Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2012ko martxoaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1495

AGINDUA, 2012ko martxoaren 7koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskadin giza eskubideen, bizikidetasun demokratikoaren eta indarkeria desligitimizatzearen aldeko proiektuak garatzen dituzten erakunde eta gizarte-mugimenduei laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Gizarte demokratiko orok honako betebehar hau du: herritarrengan giza eskubideak eta bakea ezagutu eta errespetatzeari buruzko kultura sakona sustatu eta bultzatzea.

Justizia, askatasun, berdintasun eta elkartasunaren oinarrien gainean eraiki nahi den edozein gizarte– eta politika-antolamenduren eredurako, giza eskubideak eta bakea ezinbesteko erreferentea dira. Pertsona guztien giza duintasunaren balio gorena da abiapuntua, gizabanako bakoitzak gizartean dituen eskubide eta betebehar guztiak iruteko abiapuntua, hain zuzen ere. Horri dagokionez, ezin da zalantzan jarri pertsonaren gailentasuna, eta gizarte– eta erakunde-arkitektura, azken batean, pertsonaren garapenera eta sustapenera bideratu behar dela.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizakiak izatea izanik.

Eusko Jaurlaritzaren programaren funtsezko eta oinarrizko lehentasuna da giza eskubideen eta bakearen kultura sustatzea, betiere multzo zatiezintzat, elkarren mendekotzat eta unibertsaltzat hartuta. Kultura hori Euskadiko errealitatea kontuan hartuz ulertu behar da. Hau da, ez dugu ahaztu behar indarkeria terroristak eragiten duela hemen giza eskubideen urraketarik handiena eta kultura hori oso balio garrantzitsua dela indarkeria terroristaren deslegitimizazioa sustatzeko.

Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko 2010-2011 Planean honako helburu hau ezarri da bereziki: euskal gizartean Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntza bultzatzea, dauden baliabideak optimizatuz eta sektore estrategikoen arteko beharrezko sinergiak sortuz, baita jardun-programa sistematikoa, koordinatua, etengabea eta jasangarria sortzea ere, giza eskubideen eta bakearen kultura sustatzeko eta hedatzeko, kultura horri buruzko informazioa emateko eta kultura horretan trebatzeko.

Hori dela-eta, aurreko ekitaldietan bezalaxe, Justizia eta Herri Administrazio Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bateratu bat sustatzen du, giza eskubideen, bizikidetasun demokratikoaren eta indarkeria desligitimizatzearen aldeko Euskadiko proiektuak diruz laguntzeko asmoz.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio agindu bidez laguntza hauen deialdia egin eta laguntzok arautzea, hala ezarrita baitago Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. eta 28. artikuluetan, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.2 artikuluan.

Horregatik guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– 2012. urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan irabazi-asmorik gabeko erakundeek egiten dituzten giza eskubideen, bizikidetasun demokratikoaren eta indarkeria desligitimizatzearen aldeko proiektuak norgehiagoka bidezko erregimenean diruz laguntzeko laguntzen deialdia arautzea da agindu honen helburua.

Agindu honen helburutik kanpo geratuko dira sariak emateko bakarrik diren proiektuak.

2.– Proiektuak 2012. urtean zehar gauzatuko dira.

2. artikulua.– Diru-hornidura.

Diru-laguntzen programa honetara bostehun eta berrogeita hamalau mila eta laurehun euro bideratu dira (554.400), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2012. urterako aurreikusitako partidaren kargura.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

Honako pertsona juridiko hauek eska ditzakete agindu honetan bildutako laguntzak: legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoak, baldin eta beren estatutuetan jasotakoaren arabera, haien helburua bakea eta giza eskubideak lortzea bada, eta helburu hori lortzeko prozedurak baketsuak eta demokratikoak badira.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Interesa duten erakundeek, bitarteko elektronikoen bitartez eskatu eta kontsultatu ahal izango dute prozedurari buruzko informazioa; izapideak ere bide beretik egin ahal izango dituzte.

2.– Honako hauek arautzen dute izapidetze elektronikoa: Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzeko den Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-edukia/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ddhh_organizaciones_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

4. Eskaeraren eta dokumentazioa aurkeztearen izapideak bide batetik egiteak (modu presentzialean edo elektronikoan) ez du prozeduraren hurrengo izapideak bide beretik egitera behartzen; edozein unetan aldatu daiteke izapideak egiteko modua.

Eskaera egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, http://www.euskadi.net/misgestiones gunean egingo dira.

5. artikulua.– Eskabideen epea, aurkezpena eta formalizazioa.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen zuzendariari zuzendu behar zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetara; lurralde-ordezkaritzetara; beste erakunde laguntzaileetara. Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeko 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere erabil daitezke, eskaera-orri normalizatua behar bezala eta oso-osorik betez. Eskabide-eredua euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-edukia/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ddhh_organizaciones_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html.

Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektroniko horretara sartuta.

3.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen ziurtagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1984 Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluek ezartzen duten bezala.

6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaerak, 12.3 artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, inprimaki normalizatuan bete beharko dira. Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan ere eskuragarri daude inprimaki horiek.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen ordezkariak bide presentziala erabiltzen badu eta ez badu baimenik ematen bere nortasun-datuak administrazioak Barne Ministerioan begiratu edo egiaztatzeko, nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Proiektuaren memoria zehaztua. Bertan, honako hauek zehaztu beharko dira: helburua, metodologia, hartzaile izan daitezkeenak (sexuaren arabera bereizita), egingo diren jardueren lurralde-eremua eta gauzatze-egutegia, eta genero-ikuspegia sartzeko aurreikusi den modua. Memoria horretan, eskatzaileak proiektuaren eremuan duen esperientzia egiaztatu behar da.

c) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin behar da.

d) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen edota ibilbidea duen pertsonarik; eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

e) Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotearen ziurtagiria.

3.– Era berean, programa edo jarduera hobeto balioesteko, eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentazio osagarri aurkeztu ahal izango da.

4.– Proiektuak dagoeneko gauzatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak ere aurkeztu beharko dira, agindu honetako 15. artikuluan eskatzen den moduan.

5.– Espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

7. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertzerakoan osatu gabe dagoela edo daturen bat falta dela ikusten badu Giza Eskubideen Zuzendaritzak, gehienez 10 eguneko epea emango die eskatzaileei, atzemandako akatsak zuzentzeko. Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan ezarritakorekin bat etorriz, jakinaraziko zaie horrela egiten ez badute eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

8. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea eta balorazio-irizpideak.

Laguntzak emateko proposamena epaimahai kalifikatzaileak egingo du; honako hauek izango dira epaimahaikideak:

Epaimahaiburua:

– Justizia eta Herri Administrazio Saileko Justiziako zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait. Kalitatezko botoa izango du.

Epaimahaikideak:

– Lehendakaritzako Koordinazioko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Immigrazioko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.

– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo hark eskuordetutako beste norbait.

Idazkari-lanetan Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikari bat arituko da. Giza Eskubideen zuzendari andreak izendatuko du.

9. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Epaimahai kalifikatzaileak egingo du laguntzak emateko proposamena eta, bertan, erakunde onuradunen lehentasun-hurrenkera eta emandako laguntzen zenbatekoa ezarriko ditu, proposatutako proiektu bakoitzak ondorengo balorazio-irizpide hauek aplikatuz lortzen duen puntu-kopuruaren arabera:

1.– Erakunde eskatzaileari dagokionez: proposatutako proiektua garatuko den eremuan erakundeak daukan potentziala eta kaudimena, erakunde eskatzaileak proposatutako proiektua arrakastaz burutzeko gaitasunik ba ote duen erabakitzeko. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan: erakundearen ibilbidea, egonkortasuna eta iraupena, eta aurreko ekitaldietan burututako proiektuei buruzko ebaluazioak, halakorik burutu bada: 0-5 puntu.

2.– Proposatutako proiektuari dagokionez:

a) Proposatutako proiektuaren sendotasun metodologikoa. Proiektu guztiek ondoren adierazten diren balorazio-irizpideak aplikatu ondoren lortu daitezkeen 20 puntuetatik gutxienez 10 puntu lortu beharko dituzte. Bestela, epaimahai kalifikatzaileak baztertu egingo du proposatutako proiektua, bere iritziz deialdi honetan jasotzen diren laguntzetako bat lortzerik merezi ez duelako.

a.1) Koherentzia, argitasuna eta xehetasuna proposatutako proiektuan: espero diren helburu eta emaitzak; jardueraren beharrezkotasunari buruzko aurretiazko diagnostikoa; aurreikusitako jardueren zehaztasuna; publiko hartzailea (0-8 puntu).

a.2) Kudeaketa-gaitasuna, proposatutako proiektuari dagokionez. Proiektua kudeatuko dutenen esperientzia eta titulazioa baloratuko dira, baita erakundeak antzeko eduki eta garrantzia duten proiektuetan daukan esperientzia ere (0-5 puntu).

a.3) Proposatutako proiektuaren aurrekontu argia eta egokia. Aurrekontuaren egokitasuna baloratzerakoan, eskatutako diru-laguntza osoaz gain, kontuan hartuko da aurrekontua proposatutako jarduerentzat egokia den. Aldagai kuantitatiboak (jardueraren onuradun– kopurua, ale kopurua...) eta kualitatiboak ere (jarduera burutzeko beharrezkoa den espezializazioa, helburu den kolektiboarengana iristeko zailtasuna, etab.) kontuan hartuko dira. (0-4 puntu).

a.4) Proposatutako proiektuaren prozesuaren kalitatea eta emaitzen balorazioa bermatzeko ekintza-sistema baten zehaztasuna. IV. eranskinean (ebaluazio-adierazleak) jasota daude, orientabide gisa, esku-hartze mota desberdinetan erabilgarriak izan daitezkeen adierazleak. (0-3 puntu).

b) Garatu beharreko proiektuak aurreikusia dagoen arloan duen potentzial estrategikoa, baita gizarteari begira eskaintzen dituen aukerak edo interesa ere. Azken hori baloratzeko, kontuan hartuko da ere proiektua zenbateraino den egokia Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko 2010-2011 Planaren esparruan garatu beharreko helburuak, ildo estrategikoak eta ekintzak erraztu eta sustatzeko (plana Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net web orrian kontsulta daiteke, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren barruko Giza Eskubideen Zuzendaritzari dagokion atalean). Aintzat hartuko da, halaber, indarkeria terroristaren deslegitimazio-helburuak lortzeko potentzialik ba ote duen. Era berean, kontuan hartuko da proiektuak zenbateraino datozen bat Giza Eskubideen nazioarteko erakundeek eta, bereziki, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren Bulegoak (www.ohchr.org) bultzatutako esku-hartzeen ildo, estrategia eta helburuekin: (0-10 puntu).

c) Proposatutako proiektua zein lurralde-eremutan gauzatuko den eta zenbat jenderengana iritsiko den, baita bakearen kulturak eta giza eskubideen defentsa eta sustapenak orain arte eraginik izan ez duten gizarte-eremuetan eragiteko gaitasuna ere. Horretaz gain, generoaren ikuspegia ere baloratuko da, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeko 20.2 artikuluaren arabera: (0-10 puntu).

d) Proposatutako proiektuari jarraipena emateko borondatea eta egiturazko esku-hartzearen potentziala, egoeraren araberako esku-hartzearen gainetik: (0-5 puntu).

e) Erakundeak, proposatutako proiektuko jarduerak gauzatzeko, giza eskubideen eta bake-kulturaren eragile-sarearekin daukan lankidetza– eta baterako partehartze-maila: (0-5 puntu).

10. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.

1.– Diru-laguntzak norgehiagoka-erregimenean emango dira, aurreko artikuluan ezarritako baremoak kontuan hartuz. Diru-laguntza lortzeko, derrigorrezkoa izango da proiektuak gutxienez 25 puntu lortzea.

2.– Aukeratutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, banaketa proportzionalaren sistema aplikatuko da, eta sistema horren arabera, proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aplikatzearen ondorioz balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori onartutako aurrekontuari aplikatu zaio. Aurkeztutako proiektu bakoitzarentzat onartzen den aurrekontuaren % 100era artekoa izan daiteke diru-laguntza.

3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hilabete pasa ondoren eskatzaileak ez badu jasotzen onartutzat jo beharreko aurrekontua jakitera ematen duen Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenik, eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua hartuko da onartutako aurrekontutzat.

4– Emandako diru-laguntzaren zenbateko osotik % 10 funtzionamenduko eta administrazioko gastuetarako erabil daiteke, soldata eta ordainsarietarako izan ezik. Horretarako ere erabili ahal izango da, soldata eta ordainsariak proiektua garatzeko ezinbestekoak badira eta azalpen-memorian hala adierazita baldin badator.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat dela-eta hasitako itzulera– edo zehapen-prozeduraren bat egongo balitz, ezingo da diru-laguntzarik eman eta ordaindu prozedura horiek bukatu arte.

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko epea eta publizitate-prozedura.

1.– Giza Eskubideen Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.

2.– Giza Eskubideen zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak, betiere Epaimahai Kalifikatzaileak egindako proposamena aztertu ostean. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta, hortaz, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete Justiziako sailburuordeari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoa betez.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik lau hilabetekoa izango da. Epe hori igaro ondoren ebazpen adierazia eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartu ahal izango dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; hala ere, administrazioak berariazko ebazpena eman behar du.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, prozeduraren ebazpena banan-banan jakinarazteaz gain, Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babespean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakunde eta gizarte-mugimenduen zerrenda, zenbateko diru-laguntza jaso duten zehaztuta.

12. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta baldintzak:

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuz, erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutako betebeharrak betetzen dituzten ala ez automatikoki eta behar adina aldiz egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eskatzaileen onespenik behar izan gabe. Interesdunek zergak Nafarroan ordaintzen badituzte, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Administrazio publikoak esleituta dituen egiaztapen–, kontrol– eta ikuskaritza-ahalmenak alde batera utzi gabe, laguntza eskatzen duen erakundeak espresuki eman dezake baimena organo kudeatzaileak gainontzeko datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bai bide presentziala erabiltzen duenean eta bai bide elektronikoa erabiltzen duenean.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu aldatua aplikatuz, honako betebehar hauek egiaztatuko dira eskabide normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi helburu berbererako eskatutako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideen berri ematea. Halakoren bat lortuz gero, horren berri ere ematea.

– Erakundea itzulketa– edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea edo, egon izanez gero, prozedura hori bukatuta egotea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez edukitzea zigor– eta administrazio-arloko zigorrik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik.

– Erakundea legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

– Gainera, eskaeran eta horrekin batera doan dokumentazioan azaltzen diren datuak egiazkoak direla eta laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela adierazi beharko du eskatzaileak.

Gainontzeko betekizunak egiaztatzeko modua lehen aipatutako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan zehaztuko da.

Laguntzaren onuradunek, laguntzaren ebazpena eman aurretik, aipatutako betekizunak egiaztatuko dituzte, dagokion ziurtagiria aurkeztuz edo organo kudeatzaileak zuzenean egiaztapena egiteko baimena emanez.

4.– Erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko du diru-laguntzaren ebazpena eman baino lehen.

5.– Erakunde eskatzaileak bermatu egin beharko du diruz lagundu beharreko proiektuek eta horiek sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek zorrotz errespetatzen dituztela bizitza-eskubidea eta Giza Eskubideen 1948ko Deklarazio Unibertsalean bildutako gainontzeko giza eskubideak. Halaber, Eskubide Zibil eta Politikoen 1966ko Itunean eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen 1966ko Hitzarmenean adierazitakoak errespetatzen dituztela eta terrorismoa goretsi edo justifikatzen duten proiektuak saihesten dituztela ere bermatu beharko du.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena erakunde onuradunari jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean onuradunak ez badu idatziz adierazten diru-laguntzari uko egiten diola, laguntza onartutzat joko da. Diru-laguntza onartuz gero, agindu honetan ezarritako arau guztiak bete beharko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan edo dekretu hori ordezkatzen duen arauan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan bermeei eta itzulketa eta zehapenei buruz ezarritako guztia ere.

2.– Diru-laguntza emateko betekizun eta baldintzak betetzen direla eta diruz lagundutako proiektua burutu dela justifikatzea Giza Eskubideen Zuzendaritzari, eta proiektua guztiz edo partzialki betetzea ezinezkoa egiten duen edozein gorabeheraren berri ematea.

3.– Hizkuntza modu sexistan ez erabiltzea eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua duten irudiak erabiltzea diruz lagundutako jarduera gauzatzerakoan.

4.– Emandako diru-laguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea diru-laguntza hori, agindu honen 16.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatu behar denean izan ezik.

5.– Proiektuak gauzatzeko aldian proiektu horiek finantzatzeko eman edo ukatu diren diru-laguntza eta laguntzen berri ematea Giza Eskubideen Zuzendaritzari, jakin bezain laster.

6.– Laguntzak ematen dituen erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

7.– Diru-laguntza jasotzen duten proiektuak zabaldu, hedatu edo, hala badagokio, argitaratzen badira, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren laguntza jaso dela adieraztea, ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

14. artikulua.– Ordaintzeko modua

1.– Laguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da diru-laguntzaren zenbatekoaren % 75 eta gainerako % 25a 2013ko martxoaren 31 baino lehen, diru-laguntza ondorengo artikuluan adierazi bezala Giza Eskubideen Zuzendaritzari justifikatu ondoren.

Diru-laguntza eman den ekitalditik kanpo ematen bada bigarren ordain-agindua, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du elkarteak egunean ote dituen Foru Ogasunari eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari egin beharreko ordainketak.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien diru-laguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, eskabidearekin batera ondorengo artikuluan adierazitako justifikagiriak aurkezten badira.

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

Erakunde onuradunek, emandako diru-laguntzaren erabilera justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dituzte Giza Eskubideen Zuzendaritzan:

1.– Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten faktura eta ordainagiriak. Nolanahi ere, laguntzaren esleipendunak jatorrizko dokumentuak administrazioaren esku uztea ezinezkoa duela behar bezala egiaztatzen badu, jatorrizko dokumentuak zein kopiak aurkeztuko ditu, eta kopiak itzuliko zaizkio, konpultsatu ondoren.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den. Fakturek bat etorri beharko dute Fakturatzeko betebeharrak arautzen dituen araudia onartzen duen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuko 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin.

2.– Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

3.– Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiriak. Besteak beste datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, bere Nortasun Agiri Nazionala NAN, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako PFEZ atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 – 190 inprimakia).

4.– Argitaratutako programa, iragartzeko kartel, argazki eta bestelako material grafikoaren aleak, idatzizkoak zein soinudunak.

5.– Gauzatutako proiektuaren memoria zehatza, datu hauek jasotzen dituena: onuradunak sexuaren arabera bereizita eta genero-ikuspegia nola txertatu den.

6.– Izapidetzea bide telematikotik eginez gero, aipatutako dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, administrazioak jatorrizko dokumentazioa eskatu ahal izango du, beharrezkotzat jotzen duenean.

Justifikazioak bide presentzialaren nahiz elektronikoaren bidez izapidetzeko moduaren xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-edukia/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ddhh_organizaciones_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

16. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eskakizunak ez betetzea eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Ondoren zehazten direnak gertatuz gero, diru-laguntzak lortzeko eskakizunak ez direla bete ulertuko da:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

b) Aukeratutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta funtsezkotzat hartzen ez direlako Giza Eskubideen zuzendariak esanbidez onartzen baditu, betiere baimen arrazoitua eskatu ondoren.

c) Eskaeran, horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo justifikagirietan datu faltsuak agertzea.

2.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen artikulu honetako 1. puntua, diru-laguntza emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako beste edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko VI. tituluan adierazitako betebeharrak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hartara, diru-laguntza eta legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio; gainera, zehapenak ere ezarri ahal izango zaizkio. Horretarako, honako lege-xedapen hauek aplikatuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua edo dekretu hori ordezkatzen duen araua, eta aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua. Emandako diru-laguntza aldatzeko ebazpena eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko ebazpena, gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

17. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako beste diru-laguntza edo laguntza guztiekin. Helburu bakar baterako lortutako laguntza guztien batuketak helburuaren aurrekontua gainditzen badu, agindu honen bidez emandako zenbatekoari gehiegizko kopuru hori murriztuko zaio.

18. artikulua.– Argitaratzea.

1.– Justizia eta Herri Administrazio Sailak eskubidea izango du agindu honetan ezarritakoaren arabera diru-laguntza jasotzen duten ikerketa eta azterlanak edozein euskarritan argitaratzeko, lan horiek jasotzen dituenetik urtebeteko epean, eta betiere interesdunak esanbidez baimen idatzia eman ostean.

2.– Lana argitaratuz gero, lehenengo argitalpenaren ustiapen-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak izango dira, eta diru-laguntza jaso duen egileak eskubide horiek doan lagatzeko konpromisoa hartu beharko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honetan esanbidez aurreikusi ez den guztian, prozedurari dagokionez, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 7a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala