Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2012ko apirilaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1707

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariarena, euskararen jabari geografikotik kanpora euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko xedea duten kultur programa edo jarduera bereziak 2012. urtean garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Apirilaren 20ko 3/2007 Legeak, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoak, bere 3. artikuluaren b) atalean zehazten du aipatu institutuaren xedea dela «euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz». Halaber, aipatu legearen 4. artikuluaren 1. paragrafoak dio Etxepare Euskal Institutuari dagokiola «euskal kulturaren sortze-lana kanpoan sustatzeko ekintzak eta estrategiak gauzatzea, artisten eta artelanen kanpoko zirkulazioa bultzatzea eta euskal ondare artistikoaren ezagutza zabaltzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz».

Ildo horretatik, eta Etxepare Euskal Institutuaren ardurapekoak diren arloak kontuan hartuta, berariazko deialdi publikoak egiten dira sektore pribatuaren baitan lehenetsitako kultur jarduerak garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jasotzen diren hainbat eskariren bitartez gauzatu nahi diren jarduerak, Etxepare Euskal Institutuaren eskumen-eremuetan sar daitezkeen arren, indarrean dagoen araudian zehaztutako ezohiko moduetan baino ezin dira gauzatu.

Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso dezaketen jarduerak mota askotakoak izan daitezke, gaur egungo kultura-kontzeptua oso zabala baita. Horregatik, berariazko deialdietan oinarrituz laguntzagai izan daitekeen jarduera-multzoa aldez aurretik identifikatzea erabat ezinezkoa da. Hori horrela izanda ere, ez da ahaztu behar administrazio publikoek, besteak beste, sustapen-lanak egiterakoan konkurrentzia, objektibotasun eta publizitate printzipioak gorde behar dituztela eta, ondorioz, behar-beharrezkoa dela prozedura orokor bat finkatzea, horrela Etxepare Euskal Institutuak bere-bereak dituen eskumen-eremuetako kultur jarduerak sustatzeko gutxieneko arau batzuk izan ditzan.

Esandako horrek guztiak ondorio nagusi bat baino ez du, hots, eskuarki eragin zuzena euskararen jabari geografikotik kanpora duen lurralde-eremuan euskal kultura sustatzera bideratutako baliabide ekonomikoak konkurrentzia, objektibotasun eta publizitate printzipioen arabera banatzeko irizpideak ezartzen dituen eta, aldi berean, indarrean dagoen araudiarekin bat datorren tresna baten beharra dagoela.

Horiek horrela,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da, Etxepare Euskal Institutuaren jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, haren deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten kultur programa edo jarduera bereziak 2012. urtean burutzeko Etxepare Euskal Institutuari eskatzen zaizkion diru-laguntzak emateko modua finkatzea, betiere honako Ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera.

2.– Deialdi honi begira, honakoak joko dira diruz lagun daitekeen kultur programa edo jarduera berezitzat: euskal kultura euskararen jabari geografikotik kanpora sustatu eta hedatzeko xedea duten programa edo jarduerak, haien kalitatearen, erabileraren edo berariazko helburuaren ikuspuntutik eta haien balio komertziala edozein izanik ere, adierazpen kulturalak transmititzen badituzte.

3.– Halaber, honakoak joko dira «adierazpen kulturaltzat»: eduki kulturala duten pertsonen, taldeen eta gizarteen sormenaren ondoriozkoak. Adierazpen horiek, besteak beste, hitzen bidez igorritako mezuek, soinuek eta irudiek osatzen dituzte, edozein euskarri, ekintza edo objektu erabiltzen dela ere.

2. artikulua.– Denbora-esparrua.

Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren kultur programa edo jarduera bereziak 2012ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira.

3. artikulua.– Lurralde-esparrua.

Ebazpen honetara aurkeztuko diren kultur programak edo jarduerak euskararen jabari geografikotik kanpora garatu beharko dira.

4. artikulua.– Diru-baliabideak.

Ebazpen honetan ezarritako xedeari aurre egiteko berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehienezko zenbatekoa erabiliko da. Halere, zenbateko hori handitu ahal izango da xedapen gehigarrietako lehenengoan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Honako ebazpen honek finkatzen dituen diru-laguntzak bertan aipatzen diren programa edo jarduera bereziak burutzeko asmoa duten pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek, jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskabidea edo eskabideak aurkezten diren egunerako euren helbide soziala eta fiskala Espainiako Estatuan edo Europar Batasuneko zein Europako Esparru Ekonomikoko kide den estaturen batean badituzte.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Ezingo dute ebazpen honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.

6. artikulua.– Bazterketak.

Honako ebazpen honetatik kanpo geratuko dira ondoko programak edo jarduerak:

1.– Xedeari begira.

a) Etxepare Euskal Institutuak ezarritako beste ebazpen espezifikoago baten bidez bideratu behar izan zirenak, baldin eta eskabidea egitean ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta bazegoen, betiere aurkezteko epea itxita bazegoen.

a.1.– Eskaerak egiteko garaian onartzeko bidean dagoen deialdiren batera edo, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta balego ere, aurkezteko epea itxita ez duen deialdiren batera biltzeko modua izango duten programak edo jarduerak hobekien dagokien deialdi zehatzean sartuko dira eta ebazpen horientzat bereziki ezarritako arauak aplikatuko zaizkie. Hori horrela, Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain kasuan kasuko eskabideak beste ebazpen espezifikoago batera bideratzeko ardura, baita entitate interesdunari jakinaraztekoa ere.

a.2.– Era berean, euren izaeragatik edo xedeagatik Etxepare Euskal Institutuaren beste ebazpen espezifiko batera oker bildutako programak edo jarduerak deialdi honen hartu ahal izango dira barne, baldin eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea irekita badago eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain eskabideak ebazpen honetara bideratzeko ardura, baita entitate interesdunari jakinaraztekoa ere.

b) Politika, erlijio, giza zein kultura mailako efemerideak gogorarazteko egin ohi diren antzezpenak edo errepresentazio bizidunak, hala nola, Erdi Aroko azokak eta antzekoak berregitea egitea xede dutenak.

c) Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoak egitea xede dutenak.

d) Xedea modarekin, hezkuntza arautuarekin, gizarte ekintzarekin, ingurumenarekin, nekazaritzarekin eta, azkenik, bitxigintza, urregintza zein artisautzarekin zerikusia dutenak.

e) Balioetan eta bakearen kulturan heztea, memoria historikoa berreskuratzea zein gerra zibilaren eta frankismoaren biktimen aitorpen morala lortzea xede dutenak.

f) Etxepare Euskal Institutuaren beste edozein ebazpen espezifikoagotara biltzeko aukera egonda ere, automatikoki horietatik kanpo geratzen direnak, dela programa horietarako ezarritako baldintza berezietakoren bat ez betetzeagatik, dela entitate interesdunari egotzi dakiokeen bestelako arrazoiren batengatik.

2.– Denbora-esparruari begira.

a) 2012ko abenduaren 31tik haratago burutzeko epea dutenak.

3.– Lurralde-esparruari begira.

a) Euskararen jabari geografikotik kanpo egingo ez direnak.

4.– Aurrekontuari begira.

a) Aurrekontuaren edozein zati xede hauetara bideratzen dutenak:

a.1. – Inbertsioak egitera edo ibilgetu-elementuak finantzatzera.

a.2. – Blog, web-orri zein Interneteko atariak diseinatu, garatu, hobetu, aldatu edo mantentzeko lanetara.

a.3.– Datu-baseak mantentzeko edota ustiatzeko lanetara.

a.4.– Aldizkarien, liburuen edo egunkarien argitalpen digitalak egitera.

a.5.– On-line moduan kontsultatzeko produktuak egitera.

b) % 40tik beherako finantziazio-maila propioa dutenak. Horri begira, honakoa joko da finantziazio propiotzat: eskatzailearen diru-ekarpenaz gain, edozein erakunde publiko zein pribatu, nazioko nahiz nazioartekotatik lortuko duela aurreikusten duena. Guztizko zenbateko horretatik kanpo geratuko da deialdi publiko honen bidez Etxepare Euskal Institutuari eskatutakoa.

5.– Entitate eskatzaileari begira.

a) Honako entitate mota hauek aurkeztutakoak:

a.1.– Merkataritza entitateek, baldin eta euren kapitalaren gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada.

a.2.– Alderdi politikoek, hauteskunde-koalizioek, sindikatuek edo elkargo profesionalek, baita horiekiko lotura organikoa duten fundazioek eta elkarteek ere.

6.– Jasotzaileei begira.

a) Jasotzaile bakartzat entitate eskatzaileko bazkideak baino ez dituztenak.

b) Jasotzailetzat entitate eskatzailea bera izango dutenak. Horrelakoetan, entitate eskatzaileak jaso zezakeen diru-laguntza entitatearen azpiegitura-gastuei eta funtzionalei aurre egiteko baino ez luke erabiliko. Beste modu batean esanda, benetako kultur jarduera garatzerik ez dakarten programak.

7. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta banakako kopuruak zehazteko prozedura.

1.– Ebazpen honek ezartzen dituen diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak elkarrekin alderatuko dira, horiek lehentasunen araberako hurrenkeran jartzeko, baina betiere 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan harturik. Horrela, 50 puntu edo gehiago lortu duten eskabideei baino ez zaie emango diru-laguntza.

2.– Kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, deialdira bideratutako gehienezko diru-kopurua gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean modu zuzenki proportzionalean banatuko du Balorazio Batzordeak.

a) Aipatutako diru-banaketa kasuan kasu lortutako puntuazioaren eta eskatutako diru-kopuruaren arabera egingo da. Horretarako honako formula hau erabiliko da:

S1 = (E1 X P1)/100

non,

Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ei = Kasuan kasu eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa.

Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

b) Aurreko atalean esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak aurrekontuaren muga gainditzen badu, kasuan kasu eman beharreko diru-kopurua honela kalkulatuko da:

(Ikus .PDF)

non,

Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari berez legokiokeen zenbatekoa.

Si’ = Programa edo jarduera bakoitzari behin betiko ematen zaion zenbatekoa.

D = Diru-laguntza jasoko duten programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko zenbatekoa.

c) Aurreko bi kasuetan, 15. artikuluak ezarritako mugak errespetatu egingo dira.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

1.– Etxepare Euskal Institutuak izango du Ebazpen honek finkatzen dituen diru-laguntzak kudeatzeko ardura.

2.– Halaber, Etxepare Euskal Institutuaren zeregina izango da diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak behar bezala burutzen ari direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskapenak edo egiaztapenak egitea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak arlo horretan dituzten ahalmenei kalterik eragin gabe.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Ebazpen honen babesean eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.

1.– Eskabideak, ebazpen honetako I. eranskineko ereduari jarraituta eta dokumentazio osagarriarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari zuzenduko zaizkio eta Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan aurkeztuko dira (Prim kalea 7, 20006, Donostia), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.– Entitate eskatzaileek haiek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkez dezakete laguntza-eskabidea, beharrezko dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Aurretiazko argibideak.

a) Entitateak diru-laguntza eskaera bat baino gehiago batera eginez gero, entitateari buruzko dokumentazioa eskabide horietako bakar batekin baino ez da aurkeztu beharko.

b) Eskaera egiten duen entitateak bere helbide soziala eta fiskala atzerrian izatekotan, 2.a), 2.b), 2.c), 2.d) eta 2.e) ataletan eskatutako dokumentazioa tokian tokiko herrialdean horren baliokidea dena aurkeztu beharko du.

2.– Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Estatutuen fotokopia (entitatearen izaera kontuan hartuta, indarrean dagoen legeriaren arabera entitateak nahitaez izan behar baditu) edo, entitate-motaren arabera, eraketa-eskriturarena.

b) Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, baita eskabidea egin duen egunean ordezkapena indarrean dagoela adierazten duen agiria ere. Egiaztatzea ahalordetze-eskrituraren fotokopiaren bidez egingo da edo, hala badagokio, eskumena duen organoak berariaz emandako egiaztagiriaren bidez.

c) Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena, non adieraziko baitu eskabidea egin duen egunean berak ordezkatzen duen entitatearen estatutuak edo, hala badagokio, eraketa-eskritura, dagokion erregistro publikoan inskribatuta daudela.

Aipatu aitorpena ez da aurkeztu beharko baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, estatutuak izatea nahitaezkoa izan arren, horiek erregistroan inskribatzea ezinbesteko lege-betekizuna ez bada.

d) Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena, non adieraziko baitu eskabidea egin duen egunean berak ordezkatzen duen entitateak ez duela zigor administratibo edo penalik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

e) Entitatearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia egiaztatzen duen txartelaren fotokopia.

f) Entitateak zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Ebazpenaren arabera.

f.1.– Egoitza fiskala atzerrian duten entitateak aurreko paragrafoan aipaturiko dokumentua aurkeztu behar izatetik salbuetsita daude. Hala ere, kasuan kasuko egoitza-herrialdean eskumena duen organoak emandako egoitza fiskalaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

g) Helbide soziala zein fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateek honako hau ere aurkeztu beharko dute: kasuan kasuko entitatearen legezko ordezkariak izenpetutako zinpeko aitorpen bat, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitateak ez duela jo giltza artean adierazten diren legez kanpokoak eta bateraezinak diren laguntza fiskaletako batera edo gehiagotara {Araba I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00); Gipuzkoa I, II, III (CR 50/99, CR 53/99, CR 59/00)} edo, hala badagokio, laguntza fiskal horietako batera edo gehiagotara jo ondoren, baten edo gehiagoren onuradun izanik, hori edo horiek itzuli egin dituela edota blokeaturiko kontu batean ordaindu egin dituela, dagozkion interesak barne.

3.– Garatu nahi den programa edo jarduerari buruzko dokumentazioa.

a) Programa edo jarduera zertan datzan adierazten duen memoria, ahalik eta xehatuena. Alderdi hauek aipatu beharko ditu:

a.1.– Programaren edo jardueraren interesa, euskal kultura euskararen jabari geografikotik kanpora sustatzeari eta hedatzeari begira izan dezakeen garrantziaren aldetik.

a.2. – Euskararen erabilera programa edo jarduera gauzatzerakoan (ikus II. eranskina) (arrazoitu).

a.3. – Programaren edo jardueraren onuradun-unibertsoa (arrazoitu).

a.4.– Programaren edo jardueraren lurralde-eragina (arrazoitu).

b) Programa edo jarduera gauzatzeko egutegia, kronograma baten bitartez adierazita.

c) Programaren edo jardueraren aurrekontu zehatza eta xehatua, eskaera egin duen entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.

c.1.– Entitate eskatzailea BEZaren aitorpena egitera behartuta badago, aipatu zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da inolaz ere gastu diruz lagungarritzat hartu. Hori horrela, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitatea BEZ zergaren aitorpena egitera behartuta dagoenentz eta, ondorioz, aurkeztutako gastu-aurrekontuak BEZ zergari dagokion zenbateko ez-kengarria barne hartzen duela edo, aldiz, zenbateko kengarria kanpoan uzten duela.

c.2.– Aurrekontuak orekatua beharko du izan, hots, gastuak berdin diru-sarrerak, eta diru-sarreren atalean honako datu hauek zehaztu beharko dira:

c.2.1.– Xede berberaz diru-laguntza edo dirulaguntzak eskatu zaizkien edo, hala badagokio, eskatu asmo zaizkien nazio mailako zein nazioarteko herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen zerrenda zehatza.

c.2.2.– Aurreko paragrafoan aipaturiko herri administrazioei edo entitateei eskatutako diru-kopurua edo, besterik ezean, kasuan kasu jasotzea aurreikusten dena.

c.2.3.– Diru-laguntzen egoera (eskatzekoa, ebazpenaren zain, esleituta, ea.).

c.2.4.– Etxepare Euskal Institutuari eskatutako diru-kopurua.

c.3.– Eskabidea aurkezten den egunerako beste diru-laguntzarik eskatu ez bada edo hura aurkeztu ondoren beste diru-laguntzarik eskatzeko asmorik ez badago, hori horrela dela zinpeko aitorpen bidez adierazi beharko da. Aitorpena eskaera egiten duen entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetu beharko du.

d) Aurkeztutako programa edo jarduera hobeto baloratu ahal izateko, eskaera egiten duen entitateak egokitzat jotzen duen nahi beste dokumentazio osagarri ere erantsi dezake.

Dena dela, aurkeztutako programa edo jarduerak hobeto baloratze aldera, Etxepare Euskal Institutuak edo Balorazio Batzordeak informazio eta dokumentazio gehiago eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei.

4.– Ordainketa egiteko dokumentazioa.

a) Banku-helbideratzea Espainian duten entitate eskatzaileak badira:

a.1.– Dagokion banku-erakundeak (banketxeak edo aurrezki-entitateak) emandako edo/eta ziurtatutako agiria edo antzekoa, gutxienez honako datuak jasoko dituena:

a.1.1.– Banku-erakundearen izena.

a.1.2.– Banku-erakundearen helbidea.

a.1.3.– Kontuaren zenbakia (20 digitu).

a.1.4.– Kontuaren titularra.

Aipaturiko agiriaren ordez «Datuen Alta/Doakion hirugarrena» eranskina aurkeztu ahal izango da, egoki beteta eta bertan eskatzen den dokumentazioaz lagunduta.

b) Banku-helbideratzea atzerrian duten entitate eskatzaileak badira:

b.1.– Dagokion banku-erakundeak (banketxeak edo aurrezki-entitateak) emandako edo ziurtatutako agiria edo antzekoa, gutxienez honako datuak jasoko dituena:

b.1.1.– Banku-erakundearen izena.

b.1.2.– Banku-erakundearen helbidea.

b.1.3.– IBAN (International Bank Account Number/Bankuko Kontuaren Nazioarteko Zenbakia).

b.1.4.– BIC (Bank Identifier Code/Bankuaren Identifikazio Kodea).

b.1.5.– Kontuaren titularra.

Aipaturiko agiriaren ordez «Nazioarteko Datuen Alta/Doakion hirugarrena» eranskina aurkeztu ahal izango da, egoki beteta eta bertan eskatzen den dokumentazioaz lagunduta.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan akatsak zuzentzea.

1.– Etxepare Euskal Institutua ohartzen bada eskabidean akatsen bat dagoela edo osatugabea dela, entitate interesdunari eskatuko dio, idatziz, akatsa zuzen dezala edo nahitaezko diren agiriak aurkez ditzala, hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Horrezaz gain adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela edo izapidearekin jarraitzeko eskubidea ulertuko dela, horretarako aurrez emandako ebazpenaren bidez.

2.– Atzera egin izanaren berariazko ebazpena gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko zaio entitate interesdunari, aurreko puntuan adierazitako 10 eguneko epea bukatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Berariaz ebatziko ez balitz, eskaera ezetsitzat hartuko litzateke, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearekin bat.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da.

a) Lehendakaria: Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.

b) Bokalak: 3-5 kide, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak izendatuko ditu adituak diren gizon-emakumeen eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: batzordearen idazkari lanak Etxepare Euskal Institutuaren teknikari batek egingo ditu. Zuzendariak izendatua izango da eta bileretan hitzez, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio Batzordearen osaera Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari hiru hilabeteko epean.

Proposamen horrek honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Entitate onuradunen zerrenda, diru-laguntza jaso dezaketen programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa.

b) Diru-laguntzarik jasoko ez duten entitateen zerrenda, bazter utz diren programak edo jarduerak eta hori horrela izateko kasuan kasuko arrazoia.

c) Balorazio Batzordeak proiektu bat bera ere ez onartzeko proposamena egin dezake, bai eta aurreikusitako diru-zuzkidura guztia ez agortzekoa ere, baldin ondorioztatzen badu aurkeztutako eskaeren kalitatea ez dela nahikoa edota beste baldintzaren bat ez dutela bete.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

1.– Programak edo jarduerak euskal kultura euskararen jabari geografikotik kanpora sustatzeari eta hedatzeari begira izan dezakeen interes-maila (% 50).

2.– Euskararen erabilera programaren edo jardueraren gauzatzeko faseetan (% 10) (ikus II. eranskina).

3.– Programaren edo jardueraren autofinantziazioa (% 10). Hori neurtzeko, nazio mailako zein nazioarteko beste administrazio publikoen diru-sarrerak izan ezik (Etxepare Euskal Institutuari eskatutako diru-kopurua barne), gainerako diru-sarrera mota guztiak hartuko dira kontuan [(autofinantziazioa –40) x 15/60].

4.– Programaren edo jardueraren balizko onuradun-unibertsoa (% 15).

5.– Programaren edo jardueraren lurralde-eragina (% 15).

15. artikulua.– Diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa.

Ebazpen honen babesean eman daitekeen kasuan kasuko diru-laguntza ezingo da programa edo jarduera horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren % 60 baino handiagoa izan, ez eta 12.000 eurotik gorakoa ere.

16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna eta horiek berriz aztertzea.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzak eta, xede berberaz, nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioek edo entitate publiko zein pribatuek esleitu ditzaketenak bateragarriak izango dira. Alabaina, bakarka hartuta zein batera metatuta, ezingo dute, inolaz ere, entitate onuradunak burututako programaren edo jardueraren kostua baino handiagoa izan, ez eta eskabidearekin batera aurreikusitako gastu-aurrekontua baino handiagoa ere.

2.– Edonola ere, Ebazpen honen babesean araututako diru-laguntzak eta, xede berberaz Administrazio bereko beste edozein organok eman ditzakeenak bateraezinak izango dira.

3.– Diru-laguntzak esleitzeko kontuan izandako edozein baldintza aldatzeak, eta, edozein kasutan, diruz lagundutako programaren edo jardueraren kostua gainditzen duten nazio mailako zein nazioarteko herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak esleipen-erabakia aldatzea ekarriko du eta baita, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoa itzuli behar izatea ere.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordeak egindako proposamenaren argitan, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak dagokion ebazpena emango du. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du eta interesdunek, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean.

2.– Prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, honako ebazpen honek eragina izango duen egunean bertan zenbatzen hasita. Epea igaro eta entitate interesdunek ebazpenaren jakinarazpenik jaso ez badute, eskabidea edo eskabideak ezetsi direla ulertuko da, nahiz eta horrek ez salbuetsi Etxepare Euskal Institutua ebazpen adierazia emateko betekizunetik.

3.– Ebazpena entitate interesdun orori jakinarazteaz gain, Etxepare Euskal Institutuaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, entitate onuradunak, diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa adierazita, jendeak horren berri izan dezan.

18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honen bitartez araututako diru-laguntzen entitate onuradunek honako hauek bete behar dituzte:

1.– Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hartarako, entitate onuradunak laguntza onartzen duela adierazteko hamabost egun balioduneko epea izango du, idatzizko jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan adierazpenik egin ezean, laguntza onartzen duela ulertuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebehar guztiekin.

2.– Diru-laguntza esleitzea oinarri duen programa edo jarduera burutzea, programa edo jarduera horiek gauzatzeko eta justifikatzeko aurreikusitako epeak eta horiek egitetik eratorritako gainerako guztiak betez.

3.– Emandako diru-laguntza programa edo jarduera gauzatzeko gastuei aurre egiteko erabiltzea, diru-laguntza jasotzeko aurkeztu duen aurrekontuan ezarritakoaren arabera.

4.– Egiaztatze-jarduerei men egitea eta, bestalde, Etxepare Euskal Institutuari, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

5.– Diruz lagundutako jardueraren edo jardueren hasierako programa aldaraz dezakeen edozein gorabeheraren berri Etxepare Euskal Institutuari eman beharko dio entitate onuradunak eta baita, jakinarazitako aldaketa gauzatu baino lehenago, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariaren baimena jaso ere. Edonola ere, aldaketak ezingo du eraginik izan jarduketaren izaeran, hots, diruz lagundutako programaren zein jardueraren xedean edo helburuan.

6.– Xede berberaz nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

7.– Diruz lagundutako programa edo jarduera promozionatzeko egindako testu, dokumentu eta antzeko elementuetan, Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena egitea. Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena euskaraz egin beharko da edo, besterik ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

Diruz lagundutako programak edo jarduerak bestelako finantziazio-iturriren bat badu eta, aldi berean, entitate onuradunak hori horrela dela publizitatu behar badu, Etxepare Euskal Institutuak emandako diru-laguntzaren berri emateko bideek eta horien garrantziak bestelako finantziazio-iturrien antzekoak izan beharko dute.

8.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, diruz lagundutako programa edo jarduerak garatu eta gauzatzerakoan hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, horien erabilera estereotipaturik ez egitea.

9.– Ordenamendu juridikoak eta, bereziki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duen beste edozein.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Ebazpen honetan oinarrituz esleitutako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, ondorengo prozedurari jarraituz:

1.– Lehenengo zatiaren ordainketa, diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75), hilabeteko epean, diru-laguntza onartzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Bigarrenarena, baldin eta hala badagokio, diru-laguntza osoaren ehuneko hogeita bost (% 25), diru-laguntza zurituta, baldin eta justifikazioa zuzena, nahikoa eta egokia bada.

a) Salbuespen gisa, 23.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztearen bidez justifikatzeko baldintzarekin egin ahal izango da ordainketa, betiere, kasuan kasuko hirugarren interesdunari egin beharreko ordainketa edo ordainketak gauzatu direla egiaztatzen duten dokumentu bat edo gehiago izan ezik, diruz lagundutako programaren edo jardueraren edo jardueren xedea zuzen, nahiko eta egoki bete bada.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikatzeko epea.

Esleitutako diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko bi hilabeteko epea egongo da, diruz lagundutako programa edo jarduera bukatzen den egunetik zenbatzen hasita. Edonola ere, 2013ko urtarrilaren 31 baino lehen zuritu beharko da.

21. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.

Justifikazioak, Ebazpen honen III. eranskineko ereduari jarraituta eta dokumentazio osagarriarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariari zuzendu behar zaizkio eta Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan aurkeztu (Prim kalea 7, 20006 Donostia), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

22. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide batera aurkeztutako programa edo jardueraren gaineko memoria zehatza, ahalik eta zabalena. Gauzatze– eta betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso beharko ditu.

b) Diruz lagundutako programa edo jardueraren behin betiko gauzatze-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetutako zinpeko aitorpen bidez.

b.1.– Aurrekontuak orekatua beharko du izan, hots, gastuak berdin diru-sarrerak, eta diru-sarreren atalean honako datu hauek, zehaztu beharko dira, besteak beste:

b.1.1.– Entitate onuradunaren behin betiko diru-ekarpena.

b.1.2.– Programa edo jarduera berbera gauzatzeko nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-ekarpenak.

b.1.2.1.– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko entitate onuradunak Etxepare Euskal Institutuak emandakoaz gain bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ez badu, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.

b.1.3.– Etxepare Euskal Institutuak esleitutako diru-laguntza.

b.1.4.– Beharrezkoa izanez gero, aurrekontu-oreka lortze aldera, entitate onuradunak jarritako diru-kopuru osagarria, entitate onuradunak metatutako defizit gisako zenbatekotzat hartuko dena.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko ordaindutako nomina oro edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri oro jasotzen dituen zerrenda, IV. eranskineko ereduari jarraituta. Zerrendari honako hau erantsi beharko zaio: entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetutako zinpeko aitorpena, non berariaz adieraziko baita zerrendatutako nominetako, fakturetako zein ordainagirietako bakoitzak esleitutako diru-laguntzaren xedearekin duena zerikusia.

c.1.– Entitate onuraduna BEZaren aitorpena egitera behartuta badago, aipatu zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da inolaz ere egindako gastutzat hartu eta, ondorioz, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokion zenbatekoa besterik ez da izango gastu justifikatua. Hori horrela, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitatea BEZaren aitorpena behartuta dagoenentz eta, ondorioz, aurkeztutako gastu-aurrekontuak BEZari dagokion zenbateko ez-kengarria barne hartzen duela edo, aldiz, zenbateko kengarria kanpoan uzten duela.

c.2.– Salbuespen gisa, eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua 100.000 eurotik gorakoa bada, diru-muga hori iritsi arterainoko gastuen zerrendaketa baino ez da aurkeztu beharko.

c.3.– Dena dela, Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzen badu eta betiere esleitutako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean, entitate onuradunek gauzatutako gastu osoa estaldu arteko gainontzekoen zerrenda zuzendaritza horren esku jarri beharko dute.

d) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko ordaindutako nominak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiriak, diru-laguntza eskuratzeko eskabidearekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontu osoaren pareko zenbatekoari dagozkionak. Nahitaezkoa izango da kasuan kasuko hirugarren interesdunari egin beharreko ordainketa gauzatu dela egiaztatzen duen dokumentu edo agiriren bat fakturarekin zein ordainagiriarekin batera aurkeztea.

d.1.– Eskuarki, gastuen egiaztagiritzat hartzen diren dokumentu edo agiriak nominak eta fakturak edo ordainagiriak dira. Horiek guztiek, baliozkoak izateko, enpresariek eta profesionalek fakturak egin eta emateko beharra arautzen duen indarreko araudi fiskalak ezartzen dituen baldintza guztiak bete beharko dituzte.

d.2.– Salbuespen gisa, Etxepare Euskal Institutuaren kontura egiten den finantzazioak diru-laguntza eskuratzeko eskabidearekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontuaren % 50 gainditzen ez badu, esleitutako diru-laguntzaren pareko zenbatekoari dagozkion gastuak baino ez dira justifikatu beharko, diruz lagundutako programa edo jarduera dela eta ordaindutako gastuen egiaztagirien bidez.

d.3.– Dena dela, Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzen badu eta betiere esleitutako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean, entitate onuradunek konpromisoa izango dute diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontuko zenbateko osoa estaldu arteko gainontzekoen zerrenda zuzendaritza horren esku jartzeko.

d.4.– Gastuen egiaztagiriak aurkezteko moduari dagokionez, jatorrizkoak besterik ez dira onartuko, edo besterik ezean, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Prim kalea 7, 20006 Donostia) konpultsatutako fotokopiak.

e) Diruz lagundutako programa edo jarduera dela-eta sortutako material orotatik bina ale –hizkuntza bertsio guztietan eta euskarri fisiko, optiko nahiz magnetikoan–, zeinetan Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso dela adierazi beharko baita.

e.1.– Diruz lagundutako programak edo jarduerak bestelako finantziazio-iturriren bat badu eta, aldi berean, entitate onuradunak hori horrela dela publizitatu behar badu, Etxepare Euskal Institutuak emandako diru-laguntzaren berri emateko bideek eta horien garrantziak bestelako finantziazio-iturrien antzekoak izan beharko dute.

e.2.– Babesaren aipamen hori euskaraz egin beharko da edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan. Nolanahi ere, konpromiso hori ez dute bete beharko programa edo jarduera diru-laguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso baino gauzatu duten entitateek.

f) Diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa 2013. urtean egiten bada, aurreko dokumentazioaz gain, entitate onuradunak zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua ere erantsi beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren kargurako diru-laguntzen onuradunek zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Ebazpenaren arabera.

f.1.– Fiskal arloari dagokionez atzerrian helbideratuta dauden entitateek aurreko paragrafoan aipaturiko dokumentua aurkeztu behar izatetik salbuetsita badaude ere, kasuan kasuko egoitza-herrialdean eskumena duen organoak emandako egoitza fiskalaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

23. artikulua.– Jasotako diru-laguntza justifikatzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak zuzentzea.

1.– Etxepare Euskal Institutua ohartzen bada justifikaziorako dokumentazioan akatsen bat dagoela edo osatugabea dela, entitate interesdunari eskatuko dio, idatziz, akatsa zuzen dezala edo nahitaezko diren agiriak aurkez ditzala, hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Horrezaz gain adieraziko zaio eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, entitatea ebazpen honen 26. artikuluak aipatutako ez betetzeetakoren batean erori dela ulertuko dela, eta horrenbestez, horrek aipatutako artikuluko 2. puntuan ezarritakoa aplikatzea izango lukeela ondorio.

2.– Eskatutako dokumentazioa aurkeztutako ordainagiri bati edo gehiagori dagozkion kasuan kasuko hirugarren interesdunari edo interesdunei egin beharreko ordainketa edo ordainketak gauzatu direla egiaztatzen dutena izanez gero, aurkezteko epea hilabetekoa izango da, jakinarazpen jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, egoera honek ez du 19.2.a) artikuluak aipatzen duen bigarren zatia ordaintzeko izapidea eragotziko.

Kasu honetan, entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpenean adieraziko zaio eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxiagotuko litzatekeela, dagokion kitapen-ebazpenaren bidez.

24. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren aldaketa.

1.– Entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan bertan jakinarazten badu ebazpena emateko unean kontuan izandako baldintzetan ebazpena bera alda zezaketen egoera edo gertakariren bat izan dela eta aldaketa horiek egin baino lehen, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.12 artikuluari jarraiki, eskumena duen organoak eman behar duen baimenaren tramitea alde batera utzi dela, Etxepare Euskal Institutuak aurkeztutako justifikazio hori onar dezake, baldin eta ez bada kalterik sortzen hirugarrenentzat.

2.– Egiaztatzeko aldian Etxepare Euskal Institutuak aldaketak onartzeak ez du onuraduna salbuetsiko legozkiokeen bestelako zehapenetatik.

25. artikulua.– Diru-laguntza kitatzea.

1.– Irizpideak.

a) Eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua baino handiagoa justifikatzeak ez dakar, inola ere, hasieran esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko eskubiderik.

b) Diru-laguntzak emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzeak eta, edozein kasutan, diruz lagundutako programaren edo jardueraren kostua gainditzen duten nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak esleipen-erabakia aldatzea ekarriko du eta, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoa itzuli behar izatea ere bai.

c) Diru-laguntzak esleitzeko ezarritako baldintzaren bat edo gehiago ez betetzeak eragindako balizko aldaketetan aplikatuko diren mailaketa-irizpideak zuzenki proportzionalak izango dira eta honako bi alderdiok hartuko dituzte kontuan: alde batetik, aurkeztutako proiektuak eta egiaz gauzatutakoak eta, bestetik, gauzatzeko aurreikusitako aurrekontua eta azkenean gauzatutako aurrekontua.

d) Zatiko ez betetzeen kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da eta, kontuan hartuko da, alde batetik, betetze-maila guztizko betetzera nabarmen hurbiltzea eta, bestetik, entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoak betetzera bideratutako ageriko jarduna izatea.

d.1– Hori horrela, diruz lagundutako programa edo jardueraren xedea beteta ere, aurreikusitako gauzatze-aurrekontuaren eta azkenean gauzatutakoaren artean aldea badago, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian adierazten diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:

d.1.1.– Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta azkenean gauzatutakoaren arteko aldea % 15ekoa edo hortik beherakoa izatea.

d.1.2.– Behin betiko diru-laguntzak ez gainditzea azkenean egindako gastuaren % 60.

d.1.3.– Gainfinantziaziorik ez gertatzea.

d.2.– Horrela ez bada, dagokion kitapena egingo da, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa bete ez den aipatutako hiru baldintza horietakoren baten arabera murriztuta.

2.– Prozedura.

Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren bigarren ordainketa gutxitu behar izatea edo hura bertan behera utzi beharra gertatuz gero, eta, hala badagokio, jasotakoa, oso-osorik nahiz haren zati bat, dena delako arrazoiarengatik Etxepare Euskal Institutuari itzuli behar izanez gero, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak kitapen-ebazpen indibidualizatua emango du egiaztagiriak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du dagokion diru-itzulketa egin ahal izateko, ebazpena jasotzen denetik. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du eta interesdunek, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariari, hilabeteko epean.

26. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek joko dira ez-betetzetzat:

a) Esleitutako diru-laguntza ez justifikatzea horretarako ezarritako epean eta justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko edota osatzeko errekerimenduari kasurik ez egitea, 23.1 artikuluak ezarritako epean.

b) Laguntza jasotzea horretarako ezinbestekoak diren baldintzak bete gabe.

c) Jasotako diru-laguntza osoa edo haren zati bat lagundutako programak edo jarduerak ez diren bestelakoetarako erabiltzea.

d) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak adierazitako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.

e) Etxepare Euskal Institutuaren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrol-jardunari uko egitea edo oztopatzea.

f) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo bestelako xedapenek izaera orokorrez betetzeko ezartzen duten beste edozein betebehar ez betetzea.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian ez-betetzat jotako kasuren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, Etxepare Euskal Institutuari ezingo zaio eskatu diru-laguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta kasuan kasu legez dagozkion interesak Etxepare Euskal Institutuari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako itzultzeko betebeharra betetzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza eta diru-laguntzei buruzko araubidea urratu duen entitate arau-hauslearen aurka has litekeen zehapen-prozedurak bere ondorioak izan ahal izango ditu, lehen aipaturiko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 1. artikuluan adierazitako guztizko diru-zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan izanda, eta deialdi honetako eskabideak ebatzi aurretik, Etxepare Euskal Institutuaren beste egitarau batzuk egin ondoren ahitu gabe geratutako aurrekontuko diru erabilgarriaren arabera. Aipatutakoaren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenaren bitartez emango da.

Bigarrena.– Honako ebazpen honen izapidetzea dela-eta Etxepare Euskal Institutuak eskuratuko dituen datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko ditu, ondoren erabili ahal izateko, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikok xedatutakoaren arabera.

Fitxategiko datuok ez zaizkio beste inori lagako eta fitxategia Etxepare Euskal Institutuak berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko.

Aipatutako Lege horretan jasotzen den moduan, datuok eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edo horien kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idatzia bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari honako helbide honetara: Prim kalea 7, 20006 Donostia.

Hirugarrena.– Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduan, Ituneko 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoan. Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Donostia-San Sebastián, 2012ko martxoaren 20a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana