Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2012ko apirilaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRIZAINGO SAILA
1804

AGINDUA, 2012ko apirilaren 20koa, Herrizaingoko sailburuarena, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituena.

Emakumeen kontrako indarkeria matxistak giza eskubideak eta emakumezkoen funtsezko askatasunak urratzen ditu. Horrek galarazten du emakumeek gizartean osotasunez partea hartzea, baita gizaki legez duen ahalmena gauzatzea ere.

Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren jatorria emakumeen eta gizonen arteko egiturazko ezberdintasun-egoeran datza eta, beraz, erantzun osoa eta diziplina anitzekoa behar du.

Zentzu horretan, bai erakunde publikoek, bai irabazteko asmorik gabeko erakundeek eta elkarteek ere indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko programak jarri dituzte abian.

Zerbitzu horiek emateko erakunde horien behar ekonomikoaz jabetuta, Herrizaingo Sailak Agindu honen bidez arautzen ditu genero-indarkeriaren emakumezko biktimei lagundu, arreta eta elkartasuna emateko jarduerak garatzera zuzendutako diru-laguntzak.

Horren indarrez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Herrizaingo Sailaren bidez, 2012. urterako emango dituen diru-laguntzak arautzea, emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeei babesa, laguntza, konpainia, laguntza juridiko eta psikosoziala, laneko orientabidea eta laneratzea bera emate aldera proiektuak eta jarduerak egiteko, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen aldeko beste edozein jarduera egiteko. Horiez gain, diruz lagunduko dira emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen guztiak prebenitzeko eta herritarrak emakumeen kontrako indarkeriaren alorrean sentsibilizatzeko proiektu eta jarduerak ere.

2.– Emakumeen kontrako indarkeria matxista da emakumearen aurkako indarkeria oro, honela definituta: «sexuagatiko indarkeria-egintza oro, emakumeari kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa nahiz sufrimendua eragiten diona edo eragin liezaiokeena, bizitza publikoan nahiz pribatuan gauzatzen dena; horien barruan sartzen dira egintza horiek gauzatzeko mehatxu egitea, derrigortzeak edo askatasun-gabetze arbitrarioak».

3.– Diruz lagundu daitezkeen eta agindu honen babesean dauden proiektu eta jarduerak 2012ko ekitaldian egin beharko dira.

2. artikulua.– Definizioa.

1.– Agindu honen ondorioetarako, kontzeptu hauek bereizten dira:

1.1.– Proiektuaren guztizko kostua: proiektua gauzatzeko zenbateko osoa.

1.2.– Onartutako zenbatekoa: aurkeztutako proiektua aztertu ondoren, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak zehaztuko du zenbatekoa. Hori bat etorriko da proiektuaren kostu osoarekin edo, hala badagokio, baxuagoa izango da, agindu hau ezarritakoan diruz laguntzekoa ez den zenbatekoa kendu egingo baita.

1.3.– Diru-laguntzen zenbatekoa: gehienez ere, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak onartutakoaren % 75 izango da.

1.4.– Erakundeak justifikatu beharreko zenbatekoa: erakunde onuradunak «onartutako zenbateko» osoa justifikatu beharko du.

3. artikulua.– Diru-kopurua.

1.– Diru-laguntzak finantzatuko dira Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren 2012ko aurrekontuaren 11.0.1.02.04.0000.1.454.99.22110. 001/U diru-sailaren kontura. Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak finantzatzeko hirurehun eta hogeita bost mila (325.000) euro jarriko dira guztira.

2.– Diruz lagunduko diren proiektuak aukeratuko dira Agindu honen 9. artikuluan zehaztu diren balorazio-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Erakunde eta elkarte onuradunak.

1.– Agindu honen helburu diren laguntzak jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteek, baldin eta horien helburua eta xedea agindu honen 1.1 artikuluan xedatutakoak badira.

2.– Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galduta duen administrazio-zehapen edo zigor penalik jaso duten erakunde edo elkarteek, edota horretarako ezgaitu dezakeen legezko inolako debekuan sarturik badaude, sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumezko eta Gizonezko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean horri emandako idazketaren arabera.

3.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dute Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak diru-laguntza eman aurretik jasotako diru-laguntzen justifikazioa.

4.– Erakunde eskatzailea oraindik izapidetzen ari diren itzulketa– edo zehapen-prozeduretan sartuta egotea edo ez egotea; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako prozedurak izanez gero.

5.– Erakunde eta elkarte eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Xede eta helburuen artean, estatutuetan, jasota egotea indarkeria matxistaren biktimei arreta, laguntza juridiko edo psikologikoa, konpainia, laneko orientabidea eta laneratzea bera, prestakuntza edo informazioa ematea, edo, bestela, froga bidez egiaztatzea, zuzenbidean onartutako edozein bide erabiliz, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako proiektuak edo programak egiten eta gauzatzen esperientzia dutela aipatutako eremu horietan eta azken bost urteetan.

b) Proiektua gauzatzeko behar diren azpiegitura, ekipamendu eta giza baliabideak edukitzea eta hori hala dela egiaztatzea, zuzenbidean onartutako edozein bide erabiliz. Egiaztapen hori eskabideari erantsiko zaio.

5. artikulua.– Diru-laguntzak izapidetzea eta ebaztea.

1.– Interesa duten elkarte eta entitateek prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ditzakete, baliabide elektronikoen bidez.

2.– Hauek arautzen dute diru-laguntzen izapide elektronikoa, bai eskaerak bai justifikazioak egiteko: Administrazioa elektronikoaren, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua; eta Platea_eAdministrazioarentzako Plataforma Teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Aurrez aurreko kanala edo kanal elektronikoa erabiliz, izapidetzeko zehaztasunak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak helbide elektroniko honetan daude: https://www.euskadi.net.

4.– Eskabidea izapidetzean eta agiriak aurkezterakoan, aurrez aurreko kanala edo kanal elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen horietaz baliatzera prozeduraren hurrengo izapideetan, izan ere edozein unetan alda baitaiteke.

Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoa erabiliz, honen bidez egingo dira:

http://www.euskadi.net/niregestioa.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari zuzenduko dira eta aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan, Bilbaoko egoitzan (Kale Nagusia 81, 1. solairua) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein egoitzatan.

Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezke helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.net.

Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoa erabiliz, honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.net/niregestioa.

3.– Elkarte eskatzaileek eskabidea aurkez dezakete, erantsitako egiaztapenekin batera, aukeratuko duten hizkuntza ofizialean. Halaber, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, hala ezartzen baitute Euskararen erabilera arautzeko den azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek.

7. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera, erakunde interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Erakunde eskatzailearen nortasun-datuen egiaztapena.

b) Erakunde eskatzailea legez ordezkatzen duen eta eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasun-datuen egiaztapena (NANa, pasaportea edo antzekoa).

c) Erakundea legez eratuta dagoela dagokion izaera juridikoaren arabera eta dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko agiria.

d) Erakunde eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz sinatzen duen pertsonaren borondatezko lege-ordezkaritzaren egiaztapena, erakundearen izenean jarduteko ahalmena duela adieraziz.

e) Proiektuaren txostena, xehetasun hauek adieraziz:

– Proiektuaren helburua.

– Erabilitako metodologia.

– Aurreikusitako hartzaileak.

– Zerbitzuak emateko tokia.

– Erakunde eskatzaileak genero-indarkeriaren gaian duen ibilbidea.

– Erakunde eskatzaileak indarkeria matxistaren esparruan azken hiru urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan egindako jardueren zerrenda, erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak jaso ala ez.

– Erakundeak proiektuak gauzatzeko dituen giza baliabideak, zehaztuz bereak, azpikontratatuak ala boluntarioak diren. Proiektuaren xede diren jarduerak egiteko parte hartuko dutenen lan-kategoria, proiektuari eskaintzen dioten denbora, titulazioa eta esperientzia profesionala zehaztuko dira.

– Proiektua gauzatzeko epea, gehienez ere 2012ko abenduaren 31.

f) Proiektua egiteak dakarren aurrekontu xehatua, eta diru-sail bakoitza bereiztea; hala badagokio, hauek azaldu beharko dira:

1) Langileak (nominak eta Gizarte Segurantzako gastuak).

2) Enpresen azpi-kontratazioak (proiektuaren aurrekontu guztiaren % 30, gehienez ere).

3) Material amortizagarria (proiektua egiteko beharrezkoak diren ekipoak erosteko edo alokatzeko gastuak, betiere proiektua hasi ondoren erosi baldin badira, proiektuaren guztizko kostuaren % 10 gehienez).

4) Alokairuak eta errentamenduak, betiere proiektua gauzatzearekin lotura zuzena baldin badute.

5) Argitalpenak eta komunikazio-jarduerak.

6) Zeharkako gastuak: erakundearen kudeaketak eta administrazioak, garbiketak, urak, telefonoak eta abarrek eragindako gastuak. Erakunde eskatzaileak ezin badu egiaztatu proiektua gauzatzeko aplikatu beharreko zenbatekoa, proiektuaren guztizko kostuaren % 10 aplikatuko da.

7) Beste diru-laguntza batzuk (publikoak, pribatuak), hala badagokio.

8) Erakunde eskatzaileak berak finantzatutako zenbatekoa, hala badagokio.

9) Proiektuaren guztizko kostua.

g) «Hirugarrenen alta». Eredua erabilgarri helbide honetan:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html.

h) Entitate eskatzaileak 9.a) artikuluan ezarritako aurrekontuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak, baremoa ezartzeko.

2.– Betekizunak frogatzeko modua helbide elektroniko honetan zehaztuko da:

https://www.euskadi.net.

3.– Eskabideetan, aukera egongo da eskatzaileak berariazko baimena eman dezan dokumentazioaren zati bat laguntza kudeatzen duen organoak egiazta dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze–, kontrol–, eta ikuskatze-eskumenen kalterik gabe.

4.– Laguntza eskatzen duen erakundeak, ondoren zehazten diren betebeharrak betetzen dituela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera:

– Pertsona edo entitate eskatzaileak ezin du ezarrita eduki laguntza eta diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio arlokorik, ez zigor bidekorik; eta ezin du eduki legez debekatuta halakorik eskuratzea (ildo honetatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

– Eskabidearen berri ematea eta, hala badagokio, beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman izana jakinaraztea.

5.– Laguntzen entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean betetzeko egiaztapena automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste aldiz, eta aurretik onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Diru-laguntzak lortzeko eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak hamar eguneko epean (dagokion jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita) akatsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari. Hori egin ezean, eskaerari uko egin diola adieraziko zaio. Administrazioak, ordea, eskaeraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazi egin behar du berariaz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, erakunde eskatzaileari falta den beste edozein betekizun edo izapide betetzeko eskatu ahal izango zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta berariaz ohartaraziko zaio, eskatutakoa bete ezean, dena delako izapidea betetzeko duten eskubidea indargabetua jo daitekeela. Onartu egingo da erakunde interesdunaren jarduna eta legezko ondorioak izango ditu, baldin eta epea amaitutzat ematen duen ebazpena jakinarazi baino lehen edo egun horretan bertan egiten badu.

9. artikulua.– Aurkeztutako proiektuak balioesteko eta haztatzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak emateko prozedura izapidetuko da norgehiagoka-araubidearen arabera eta kalifikazio-epaimahaiak proiektuak baloratzeko fasean emandako puntuazioa kontuan hartuta egingo da.

2.– Diru-laguntzak emateko, jarraian adierazten diren baldintzak aurkeztutako eskabidean betetzen diren baloratuko da. Gehienez ere ehun (100) puntu lor daitezke, irizpide hauen arabera banatuta:

a) Proiektua arrazoitzea eta helburuak zehaztea: kontuan hartuko da proiektua oinarri argi eta zehatzarekin aurkeztea, bai eta aurkeztutako proposamenak egokiak izatea ere, ezarritako helburuak betetze aldera (helburuak, metodologia, aurrekontuak eta ebaluazio-adierazleak). Gehienezko puntuazioa: 20 puntu.

b) Proiektuaren originaltasuna: balorazio berezia izango dute landuko duten esparruan berritzaileak diren proiektuek. Gehienezko puntuazioa: 20 puntu.

c) Proiektuaren garapena: proiektuan jasotako jardueren deskribapena eta zehaztasuna baloratuko dira, bai eta erakunde eskatzaileen egitura eta kudeatzeko gaitasuna ere; alegia, erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide teknikoak eta giza baliabideak (jarduerak gauzatzeko aurreikusi den taldeak genero-ikuspegiaren gainean duen prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila) eta baliabide materialak. Horrez gain, onuradunen kopurua eta gauzatze-egutegia ere baloratuko dira. Gehienezko puntuazioa: 30 puntu.

d) Proiektuaren finantziazioa: kontuan izango da programak kofinantziazio publiko edo pribatua lortu duen edo lortzeko aukera duen, eta, bereziki, erakundeak berak kofinantziatuta aurkeztutako proiektuak baloratuko dira. Gehienezko puntuazioa: 10 puntu.

e) Jarraipen-proiektuak: kontuan hartuko dira aurreko urteetan diru-laguntza jaso duten eta jarraipena behar duten proiektuak, behin diru-laguntza eman zuen erakunde publikoak zehatz-mehatz baloratu ondoren proiektuari jarraipena eman eta proiektua egonkortu beharra dagoela, bai lortutako emaitzengatik bai hartzaileentzat duen garrantziagatik. Gehienezko puntuazioa: 10 puntu.

f) Erakunde eskatzailearen ezarpen-maila, antzinatasuna eta espezializazioa: bereziki baloratuko dira indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta, laguntza, babesa, laguntza juridikoa eta psikologikoa ematen eta indarkeria matxistaren gaian prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzen ibilbide, ezarpen sozial, antzinatasun eta espezializazio handiena duten erakundeak. Gehienezko puntuazioa: 10 puntu.

3.– Artikulu honen 2. paragrafoan jasotako balorazio-irizpideei jarraituz eskabideen lehentasun-ordena ezarri ondoren, laguntzak esleituko dira puntuazio-hurrenkerari jarraituz, agindu honen 3. artikuluan ezarritako diru-kopurua agortu arte.

4.– Balorazio orokorrean berrogeita hamar (50) puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak ez dira diruz lagunduko. Agindu honetan ezarritako prozedura amaitzen duen ebazpenean, hala badagokio, aipatutako gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuen zerrenda jasoko da.

5.– Erakunde bakoitzak proiektu edo programa bat baino gehiago aurkeztu ahal izango ditu, betiere horietako bakoitzak helburu desberdina badu.

6.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, eta erakunde bakoitzari diruz lagunduko zaizkion proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuko dira. Horrez gain, ordezko erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko da, hurrenkeran, onuradunen batek uko egiten badu ere, betiere balorazioan 50 puntu edo gehiago lortu badituzte. Erakunde horiei dagokienez, ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, proiektuak identifikatuko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa azalduko da; nolanahi ere, zenbateko hori ez da sekula ere izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Aurkeztutako proiektuen artean, zuzenean proiektua gauzatzeko diren gastuak eta proiektuaren memorian deskribatuta azaltzen direnak soilik lagundu ahal izango dira diruz; egindako gastutzat hartuko da 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean ordaindutakoa.

2.– Zeharkako gastutzat hartuko dira funtzionamendu gastu arruntak, erakunde eskatzaileak aurkezten duen jardueraren aurrekontu xehatu eta zehatzean agertzen direnak, baldin eta zalantzarik gabe jarduera horren garapenari lotuta badaude. Gastu horiek ezingo dira ezein kasutan proiektuaren kostu osoaren % 10 baino handiagoak izan.

3.– Proiektuan jarritako langileen soldatak diruz lagundu ahal izango dira, kasuan-kasuan dagokion dedikazioaren proportzioan (osoa edo partziala). Langileen gastuetan Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota sartuko da.

4.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

5.– Erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan artikulu honen arabera diruz ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen direnak agertzen badira, epaimahai kalifikatzaileak ez ditu kontuan hartuko diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontua zehazteko. Era berean, aurrekontu hori kontuan hartuko da ebazpen-proposamenean jasoko den diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.

6.– Errentamendu eta kanonei dagokienez, proiektuaren helburu den jarduerarekin, eta harekin bakarrik, zuzenean erlazionatuta badaude bakarrik diruz lagundu ahal izango dira.

7.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira zerbitzuak (profesional independenteak...) azpikontratatzekoak, baldin eta proiektuaren zenbateko osoaren % 30 gainditzen ez badute.

11. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko kalifikazio-epaimahaia eratuko da, ondorengo kideez osatua:

a) Batzordeburua: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatua.

b) Epaimahaikideak: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako bi teknikari, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatuak.

c) Idazkaria: Herrizaingo Saileko funtzionario bat, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatua; hitz egin ahal izango du, baina botoa eman ez.

2.– Epaimahai horrek gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, agindu honetako 9. artikuluan diru-laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideei jarraiki. Proiektuen ebaluazioaren emaitza zehaztuko duen txostena egin ondoren, arrazoitutako ebazpen-proposamena emango du eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari aurkeztuko dio.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusita, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak ebazpena emango du diru-laguntzen esleipenari buruz.

2.– Ebazpena emateko eta erakundeei jakinarazteko epea (onuradunak izan zein ez) bi hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakundeei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, hala badagokio, baliabide telematikoen bidez jakinaraziko zaie, Administrazio elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31., eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Salbuespen gisa, ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epe hori zabaltzea erabaki daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.6 artikuluan ezarritako eran eta bertan adierazitako mugak kontuan hartuta.

3.– Artikulu honen 2. paragrafoan aipatutako epea amaituta, interesdunari ez bazaio ebazpena jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Onartutako laguntzak, onuradunak zeintzuk diren eta esleipen-hurrenkera adierazita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, interesatuei jakinarazpena egiten zaien hiruhileko naturalaren ondorengo hilabetean. Ebazpen horretan, era berean, 50 puntu edo gehiagoko balorazioa izan arren kreditua agortzeagatik diru-laguntzaren onuradun izan ez diren erakundeen ordezko zerrenda bat argitaratuko da, puntuazioaren hurrenkeran. Halaber, agindu honetan ezarritako gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik onuradun izan ez diren erakundeen zerrenda argitaratuko da.

5.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingoko sailburuari, jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako laguntzak bateragarriak dira Administrazio honek edo beste edozeinek, publikok zein pribatuk, xede eta helburu bererako, eman ditzakeen beste diru-laguntza batzuekin. Nolanahi ere, jasotako diru-laguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko diruz lagundu beharreko jardueraren zenbateko osoa.

2.– Bestelako diru-laguntzekin bateratzean, horien zenbateko osoak gaindituko balu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, soberakin hori bateraezintzat joko da eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoari murriztuko zaio gainditzen duen zenbatekoa.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hauek izango dira Agindu honetan araututako laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak:

– Erakunde onuradunek diru-laguntza onartzeak agindu honetan ezarritako arau guztiak onartzea dakar, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako erlazio-bermeak eta itzulera eta zehapenen erregimena ere.

Diru-laguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde edo elkarte onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartu egin dela ulertuko da. Kasu horretan, agindu honen 9.6 artikuluan xedatutakoa beteko da.

– Diru-laguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, deialdi honetan ezarritako modua, baldintzak eta epea betez.

– Proiektuaren eduki nagusia osatzen duten jarduerak zuzenean kudeatzea eta gauzatzea, dituzten ezaugarriak direla-eta azpikontratatu egin behar direnak izan ezik. Azpikontratatutako gastuek, betiere, ez dute diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren 100eko 30a gaindituko.

– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak onartutako zenbatekoa justifikatzea, Agindu honen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gastuaren egiaztagiriekin batera ordainketen ziurtagiriak aurkeztuko dira beti.

– Egindako programa edo jardueraren memoria zehatza egitea, egindako sarreren eta gastuen aurrekontuarekin batera. Gastua justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak konpultsatutako fotokopiak eta, horiekin batera, ordainketen ziurtagiriak aurkeztuko dira, diruz lagundutako jarduerak bukatu eta hurrengo hilabetearen barruan, eta, betiere, 2012ko abenduaren 31 baino lehenago. Frogagiri horiek Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari bidali beharko zaizkio, 2013ko urtarrilaren 18 baino lehen.

– Herrizaingo Sailak egingo dituen egiaztapenen menpe eta Ekonomi Kontroleko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko dute.

– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Herrizaingo Sailari.

– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea Herrizaingo Sailari.

– Diru-laguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik erabili.

– Gauzatutako proiektuan berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren laguntza.

– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honen eraginez egindako txosten, proiektu eta gainerako testu idatzietan hizkera ez-sexista erabiliko da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak, ordainketa bakarrekoak direnez, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan diruz lagundutako jarduera guztiak egin direla justifikatu ondoren ordainduko dira. Horretarako, 14. artikuluan aipatutako frogagiriak aurkeztuko dira, 2013ko urtarrilaren 18rako, gehienez.

16. artikulua.– Baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke, betiere diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso badira, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Ondorio horietarako, epaimahai kalifikatzaileak proposatuta, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

2.– Erakunde onuradunak, salbuespen gisa, diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eska dezakete, baita jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak ere, jardueraren garapena aldatu eta zailtzen dituzten gorabeherak azaltzen direnean, eta aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Aldatzeko eskaeretan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskaera horiek Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, eskaera erregistroan sartzen denetik hilabeteko epean, aipatutako aldaketa baimentzea bidezkoa den edo ez ebatziko du. Epe hori igaro ondoren ez bada berariazko ebazpenik eman ezta jakinarazi ere, eskaera onartutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Herrizaingoko sailburuari, jakinarazpena egin eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

17. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak ez betetzea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateratua onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan zehaztutakoaz gain, hauek izango dira hutsegiteak:

a) Jasotako diru-laguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako barik beste baterako erabiltzea osorik edo partez.

b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.

c) Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak onartutako kopurua osorik justifikatuta ez egotea.

d) Aurkeztutako eskaeran edo agirietan jaso eta diru-laguntza emateko balio izan duten datuak benetakoak ez izatea.

2.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntzak emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagoeneko jasotako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, legezko interesekin, bidezkoak izan daitezkeen gainerako egintzen kalterik gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen ditu– eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako ez-betetze kasuetan, hau izango da jasotako diru-laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta itzultzeko prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari eta hamabost eguneko epea emango dio, interesdunak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Prozedura hasteak, betiere, oraindik egiteke dauden ordainketak etengo ditu.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, amaitutzat emango da prozedura Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

2.– Diru-laguntza itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

4.– Dirua borondatezko epealdian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikatu beharreko lege-araudian ezarritakoaren arabera jardun dezan.

19. artikulua.– Diruz lagundutako proiektu edo jardueraren jarraipen eta kudeaketarako organoa.

1.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honen babesean egindako diru-laguntzen deialdia kudeatzeko lanak gauzatzea.

2.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu, emandako diru-laguntzaren inguruan, eta bere esku izango ditu horren gaineko frogagiriak.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Eskaeran jasotako datu pertsonalak Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira. Fitxategiaren izena Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimentzako Laguntza izango da eta datuek arau hauetan ezarritako babesa izango dute: Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Herrizaingoko sailburuaren 2010eko abenduaren 20ko Agindua, Herrizaingo Sailak eta hari atxikitako Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia erakunde autonomoak dituzten datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dituen 2003ko irailaren 2ko Agindua hirugarrenez aldatzen duena (EHAA, 246. zk., 2010eko abenduaren 24koa). Diru-laguntza eskaera aurkeztuta, erakunde eskatzaileak baimena ematen du datuok modu automatizatuan erabiltzeko eta, era berean, datuok epaimahai kalifikatzaileari lagatzeko, hark ebaluazio–, jarraipen– eta kontrol-zereginak bete ditzan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan ezarri ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakora joko da (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen testua).

Bigarrena.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau garatzeko eta betearazteko behar diren jarduera guztiak egin ditzan.

Hirugarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; haren aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko dira kontatzen.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 20a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala