Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2012ko apirilaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRIZAINGO SAILA
1803

AGINDUA, 2012ko apirilaren 20koa, Herrizaingoko sailburuarena; horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta beste toki-erakunde batzuentzako diru-laguntzak arautu eta deitu dira emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan tokiko protokoloak egiteko.

Emakumeen kontrako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da. Indarkeria horrek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren egitura du oinarri eta, hortaz, erantzun integrala eta diziplina anitzekoa behar du.

Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arazoak garrantzi handia hartu duenez, ezinbestekoa izan da botere publikoek esku hartzea hari ikuspegi integraletik aurre egin ahal izateko; hau da, desagerraraztea, prebentzioa eta laguntza kontuan hartuz. Diziplina anitzeko ikuspuntutik heldu gabe eta gobernuen, gizarte-eragileen eta oro har gizartearen baterakoa eta konprometitua den jarduerarik ez badago, nekez desagerrarazi ahalko da gaitz larri hau.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen VII. kapitulua emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa da eta 62.3 artikuluan foru– eta toki-administrazioei eskatzen die beren lurralde-eremuan lankidetza-hitzarmenak eta jarduera-protokoloak susta ditzaten; hain zuzen, berdintasunaren arloan eta indarkeriaren kontrako borrokaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoan sinatutako erakunde arteko lankidetza-hitzarmenak eta jarduera-protokoloak garatu, zehaztu eta bakoitzaren errealitatera egoki ditzaten. Beste alde batetik, 7. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan ezartzen ditu toki-administrazioak dituen eginkizunak eta; besteak beste, 1,c) paragrafoan esleitzen dio «Jaurlaritzaren plangintza orokorraren eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruen barruan toki-eremuan programak egitea».

Herrizaingo Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuak Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, genero-indarkeriaren biktimentzako prebentzio– eta laguntza-programa integralen lanketa sustatu eta koordinatzeko eginkizuna.

Ildo horretatik, Genero Indarkeriaren kontrako Jaurlaritzaren I. Jarduteko Planaren «Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza» I. ardatzean jasota dagoenez, bere helburu estrategikoetako bat da genero-indarkeriaren kasuetan laguntza– eta jarduera-protokoloak lantzea eta betetzea. Horretarako, bi helburu operatibo adierazten dira. Hona hemen: genero-indarkeriaren kasuetarako laguntza– eta jarduera-protokoloen estaldura geografikoa handitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko geografia osora zabalduz eta; bestetik, sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari (edo sexuan oinarritutakoari) aurre egiteko, prebentzio– eta jarduera-protokoloak ezartzen dituzten erakunde publiko eta pribatuen kopurua handitzea, biztanle okupatuen proportzio handiagoa biltzen duten jarduera-adarrei lehentasuna emanez.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Planaren hirugarren ardatza emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa da. Bere barruan legegintzaldi honetarako planteatzen dituen erronketako bat dugu indarkeriaren biktimentzako laguntza hobetzeko jarduera-protokoloak dituzten foru– eta toki-administrazioen kopurua handitzea. Gainera, bere helburu estrategikoen artean 7.2.1. artikuluan agertzen da emakumeen kontrako indarkeria-kasuetarako laguntza– eta jarduera-protokoloen estalduraren pean dauden pertsona-kopurua handitzea, protokolo horiek emakumeen egoeretara egokituz, emakume gazteen egoera berezian arreta berezia jarrita.

Berdinsarea – Berdintasunaren aldeko eta Indarkeriaren aurkako Euskal Udalerrien Sarea –orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko 52 udalerri atxiki baitzaizkio– dugu emakumeen kontrako indarkeria prebenitzearen eta ezabatzearen inguruan toki-eremuko jardueraren gune dinamizatzaile; hain zuzen, esperientzia-trukea ahalbidetzen duena eta tokiko protokoloen koordinazioa eta lanketa sustatzen dituena. Egun, hogeita hamar bat udal eta mankomunitate biltzen ditu lan-taldetan, etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen emakume biktimen laguntzarako hobekuntzaren eta –hala egokituz gero– toki-protokoloen lantze-prozesuaren inguruan.

Tokiko gobernuei laguntzeko asmoz, 2006ko urrian argitaratu zen etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeei laguntza hobea emateko tokiko protokoloak eta neurriak hartzeko jarraibide-gida, Eudelek Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzarekin prestatu baitzuen.

Alde horretatik, garrantzitsua da lanean jarraitzea emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kasuetarako laguntza– eta jarduera-protokoloen estalduraren pean dauden pertsonen kopurua handitzeko asmoarekin. Horregatik, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak beharrezkotzat jo du indarkeria matxista prebenitzeko eta haren emakume biktimei laguntza hobea emateko protokoloen lanketa sustatzea, hain zuzen, udalei eta gainerako toki-erakundeei diru-laguntzak emanez.

Horren ondorioz,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoak Herrizaingo Sailaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta gainerako toki-erakundeei emango dizkien diru-laguntzak arautzea eta deitzea. Diru-laguntza horiek dira emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan diagnostikoak eta laguntza– eta jarduera-protokoloak lantzeko eta berorien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

Agindu honetan araututako laguntza-programara bideratuko den zuzkidura ekonomikoa ehun mila (100.000) eurokoa da, dagokion aurrekontu-sailaren kontura.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahalko dituzte, baldin eta 2012. urtean zehar emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan diagnostikoak eta laguntza– eta jarduera-protokoloak landu eta/edo berorien jarraipena eta ebaluazioa egiten badituzte.

2.– Ez dira erakunde onuraduntzat joko zuzenbide publikoko edo pribatuko pertsona juridikoak, betiere aurreko paragrafoan sartutako erakundeen menpeko, horietako partaide edo haiei lotuta egonez gero. Dena den, erakunde onuradunek diru-laguntzaren gastua kudeatu ahalko dute pertsona juridiko horien bitartez.

3.– Diru-laguntza baterako programa egiteko bi udalerriko edo gehiagoko talde batek eskatzen baldin badu, eskabideak jaso beharko du proiektuaren xede diren udal guztien berariazko baimena. Udalek beren kontura ezingo dute laguntza eskatu besteokin batera eskatutakoaren antzeko proiekturako.

Halaber, zenbait udalek elkarrekin egingo dituzten proiektuak ezin izango dituzte zatika beren kontura aurkeztu, ez bakarka ez taldeka. Horretarako, udaletako bat hautatu beharko dute eskabidean Administrazioaren aurrean ordezkari gisa agertzeko, laguntza-programaren kudeaketari zein ordainketari dagokionez.

4.– Deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu administrazio– edo zigor-zehapena jaso izanagatik diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten erakundeak, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuaren eraginpean daudenak ere, sexu-bereizkeriagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

5.– Erakunde onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, dirua itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura bukatzearen mende geratuko dira; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe egonez gero.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Jarduera hauek diruz laguntzeko modukotzat joko dira:

a) Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan diagnostikoak egitea.

b) Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan laguntza eta jarduerarako toki-protokoloen lanketa, jarraipena eta ebaluazioa egitea.

2.– Laguntzak erabili ahalko dira laguntza teknikoa emateagatik sortutako gastuak finantzatzeko; hain zuzen, laguntza tekniko hori artikulu honen lehen paragrafoan jasotako jarduerak egiteko behar denean eta, zehazki, hauek:

a) Diru-laguntzaren xedea den jarduera egiteko kontratatutako teknikariek eragindako gastuak; hain zuzen, berdintasunaren arloan espezializatuta dauden eta/edo emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan prestakuntza berezia duten teknikariak baitira.

b) Laguntza teknikoko gastuak, aholkularitza-enpresak kontratatzeagatik sortutakoak.

3.– Beti egiaztatu egin beharko da proiektua garatzeko aholkularitza enpresek hautatutako pertsonek edo kontratatutako edo kontratatu beharreko teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza dutela eta/edo emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko prestakuntza berezia dutela, gutxienez 150 orduko ikastaroari dagokiona, eta/edo 2 urteko gutxieneko lan-esperientzia dutela berdintasuneko teknikari gisa edo indarkeria matxistaren emakume biktimentzako laguntza sozial, psikologiko eta/edo juridikoan esperientzia ziurtatua duten langile gisa.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesatuta dauden erakundeek prozedura honen izapide guztiak baliabide elektronikoen bitartez eskatu, kontsultatu eta egin ahalko dituzte.

2.– Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilerak –eskabideak zein justifikazioak aurkezteko– hauek hartuko ditu kontuan: alde batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoa eta; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak araututakoa eta; azkenik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– (EHAA, 44. zenbakikoa, 2006ko martxokoa) ezartzen duen dokumentua onartzeko Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak xedatutakoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak, aurrez aurreko kanalaren zein kanal elektronikoaren bidez, eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.net.

4.– Eskabideko eta dokumentazioaren ekarpeneko izapidean kanal bat erabiltzeak, aurrez aurrekoa zein elektronikoa, ez du behartzen prozeduraren hurrengo izapideetan bitarteko hori erabiltzera eta edozein unetan alda daiteke.

Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektroniko bidez, web-orri honen bitartez egingo dira: http://www.euskadi.net/misgestiones

6. artikulua.– Epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak, laguntzen eredu normalizatuaren arabera behar bezala beteta eta Udalaren edo toki-erakundearen legezko ordezkariak sinatuta, toki hauetara joanda aurkez daitezke: herritarrentzako arreta-bulegoak –Zuzenean Zerbitzua– (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu 10, 01008 Vitoria-Gasteiz); Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Erregistro Orokorra (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza (Kale Nagusia 81, 1.a, 48011 Bilbao) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein baliabideren bitartez. Eskabideak Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendariari bidaliko zaizkio.

Halaber, eskabideak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztu ahalko dira egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.net.

Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektroniko bidez, web-orri honen bitartez egingo dira: http://www.euskadi.net/misgestiones.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskabideak eta justifikazioak kasu bakoitzean beharrezkoa den dokumentazioarekin batera. Orobat, laguntza-eskabidearen eta justifikazioen aurkezpenaren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

7. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Diru-laguntzaren eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde eskatzailearen nortasun-datuen egiaztapena.

b) Eskabidea sinatu duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko udaleko idazkariak emandako ziurtagiria.

c) Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia. Ez da beharrezkoa izango agiri hori aurkeztea baldin eta eskabidea baliabide elektronikoen bitartez izapidetzen bada edo erakunde eskatzaileak administrazioari baimena ematen badio baliabide elektronikoen bitartez edo, hala egokituz gero, eskura dauden baliabideak erabiliz administrazio eskudunean frogatu, jasota utzi edo egiazta dezan.

d) «Hirugarrenen alta». Eredua hemen dago eskuragarri:

http://www.zuzenean.euskadi.net/s68-contay/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

Ez da beharrezkoa izango inprimaki hori aurkeztea, baldin eta erakundea Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago.

e) 2012ko ekitaldiko lan-prozesua azaltzen den proiektua, baina bere amaiera-datak ez du inola ere 2012ko abenduaren 31 gaindituko.

f) Proiektua bi udalek edo gehiagok elkarrekin eginez gero, udal bakoitzaren berariazko baimena jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 3. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako baldintzetan.

g) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eta/edo emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloko trebakuntza egiaztatzeko ziurtagiria, trebakuntza hori 4. artikuluan eskatzen baita.

h) Langileen kontratazioa egiaztatzeko agintari eskudunak emandako ziurtagiria.

i) Konpromisoa protokolorik ez duten udal edo toki-erakundeen aldetik, udalaren osoko bilkurak edo toki-erakundeenak onartuta, politika horiek jarraipena izango dutela bermatzeko.

j) I. eranskina, behar bezala beteta.

k) Baremazioa egite aldera, erakunde eskatzaileak 10. artiluluan aurreikusitako aurrekontuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri guztiak.

Ez da aginduzkoa izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku dauden agiriak aurkeztea, baldin eta eskabidean beroriek aurkeztu ziren data eta organoa edo egoitza agertzen badira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f 9 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Laguntzaren erakunde eskatzailearen betebeharrak, jarraian zehazten baitira, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez burutu ahalko dira, eskabidean bertan aurreikusitako ereduaren arabera:

– Xede bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan aurkeztutako eskabidearen berri ematea eta, hala egokituz gero, erakunde horiek emandako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo beste baliabide batzuen berri ere.

– Erakunde eskatzaileak laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

– Erakunde eskatzaileak aditzera ematen du egiazkoak direla eskabidean eta berarekin batera doazen agirietan dauden datuak eta laguntza horien onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

3.– Baldintzak egiaztatzeko era helbide elektroniko honetan zehaztuko da: https://www.euskadi.net.

4.– Eskabideetan aukera egongo da laguntzaren erakunde eskatzaileak berariazko baimena emateko laguntza kudeatzen duen organoak dokumentazioaren zati bat egiazta dezan, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatze–, kontrol–, eta ikuskatze-eskumenen kalterik gabe.

5.– Organo kudeatzaileak automatikoki behar beste aldiz egiaztatuko du laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak egunean dituztela, eta horretarako ez da beharrezkoa eskatzaileen baimena izatea, hori guztia Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak atzematen badu aurkeztutako eskabideak ez dituela aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen edo 7. artikuluaren 1. paragrafoan adierazitako dokumentazioa ez dakarrela, eskatuko zaio hamar eguneko epean –jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita– falta dena aurkezteko edo aurkitutako hutsegitea zuzentzeko. Horrela egin ezik, erakunde eskatzaileak eskabideari uko egin diola ulertuko da, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendariak ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da eta kide hauek izango ditu:

Lehendakaria: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatutakoa.

Mahaikideak: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako bi teknikari, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatutakoak.

Idazkaria: Herrizaingo Saileko funtzionario bat, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatutakoa.

2.– Epaimahai horrek gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, agindu honen 10. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraituz. Proiektuen ebaluazioaren emaitza zehaztuta dagoen txostena egin ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitua emango du eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari bidaliko dio.

10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta esleitzeko irizpideak.

1.– Deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, laguntzak emango dira garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideen erkaketa eginez; era horretan, hurrengo paragrafoan finkatutako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, beraien arteko lehentasun-ordena ezartzeko. Bakarrik emango dira 2. artikuluan horretarako esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte baloraziorik handiena lortu dutenak.

Soilik jaso ahal izango dituzte laguntzak artikulu honen hirugarren paragrafoan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektuek, betiere 11. artikuluan ezarritako gehienezko muga gainditu gabe.

2.– Diru-laguntzak esleitzeko epaimahai kalifikatzaileak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Proposamenaren kalitatea. 65 punturaino. Alderdi hauek aintzat hartuko dira:

– Diagnostikoaren garapen teorikoa, baita emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan jarduteko eta laguntzeko toki-protokoloarena ere, eta proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egitea. 25 punturaino.

– Udal-errealitaterako egokitzapena. 10 punturaino.

– Proiektuaren argitasuna eta bideragarritasuna, bere metodologia eta lan-prozesua, adierazleak, kronograma eta aurrekontua kontuan izanik. 25 punturaino.

– Alderdi berritzaileak. 5 punturaino.

b) Emakumeen parte-hartzea lan-prozesuan, beharrezkoa izanez gero, indarkeria matxistaren biktima diren eta, halaber, ahultasun-egoera berezian dauden emakumeen premia espezifikoak kontuan hartuz. 10 punturaino.

c) Berdintasuneko teknikarien edo emakumeen kontrako indarkeria matxistaren alorrean berariazko prestakuntza duten langileen kontratazioa. 5 punturaino.

d) Proiektua udal batzuek elkarrekin egitea. 5 punturaino.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko udalak edo toki-erakundeak, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren alorrean jarduteko eta laguntzeko diagnostikoa eta toki-protokoloa lehen aldiz landuko dutenak, ab initio 15 punturekin baloratuko dira, betiere hasitako politikei jarraipena emateko konpromisoa hartzen baldin badute.

3.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu xede diren jarduerak burutzeko aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren % 75. Gainera, udal batek aurkeztuz gero, 15.000 euroak ezin izango ditu gainditu eta, modu bateratuan aurkeztuz gero, 20.000 euroak.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok zein pribatuk helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dagokion gehienezko mugaraino.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Epaimahai Kalifikatzaileak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, bere proposamena bidaliko dio Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari. Proposamena aztertu ondoren, zuzendari horrek ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du esleitutako eta ukatutako diru-laguntzei buruz. Hartutako ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie udal edo toki-erakunde eskatzaileei. Halaber, jendeak horren berri izan dezan, onartutako eta ukatutako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpena eman eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, erakunde interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan.

3.– Ebazpenak, erakunde onuradunen zerrendaz gain (berorientzat diruz lagunduko diren proiektuak eta emandako zenbatekoak adieraziko dira), ordezko beste erakunde batzuen zerrenda ere jasoko du, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiei dagokienez, ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko baitira, proiektuak adieraziko dira eta, era berean, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa azalduko da; nolanahi ere, zenbateko hori ez da sekula ere izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Herrizaingoko sailburuari. Horretarako hilabeteko epea izango du jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honi jarraiki, erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaielako jakinarazpena jasotzen duten egunetik hamabost eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza bere helbururako erabiltzea, salbu eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzekoa den.

c) Garatu beharreko jarduerak Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egiaztatzea une oro onartzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dioten informazioa ematea.

e) Diruz lagundutako jardueretan zer edo zer aldatu nahi bada, aldaketa horiek idatziz jakinaraztea; izan ere, aldaketa horiek egiteko, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren berariazko onespena behar da. Era berean, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio helburu bererako beste edozein laguntza edo diru-laguntza jasoz gero.

f) Burututako proiektuan eta diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren parte-hartzea agerraraztea.

g) Diruz lagundutako proiektua burutzetik sortutako materialen argitalpenetan eta zabalkunde-ekintzetan bi hizkuntza ofizialak –gaztelania eta euskara– erabiltzea.

h) Hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabea duten irudiak erabiltzea diruz lagundutako proiektuaren inguruko komunikazio– eta zabalkunde-ekintza guztietan.

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntza ordainduko da jarduerak gauzatu ondoren eta emandako diru-laguntzari dagozkion gastu guztiak justifikatu ondoren. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira 2013ko otsailaren 28a baino lehen, egun hori barne:

– Jatorrizko agiriak edo Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak konpultsatutako kopiak; hain zuzen, diruz lagundutako jarduerei loturik, soldatak jaso edo gastuak egin direla egiaztatzen dutenak edo; bestetik, diruz lagundutako jarduerei loturiko gastuak egiaztatzeko, udaleko idazkariak edo udaleko esku-hartze zerbitzuaren arduradunak emandako jatorrizko ziurtagiriak. Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak konpultsatutako kopiak aurkeztuz gero, Zuzendaritzak jatorrizko fakturak zigilatuko ditu eta erakunde interesdunari itzuliko dizkio, funtsen behar bezalako erabilera egiaztatzeko nahikoa zehaztasunez. Gastua egiteko azken egunak ezin izango du 2012ko abenduaren 31 gainditu. Gainera, frogagiria (faktura, nomina...) diruz lagundutako jarduerarekin lotzen duen dokumentazio osagarria aurkeztu beharko da.

Baterako proiektua izanez gero, aurreko dokumentazioa Administrazioaren aurrean ordezkari bakartzat izendatutako udalak aurkeztu beharko du, Aginduaren 3.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

– Burututako lan-proiektuaren justifikazio-memoria. Memoria horretan nahitaez hauek deskribatuko dira: lortutako helburuak, erabilitako metodologia (burututako lan-prozesua, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta alderdi berritzaileak) eta egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren banakapena udal-ekarpena zehaztuz, hala egokituz gero.

– Euskaraz eta gaztelaniaz egindako azken proiektuaren kopia.

– Diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak lagundu duela agerrarazi dela egiaztatzeko agiriak. Ildo honi jarraituz, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren logotipoa jarri beharko da justifikazio gisa ematekoa den azken proiektu burutuaren kopian zein jatorrizko agirian.

2.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuarekiko, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zatia kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetako bat aldatzen bada, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada; eta, hala egokituz gero, beste edozein erakunde publikok edo pribatuk, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu, horrek eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak jasota, beroriek aztertu eta ebaluatu ondoren, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat joko duen ebazpen baten bidez, betiere kasuen arabera, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du –zer dagokion–; eta, hala behar bada, diru-laguntzaren zenbatekoak egokituko dira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk ez direla betetzen egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion lege-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, gainerako ekintza egokiak alde batera utzi gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak bete ezik, emandako diru-laguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari lotuko zaio. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak dirua itzultzeko prozeduraren hasiera eta prozedurak oinarrian dituen arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta erakundeak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko 15 eguneko epea emango dio.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, amaitutzat joko da prozedura Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren ebazpen bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean adierazten bada ez direla baldintzak bete, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta ezarri behar zaizkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epea amaitu baino lehen itzuli beharko da, jakinarazten den egunetik kontatzen hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian zehar itzuli ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari horren berri emango zaio premiamendu-bideari ekiteko, aplikagarria den legezko araudian xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundutako proiektu edo jardueraren Kudeaketa eta Jarraipenerako Organoa.

1.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari dagokio diru-laguntzetarako deialdia kudeatzeko agindu honen babesean egingo diren lanak gauzatzea.

2.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu, emandako diru-laguntzaren inguruan, eta bere esku izango ditu horren gaineko frogagiriak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau betearazteko behar diren jarduera guztiak egiteko.

Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 20a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala