Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2012ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO SAILA
1368

36/2012 DEKRETUA, martxoaren 13koa, Jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen duena.

Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legeak, Autonomia Estatutuaren 10.38 artikuluan aurreikusitako eskumena baliatuz onartu baitzen, 5.d) eta 20.1 artikuluetan Jaurlaritzari ahalmena ematen dio jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegi orokorra arauz zehazteko; betiere ikuskizun edo jarduera motak, garaia edo urtaroa eta lanegun, jai-bezpera eta jaiegun arteko bereizketa kontuan hartuta.

Halaber, Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko aipatu Legearen 20. artikuluaren 2. paragrafoak udalei ahalmena ematen die ordutegi bereziak baimentzeko –zaindariaren jaiak, beste jaialdi orokor batzuk edo turismoari loturiko inguruabarrak direla eta–, behin kasuak eta prozedura arauz ezarriz gero.

Hamar urte baino gehiago igaro dira egun indarrean dagoen abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua indarrean sartu zenetik, uztailaren 28ko 210/1998 Dekretuak aldatu baitzuen. Horren bidez jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Dekretu hori tresna egokia izan da jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren lokalen ordutegiak arautzeko zereginean. Izan ere, bidezko josteta– eta aisia-jarduerak eta enpresariek beren jarduera betetzeko duten eskubidea herritarrek atseden hartu eta lasai egoteko duten eskubidearekin orekatu ditu.

Pilatutako esperientzia aintzat hartuta eta Dekretua denboran zehar nola aplikatu den aztertuta, agerikoa da zenbait aldaketa egiteko beharra dagoela; hain zuzen, Dekretua gure gizartean dauden aisia-joera berrietara egokitzeko. Beraz, garai berrietara moldatutako araua behar da, Autonomia Erkidego osoarentzat arau homogeneoak eta ordutegi orokorra izatea eragotzi gabe; aldi berean, udal bakoitzaren premiak kontuan hartuz, zenbait egoeraren tratamendua ahalbidetuko duena.

Arauak asmo bateratzailea du, guztien bidezko interesak bateragarri egin nahi baititu, hainbat irizpide objektiborekin bat etorriz. Hona hemen: ordutegi-malgutasuna; urtaroak; astegunen arteko bereizketa; eremuen aurreikuspena udal bakoitzean, ezaugarri berezien eta abarren arabera.

Ordutegien araubidea kudeatu eta baimentzeko zereginean udalen lankidetza funtsezkoa da, herritarrarengandik hurbilen dagoen administrazioa den aldetik. Erkidegoko zuzenbidean dagoen subsidiariotasun-printzipioari jarraikiz, eta gure ordenamendu juridikoan zuzenbide positibo gisa ezarrita dagoela, egokia da –araudiak xedatzen duenaren esparruan eta udal guztientzako denbora-muga batzuen barruan– udalek kasu batzuetan establezimenduak ixteko ordutegiak moldatu ahal izatea; betiere udalaren berezitasun turistikoak, sozialak eta ekonomikoak aintzat hartuz eta tartean dauden eskubide guztiak haztatuz.

Horregatik, Dekretu honen bidez egiten den aldaketak nabarmen handitzen ditu ixteko ordutegiak luzatzeko udalek dituzten eskudantziak eta zenbait kasu hartzen du kontuan, hala nola jaialdi-izaera, interes turistikoa edo antzeko izaera duten gertakariak. Era berean, ahalbidetzen du udalek udalerrian bertan ixteko ordutegi motak aldi baterako bereiztea, barrutietako edo auzoetako jaiak eta egokitzat jotzen dituen beste inguruabar batzuk kontuan izanda. Halaber, aukera ere ezarri da udalek ordutegiaren luzapena lokaletan zarata-maila edo bibrazioak kontrolatu, arindu edo mugatzeko gailuak instalatzearen baldintzapean jartzeko.

Bestetik, ez da albo batera utzi behar egun bizi dugun krisi ekonomikoa, aisialdiari loturiko ekonomia-sektore horretan zaindu eta suspertzeko neurriak hartzea gomendagarria baita. Izan ere, aisialdiak gure gizarteko ekonomia-jardueran pisu handia du.

