaraziko du -15. artikuluan identifikatutakoa- gehienez ere urtebeteko epean, ebazpen hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 26a.

Arartekoa,

IÑIGO LAMARCA ITURBE.


Azterketa dokumentala