Laburbilduz, aldaketa honen bitartez garai berrietako ordutegien araubidea eguneratu nahi da, egungo egoera ekonomiko eta sozialaren testuinguruan, alderdien interesen kalterako izan gabe.

Hori dela bide, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman eta gero, eta Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2012ko martxoaren 13ko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehen artikulua.– Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da. Horren bidez jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Artikulua honela geratuko da idatzita:

«2. artikulua.– Ostalaritzako eta jendaurreko ikuskizunen lokalak.

Ostalaritzako eta jendaurreko ikuskizunen lokal edo instalazio iraunkorrek, jarraian zerrendatzen baitira, ixteko ordutegi orokor hau izango dute, betiere establezimenduen udal lizentzietan zehaztutako jardueren arabera, zergen arloan deklaratutako jarduera edozein izanda ere:

1. taldea.– Berariaz adingabeentzat baimendutako lokal eta instalazioak edo, sukaldaritza-jarduera izan gabe, alkoholik gabeko edariak eta janariak emateko baimena dutenak, esate baterako:

(Ikus .PDF)

2. taldea.– Alkoholdun edariak emateko baimena duten lokal eta instalazioak edo sukaldaritza-jarduerak egiteko baimena dutenak, esate baterako:

(Ikus .PDF)

3. taldea.– Jarduera berezi gisa, musika izateko baimena duten lokalak eta instalazioak, baina dantza egiteko pistarik gabe, esate baterako:

(Ikus .PDF)

4. taldea.– Dantza egiteko pistarekin musika izateko edo ikuskizunak egiteko baimena duten lokalak eta instalazioak, esate baterako:

(Ikus .PDF)

Bigarren artikulua.– Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 3. artikulua aldatzen da. Horren bidez jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Artikulua honela geratuko da idatzita:

«3.artikulua.– Joko-lokalak.

1.– Jokorako lokal edo instalazioak ixteko ordutegi orokorra hauxe izango da:

(Ikus .PDF)

2.– Dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, jolas-aretoen ordutegia luzatzeko baimena emanez gero, denbora tarte gehigarri horretan, adin-nagusikoak bakarrik sartu ahal izango dira, eta kanpoaldean ondo ikusteko moduan hori adierazten duen errotulua jarri beharko da.

3.– Artikulu honetan aipatutako joko-lokal eta instalazioen ordutegian berorien zerbitzu osagarriak ere sartuko dira. Lokal edo instalazio horiek zabaltzeko orduak joko-arloan dagokion sektore-araudian ezarritakoak izango dira.»

Hirugarren artikulua.– Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 7. artikulua aldatzen da. Horren bidez jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dira. Artikulua honela geratuko da idatzita:

«7. artikulua.– Ordutegi berezien erregimen orokorra.

1.– Lokalak eta instalazioak ixteko eta beste ikuskizun edo jarduera batzuk amaitzeko ordutegia, dekretu honetan aipatzen baitira, honela luzatuko da:

a) Ordu eta erdi ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan.

b) Ordu erdi ekainaren 1etik irailaren 30era.

c) Gehienez bi ordu dekretu honen 12. artikuluan aurreikusitako kasuetan:

2.– Ordutegien luzapen orokorrak, artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatzen baitira, meta daitezke.»

Laugarren artikulua.– Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 12. artikulua aldatzen da. Horren bidez jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dira. Artikulua honela geratuko da idatzita:

«12. artikulua.– Udalen ahalmenak ordutegi bereziak ezartzeko.

1.– Zaindariaren jaiak eta beste jai edo interes turistikoa duten beste gertakari batzuk direla eta, udal agintariek gehienez bi orduz luzatu ahalko dute aurreikusitako ordutegia, betiere dagokion urte naturalerako udal bakoitzak onartu beharko duen egutegiaren arabera.

2.– Ondorio horietarako, udalak onartutako egutegiak gertaera eta data hauek jaso ahalko ditu:

a) Zaindariaren jaiak, hau da, udal bakoitzak bere udalerrian ofizialki ezarritako jaiak.

b) Aste Santuko ostegunetik astelehenera; Inauterietako ostegunetik asteartera, eta abenduaren 15etik urtarrilaren 6a arte Gabonetan.

c) Udalak berak edo Autonomia Erkidegoko organo eskudunak jaitzat hartutako edo interes turistikoa dutela iritzitako beste gertakizun batzuk ospatzeko data zehatzak, hala nola ospakizun publikoak, auzoko jaiak, gertakari sozialak, azokak, lehiaketak, erakusketak edo antzeko beste batzuk, urte natural bakoitzeko hamabost eguneko gehienezko muga dagoela.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritako urteko egutegirako aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, udalak ordutegi orokorra ere luzatu ahalko du gehienez bi orduz, urte natural bakoitzeko hamabost eguneko gehienezko muga dagoela, aurreikus ez daitezkeen ezohiko inguruabarren arabera eta aurreko paragrafoan aurreikusitako gertaeren izaera bereko gertaerei loturik.

4.– Behin urteko egutegia indarrean egonez gero, eta udalak hurrengo ekitaldietan horretarako berariazko ebazpenik ematen ez duen bitartean, luzatutzat joko da hurrengo ekitaldietarako, betiere urte naturaleko datetarako behar diren moldaketak eginda.

5.– Auzoetako jaiak edo udalerriaren barruko lurralde-eremu batera mugatutako gertaerak izanez gero, udalak erabaki ahalko du ordutegi berezia udalerriko lurralde-eremu zehatz batera mugatzea.

6.– Artikulu honetan aipatutako ordutegi-luzapenaz erabakia hartzeko, udalek aukera izango dute lokalei neurri zuzentzaile bereziak eskatzeko; esate baterako, gehiegizko zarata- edo bibrazio-maila kontrolatu, arindu edo ezerezean uzteko gailuak instalatzeko eginbeharra.

7.– Udalak Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio aurreko idatz-zatien arabera hartutako ordutegi berezia. Gainera, ordutegia aplikatzeko eremua eta datak zehaztuko ditu; baita ordutegi horrek, hala egokituz gero, eragingo dituen mugapenak ere.

8.– Udal agintariek lokalen kanpoaldean terrazak edo antzekoak jartzeko lizentzia bereziak eman dituzten kasuetan, udalak berak instalazio horietarako ezarri dituen ixteko ordutegiak bete beharko dira, betiere dekretu honetan ezarritako mugen barruan eta hirugarrenei eragozpenik sortu gabe.»

Bosgarren artikulua.– Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 13. artikulua aldatzen da. Horren bidez jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Artikulua honela geratuko da idatzita:

«13. artikulua.– Administrazio-prozedura.

1.– Dekretu honen 11. artikuluan eta 12. artikuluaren hirugarren paragrafoan bildutako baimenetarako prozedura enpresa-jardueren eta -elkarteen titularrek abiarazi ahalko dute. 11. artikuluan aurreikusitako baimenetarako prozedura, halaber, udalek abiaraz dezakete.

2.– Administrazioak luzatzeko eskabideari buruzko ebazpena hiru hileko gehienezko epean eman eta jakinarazi egin beharko du. Ebazpen adieraziaren berri eman gabe gehienezko epea agortzen bada, interesdunak edo interesdunek zilegitasuna dute aurkeztutako eskabidea administrazio-isiltasunagatik onartu dela ulertzeko.

3.– Ordutegi bereziaren edo berezien luzapenak bakarrik onartuko dira baldin eta beroriek hirugarrenei eragozpenik eragiten ez badiete eta osasun publikoari edo herritarren segurtasunari loturiko arazorik sortzen ez badute.

4.– Ikuskapena eta kontrola egiteko xedez, dagokion Administrazioak udalerrian herritarren segurtasun arloan eskumenak dituzten agintari polizialei ordutegi-luzapenen berri eman beharko diete ordutegi horiek indarrean sartu baino lehen.»

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, udalek abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 12.1 artikuluak, xedapen honek eraberritua baitago, aipatzen duen urteko egutegia onartu ahalko dute urteko gainerako hilabeteetarako. Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza eskudunari horren berri emango dio eta, halaber, herritarrei jakinaraziko die.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko martxoaren 13an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala